Helduarora bidean, linboan dauden bi gazteren bizitza kontatu du Julen Apellak ‘Sakelako bihotzak’ eleberrian

  • Poesia liburu baten ondoren, lehen eleberria kaleratu du berriztar gazteak. Elkar argitaletxeak argitaratu du. Pandemia igaro eta gutxira unibertsitatetik irten berri diren bi gazteren bizitza kontatu du, dituzten amets, ezintasun eta problemak naturaltasunez azalduta, modu lurtar eta errealistan, adin buelta horretako gazteek harremantzeko duten eran.

Julen Apella, 'Sakelako bihotzak' liburua eskuetan. Bere eskuinetara, Xabier Mendiguren Elkarreko editorea. Ezkerretara, Urtza Alkorta Ondarroako alkatea. Ondarroako Udala

2025eko urriaren 27an - 07:00
Azken eguneraketa: 11:27
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ondarroako Udalak ematen duten Augustin Zubikarai saria jaso zuen iaz Julen Apella (Berriz, Bizkaia, 1998) idazleak. Eleberria izango zenaren aurre-proiektua goraipatu zion epaimahaiak, eta urtebete izan du ideia garatzeko. Hasiera batean Abizen berri bat izena hartu behar bazuen ere, Sakelako bihotzak izenburupean kaleratu du Elkar argitaletxearekin. “Izena aldatu da, bai, baina mamia ez”, azpimarratu du editore izan duen Xabier Mendigurenek.

“Garaian kokatua eta garaiari begira” idatzi nahi zuen Apellak, aitortu duenez: “Inguruan ikusitakoa ulertzera emateko funtzioa ematen diot literaturari, indibidualki eta kolektiboki ditugun intuizio lauso batzuei forma emateko”.

2023an kokatuta dago eleberria, eta 21-22 urte dituzte protagonistek. Alde batetik dago Jokin, Arte Ederren gradua ikasitakoa, ezinegon kultur eta artistiko ugari dituena, baina pandemiaren erruzko etxealdian osasunez gaizki ibilitakoa, eta horrek oraindik pisatu egingo dio. Eta bestetik Felix, langile familia bateko semea, seme bakarra, itxuraz hotzagoa eta neutroagoa, “bizitza ordenatua” duena, inoiz ezertan distira egin gabekoa. Bi tipo normal. Bi gizon, “biak a priori heterosexualak”, Apellaren esanetan. Bi pertsonaiek profil antzekoa dutela aitortu du, eta ez duela emakumerik protagonista moduan sartu, bere “segurtasun esparrutik hurbil” zegoena kontatu nahi zuelako. “Ez ditut emakumeen egiturazko beste indarkeria batzuk bizi, eta ez nuen hor sartu nahi nire lehen eleberri honetan”.

Jokin eta Felix, biak fase bital berri batean daude orain. Amaitu berri dute unibertsitateko gradua; gurasoen etxera itzuli dira; ezin independizatu daitezke, jakina; eta lanpostu bati eustea egin beharrekoen zerrendari segitzeko modu ez-desiratu bat izan daiteke. Edo beste aukera bat da master batean sartzea eta kanpo begiradatik hain ederra den ikasle bizitzarekin segitzea, erabakiak prokrastinatzen, arazoei ezikusiarena egiten.

Lerro hauekintxe hasten da eleberria, garaiari eginiko analisiarekin:

2023a da, etxebizitza garestien eta audio luzeen garaia, eta jendea alde batetik bestera dabil, zertan ari den oso ondo jakin gabe: intuizio lausoei jarraituz batzuetan, arrazoimen interesatu baten arabera beste batzuetan. Jendea desira zaharrez asperturik dago eta berriak sortzeko ezgauza da: jendeak desira desiratzen du. Batzuek lan egiten dute eta beste batzuek ikasi; inor ez da zoriontsu oro har, baina batzuk iragarri zorigaiztoko dira; batzuek injustua deritzote horri, beste batzuek diote horrelakoxea dela bizitza. Batzuek poza sentitzen dute eta beste batzuek nostalgia (bizitakoez zein bizi gabekoez), eta beste batzuk asperdurari ziria sartzen tematzen dira: batzuek istorioak asmatzen dituzte, beste batzuek bizi, eta beste batzuek gauza bera direla diote. Inork ez daki oso ondo zertan ari den.

Garaiari idazteko manerak

Bakoitzari dagozkion formak. Horri buruz ere hitz egin du Apellak liburu aurkezpenean. Sally Rooney idazle irlandarraren lehen nobelak aipatu ditu, horietan bereziki detailez kontatzen direlako pertsonaien heltze prozesuak, bizi duten garapen sozial eta identitarioa, esaterako. Zerocalcare-ren Strappare lungo i bordi edo “Puntuen marratik moztu” ere aipatu du erreferentzia gisa, baita Sara Fantovaren Jone, batzuetan filma ere. “Atmosfera horretan kolokatzen dut nire eleberria, kontatzeko modu horretan”, esan du Apellak.

Narratzailearen bitartez egin du kontakizuna Apellak, baina une askotan, hirugarren pertsona hori urrun kokatzen dela aitortu du. “Distantzia hartze bat” dagoela dio: “Askotan erabiltzen du ironia, pertsonaien pentsamenduetan sartu eta atera egiten da, eta haien pentsamenduen berri ematen badu ere, pentsamendu horiekiko ere zinismo batekin jokatzen du”. Hautu propioa izan da, “perspektiba” emateko nahia. Kanpotik begiratzea hautatu du “azterketa zintzoago bat” egin ahal izateko, “forma analitikoago batean aztertzeko pertsonaien sentitzeko eta pentsatzeko moduak”.

Idazkera hautuak

Idazkera bera eta euskararen lexikoa “zikintzera” etorri diren hainbat lan kaleratu dira azkenaldian. Esaterako, Miren Amurizaren Pleibak, edo Danele Sarriugartek berriki atera duen Beste zerbait. Hautu zehatzak egin dituzte egileek; ez euskara zikintzeko zikintze hutsagatik, ekarpen moduan baizik.

“Literaturak erantzun egin behar die gizarteko aldaketei”, erantzun du Apellak gaiaz galdetuta. Bere kasuan, eleberriaren oinarri sintaktikoa “oso literarioa” dela esan du, baina lexikoa apur bat zikintzeko asmoa ere agertu du, “momentu puntual batzuetan, horiek gaur egun naturalki erabiltzen diren neurrian”. Oreka mantentzeko ahalegina egin du; “Bestela, kalekoa islatzera soilik mugatzen bazara, ez dago ekarpenik”.

Datorren urteko Zubikarai saria, Ekaitz Herrerak

Urriaren 27an jakinarazi du Ondarroako Udalak nor izango den Julen Apellaren segida, hau da, nork idatziko duen Augustin Zubikarai sariaren zigilua daraman liburua datorren urtean. Ekaitz Herrerak (Abadiño, Bizkaia, 1986) jaso du beka, Hondar batean arre izeneko aurrerapen lanagatik. 

60 urteko Mattin da istorioaren protagonista, ospitale baten aurrean loreak saltzen dituena. Negozioa txarto doala-eta, kalean ikusiko du bere burua, eta bizileku baten bila hasi, eta ikasle-pisu batean amaituko du, ia berrogei urte gazteagoak direnekin. Haien kodeak ezagutuko ditu, ohitura berrietara ohitu beharko du. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Eguneraketa berriak daude