Aitaren bizitza arakatu du Hedoi Etxartek, eta bere lehen eleberria argitaratu: ‘Izen baten promesa’

  • Pedagogo, euskaltzale eta militante komunista izan zen Aitor Etxarte, eta, besteak beste, Hedoi Etxarteren aita ere bazen. Hileta eguneko akats batek ematen dio forma liburuari. 27 kapitulu ditu, bi ataletan banatuak, txandaka ekarriak: aitaren heriotzaren doluak ekarritako pentsamenduak daude batetik, eta bestetik, Aitorren gaztetako lagunak, militantzia kideak, maitaleak eta 1970eko hamarkadako borrokak.

Hedoi Etxarte liburua aurkezten, ostegun goizean Donostian. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

2025eko azaroaren 20an - 15:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2020ko abenduan zendu zen Aitor Etxarte Berezibar, covid19ak jota. Iruñeko ospitaleko ohean zegoen, lasaigarriak emanda lokartuta, makinari itsatsita. Egun ugari eman zituen horrela, urriaren hondarretik. Bere heriotzak harrabotsa eragin zuen Iruñerrian batik bat, euskalgintzan, kulturgintzan eta ikastolen sorreran parte hartze nabarmena izan zuelako, esaterako. Militante komunista izan zen gaztetan, 1970eko hamarkadan.

Akats batek ematen dio zentzua Izen baten promesa (Susa, 2025) liburuari: Aitor Etxarteren hiletan "Gora Liga Komunista Iraultzailea (LKI)" oihu egin ostean, Aitorren gaztetako lagun batek Hedoiri esango dio ezetz, Aitor ez zela LKIko militantea izan, baizik eta Komunisten Ligakoa. Eskemak apurtuko dizkio horrek, aitaren bizitzaren zati bat ez duela ezagutzen ikusiko baitu. Horrela arakatuko du Aitorren gaztaroan, eta gogoetatuko du utzitako oinordetzan. Susako editore Leire Lopezek esan moduan, dolua liburuan kontatuta dagoen era "akuilu" da gogoeta eragiteko, besteak beste, oinordetzan, nola eragiten duen familia jakin batean jaiotzeak, hildakoekiko loturan... "Dena dago nolabait Aitorrekin lotuta, baina Aitorretik harago doaz gogoetak".

Izen baten promesa liburua 27 atalez dago osatuta. Bi motatakoak dira, txandakatuta ageri direnak: kapitulu bakoitietan, aitaren heriotzaren doluak ekarritako pentsamenduetan barneratuko da idazlea; eta kapitulu bikoitietan, berriz, aitaren gaztaroa, lagunak, maitaleak eta militantzia politikoa agertuko dira, 1970eko borroka politikoaren testuinguruan, iraultza iristear zela pentsatzen zuen belaunaldian.

"Batez ere pertsonak ageri dira liburu honetan", adierazi du Hedoi Etxartek: "Jakin nahi nuen nor zen Aitor aita izan aurretik, eta zer itxura zuen, zein lagun zituen, gure ama ezagutu aurretik". Bost urte eman ditu bere aita zenaren gaztaroa arakatzen, militantzia kide zituenekin elkartzen, eta, oro har, ezusteko ugari jaso ditu. "Aurreikusi nitzakeen gauza batzuk ere bai". Aitortu du bere aitari buruz "azalekoa" baino ez zekiela, iragana ez zelako existitzen haien asteroko solasaldietan, "beti zen orainaldiaren inguruko elkarrizketa". Horixe bera loturik dago idazleak elkarrizketatu dituen pertsonekin eta haien profilarekin. 

Liburura eraman dituen pertsonek badituzte hainbat ezaugarri amankomunean: "1970eko hamarkadan gazte ziren, iraultzaile ziren, komunismoaren bueltan zebiltzan, eta 1990etik aurrera ez dute horretan jarraitu; eta, gakoa da, haien burua ez dutela protagonista gisa ulertzen, ez politikaz ari direnean, ezta bizitzaz ari direnean ere, ez baitiete baliorik ematen haiek egindakoari". Gaur egunetik irakurrita, baina, "jende determinantea" izan zen. 

Paktua egin du liburura eraman dituen pertsonekin, eta zenbaiti "datu pertsonal batzuk" aldatu dizkie, lasai hitz egin zezaten, nahiz bekaturik egitekotan ere preskribaturik egon egun. Hortaz, eleberria idatzi duela dioenean, nolabait katalogatu nahi bada, "ez fikziozko nobela" etiketa ipintzeko eskatu du. "Zeren fikzioa da, baina ez oreinak urdinak direlako, baizik eta testuen eta gertakarien lanketari begira moldaketa batzuk egin ditudalako".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2025eko urriaren 29
Heriotza haur literaturan
Bazen behin... izan zen

2025eko urriaren 16
Linguae Vasconum Primitiae
Jalgi hadi mundura... eta hator etxera

Eguneraketa berriak daude