Bazen behin... izan zen

  • Heriotzarekin zerikusia duten eta haurrekin batera irakurtzeko modukoak diren liburuak aurkeztuko ditut artikulu honetan. Aipatuko ditudan izenburu guztiak ilustratuak dira, eta euskaraz irakurri daitezke.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gaba baltza gerturatzen ari zaigu berriz ere. Iluntasunari eusteko, biziek eta hilek argizaiolak piztu izan ditugu Euskal Herri osoan zehar XVI. mendetik XX. mendera. Egun, dakigula, Amezketan bakarrik mantentzen den usadioa da argizaiolena. Etxearen, baserriaren, hilobiaren eta hildakoaren arteko lotura sinbolizatzen du egurrez egindako argizaiolak, eta lurpean zeudenei sua, argia eta beroa eramateko modua zen horiek piztea. Eta bide batez, hemengo eta hango, gaudenon eta garenon arteko harremanak zaintzeko modua ere bazen ohitura hori, gehienetan emakumeen ardurapean zegoena.

Errituak zaharberritzeko saiakerak egiten ari gara han eta hemen, Ameriketako Estatu Batuetatik iristen zaigun eta Euskal Herrian kopiatzen dugun kontsumo basatiari aurre egiteko asmoz alde batetik; eta egunerokoari, benetan inporta duten gauzei, zentzu pixka bat emateko bestetik. Honetan ere liburuak bidaide apartak direla… Zer esango dizuet, bada, nik.  

Joxantonio Ormazabalek idatzi eta Iraia Okinak ilustratutako Ilargia esnatu da (Elkar, 2012) ipuina, hunkigarria eta poetikoa da. Irudi elegante eta sentsibilitatez betetakoek lagunduta dago, eta naturarenak diren koloreek girotuta kontatzen zaigu istorioa. Lau urtaroak bere baitan dituen zuhaitz bat da azalean aurkituko dugun irudia, barruan aurkituko dugunaren atariko: denboraren iragatea erakusten du, eta zuhaitzaren (bizitzaren) ziklikotasuna azpimarratzen. Gaua eta eguna ezin dira elkarrekin maitemindu: bata etortzen denean besteak alde egiten du. Esaldia bizpahiru aldiz esaten da ipuinean, eta bizitza eta heriotza binomioaren metafora gisa uler daiteke. Horrela, irakurketa hertsiagoa eta sinbolikoagoa, biak egin daitezke liburu honekin.

Uxue Alberdik idatzi eta Araiz Mesanzak ilustratutakoa da Hili (Elkar, 2021). Zuri-beltzean egindako ilustrazioek eusten diote liburuan aurkituko ditugun hamaika galderari. Irudiak soilak dira, baina detailez beteak, emozioen mundu zabala erakusten digutenak. Galderak sakonak eta existentzialak dira, erantzunak eman baino zer pentsatua sortzen dutenak. Galderak sortzen dituzten galderak aurkituko ditugu orriotan.

Jakes eta herio (Tim Bowley eta Natalie Pudalov; Txalaparta, 2019) eta Paulatxo (Hainbat egile; Ttarttalo, 2019) liburuek heriotzaren aurreko une hori primeran jasotzen dute. Batean zein bestean gaixorik dagoen eta hiltzear dagoen pertsonaia bat dugu. Jakes eta herio-n ama da gaixorik dagoena, eta bere semeak tristura eta minaren aurrean ukapena erabiltzen du defentsa modura. Heriori pultsua bota eta denbora gelditzea lortzen du, ama heriotzetik babestuta. Denbora ez da amarentzat bakarrik gelditzen, ordea, eta harakinak ezin du txerririk akabatu, ortuak eta zuhaitzek ez dute barazkirik eta frutarik ematen… Eta Jakesi ez zaio egoera onartu besterik geratzen, bizi ahal izateko hil beharra dagoela hain zuzen.

Paulatxo hil egingo dela jakiten duenean, gure protagonista ere haren bizia salbatzeko planak prestatzen hasiko da, Jakesek egiten duen moduan. Ingurukoen laguntzarekin, baina, egoera onartu eta hil aurretik agur esateko aukera du protagonistak: marrazki bat oparitzen dio, fuerte-fuerte besarkatzen du, agur festa bat antolatzen diote, eta goxotasunez zaintzen dute bere azken orduak izango diren horietan. Bi-bietan ukapena gainditu eta bizi bitartean agur esatearen garrantzia azpimarratzen da.

Beti, ordea, ez da gertuko pertsona hil aurretik agurtzeko aukerarik izaten, eta horrelakoetan hil osteko errituak garrantzi berezia hartzen du. Asko dira errituen bertute eta onurez hitz egiten duten filosofo, antropologo, mediku, terapeuta eta ekintzaileak. Eta literaturan ere badaude une hori jasotzen duten ipuinen adibideak. Ugariak diren arren, bi ekarriko ditut hona: Oroitzapenen zuhaitza (Britta Teckentrup; Nubeocho, 2020) eta Agur aitona (Jelleke Rijken eta Man van Gageldonk; Ttarttalo, 2020). Animaliak protagonista dituzten bi liburu horiek bat-bateko heriotza batekin hasten dira. Lehenengo eta azaleko irakurraldi batean sinplea den argumentua ikus dezakegu bi kasuetan. Baina bigarren eta hirugarren irakurraldietan hileta errituak dituzten ezaugarriak eta urratsak xehatzen dituztela ohartuko gara.

Oroitzapenen zuhaitza liburuan azeriaren lagunak korroan elkartuko dira lehenengo, elkarrekin egoteko. Isiltasun luze batean murgilduko dira gero, eta ondoren, lagun bakoitzak hitza hartuko du, partekatutako bizitzako momentuak gogora ekartzeko. Landare txiki bat landatuko dute zuhaitza has dadin, eta berarekin oroitzen direnean, eduki dezaten biziek nora joan. Agur Aitona liburuan aitona maite duen pertsonaia bakoitzak berarekin lotzen duen elementu bat utziko dio hilobian: marrazkia, loreak eta abesti bat. Kasu honetan suaren inguruan elkartuko dira denak, gomutak elkarbanatu eta batzen dituen pertsonaiari, aitonari, dioten errespetua erakusteko.

Erritu gisa inportantea da hileta, beraz: aldaketa bat asimilatzen laguntzen du; hil denak utzi duen hutsunea esplizitatzen du; mina kolektibizatzeko aukera bat da; eta dolua egiten hasteko trantsizioa errazten du. Horiek horrela, dolua den esperientzia sakon eta askotarikoa kontatzen duten liburuekin bukatuko dugu artikulua.

Denek komunean duten elementuaren bila aritu naiz eta, badakizue, bilatzen duenak aurkitu egiten omen du: dolua pasatzeko ezinbestekoa dirudi hildakoari buruz besteekin hitz egitea edo berarekin bizi izandakoak gogoratu eta partekatzeko aukera izatea, eta horretarako denbora hartzea. Hori modu desberdinetan egiten du hurrengo liburuetako pertsonaia bakoitzak: Betiko (Alan Durant eta Debi Gliori; Ttarttalo, 2005) liburuan isiltasun luze baten ostean hasten dira lagunak hil denaz hitz egiten. Eta haren gustukoak ziren gauzak astean behin egiten: margotzen, patata tortilla kozinatzen eta abar. Gutunak birramamari (Yolanda arrieta eta Concetta Probanza; Denonartean, 2024) hil berri den birramamari Asak idazten dizkion gutunak irakurriko ditugu liburuan. Hilda dagoenari egunerokoari buruz idaztea da, beraz, dolua zeharkatzeko Arrietak proposatzen digun beste modu bat. Eta ustez modu pasiboagoan, baina Txiki eta biok (Alicia Acosta eta Merce Gali; Nubeocho, 2021) liburuan ametsak ere oroitzeko modu bat izan daitezkeela azpimarratzen da.

Liburuak etxean ditugun edo familian bizi izandako egoerei buruz txikienekin hitz egiteko baliagarriak izan daitezke. Edo ez. Mariasun Landak elkarrizketa batean esan zuen ikuspegi pedagogikoa dela literaturaren gaitz endemikoa. Bat nator, eta esan nahi nuke nire asmoa arimen gaua eta beste gau batzuk argitzeko bidaia literario bat proposatzea izan dela. Hemengo eta hango, gaudenon eta garenon arteko harremanak zaintzeko modua ere bada argizaiola piztea. Edo liburuok irakurtzea.

Beraz, libratu etxeko txoko bat, hartu mantak, piztu sua eta bazen behin… Izan zen. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haur eta gazte literatura
Eguneraketa berriak daude