Hala Bedi irratiko Babazorra saioak zuzeneko irratsaioa izango du Euskararen Egunean Gasteizko Gaztetxeak antolatutako egitarauan.
Hurbiltzen ari da aurtengo Euskararen Eguna, eta Gaztetxeak egitaraua aurkeztu du Euskaraz Berrarmatu lelopean. Euskaraz “lasai eta txil” hitz egiteko egitaraua izango da, munduari begiratu bai, baina euskaraz begiratzeko.
Arratsaldean hasita hainbat ekintzak osatuko dute eguna. Hasiera emateko, 18:00etan Wazemank umorezko telebista-saioaren eta Lazkao Txiki marrazki bizidunetako telesailaren momentu onenak proiektatuko dituzte. Euskal umorearen oinarri izan diren horiek gogoratzeko aukera aparta izango da.
Jarraian, 19:30etan, hitzartze bat egingo dute. Euskara gatazkan dagoen honetan, hizkuntza lehen lerrora ekartzeari garrantzia emango diote, “elkarbizitza deskafeinatuak eta etsaiaren diglosiak ito aurretik”. Euskararen egungo gatazka, diglosia egoera, hiztunen ardurak… edukiko dituzte, beraz, eztabaidagai.
Babazorrak Live Show
Arratsaldearekin amaitzeko, 20:00etan Hala Bedi irratiko Babazorra irratsaioko kideek zuzeneko irratsaioa egingo dute: Babazorrak Live Show, barreak garrantzitsuak diren heinean, euskaraz barre egitea ere garrantzitsua delako. “Euzkaran zalbaziyue” edukiko dute mintzagai, eta, tartean, euskararen mesiasak, hizkuntza bat desagerrarazteko eginbeharrekoak eta euskaraz hitz egiteko arrazoiak.
