Eraikuntza kolektibo bat, iraganetik sortua

  • Zazpi aktorek eta ekipo tekniko zabal batek hartu dute parte Axut eta Artedrama konpainien elkarlaneko proiektuan. Luhusoko lehen emankizunaren ondotik, Donostian egon dira. Bilbon dira segidan, eta Baionan gero. Bira luze bat dute desio. 

    Aline Etxeberri eta Maialen Diaz aktoreekin, eta Harkaitz Cano gidoigilearekin egin du hitzordua ARGIAk, ostiral goizez, Donostiako lau emanaldietako lehenaren biharamunean. Eguzkipean jazo da denbora mugarik gabeko solasa.

Ezker-eskuin: Harkaitz Cano, Aline Etxeberri eta Maialen Diaz. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)
Ezker-eskuin: Harkaitz Cano, Aline Etxeberri eta Maialen Diaz. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ordu eta erditik gorako filmak luzeegiak iruditzen zaizkigu. Baina segun eta nor den zuzendaria, hiru orduko lan bat irentsaraziko digute erraz asko, baita marketinaz lagundu behar badute ere. Gauza bertsua nobelekin. Abiapuntu gisa, luze egiten zaizkigu 200 orriko liburuak. Antzezlanei ere ipinia diegu muga (mentala). Ordubete pasatxo bai, ados, baina ordu eta erditik ez dadila pasa, otoi. Horiexek dira salmentaren neurriak, ondoren ikusleok, kontsumitzaileok, hein handi batean onartzen ditugunak, aitortzea gehiago ala gutxiago kostatu, eta ñabardura guztiekin. Errazkerian jausita, batek baino gehiagok botako du atzera bi orduko antzezlan bat ikustera joateko gonbita. Eta botako du atzera antzezlanaren inguruko ezertxo ere jakin gabe. Zeren “bi ordu asko dira”. Esan nahi baita bi ordu asko direla antzezlan baterako. Tira, bi ordu asko dira segun eta zer kontatzeko. Baina motz ere gera daitezke segun eta zertarako.

“Nork ezartzen du neurria? Neurria ezartzen duena al da denboraren jabe?”. Halako galderarik egiten du Nor naizen baneki antzezlaneko Junek. Erreportaje honen sostengua den solasean, Egia auzoko taberna baten terrazan, txantxangorri eder baten presentziapean, grabagailuaren kontagailuak ipini ditu neurriak. Denboraren joanari ez zaio erreparatu solasa amaitu arte. Behar beste denbora eskaini zaio gogoetari, kontatzeko zegoenari. Justifikaturik geratu da ordubetea, antzezlaneko ordu biak bezalaxe.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Antzoki baten zorua
Arkeologo batzuk indusketa lanean ari dira antzoki batean. Lurra zulatu eta miaketak egin ahala, lur horiek iraganean zapaldu zituen gizartearen aztarnak topatuko dituzte. Imajinazioa erabiliko dute, eta hipotesiak egingo dituzte, aztarnak jaso eta datuak bildu, ez baita beste modurik iraganaz gehiago jakiteko, historia berridazteko. Antzezlanean, erromatarren garairaino joanaz, saltoka egingo dute atzera-aurrerako bidaia, etengabeko joan-jinak, era ez kronologikoan, ipuin laburrak bailiran.

Indusketa bat proposatzen du Nor naizen baneki antzezlanak, “kanpo eta barne indusketa bat”, gidoia idatzi duen Harkaitz Canok laburbildu moduan. Gai global eta unibertsalen inguruko hausnarketak ageri dira obran, marko zabal batean; eta “sukaldeko kontuak” ere badaude, pertsonaien gogoeta intimoak, eta hausnarketa zein gertakari bakoitzak bestearengan duen “oihartzuna” ere erreparatzeko modukoa da, garaiz garai. Makiavelok esaten zuen historian atzera egin beharra dagoela aurrera egiteko, baina gizakiok, gizaki garen heinean, iraganeko akats bertsuak egiteko joera dugula. “Historia ez da berdin errepikatzen, baina oihartzunek badute errepikaren zentzua”, esan du Canok.

Gidoiaren hasierako ernamuina Ximun Fuchs zuzendariarena da, eta, hura Irulegiko Eskuaren aurkikuntzarekin heldu zen, 2021eko uda atarian. Lehen unetik inpaktua eragin zuen euskal gizartean, bistakoa da, eta oraindik ere oihartzunekin jarraitzen dugu, “ulertzen ez dugun baina gurea den zerbait” agertu zelako bat-batean. Eta, agian hori baino inportanteagoa da hauxe, Canoren hitzetan: “[Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak] berridazten du historia bat euskaldunoi idatzita eman zaiguna; historia likidoa denez, ez baita finkoa, berrinterpretatzen hasi gara gure iragana”. Ideia horixe izan da antzezlanaren gidoia idazteko abiapuntua. Obrak, gero, ez du zerikusi askorik Irulegiko Eskuarekin, ezpada argiztapenean detailerik atzeman dezakeelako ikusleak. Barne bidaia bat proposatzen du antzezlanak, norbanakoarentzat zein kolektiboarentzat, euskal lurren historia berrinterpretatzeko asmoz, edo, baitezpada, misterio eta ezezagutza horretan sorkuntzari parada eskaintzeko betaz.

Ainhoa Resano

Umorerik historia gaietan?
Komedia hutsezko obretan ez ezik, antzezlan orok erabiltzen du umorea era batera edo bestera. Istorioa kontatzeko erremintetako bat da, funtsean. Kasuon, aktualitatean kontaturiko eszenetan, agian ikuslearentzat era esplizituagoan ageri da umorea. Maialen Diaz aktore eta solaseko mahaikideak, esaterako, dio “errazagoa” iruditzen zaiola umorea egitea aktualitateko gaiekin, publikoak maite duelako azkar identifikatzea pertsonaiekin, eta, Nor naizen baneki-n Garoa Bugallok antzezten duen June influencer-aren papera aski identifikagarria eta barregarria da publiko zabalarentzat: “[Garoa Bugallok] zoragarri jokatzen du papera, eta jendeak gustuko du egungoa horrela ikustea; aldiz, epika garaian, ez ginen hor umorerik ikusteko, eta hortaz, beste jokamolde bat da, eta beste emozio batzuk sorrarazten ditu”. Diazen esanetan, ziurrenik historiako garai bakoitzak bere umorea izan dezake.

Historiak, H larriz, umorerik onartzen ahal duen galdetuta, historia berridaztearen gaiari heldu dio Canok. Hau da, historiako gaiak kontatzerakoan “nahitaezkoa” dela umorea erabiltzea, historiako pasarte bat oso serio kontatzen duenak arriskua hartzen duelako ziurtzat emateko, “uste irmotzat” geratzeko, eta balitekeelako, noizbait, historiaren ulerkera hori “desaktibatzera” datozen datu berriak heltzea, Irulegiko Eskuarekin gertatu moduan. “Umoreak galderak egiten ditu, zalantzak planteatzen ditu, eta kuestionatzen du status quo-a, horixe da bere berezko funtzioa”, adierazi du Canok.

Ainhoa Resano

Kantuen ahalmena
Ez da musikal bat... baina asko egiten dute kantuan. Umoreak bezalaxe, istorioa kontatzeko funtzioa betetzen dute kantuek. Kontatzeko manera aldatzen dute, eta beharbada kontakizuna azkartzeko ere balio dute, “nobeletan narratzaileak egin dezakeen moduan”, Canoren esanetan.

Ez dute besterik gabe egiten kantuan. Ahots zainduak dituzte, eta Garazi Navas musikariaren laguntzaz, koruei lanketa izugarria eman diete. Antzezlaneko une horiek, Aline Etxeberri aktorearen ustetan, “arnasgune” dira antzezpen osoarentzat, “sostengu”. Maila pertsonalean, Etxeberriri balio diete emozioak digeritzeko manera moduan, ordura arte oholtzan gertaturikoa barneratzeko. Edota kanporatzeko. Zalantza agertu du. Katarsi gisa ikusten ditu koruak, hori ere gehitu du. Ez dira edonolako koruak: gorputzak elkarri itsatsita egiten dute kantuan, elkarren gainean bezala, tonuak eta ahotsak bereziki zainduta, ikusleari oilo ipurdia jartzeraino.

Geruza asko dituen obra da, eta erreportaje honetan ari bagara ere geruza horiek hostokatzen, elkarrizketatuek ohar berezia egin diete koruen funtzionalitateari. Izan ere, antzezlanak proposatzen duen indusketa pertsonal eta partekatu horretan, zehar lerroetako bat da, gai moduan, nortasunaren eraikuntza, norbanakoarena zein kolektiboarena. Hiruek azpimarratu dute kantuak direla nortasunaren eraikitze kolektiboaren ehunduraren parte: elkarrekin abestea bera, bigarren ahotsak egitea, tonua jaistea, besteari entzutea, arnasketak taldean lantzea...

Ainhoa Resano

Atmosferak, soinuz eta argiz
Musikaren eta soinuaren diseinuan Xabier Erkizia eta Philou Barandiaran aritu dira. Geruzaz geruza, “soinu bakoitzaren indusketa propioa” egin dute Etxeberriren hitzetan. “Indusketa” dio, zeren Erkiziak eta Barandiaranek ere egin dituzte haien arkeologo lanak, hipotesi lanak, aurkitutako halako objektuk zer nolako soinu egingo zukeen imajinatzen, edo, antzinako eszenetan, zer nolako giro soinua sortu pentsatzen, probak egiten.

Historiako pasarteetan horrenbeste joan-etorri egiten dituen obra batean, nola sortu horrenbeste eszena diferente, eta nola igaro batetik bestera hain bizkor? Atmosfera asko daude sortzeko. Musikaren eta soinuaren lanketa ez ezik, begiz ikusgarriagoa da argiterian egindako lanketa. Hainbat kolore egin ditzaketen laserrekin soilik, kasik-kasik, atmosfera eta espazio ugari sortu dituzte David eta Dani Bernúesek. Lerro zuzenak dira argi denak, luzeagoak edo laburragoak eta lodiagoak edo meheagoak, eta horiekin figura geometrikoak eraikitzen dituzte. Esposizio bakoitzak espazio batera darama istorioa. Milaka urte atzera edo aurrera.

“Sintesi lan ikaragarria egiten dute, argi bakar bat mugituta, aldatuta, espazioz aldatzen da”, adierazi du Diazek. “Gozagarria” zaio aktore aritzea horrelako lanketak dituen antzezlan batean, eta sentsazioa du, argiteriarena behintzat, oholtza gainetik ez dela hainbeste apreziatzen publiko artetik bezainbat. Etxeberrik ez dio kontrakotasunik adierazi, baina berarentzat, bere esperientzian, “jolas bat” da oholtza gainean espazioak gisa horretan sortzen eta aldatzen ikustea.

Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Eskuz esku arkeologoekin
Donostiako lehen emanaldian, antzokiaren sarreran, antzezlanaren zuzendari Ximun Fuchs aritu da, emanaldia hasi aurretik, ikusiko genuen obrari buruzko eskuorriak banatzen. Hamabi orriko panfleto zainduan, atentzioa ematen du Aranzadiko bi boluntariori eginiko elkarrizketari lau orri eskaintzeak. Bada antzezlana testuinguruan ipintzeko modu bat, baina bada haien lana aitortzea ere. Elkarrizketan, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaz mintzo dira Leire Malkorra eta Mattin Aiestaran.

Haiekin eta Aranzadiko kideekin asko ikasi dute Nor naizen baneki antzezlaneko partaideek. Aktoreek atentzioz ikusi dituzte arkeologoen lan ibilkerak, esaterako. Baina edozeren gainetik, asko ikasi dute jardunbideaz. “Oso bokazionala” dela diote. “Pasioa” ikusi dute haiengan. Hala dio Canok: “Ez dugu ezagutu inor pasio handiz hitz egiten ez zuena; asko bizi dute, eta bizi dute askotan modu ia morboso batean, zeren arkeologo batentzat hildakoak aurkitzea ikaragarria da, zenbat eta gehiago hobe, zenbat eta sarraski egoeragoan hobe, errauts gehiago, gezi-mutur gehiago... Informazio asko biltzen dute hortik”. Antzerkia ere zer da, bada, ez bada bokazionala?

“Arkeologoengandik gehien gustatu zait bilatzearen plazera, eta dagoenarekin ez konformatzea”, esan du Diazek. Sorkuntza lan gisa ikusten du arkeologia, ebidentzia batzuk egon badirelako, berriak topatu daitezkeelako, eta gero, funtsean, “puntuak marrekin lotzea” delako, historia idaztea: “Irudimenak eta sorkuntzak, arkeologiarekin batera, badute sormena eta aukerak ikusteko edo irudikatzeko potentzialitatea”.

Antzezlanean ere esaten da, eta Etxeberrik ekarri du mahai gainera: “Geure historia geuk kontatzen ez badugu, besteek kontatuko dute; arkeologoek hori ere barnean daramate, eta atzematen dituzten aztarnei esker eraikitzen da historia”. Iragana ez baita ezer finkoa, funtsean: “Iragana ere eraikitzen da”. Eta eraikitakoa, kontatu behar da. Antzezlanean, Erika pertsonaiak honela dio: “Memoria ez bada transmititzen, etenaldi bat gertatzen bada, izozten gara sekretuaren sarean”.

Ainhoa Resano

Iraganaren eztanda eta bisioa
“Gure eguneroko bizitzan iraganak eztanda egiten du bat-batean, gutxien espero dugunean”, esan du Canok, eta baietz egin diote buruarekin Diazek eta Etxeberrik. Iraganaren eztanda; izan daiteke iragan hurbila, iragan urruna. “Irulegiko aurkikuntza eztanda horietako bat izan zen”, segitu du: “Bat-batean, oraina aldatzen da iraganaren leherketaren ondorioz”. Nola Irulegiko Eskuarekin, hala norbere etxe barneko gertakariren batekin.

Iragana atzean eta etorkizuna aurrean ikusteko joera du Mendebaldeko gizarteak, baina ez da modu bakarra, badira-eta justuki alderantzizko bisioa duten kulturak, Canok oroitu moduan. “Askoz ere logikoagoa da”, bere esanetan, etorkizuna atzean eta iragana aurrean ikustea: “Etorkizuna ezin dugu ikusi ahal, eta iraganaren arrastoak bai, berreskura daitezke”. Antzezlanean, hortaz, “jauzi mortalak” badirudite ere iraganerako joan-jinek, “iruditzen zaizkigunak baino logikoagoak dira”, Canoren iritziz.

Zer den logikoa eta zer ez, auziak izan ditzake milioika ertz. Zergatik diren halakoak gobernantza ereduak, zer prezio duen zerk, zergatik bata den garesti eta bestea merke, edo zer luze eta zer labur... Neurria ezartzen duena ote den denboraren jabe, hala dio antzerki-obrako Junek. 

Jabetza, dirua, maitasuna...

Dirua alimaleko asmaketa bat dela diotso Alain indusketa-gidariak June influencer-ari. Diruari esker libratu zela jende asko gosez hiltzetik. “Truke-sistema bat zen, usteltzen ziren gauzak ordezkatzeko”, esaten dio. Junek, bueltan, zera: “Baina orain diruak sortzen du ustelkeria”.

Hainbat gairen oihartzunak errepika moduan ageri dira garaiz garai, eta gogoeta edo gogoetagai moduan plazaratzen zaizkio ikusleari. Diruarena da horietako bat, edota jabetzarena. Baita zaintzarena ere, eta amatasunarena ere bai. Aline Etxeberriren iraganeko zein oraingo pertsonaia banak badute loturarik amatasunarekin. Iraganekoan, bada etxeko egituran pisua duen figura, etxea sorbalden gainean daramana, “bertute eta indar handikoa” Etxeberriren iritziz. Egungoan, bada “emazte autonomo eta independentea”, erabakitzen duena amatasunari bakarrik lotzea, “abentura horri segitzea”. Eta ez dela “zoriona”, baizik eta “hautua”.


Eguneraketa berriak daude