2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

  • Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak harreman zuzenik hiriaren bilakaeran?

    Erreportaje hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons BY-NC-ND 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

Protesta bat Kursaalean Europako Kultur Hiriburutzaren logo erraldoiaren aurretik pasatzen.
Protesta bat Kursaalean Europako Kultur Hiriburutzaren logo erraldoiaren aurretik pasatzen.

2009an, kultur hiriburutzaren hautagaitza aurkeztearekin batera, etorri ziren lehen kezkak eta kritikak. Donostia Torturaren Hiriburua edo Kapitalaren kultura pegatinak asko zabaldu ziren. Era berean, 2010eko apirilean, Zenbat mezu… hainbat (2016) iruzur! leloarekin jai batzorde, auzo elkarte eta euskararen aldeko erakunde ugarik elkarretaratzea antolatu zuten.

Edonola ere, Bilduk proiektua hartu zuenean, kritikak apaldu ziren, 2014ra arte. Igeldoko mendi magalean jarrita zegoen DSS2016EU logo erraldoia AHT TAV EZ leloarekin estali zuen Mugitu! mugimenduak, Kontxako badia hamar egunez aldarrikapenez betez.

Oroituko du inork, Itxasok onartu zuenez, nola joan ziren gauez PSE-EEko Odón Elorza, Denis Itxaso, Jorge Letamendia eta Alberto Rodriguez pertsonalki "euritako txapelak jantzita", estalkia kentzera, eta DSS2016EUren logoa berrezartzera. Alkate ohia bera ekintzara igarotzeko prest agertzeak asko esaten du hiriak bizi zuen egoeraz. Irudiak garrantzia berezia hartu zuelako Donostia 2016an. Ekintzaren haritik tiraka antolatu zituen AHTren kontrako mugimenduak lehen eztabaidak: Azpiegiturak, AHT eta 2016 Kultur Hiriburutza: Kultur eraldaketa ala hiriaren merkantilizazioa?

Gogoeta horietatik sortu zen Desokupatu 2016 mugimendua, eta honela jasotzen zituen lehen gogoetak: "Gure ustez, 2016ko Europako Hiriburutza hiriaren komertzializaziorako tresna bat da, Donostia salgai bihurtzeko ‘marka’ sustapen turistikoari begira, nabarmen. ‘Kultura’ amua da, espazio urbanoa eta hiria salgarri bihurtzeko".

Manuel Delgado Bartzelonako antropologoak hitzaldi sonatua egin zuen 2015ean, ordurako jada eztabaida asko emanak zeuden, eta ikusten zen egitasmoak ez zuela esaten zena ekarriko. "Kultura aitzakia gisa" zuen izena konferentziak, eta bertan, "hirien merkatuaz" hitz egiten zen, "hiria marka gisa" saltzearen ideiaz, hain zuzen. "Printzipio abstraktu unibertsalak aipatuz deitzen dira horrelako egitasmoak: bizikidetza, bakea, kultura… Kasu honetan, inor ezin da kulturaren aurka egon. Azken finean, zer da kultura?".

Delgadok, bizikidetza izan zuen ere jomugan: "Nik kalean ez dut ikusten jendea haserre. Zer bizikidetza da, bada? Ikuspegi bat inposatu nahi dute: ‘Kulturak garaitu egin du gatazka’. Hori da kontua, baketzea, eta hiriak otzan, atsegin eta esaneko bihurtzea".

Haren ustez, hiriburutzak, hiria saltzeaz gain, figuranteak ere saltzen ditu: "Dena publizitate spot bat da, eta bakoitzak bere papera du, irribarre egitea, hain zuzen; horretan datza parte hartzea". Azken finean, "klase ertainaren kultura zabaldu nahi da, klase ertaineko jendearentzat, mundu osoa klase ertainekoa den hiri batean. Eta, ez direnak, edo ez diruditenak, kanporagarriak izango dira".

Ordurako, Donostiako herri mugimenduek bat egin zuten hiriburutza hiriaren marka salmentarekin lotzearekin. Eta hau, etengabe gora zihoan turismoaren testuinguruan.

Turismoaren eta etxebizitzaren arazoa

Zalantzarik gabe, azken urteotan larritu den fenomenoa da turismoaren eta etxebizitzaren arazoa Donostian. Datutan, ordea, ez da hain mekanikoa hazkundea. Goiko taulan, hoteletan egindako gau kopurua zenbatzen da bestelako gaualdiak kontuan hartu gabe. 2011tik 2019ra, 574.096 gau gehiago egin dira Donostiako hoteletan (%30 gehiago).

Zifrak askoz altuagoak dira Airbnb eta bestelako ostatu turistikoak kontuan hartuz gero. 2016an, 1.894.610 egonaldi kalkulatu ziren, hotelez gain (600.000 gehiago). Hain zuzen, hotelen gaiak sona hartu du hirian, 2016tik 45 hotel berri ireki baitira Donostian, 3.000 ohe baino gehiago.

Airbnb-k, 2021aren amaieran, 1.432 etxe ditu Donostian. Horietako 982, hau da, %68, jabetza bat baino gehiago dituzten etxejabeenak dira: FeelFree Rentalek, adibidez, 129 etxe eskaintzen ditu, eta The Rentals Colectionek 72.

Etxebizitzan eragina izan du honek ere. 2015ean 3.627 euro balio zuen metro koadroak, eta 2021eko azaroan 4.925 eurora igo da prezioa. Alokairuari dagokionean, 2016ko apirilean metro koadroko 11,9 euro balio zuen alokairuak Donostian, 2021eko urtarrilean, 15 euro. %26,05eko igoera da.

Alfonbra gorria ‘handiei’

Ezinezkoa da erantzule bakarra markatzea hiriak bizi izan duen turistifikazio eta espekulazio prozesuan. David Harvey geografo ezagunak ere, Ciudades Rebeldes liburuan onartu zuen ETAren eta estatuen arteko gatazkak turismoan bazuela eragina Euskal Herrian.

2011tik aurrera, Delgadok zioen modura, inbertsoreei erakutsi behar zitzaien hiria baketuta zegoela. Eta diskurtso horretarako baliagarria izan zen 2016a.

Edozein modutan, 2014an iragarri zuen El Diario Vasco-n Aingeru Mungia kazetariak gertatzear zegoena, Los grande se pegan por Donostia artikuluan [Handikiak Donostiagatik borrokan]. Inditex eta mundu osoko marka handiek hirian zuten interesa nabarmentzen zen "Donostia bogan zegoela" eta bertako eraikinak erosteko prozesua abiatua zela.

2016a ate joka egotea, marka handientzat eta turismoarentzat "pizgarri" bat zela baieztatzen zen, eta garrantzitsuena, 2015ean errenta zaharren legea amaitzera zihoala. Eta gordin iragarri zen: "Hamarkadak alokairu oso baxuak ordaintzen daramatzaten saltokiek pertsiana bota beharko dute. Handiak hor daude, amu eta sare pelagikoekin, piezarik onenak ahora eramateko zain".

2016a, bere asmo on guztiekin ere, hiriaren prozesu orokorrago baten parte izan zen, Europari, munduari erakutsiz, leku ona zela inbertsiorako. "Donostia ez dago salgai" afixek jada ez dute zentzu gehiegirik. Donostia jada saldu dute, eta ez zaigu ezer ere geratzen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Guggenheim bariazioak: zer itxura duten kultur politika autonomikoek sailburu berriari entzunda

Jaurlaritzarentzat momentu egokia dirudi probatzeko ea kulturaren gauza honek balio duen normalizazio sozial eta politikoa lortu izana poltsikoratzeko ere.


Eguneraketa berriak daude