Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, bizigarriagoa eta kolektiboaren aupadaz

  • Abenduaren 20ko finaleko protagonisten agerraldian, kolektiboaren babesa eta indarra izan ditu ahotan Arantza Plaza txapel emaileak, eta zortzi finalistek bere berbak berretsi dituzte. Horrez gain, finalen bilakaera ere izan dute berbagai: 20 urteren buruan, askoz espazio bizigarriagoak direla aldarrikatu dute.


2025eko abenduaren 10ean - 12:53
Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

“Finalean nagoenean, badakit ez naizela bakarrik egongo: nire ikasleak, lantaldea, lankideak nigaz egongo dira, eta hori asko gustatuko zait”. Arantza Plaza Zamoraren berbekin abiatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalisten prentsaurrekoa. Izan ere, Plazak oholtza hartuko du alboko zortzi bertsolarien lanak bukatutakoan, txapeldunaren izena esan baino minutu gutxi aurretik: berak jantziko baitio, hain zuzen ere, txapela. Talde lana eskertuz eta bere balioa aitortuta hartu du berba, oholtzaren eta publikoaren aniztasuna ospatuta; horixe berretsi diote alboko zortzi bertsolariek ere. Are, aniztasun horrek txapelketa “bizigarriagoa” egin duela gehitu dio Onintza Enbeitak, bere hamargarren finalean. Zortziak, eta Arantza Plaza bera, gogotsu agertu dira abenduaren 20ko arratsalderako, bertsoak zer emango deskubritzeko gogoz.

Hilabeteko tartearen ostean helduko da 2025eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Inoizko geldialdi handienarekin, deskantsatzeko tartea hartu dute batzuek; urduriago jartzeko, beste batzuek. Bilboko Casilla pabiloiak aterpe eman die eguazten euritsu batean zortzi finalistei: Txaber Altuberi, Oihana Bartrari, Aitor Bizkarrari, Onintza Enbeitari, Aitor Etxebarriazarragari, Xabat Galletebeitiari, Gorka Pagonabarragari eta Jone Uriari. Eurekin izan da, esan moduan, Arantza Plaza txapel jartzailea eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria ere.

2025eko finalak izango du ezberdintasunik aurrekotik. Hasteko, tokia bera: Miribillako Bilbao Arenatik, Indautxuko Casilla pabiloira egingo du salto finalak. Hiriaren erdigunean, saskibaloi pista 4.500 bertsozaleren aterpe izango da, sarrera guztiak saltzen badira. Finaleko kartela bera ere dezente aldatuta heldu da: txapeldunik barik eta aurpegi berriekin. 2023ko finaleko hutsunerik nabarmena, Aitor Bizkarrarena, bete da, erraz bete ere; bera sailkatu da puntuazio altuenarekin finalera. Horrez gain, Txaber Altuberen lehen finala izango da aurtengoa, eta abadiñarrak aitortu du lehen aldiz lortu duela urduritasunei gaina hartu eta saioez gozatzea.

Horietaz aparte, finalak dagoeneko ezagutzen dituen aurpegiak izango dira oholtza gainean, ondo ezagutu ere. Onintza Enbeitak hamargarren finala du aurten, eta bere lekua azpimarratu du, hain zuzen ere, muxikarrak: “Hemen egon nahi dut, esateko eta demostratzeko nire buruari eta Bizkaiari txapelketa askoz leku habitableagoa dela orain duela 25 urte baino”. Horri buruz galdetuta, hain zuzen Plazak aldarrikatutako aniztasuna izan du ahotan: “Dena aldatu da: gaiak planteatzeko era, jendearen jarrera, bertsolaritza bizitzeko modua...”.

Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

Gozatzera

Finalaz eta txapelketaz galdetuta, klixe bihurtu da “gozatzera” erantzuna. Eta, hain zuzen ere, klixe hori izan dute berbagai finalistek. Honela esan du Bizkarrak: “Finalean gozatu, ez da gozatzen. Guk bertsotan egin behar dugu, gozatu enparauek egiten dute”. Eta, beraz, premisa horretatik abiatuta, lanari lotutako mezu gehiago partekatu dituzte bertsolariek, gozamenari lotutakoak baino. Pagonabarragak eta Etxebarriazarragak aitortu dute kostatu zaiela txapelketan sartzea aurten, gorabeheratsu harrapatu dituela. Baina biek ala biek aitortu dute ilusio handiz heldu diotela erronkari; inoizko momentu onenean aurkitu da, bertsolaritzari dagokionean, Etxebarriazarraga; Pagonabarragak, aldiz, Plazak aitortutako publikoaren aniztasun eta berotasuna ditu jomugan. Uriak ere bat egin du bi horien sentsazioekin: beldur puntua du fisikoki nola erantzungo duen, baina gustura dago nola erantzun duen orain arteko saioetan, eta gaiei heltzeko manerarekin ere bai.

Antzera agertu da Bartra, “negazio fasea pasatuta”, motibazio puntuarekin baino gehiago, “super gogotsu”. Galletebeitiak helburu bat eta bakarra markatu dio bere buruari: finalera deskantsatuta heltzea. Azken finalaurrekoko esperientzia txarraren ondoren, saio txarraren madarikazioa pasatuta daukala uste du, eta deskantsatutako Xabat da bere helburua.

Horrelakorik izango den, ikusteko dago. Momentuz, Astobiza lehendakariak abisua bidali dio finalera bertaratu nahi duen orori: oraindik sarrerarik ez badute, erosi dezatela, 4.000 inguru dagoeneko salduta baitaude. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian, eta informazio guztia, webgunean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Eguneraketa berriak daude