Amaia Ezpeldoiren urratsen gibeletik, literatura bortuan

  • Euskal Herriko irakurle taldeen topaketak egin dira irailean Iratin, eta presentzia nabaria hartu dute hor Amaia Ezpeldoi detektibearen bueltako informazioek. Itxaro Bordak sorturiko pertsonaia da Ezpeldoi; estreinakoz 1994an agertu zen, eta harrezkero, hiru hamarkadaz, Bordaren sei eleberritan eta makina bat ipuinetan agertu da.

Egilea: Gonzalo Santoma
Egilea: Gonzalo Santoma
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ezpeldoiz gain, beste makina bat kontu ere jorratu ziren Bortua eta literatura jardunaldietan: Eñaut Etxamendiren obra, Ernest Hemingwayren poemak, Eneko Barberenarekin mendi ibilbide literarioa, Oskar Alegriak artzainekin egindako film labur bat ere proiektatu zen... Baina erreportaje honetan fokua Ezpeldoi detektibearengan ipiniko dugu, hiru hamarkada igaro direlako kalera irten zenetik. Erretiroa hartu zuen, baina. Eta Atharratzen plantatu. Gu, Iratiko artzain etxoletatik abiatu gara bere urratsen atzetik, eleberriz eleberri.

Bat: 'Bakean ützi arte'
1994ko udaberrian karrikaratu zen Bakean ützi arte (Susa) eleberria. Zuberoa eta Nafarroa zeharkatu behar zuen gasbidearen historia errealean oinarritu zen. Zubereraren hautu garbia egin eta lanketa berezi eta sakona eskatu zion nobela eman zuen argitara Itxaro Borda idazle gazteak, sortzez baionarra, Oragarren hezia. Ordurako baziren hamar urte idazlea plazara jalgi zela Maiatz aldizkariaren eskutik. Maiatz eta Susa argitaletxeekin hiruzpalau poema liburu idatzi eta ezagutzera emanak zituen, Basilika (Susa, 1989) nobela ere bai.

Orduko paper zahar artean miatu, egungo sareetan digitalizaturik diren aldizkari artean xeheka ibili eta 1994ko maiatzeko ARGIA aldizkarian paperean idatzi eta egileak esandakoak ekarri nahi genituzke argitara. “1990 eta 1993eko Zuberoako borroka bat nahi nuen aipatu, gasbidearen aurkakoa, eta horrelako gai bat literaturara igarotzen ez bazen, lur hau burdinazko suge arriskutsu batek zeharkatzen zuela nehor ez zela ohartuko iruditu zait; ez da salaketa bat, baina esan beharra zegoen”. Hala adierazi zuen Bordak 1994ko maiatzean ARGIAn. Ordurako, Maule eta oro har Zuberoa gertu sentitzen zuen. Oso nobela autobiografikoa zirudiela ihardetsi zion Ritxi Lizartza kazetariak, eguneroko bizipenei hertsiki loturik zegoelakoan. “Hala da”, erantzun zion Bordak: “Maule eta Zuberoa nola bizitzen dugun, gure ohizko ingurumena nola osatzen den”. Elkarrizketa horretantxe iragarri zuen liburuak segida ukanen zuela, bost istorio izanen zituela hurrengo lauzpabost urteetan, “errealitatea eta fikzioa nahasita, detektibe berarekin”. Bost nobela egitea zen Bordaren arrapostua, eta elkarrizketa horretan esan zuen lurraldez aldatuko zela nobelaz nobela.

Profezia zirudienak eman du zer irakurria gerora. Iparraldeko detektibe ospetsuena bilakatua zen Amaia Ezpeldoi. Zerbaiten jakin-minik zuenak harengana jotzen ei du beti; famatzen dutenez, ez baitu inoiz kasu bakar batean ere huts egin. Bakean ützi arte nobelan ezagutu zutenek ongi dakite hori. Gas hodia ez zuten sartzerik izan Zuberoa eta Nafarroako Zaraitzu artean 1993ko ekainaren 7an: Larrañen 105 zuberotar laborari eta militante engaiatuek obra geldiaraztea erdietsi zuten [ikus ARGIAko efemerideen kanala]. Aitor Bayo argazkilariaren zuri-beltzezko irudiak badira artxiboetan. Hori abiapuntu, Garbiñe Ubedak kolorez tindatu eta Bakean ützi arte nobelako azal laranja eta nabarmena bilakatu zen.

Bi: ‘Bizi nizano munduan’
Bigarren liburuaren atzealdean zera leitu ahal da: “Amaia Ezpeldoi sentimentalaren bigarren abentura liburua da, beraz, Bizi nizano munduan. Baina oraingoan askatu beharreko misterioak dexente korapilatsuago bihurtu zaizkio. Ez da erraza izango amaiera zoriontsua”.

Prentsa idatzian, eta ARGIAn, eman zuen zeresana. Pello Zubiria kazetariak Mauleko posta atarian egin zuen hitzordua 1996ko udaberrian Itxaro Bordarekin. Postaria ogibidez, gauez idazle. Militante beti. Bilkurak han eta hemen, eta desorduetan literatura sortzen. “Barnealdeko herrietan bizia bada komunikabideetan agertu ez arren”, salatu zuen idazleak ARGIAko elkarrizketan.

“Bigarren aldikoz, Amaia Ezpeldoik xahar bat behar du bilatu, eta inkesta horretan ez da New York edo Kalifornian bezala tirorik izanen. Ezta krimenik ere. Urte luzez berririk eman ez duen emazte desagertu baten senar-ohiak engaiatzen du detektibea bere xerkatzeko”. Hori da trama. Eta ikerketan abiatzen da Ezpeldoi detektibe emaztea. “Hilzorian dagoen tokiko jendeen lekukotasuna ematea” izan zela idatzi zuen melankoliaz Xabier Mendiguren orduan idazle gazteak ARGIA aldizkariko literatur kritikan, Mintzoaren odola titulupean, 1996ko San Fermin eguneko zenbakia daraman aldizkarian.

Liburuaren azalak iduri luke Donapaleu eta Mauleko bideetan barna ikusten ahal diren soroen irudia. Berdeagoa ezin; gurea erabat. Literaturak ekarria. Jim Buckels artistaren lana da. Gehiago ikertu behar dugu azaletan.

Hiru: ‘Amorezko pena baño’
Asisko Urmenetarena da Amorezko pena baño (Susa, 1996) liburuaren azala. Hori idorrak salatzen ditu Erriberako lurrak, harat eginen du-eta Amaia Ezpeldoik, ezin hegorago.

Udaberrian Amaia Ezpeldoi protagonista zuen bigarren nobela, eta negurako, Durangoko Azokaren atarian hirugarrena. Euskaldunon Egunkaria-ren artxiboan hauxe leitu dugu: “Oraingo honetan, istorioa Bardeetako tiro poligonoan hasi eta Erriberan kokatzen da. Uritz intsumisoa du hariaren hastapena, eta berari tiro poligonoan jazotako gertakizunen inguruan hasiko da eleberria, Amaia Ezpeldoiren abentura, Bardeetan egun hartan zer gertatu zen jakitea”.

Egilea: Gonzalo Santoma

Lau: ‘Jalgi hadi plazara’
Mende berrian eta internet aroan sartuta, Jalgi hadi plazara (Susa, 2006) nobelaren aurretik beste bi eman zituen argitara: Euskadi Sariek nabarmendu zuten %100 basque (Susa, 2001), euskaraz mintzo zen gasnaren afixak zirikatuta; eta Zeruetako erresuma (Susa, 2005). Horien ondoren hasi zen Amaia Ezpeldoi detektibea Euskaltzaindiako kontuak ikertzen. 80 urtetik hurbil zen Iparraldeko euskaltzain apez bat aurkitu behar zuen, Gexan Hiriart.

Auto deskapotable gorri elegante bat ageri da azalean, Zaldi Eroak marraztua. Pistola eskuan du gidariaren ondokoak. Road movie bat, edo komiki bat; irakurri arte, ezin jakin zer aurkituko dugun.

Euskaldunon Egunkaria urte batzuk lehenago itxia zuten espainiar juje, polizia eta agintariek. Berria jalgi zen kioskoetara. Kritiken hemerotekan dira irakurgai Ibon Egañaren hitz hauek: “Amaia Ezpeldoi baionaratuak Jean d´Amou-ren bisita jasotzen duenean ekiten dio kontakizunari Bordak. Aita Euskaltzaindiko bilera batera Bilbora joan da Iparraldeko beste hiru euskaltzainekin, eta itzuli ez dela-eta, haren bila abia dadin eskatzen dio Jean d´Amouk detektibeari. Helburu horrexekin abiatuko da Ezpeldoi Bilbora, eta hala joango da hartzen nobela detektibe nobelaren traza –edo, zehatzago, detektibe nobelaren parodiaren traza, generoaren ortodoxiatik urruntzen baitira pertsonaiak, espazioak edo tramaren hariak–. Hildakoak, maleta ebatsi misteriotsuak, pistolak, leku ospelak ez dira falta eleberrian suspensearen pizgarri, edonola”.

Egaña kritikariak honela jarraitzen du Bordaren ekarpenei buruz idazten: “Euskararen eta euskal literaturaren erdigune geografiko eta sozialetatik urrun dabil berriz ere Ezpeldoi, eta periferia geografiko horiek euskararen iruditeriara dakartza ostera Bordak”. Kritikak, tesiak eta hipotesiak jaurtitzeko parada ematen dio irakurleari, ekarpenak egiteko.

Euskara eta lesbianismoa elkarlotuta datoz gero: “Euskara eta lesbiana hitzekin jolastuz ematen dio amaiera Bordak eleberriari, bi horiek baititu Ezpeldoik eta nobela osoak ardatz nagusi. Proiektu abertzalean sinesteari utzi dio detektibeak, Mauletik Baionara egiteaz bat, dioenez, eta euskararen eta euskalkien barruan aurkitzen du aterpe, non eta, euskara gutxitua den Euskal Herriko hiri eta landa guneetan; euskara botere guneetatik ezinbestez urrun dauden lekuetan, beraz, norbanakoaren askatasunari muga gutxiago jar diezaiokeen espazioetan”.

Bost: ‘Boga boga’
Baionan zabor biltzaile lanetan jarduteaz gainera, aspaldiko desagertze bat argitzen tematuko da Amaia Ezpeldoi bosgarren nobelan: Boga boga (Susa, 2012). Bada mende laurdena Jana Elgebeltz garaztarra azkenekoz ikusi zutela, Santizpiritu zubian, 1985eko Baionako bestetan. Alabaina, Janaren anaia Danielek esan du bilatu duela leku guztietan, mundu osoa aspertu duela galdezka eta ez duela aztarnarik kausitu.

Oraingoan, elkarrizketa bideoan eman du ARGIAk; paperean argitaratutako elkarrizketa luzeagoren laburpena da. “Iparraldean abertzale batzuek izan duten eraginaz” idatzi duela aitortzen du idazleak. Engaiatua da Borda, zorrotza, eta kritikak edo ekarpenak egiteko hitza baliatzen du, poemetan, nobeletan zein zutabeetan. Eta irrati-kroniketan, errezitaldietan, aurkezpenetan...

Azalean, Unai Iturriagak kolorez margotu zuen Santizpirita zubia. Baiona ttipia eta periferia elkartu edo banatzen ditu, Aturri ibaiaren bi magalak. Bi mundu agian, hiri bakarrean. Itxaro Bordak 2012ko uztaila hondarreko alean aipatzen duenez, “kontsumo gizarte kapitalista ikusteko eta kritikatzeko aukera ematen dio Ezpeldoiri”. Eta desazkundea aldarrikatzeko ere bai, esate baterako, Baiona-Angelu-Miarritze artean autobusez ibilita beti. “Lehen lau nobeletan kotxea pertsonaia bat gehiago zen. Honetan ez. Badira alternatibak beste mundu bat sortzeko”.

2011n ETAk armak utziak zituen. Denbora bat geroago, zuloetan bildutako guztiak entregatu eta ekitaldi handi bat egin zen Baionan. Testuingurua ezagutzea garrantzitsua da nobela honi ekiterakoan. Bilorik gabe mintzatzen da Borda 2011n ere: “Orain, erakunde armatuak armak utzi dituenean, badugu ordua ahoan bilorik gabe historia aztertzeko. Ez da erraza. Ez dakigu gaurkotasuna nola aztertu. Nik, literaturaren bidez, fikzioan jarri nahi izan ditut alde guztietako mintzalariak, beren ikusmoldea eman dezaten. Iritzi polifonia bat nahi nuen. Horixe da, hain zuzen, errealitatean falta zaiguna. Eta literaturak badu abantaila bat errealitatearekiko: aurrera dakioke”.

Eta sei: ‘Euri zitalari esker’
Bost nobela idatzi gura izan zituen lehena 1994an kaleratu zuenean. Baina 2021ean, berak pentsatu eta uste izan zuenetik hagitzez berantago, eta emankorrago, bueltatu egin zen Amaia Ezpeldoi. Detektibe jardunetik erretreta hartzear. Honelakoxe agindua emana dio Joana Garralda maitaleari: Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango dela Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera.

Baina ezin geldirik egon Ezpeldoi detektibea. Lanean jarriko da. ARGIA aldizkarirako elkarrizketa prestatzen du Danele Sarriugarte idazle, itzultzaile eta elkarrizketagileak. Galdera edo komentario hauxe egiten dio Bordari: “Erretiro baketsu bat irudikatu diozu Ezpeldoiri, Zuberoako mendi batean, maitalearekin”. Bordak bueltan: “Hori da, eta wifi konexioarekin”. “Uste dut azken urte hauetan amets hori badela euskal jendartean, norbera bere nukleora biltzea –izan dadin familia, izan dadin bikotea– eta leku idiliko batean bizitzen jartzea, ahalaz Iparraldeko edo Baztango xoko batean”. Baina Atharratzen plantatu arren, ez da geldirik egonen Ezpeldoi. Ondoan izanen du Joana Garralda bikotea.

Egilea: Gonzalo Santoma

Agian Ezpeldoiri buruzko erreportaje hau ez litzateke idatzi beharko, guztiok Ezpeldoiren urratsen gibeletik ariketa bera eginen bagenu. Nobelak irakurri, azalak aztertu –Euri zitalari esker izenburu musikala duen azken honek Ainara Azpiazu Axpi-ren koloreak eta marrazkiak ditu portadan-, elkarrizketak irakurri edo entzun.

Iratitik mezua igorri diogu Amaia Ezpeldoiri, telegramez. Hitzordua egin dugu Erratzun. Atharratzera joatekoak gara oinez, bortutik. Motxilan literatura apur bat eramanen dugu, eta gasna zenbait dastatzeko. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Eguneraketa berriak daude