Haurrek Alajainetaraino bidaiatu zuten eguna

  • Umeen sormenari zukua atera diote Gorka Bereziartuaren galderek eta Adur Larrearen marrazkiek, Abentura erraldoia. Hegan liburuaren aurkezpenean. Festa, musika eta dantza, berriz, Bidasoako erraldoiek jarri dute.

Bidasoako erraldoi eta buruhandien konpartsa

2025eko urriaren 20an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Erraldoiak beti direlako aitzakia ona dibertsiorako, Irungo aretoa bete familia egin dute ipuinaren aurkezpena egileek. Gorka Bereziartua idazlearen kontakizunak eta Adur Larrea ilustratzailearen marrazkiek abenturan murgildu dituzte bertaratuak, Alajaineta herriaren bila. Mendira igo dira, trenean ibili dira, eta zaldian, baita zepelinean ere! Eta halako batean, iritsi dira Izar, Ainubi eta Etxahunen herrira. Alajainetan, erraldoi hegalariak ikusi dituzte, gaztaina saltzailea, eta beste makina bat kontu. Kukutturlio, Adur Larreak arbelean marraztu ahala, segituan antzeman du publikoko batek baino gehiagok.

Galdera inportanteak egin dizkie Bereziartuak ikus-entzuleei: nola erakarriko ditugu erraldoi hegalariak etxera? Zer egingo zenukete erraldoi bat izango bazenute? Nolako erraldoia sortuko zenukete? Umeen irudimenaren lekuko, guztien ekarpenekin Irunen sortu duten erraldoia, Adur Larreak arbelean gorpuztua –beheko argazkietako batean ikus dezakezue marrazkia–: hiru begiko erraldoia nahi zuten umeek, mihi luze-luzeduna, zuhaitz baten enborrarekin, aizkorarekin, eta gerrikoa eta pololoak soinean. Zalantzarik gabe, erraldoi berriren bat egiteko asmoz den konpartsa bati baino gehiagori ideia eman diote haurrek.

Ikus-entzule finek erne jarraitu dute saioa, baina zer arraio, umeak dira, mugitzen, jolasten, barre egiten ere ikusi ditugu, festa giroa izan da nagusi, eta aretotik plazara egin du jauzi aurkezpenak. Bidasoako konpartsaren unea heldu da: kalejira, dantza eta musikak hartu du segida. Gelditu gabe aritu dira Lurra, Ura, Haizea eta Sua erraldoiak, baita Udaberria, Uda, Udazkena eta Negua ere, eta arrantzaleak, galdaragileak, haurrek beraiek dantzatzen dituzten Galtzagorriak, eta, jakina, Karrikuernos deabrua, Bidasoaldeko umeen kuttunenetakoa.

Jai giroan, Hegan liburua erostera familia ugari gerturatu da ARGIAren karpara, eta bide batez, “Abentura erraldoia” ipuin-bildumako lehenengo liburua ere, Salba dezagun kalejira, eskuratu du hainbatek, baita ARGIAk berriki kaleraturiko Erraldoi eta buruhandien karta-jokoa ere. Erosleek Gorka Bereziartuak idatzitako dedikatoria eta Adur Larreak propio egindako marrazkia jaso dute opari.

Erraldoien ipuinak edota kartak eskuratzeko, sartu ARGIAren Azokan.

 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Bidasoako erraldoi eta buruhandien konpartsa
Haurrek beraiek sortu eta Adur Larreak marrazkira ekarritako erraldoia. Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Mikel Olabide
 Bidasoako erraldoi eta buruhandien konpartsa
 Bidasoako erraldoi eta buruhandien konpartsa
 Mikel Olabide

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haur eta gazte literatura
Eguneraketa berriak daude