"Kultur biolentzia da euskal literatura gaztelaniazko bertsiotik itzultzea ingelesera"

  • Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik orain.

Argazkia: Zaldi Ero / CC by-sa
Argazkia: Zaldi Ero / CC by-sa
Amaia Gabantxo Uriagereka. Bermeo, 1973

Idazle, itzultzaile, kantari… Irlandan eta Erresuma Batuan bezainbat, AEBetan egin du bidea. Euskaratik ingelesera zuzenean itzultzen berezitu da, eta horren froga dira ingelesera eramanak dituen autoreak: Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Gabriel Aresti, Unai Elorriaga, Bizenta Mogel, Anjel Lertxundi... eta beste. Kantari den aldetik, Kantuz – 1931 eman zuen argitara 2019an, klasikoen bertsio harrigarriak eskainiz. Flamenkozale handia, nobela idazten ari da arte hura oinarri hartuta. Esku bete asmo da Amaia Gabantxo, 2020an Chicago utzi eta Bermeo jaioterrira itzulita.

Etxepare saria jaso berritan, haserrerik ez duzu ageri…

Ez! Kontrakoa! Kar, kar… Poz handia izan da. Ez nuen espero. 2018an Gabriel Arestiren lana [Harri eta Herri] itzultzeagatik sari bera jaso nuenez, ez nuen pentsatuko ostera ere emango zidatenik. Baina oso pozik nago, eta, oso pozik, Miren Agurren [Meabe] lana izan delako saritu dutena, eta Miren Agur eta biok lagun handiak garelako. Abentura asko pasatu ditugu elkarrekin.

Zelan etorri zen Hezurren erretura ingelesera itzultzea?
Etxepare Institutuak eskatuta, sasoi baten zenbait autoreren laginak itzuli genituen, ez dakit Edinburgoko Liburu Jaialdirako zen, edo Londresko Liburu Azokarako. Etxeparekoek hara eroan zituzten laginak, eta Erresuma Batuko argitaletxe batzuk bildu zirenean, Miren Agurren Kristalezko begi bat eta Karmele Jaioren Amaren eskuak lanen laginak aukeratu zituzten; lan osoa ingelesera itzultzeko, alegia. Ni, berriz, aspaldi hasita nengoen Miren Agur itzultzen, 2001ean, masterra egiten ari nintzen garaian! Orduko denboran, bere poemak itzultzen hasi nintzen: Azalaren kodea eta beste batzuk.

2001ean hasi zinen Miren Agur Meaberen lana ingelesera itzultzen! Harrezkero, hogei urte ere igaro dira!
Bai! Akordatzen naiz masterra egiten hasi orduko, Bilboko liburu denda guztietara joan nintzela, liburuak erosten, Ingalaterrara eramateko. Pila bat eraman nituen. Tartean zegoen Azalaren kodea. Eta instantaneoa izan zen! Liburua erosi, ireki, irakurri eta: “A!, hau nik itzuliko dut!”. Hala izan zen, oso identifikatuta sentitu nintzen. Itzuli nituen liburu horretako poema batzuk, han eta hemen argitaratu zituzten, eta Londreseko Poesia Elkarteak Royal Festival Hall-en egiten dituen irakurketetan ere irakurri nituen. Uste dut hortik hasi zela Miren Agurren ibilbidea ingelesez: euskal poesiaren irakurketa Royal Hall-en egin –nire mentore Peter Bushek bideratuta–, eta asko gustatu zitzaion jendeari. Handik hilabete batzuetara, Dublingo Idazle Jaialditik deitu zidaten, esanez Miren Agurren lana aukeratu zutela han irakurtzeko, eta biok joan ginen irakurketa hura egitera. Lehenengo biderrez joan nintzen literatura festibal batera irakurketa egitera. Miren Agurrentzat ere bere lehen gonbidapena izan zen atzerriko festibal baten parte hartzera.

Zer dela-eta euskaratik ingelesera itzultzeko grina?

Txikitatik eduki dut idazle izateko ametsa: literaturaz bizitzeko, bizi literario eta artistikoa izateko ametsa, eta, Dublingo Idazle Jaialdiko momentu hura konfirmazioarena izan zen. Bidea irekitzen zitzaidala iruditu zitzaidan. Gero, Dublingo bolo hura egin ostean, Miren Agur are gehiago itzultzen hasi nintzen, bere poemak eta ipuin laburrak leku askotan argitaratzen; magazinetan, gura dut esan. Gero, Miren Agurren Kristalezko begi bat ere itzuli nuen, Etxepare Institutuak lagunduta. Hurrena, ordea, Parthian [Books]ekoekin berba egin nuen, eta esan nien Kristalezko begi bat triptiko baten lehen partea zela, bigarrena Hezurren erretura zela, eta hirugarrena Nola gorde errautsa kolkoan. Oso asmo originala zela esan nien, nobela bat, ipuin bilduma bat, eta poemategi bat zirela, triptikoa, eta triptikoak erakusten zuela zelan bihurtzen den emakume bat artista. Ideia gustatu zitzaien, eta “Bale!, hirurak egingo ditugu!”, esan zuten. Eta hala, Kristalezko begi bat eta Hezurren erretura eginda daude, eta hurrengoa Nola gorde errautsa kolkoan izango da.

Zeu hasi zinen, zeure asmoz, Miren Agur Meaberen poemak ingelesera itzultzen. Zeure asmoz segitzen duzu euskaratik ingelesera literatura itzultzen? Laguntzarik ez da?
Instituzioen laguntza gabe ezin da egin. Etxeparek [Institutua] lagin haiek Ingalaterrara eramateak asko lagundu zuen Miren Agurrek gero idatzitakoak itzultzen. Eta, bestalde, laguntza handia izan da Miren Agurrek [Espainiako] Sari Nazionala jasotzea ere. Ondo merezita! “Nik orain dela hogei urte ikusi nuena, ikusi dute orain beste batzuek!”, pentsatu nuen saria eman ziotela jakin nuenean. Miren Agurrek ahotsa dauka, eta hondo aberatsa, intelektuala, kaleidoskopikoa da: gauza asko sartzen dira bere lanean. Itzelezko idazlea dela pentsatzen dut, premio denak merezi dituela.

Instituzioen laguntza aipatu duzunez, euskarazko literatur lanak ingelesera itzultzeko estrategiarik bada?
Kar, kar…

Barre gaiztoa da hori…
Ez, ez dago estrategiarik. Eta hori problema handia da. Urteak daramatzat esaten, estrategia bat behar dugula. Beti esaten dut, ez zaituztela kanpotik ikusiko, ez bazaituzte ulertzen. Kulturaz ari naiz. Eta ulertzeko, eta enpatizatzeko, artea erabili behar da, ez dago komunikatzeko beste modurik; mundu anglosaxoiarekin, adibidez. Eta uste dut katalanek ondo baino hobeto egin dutela bide hori, ze bide horrek gauza asko behar dituela ikusi dute, eta horretan ari dira.

"Artearen bidez saiatu behar dugu, eta ez turistak Donostiara pintxoak jatera ekarrita”

Zein dira gauza asko horiek?

Alde batetik, itzulpenak egiteko dirua edukitzea behar da, eta ez zatitxo bat itzultzen laguntzeko, ez: lanak osorik itzultzeko! Itzulpena kostatzen dena osorik ordaindu behar da, kostatzen dena, eta ez behetik ordainduta, ze itzultzailearen lanak denbora pila darama. Itzultzailea espezializatuta dago, orduak eta orduak dira lanean, eta hori ordaindu egin behar da.

Estrategia...

Egon behar da estrategia bat, eta horretarako plantatu behar zara bestearen lekuan. AEBetako, Ingalaterrako edota Australiako unibertsitateetan euskal kultura irakatsi nahi baduzu, materiala behar duzu, kultura ondo irakasteko. Eta euskal literaturaren mapa irakatsi nahi baduzu, hasieratik hasi beharko zara: Etxepareren Lingua Vasconum Primitiae-tik, eta, zorionez, hori itzulita dago. Ondo. Baina, Etxepare eta gero, literatura garaikidea arte, itzulitako lanik ez dago! Ez Lauaxeta, ez Lizardi, ez Mirande… ezer ez! Ez dira existitzen. Eta ez Bizenta Mogel, nik handik eta hemendik apurtxo bat itzuli badut ere. Orduan,

Ez dago estrategiarik, estrategia diseinatu behar duenak ez duelako pentsatzen estrategia bat asmatu behar duela, eta ez bakarrik lan hori egiteko, lan horiek itzuliko dituztenen lana ondo ordaintzeko. Ezin zara zain egon, akademikoren batek edo abaderen batek borondatez zer edo zer egiten duen. Horrela ez goaz inora ere.

Argazkia: Zaldi Ero / CC BY-SA

Nondik sortua zaitugu zu, Amaia?
Ni? Milagro bat da ni existitzea, ze ni izan nintzen zoro bat, 18 urterekin hemendik Irlandara joan zena, han geratzea erabaki zuena, lortu zuena beka bat han ikasketak egiteko, hamaika zirkunstantzia sinesgaitz tarteko! Literatura Ingelesa eta Irlandarra ikasi nuen, eta zorte handia eduki nuen, ze nire irakasle bat oso akademiko famatua izan zen, gaelikotik itzultzen zuena: Robert Welsh. Nire azkeneko ikasketa urtean, tesina idatzi behar, eta Bernard Maclaverty irlandarraren eta Bernardo Atxagaren lanak konparatu nituen, konfliktoaren errepresentazioa ardatz hartuta. Tesina hartan esaten nuen, adibidez, Atxaga gaztelaniatik itzultzen dela, eta hor badela galerarik. Oso gauza konplikatua da… eta ez konplikatua bakarrik: niretzat kultur biolentzia da euskal literatura gaztelaniazko bertsiotik itzultzea ingelesera. Biolentzia da. Idazleak pentsatuko du gaztelaniazko bertsioa egileak berak egin, eta handik ingelesera itzulita, gauza ez dela hain bortitza, ze, azkenean, idazleak berak itzultzen du bere lana. Baina berak itzultzen du, euskaldunok kolonizatuta gaudelako! Biolentzia eta trauma historia bat dago horren guztiaren atzean.

Literatura itzultzen ere kolonizatuta.
Guk oso asumituta daukagu gu kanpoan ikusiak izan ahal izateko, lehenengo gaztelaniaz agertu behar garela. Hori barrera mental bat da, eta, badiotsut, euskal literatura gaztelaniatik itzultzea guztiz onartuta dago. Jendeak uste du obra idazleek eurek itzultzen dutenez, bi obrak, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, parean daudela. Nire ustez, bi obrak ez daude parean, ze dena delako autore horrek euskaraz idatzi du. Eta zergatik idatzi du euskaraz? Gaztelaniara itzultzea baldin bada asmoa, ez idatzi euskaraz, idatzi zuzenean gaztelaniaz! Zertan idatzi behar du inork euskaraz, gero ez badu esfortzua egin behar zuzenean euskaratik itzultzeko? Gaztelaniatik itzulita, balioa kentzen diogu originalari. Ez dut ulertzen zergatik oraindino ere itzultzen den gaztelaniatik euskal idazleen obra. Pentsatzen dut gu apur bat traumatizatuta gaudela, kolonizatuta.

Berriz, ‘kolonizatuta’.

Bai, uste dut onartu ezin direnak ere onartzen ditugula, ze, esate baterako, gaur egun itzulpengintza munduan oso txarto ikusita dago zubi-hizkuntza bat erabiltzea itzulpen bat egiteko. Ez naiz euskaratik ingelesera zuzenean ari den itzultzaile bakarra, badira lau edo bost gehiago ere. Zergatik gabiltza oraindino gaztelaniatik itzultzen? Zergatik onartzen da hori? Zergatik ez dago estrategiarik hori ez gertatzeko?… Kuestio asko daude hor bitartean.

Galdera asko, erantzunik ez?

Horiek denak onartzen dira, ez delako argi ikusten gure hizkuntza zein inportante den, ez bakarrik barrutik babestea eta indartzea, baina kanpotik ere bai! Atxagak berak esaten du: intramuros eta extramuros. Berak dio gu intramuros ari garela beti, etxe barrura begira, ez dugula extramuros ezer ikusten. Hori itzulpenari aplikatu ahal zaio. Hori da mamia: euskal literatura, euskal hizkuntza kanpotik indartzeko, hari presentzia emateko, zuzenean itzuli behar da ingelesera, bestela indarra kentzen diogu.

"Ez dut ulertzen zergatik oraindino ere itzultzen den gaztelaniatik euskal idazleen obra. Pentsatzen dut gu apur bat traumatizatuta gaudela, kolonizatuta"

Horixe izan da ohiko praktika oraindaino arte, ala?

Gehienbat, bai. Hala ere, esango nuke ingelesera itzulita dagoen euskal literaturaren erdia, euskaratik itzuli dela. Hortxe ibiliko dira, erdibana. Niretzat hori oso gai gogorra da. Geure instituzioen aurrean ni beti topatzen naiz between a rock and a hard place (Horma atzean eta ezpata aurrean), ze hemengo instituzioek ez diote behar beste baliorik ematen itzultzeko lan honi, eta ez dago estrategiarik egin behar den lan guztia egiteko. Hori, alde batetik, baina, bestetik, argitaletxe anglosaxoiek ez dutenez ikusten zer den hizkuntza minorizatu batetik idaztea, zer den hori babestu gura izatea, zergatik den inportantea zuzenean jatorrizko hizkuntzatik itzultzea… ez dute gure beharrizanik ikusten. Eurei liburua ateratzea baino ez zaie inporta, berdin zaie zein hizkuntzatatik itzuli den. Egoera horretan gaude gu, inongo botererik gabe.

Katalanek bidea egin dutenez, kopiatu besterik ez legoke.

Katalanak orain dela hamar urte-edo hasi ziren, Ramon Llul Institutuaren bitartez, liburuak itzultzeko dirulaguntzak ematen, jo eta ke! Diru guztia ematen diote itzultzaileari, ondo ordaintzen dute lana, kontaktu piloa egin dute kanpoko editorialekin… pasote! 2019an, pandemia orduko, hiru monografiko lortu zituzten Los Angeles Review of Books aldizkarian, AEBetako literatura gehigarririk inportanteenean! Hiru monografiko literatura katalanari buruz, hiru! Monografiko! Urte baten! Eta hamar urte hauotan diru pila sartu dute liburuak itzultzeko, diru pila bat.

Ez EAEko gobernuak, ez Nafarroakoak, ez Euskararen Erakunde Publikoak egin dute halakorik.
Atzerriko unibertsitateetan Beginner’s Basque [Euskara hasiberrientzat] bakarrik ematen baduzu, jendea ez da apuntatzen, ze ez du horretan etorkizunik ikusten. Ikasleak tentatuta badaude ere – euskara oso interesgarria delako, arrazoi askogatik–, azkenean ez dute ikasgaitzat aukeratzen, jarraipenik ez daukalako. Behin eta berriz ikusi nuen nik hori Chicagoko Unibertsitatean, han euskara irakurle egon nintzenean. Eta, orduan, zertarako daukazu munduan hainbeste jende bueltaka Beginner’s Basque irakasten, bi-hiru lekutan dena eduki beharrean, maila guztiak, hasieratik amaieraraino! Eta etorkizuneko itzultzaileak prestatzen!

Katalanen modura, esan nahi duzu.

Bai. Hori egiten dute katalanek: hainbat irakurlego dauzkate atzerriko unibertsitateetan, behar den lekuan, denbora osoan lanean, soldata egokiarekin... eta irakurlego horietako jendea etorkizuneko lanak itzultzen eta prestatzen ari da. Guk ez dugu halako bat bera ere. Zergatik? Irakurlego horietan ari direnek ezin dutelako maila horretara heldu. Eta txarrena da ez direla inoiz helduko. Gauza hauek denak esanda dauzkat, ez dakizu zenbat email bidali ditudan hara eta hona. Zenbat biderrez esan ote dut panelak jartzeko han eta hemen egiten diren literatura konferentzietan! Baina ez didate kasurik egiten.

Euskaratik ingelesera zuzenean itzultzeak zer dakarkio euskarari? Zer, euskal kulturari?
Pilo bat! Gauza bat esango dizut: errazagoa da bidea zuzenean euskaratik ingelesera, gaztelaniatik ingelesera egitea baino, ze paralelismo gehiago daude euskara eta ingelesaren artean, edozein hizkuntza erromantze eta ingelesaren artean baino. Euskara, ingelesaren moduan, da oso hizkuntza sintetikoa, hitz gutxirekin esangura asko ditu. Eta, adibidez, poesia itzulikeran-eta, nik ederto baten egiten dut bidaia hori, ze erraz topatzen dut bidea.

Bi hizkuntzen artean konexio asko egin ahal dira, polito geratzen dira. Euskara gaztelaniara pasatzen duzunean, ostera, magia asko galtzen da, ze euskarak daukan gaitasun hori –bi hitzekin mundu bat sortzeko, ingelesak ere badaukana–, gaztelaniak ez dauka. Gaztelaniaz dena da hitza. Beti hitza! Hitz larregi! Euskara eta ingelesa hizkuntza irekiagoak dira hizkuntza erromantzeak baino, batetik besterako bidaia politagoa da gaztelaniatik egindakoan baino. Hori, hizkuntzaren aldetik.

Eta kulturaren aldetik?
Lehen esan dudana: ez bazaituzte ikusten, ez zaituzte ulertuko, ez dute zurekin enpatizatuko. Zergatik dago, gaur egun AEBetan –ezkerreko giroetan, jakina–, itzelezko sinpatia katalan kausarekiko? Zergatik? Bada, horregatik! Itzulitako liburu horiek guztiak hor daudelako! Hori marketing lan itzela da, eta ez hori bakarrik, da erakustea nor zaren, eta zergatik eskatzen duzun independentzia, edo dena delakoa! Ulergarri bihurtzen da gauza. Zera esatea legez: “Hemen itzelezko kultura bat dugu, ezberdina, badauka bere literatura, bere artea… Talde berezi bat dira, ez dira besteak lakoak...”. Eta hori ageri egin behar da, ez da berez pasatzen, edo batzuk pintxoak jaten hona datozelako. Pintxoak jatera etortzeak ez dakar enpatiarik. Bai, hona etorri eta pintxoak jaten ibiltzea polita da, dibertigarria da, gauza turistiko bat, pasajeroa, ez da benetan bihotzean gelditzen den zer edo zer: bihotzean artea gelditzen da. Adibide bat gura duzu?

Ez dago adibidea baino lagungarriagorik…
Ez dakit 2014an izan zen, edo 2016an. Chicagon nintzen, eta hango planetarioan hitzaldi bat ematera gonbidatu ninduten. Hilean behin film bat erakusten dute, eta gero berbaldi bat egiten dute hiru panelistarekin. Ordukoan, filma zen Arrival. Determinismo linguistikoa da filmaren oinarria: erabiltzen duzun hizkuntzak perspektiba jakin bat ematen dizula esan gura du determinismo linguistikoak, hizkuntzak mundua ikusteko modu berezi bat ematen duela. Perspektiba, beraz. Hiru panelistak ginen: astronomo bat zulo beltzetan espezializatua, fisika kuantikoan aditu zen bat, eta neu, itzultzailea…

Zertan behar zuten itzultzailea? Zein zen zure egitekoa?
Kontua da filmeko alienak Lurrera heltzen direla, eta airean gelditzen direla. Ez dute ezer esaten. Bakarrik soinu batzuk egiten dituzte, eta marrazki edo irudi batzuk pintatzen. Eta itzultzaile bati eskatzen diote ea soinuak deskodifikatu ahal dituen... Beste bi panelistak beren erroilu zientifikoarekin etorri ziren, eta niri txanda heldu zitzaidanean... euskaraz kantatzen hasi nintzen. Gero, determinismo linguistikoa aipatu nuen, entzuleei esanez banekiela ez zutela berbarik ulertu, baina beharbada zer edo zer sentitu zutela: “Eta zer edo zer sentitu baduzue, horrek euskara ekarri dizue”, esan nien. Hortik hasi nintzen, eta hortik segi. Hura amaitu zenean, norengana etorri zen mundu guztia?

Kar, kar… Ez duzu esan beharrik!
Nork ulertu zuen hizkuntzaren perspektibaz ulertu behar zena? Kantuaren bidez, binkulua egin zen, eta hala egiten da harremana. Entzuleek kulturaren bitartez ulertu zuten, artearen bitartez, eta hori da egin behar duguna, artearen bitartez saiatu, eta ez turistak Donostiara ekarri pintxoak jaten. Ez Donostiara, ez Bilbora, eta Bermeora ere ez!

Argazkia: Zaldi Ero / CC BY-SA

Esan egin beharko dugu: zu, itzultzaile eta idazle ez ezik, flamenko kantari zaitugu, eta, oraingoan, berriz, flamenko estiloko nobela duzu eginkizun…
Kar, kar… Sasoi luze batean, Ingalaterra bizi nintzenean, flamenkoa besterik ez nuen kantatu. Gero, Chicagon, flamenko kantatze hura gauza hibridoagoa bihurtu zen, esperimentalagoa. Hala ere, aitortu behar dut flamenkoa asko maite dudala, eta pilo bat erakutsi didala. Flamenkoa ez da musika bakarrik, ezpada bizitzeko filosofia bat, eta da terapia, ze kolpe bakoitzak gauza bat irakasten dizu, eta kolpe bakoitza menderatzen duzuneko, emozio bat menderatzen duzu. Eta hori pasada bat da. Oso mundu aberatsa da flamenkoa, baita kantatzen diren letrak ere. Mundu anglosaxoiari flamenko dantzak-eta gustatzen zaizkio, baina ez du flamenkoa bera ulertzen, eta orduan, liburua egitea erabaki nuen.

Eta horretan ari zara...
Horretan nabil, baina grabaketak egin behar ditut, ze nahi dut liburuko kapitulu bakoitza kanta batekin hasi: lehenengo, kantua ipiniko dut; gero, kantuaren itzulpena; eta, ondoren, kantu hori elikatzen duen nire memoria, fikzionatuta, edo ez. Hori da liburua. Gatom kantariak estudio bat du Bermeon, eta berarekin grabatuko ditut kantuak. Gatomek Chicago proiektuan ere parte hartu zuen, eta oso ondo konpontzen gara.

Bestalde, nire bizitzan beti eduki dut hanka bat musika klasikoan sartuta –kontserbatorioan ikasi nuen–, eta musika klasikoa jotzen zuten musikari oso onak ezagutu nituen Chicagon, eta jazz interpreteak ere bai. Eta eurekin hasi nintzen, eta egin nuen Kantuz - 1931 diskoa, [musikari] klasiko bat, jazzero bat, eta bluesero bat dituzu diskokoak.

Hiru estilo diferente, alegia.

Beste forma batzuekin kolaboratzea gustatzen zait: mundu bi hartu, eta hirugarren mundu bat sortzea, hori da niretzat munduko gauzarik ederrena. Hori maite dut musikan, artean, literaturan eta denean. Hori da Kantuz - 1931: kantu batzuk flamenkokoak dira, beste batzuk mundu klasikokoak, beste batzuk, folklorekoak. Eta horietatik, beste mundu berri bat sortzen da. “Berrinterpretatzea”, esaten zuen [Federico Garcia] Lorcak, eta horrela, kantu zaharrak modernotu egiten dira. Seroie taldea osatu dugu Bermeon, kantu zaharren errepertorioa hartzen dugu –kantu zahar hemengoak, Espainiakoak, Irlandakoak…–, Gorka Abaunzak musika elektronikoa jartzen du, eta Aingeru Torrek saxofoia. Eta landako grabazioak egin –txoriak, itsasoko soinuak-eta–… eta gure musikaren barruan sartzen ditugu. Eta da modu bat kantu zahar lirikoak, apur bat enkortsetatuta daudenak, beti modu berean kantatzen direnak, askatzeko. Hori flamenkoak irakatsi dit. Niri gustatuko litzaidake kantu zahar horiei bizi berri bat ematea, kortse horretatik atera.

"Sasoi luze batean, Ingalaterra bizi nintzenean, flamenkoa besterik ez nuen kantatu. Gero, Chicagon, flamenko kantatze hura gauza hibridoagoa bihurtu zen, esperimentalagoa"

Nola lotzen dira itzultzailetza, idazletza, eta kantaritza?
Urte askoan, gauza bakoitza bere aldetik egin izan nuen, konpartimenduak balira bezala, baina Chicagoko urteetan dena bat zela konturatu nintzen: nire hitzaldi batean, lehenengo biderrez, kantatzea erabaki nuen; flamenkoa, gainera. Urtero, ikasturte akademikoaren hasieran, Humanitateen Eguna egiten dute Chicagoko Unibertsitatean, eta bertora gonbidatzen dituzte dohaintzagile guztiak, diru emateko. Eta euskarari buruz hitz egiteko eskatu zidaten. Betikoa: ni, exotikoa. “Popatik hartzera!”, pentsatu nuen, eta flamenkoa kantatzea erabaki nuen.

Euskarari buruz hitz egiteko eskatu, eta flamenkoa kantatu zenuen?
Baina bazen gauza bat nire hitzaldia, Euskara eta Flamenkoa, batzen zuena: George Borrow. XVIII. mendeko idazle ingeles bat izan zen George Borrow, liburu santuen lehenengo zatia euskaratzea bideratu zuena. Urte berean, zati bera, kaloerara, erromanira, itzultzea ere gauzatu zuen. Borrowk euskaldunak eta ijitoak maite zituen, biak, eta da flamenkoaren eta euskararen arteko topalekua. Horri buruz egin nuen hitzaldia, eta mundu akademikoarekin haserre, kantatua egin nuen hitzaldi erdia. Eta arrakasta! Harrituta geratu nintzen! Gero, morroi bat etorri zitzaidan atzetik, zuzendariren bat-edo, eta esan zidan: “Milioi bat [dolar] gehiago lortu diguzu!”. Ni neu naizen bezala, osorik agertu, eta erreakzio guztiz positiboa jaso nuen. Orain askotan esaten dut nik artea egiten dudala, hitzen bitartez: literatura itzultzea, idaztea, eta musika. Hitzak dira beti nire materiala, eta formak dira itzulpenak, ipuinak eta kantuak.

                                                                   *          *          *

Adimen artifiziala
“Ingalaterrako Idazleen Elkartea konturatu da Googlekoek eta Metakoek 181.000 literatur liburu eman dizkiotela adimen artifizialari; besteak beste, Miren Agur Meaberen A Glass Eye, Kristalezko begi bat. Ostu egin dituzte liburu horiek denak, inori baimenik eskatu gabe! Eta autore guztien izenean salaketa ipini du Elkarteak, epailearen aurrean! Hori, adimen artifizialaz”.

Denon kezka
“Behin baino gehiagotan eskatu didate machine translation-a egiteko, makina bidezkoa, eta nik beti  esaten dut ez dudala halako beharrik egiten. Makina batek sekula ez du egin ahalko pertsona baten beharra: hurbilpen bat, bai; gure beharra erraztu apur bat, baita. Ez bada literatura, behintzat, ze literatura bada, errazago egiten duzu zuk hasieratik, makinari emanda baino! Kar, kar… Ez dakit adimen artifizialak zer ekarriko duen, hori da denon kezka, itzultzaileena, abokatuena, zientzialariena, kazetariena…".

AZKEN HITZA

Euskaldunek ez ikusten
“Iaz, eskaera bat heldu zitzaidan Londreseko PEN Klubetik. Itzulpen bat bidali zidaten, eta gura zuten nik esatea ea itzulpen hura ona bazen, eta diru-laguntzarik merezi bazuen. Euskal idazle baten lanaren itzulpena zen, baina, orduan ere, gaztelaniatik abiatuta itzultzea zuten asmoa. Hain arraroa iruditu zitzaidan eskaera, erantzun ere ez nien egin. Pentsatu nuen: ‘Zelan ausartzen dira niri halakorik eskatzen?’ Min egin zidan, ze nik oso argi ikusten dut gauza, baina haiek ez zuten problemarik ikusten niri horrelako eskaera bat egiten”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Eguneraketa berriak daude