Urriaren 11z geroztik, Baionako euskal erakustokian ikusgai dugu zenbait astez Bernat Etxepare apez idazlearen Linguae Vasconum Primitiae (1545) lanaren jatorrizko alea, beste gisaz Parisko Liburutegi Nazionalean kontserbatzen dutena. Nahi duenak han ikusteko aukera izanen du datorren urtarrilaren hastapen arte, baita hainbat konferentziaren entzuteko parada ere.
Literatura eta historia zale gisa, gertakari zirraragarria da. Izan ere, Etxepareren liburua, berak zioenez harroki, eta kontrakorik ez denez frogatu, euskaraz inprimatu lehen idazkia dugu, duela 500 urtekoa. Mirakuluaren mailakoa da gaur arte iraun izana. Zirraragarria da ere, liburuaren jatorrizko alea izateaz gain, unicum ere izatea; hau da gure garaietara heldu den ale bakar-bakarra, “liburu umezurtza” dugu. Horrela, gure hizkuntzaren eta gure literaturaren lehen lekukoa, gure kate literarioaren lehen kate-begia da Baionara etorriko, sortu zen lurreko Errobi erreka ber-beraren uren hegira: apez apal baten eskuz idatzi altxorra gure plazara itzuli da, erranez: hemen hasi zen dena.
Gogoan dut adituen ahotan behin eta berriz entzundakoa: “Etxepareren lanak ez zuen hedatze handirik izan, eta horregatik galdu ziren gainontzeko aleak”. Preseski, ikusgai izanen den ale horren azalak frogatzen digu hori, azal fina du eta Frantziako Condé-aren armarriak daramatza. Eta gaur arte iraun izana zor dio segur aski orduko Joana Labrit erreginaren koinatari, haren liburutegitik baitzitekeen biltegiratu noizbait. Zenbat ale egin ziren orduan? Berrogeita hamar? Ehun? Hori kopuru handia zitekeen ordukotz, tipiegia jalgitzeko mundura… Eta gisa horretan, garai hartako inprentarainoko nekeziez gain, erakusten digu ere hizkuntza, hizkuntza baten aldeko apustua, kontu politikoa zela jada, hierarkian gora eta boteretik hurbil, inprimatze sariak ordaintzeko gai zen norbaiten sos eta babesarekin publikatua izan baitzitekeen. Abaro horretatik eman zituen Etxeparek euskara idatziaren lehen urratsak, debile principium bere iritziz, eta etorkizun oparoagoa, melior fortuna sequatur, desiratu.
Erakusten digu ere hizkuntza kontu politikoa zela jada, boteretik hurbil eta inprimatze sariak ordaintzeko gai zen norbaiten sos eta babesarekin publikatua izan baitzitekeen
Urak bost mendez iraganik, nago zer erran zezakeen Etxeparek gaurko egoeraz? Alde batetik, ikus zezakeen bide luzea eginik, euskara escriba daitekeelako zalantzarik gabe, irakatsi, sustengatu eta preziatu, eta gainera, zenbait urte geroago, Joanes Leizarragak goraipatzen zuen euskararen batasuna gauzaturik ikusiko zukeen, batuaren bidez.
Alabaina, ikusiko zukeen ere zenbat kostatu izan den horra heltzea. Bere garaiko aldarrikapen politikoak oraindik oihartzun egiten du: hizkuntz politika eskasa, betiere Condé boteredunen oniritziaren menpe eta haien nahien arabera eramana, plazarako bide zabalegia ideki gabe eta lehen aukeran berean oztopatua, duintasun eske oraindik ere.
Ikuspegi horretatik, mailegu honek mezu argia bidaltzen digu: gure hizkuntzaren historiaren ardura geurea da, sekulan bezala. Hortik, euskal erakustokira joanez gero, ez da soilik objektu bat ikusiko: kontzientzia hartzeko ariketa ere izan beharko du. Etxeparek bezala, guk ere gaur egin behar dugun hausnarketa da: zerk egin dezake euskara eta euskalduna indartsuago?
Balio filologiko, poetiko, soziologiko eta politiko handia du Linguae Vasconum-ek, eta 2025eko urriaren 11tik 2026ko urtarrilaren 11ra bitarteko erakusketa eta junta ezberdinetan, testu honen hainbat eduki nabarmenduko direlakoan nago.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.