Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

  • Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo Turkia hegoalderaino. Edo orain arte behintzat hipotesi hori nagusitu da, Antoine Poidebardek egindako argazki eta prospekzioetan oinarrituta.

Antoine Poidebardek 1920ko hamarkadan egungo Siria, Irak eta Jordanian egindako airetiko argazkietako batzuk, erromatar garaiko egiturak erakusten dituztenak.
Antoine Poidebardek 1920ko hamarkadan egungo Siria, Irak eta Jordanian egindako airetiko argazkietako batzuk, erromatar garaiko egiturak erakusten dituztenak.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Antoine Poidebard  (1878-1955) jesuita frantziarra airetiko arkeologiaren aitzindaria izan zen. Lehen Mundu Gerran hegazkin biplano bat pilotatzen aritu ondoren, 1920ko hamarkadan, egungo Siria, Irak eta Jordaniaren gainean hegan egin zuen arrasto arkeologikoen bila. Airetik ehunka argazki atera eta 116 egitura erromatar identifikatu zituen, ustez aipatutako goitik beherako defentsa lerroa osatzen zutenak. Lurra hartuta, egitura horietako batzuetan prospekzioak egin zituen, eta K.o. II. eta III. mendeetako datazioak lortu zituen, ustezko gotorlekuak Erromatar Inperioaren garaikoak zirela baieztatuz. Lan horien guztien emaitza 1934an argitaratu zuen La Trace de Rome dans le desert de Syrie ("Erromako aztarna Siriako desertuan barrena") izenburuko lanean.

Gerra Hotz betean, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, CIAko satelite espioiek eremu horretako milaka argazki atera zituzten. Satelite espioien munduko lehen programa abiatu zuten AEBetatik, Corona sateliteei esker, lehenik, eta Hexagon sateliteak erabiliz aurrerago. Hala, erresoluzio handiko irudiak lortu zituzten. Dokumentu horiek desklasifikatuta, irudiok arkeologoen esku daude orain. New Hampshireko (AEB) Dartmouth unibertsitateko ikerlari talde batek, Jesse Casana arkeologoa buru, argazkiak aztertu ditu, eta, orain arteko hipotesia guztiz aldatu du, Antiquity aldizkarian argitaratutako emaitzen arabera.

Inperioko ekialdeko probintzien eta Erromaren menpe ez zeuden lurraldeen arteko harremanak estutzea eta merkataritza bermatzea zen egitura horien helburua. Muga ixtea baino, irekitzea zen asmoa

Kontrako hipotesia

Arkeologoek beste 396 egitura identifikatu ahal izan dituzte CIAren argazkietan, gaur egun airetik ikusi ezin daitezkeenak, azken bospasei hamarkadetan gehienak estalita geratu baitira eraikin berrien eta nekazal ustiapenen ondorioz. Eta egitura horiek ez dute iparraldetik hegoalderako lerroa osatzen, Poidebardek esan bezala; identifikatu berri dituzten egiturak Tigris ibaiaren arroraino iristen dira, mendebaldetik ekialderako bidea eginez.

Oraindik lan asko dago egiteko, argazkietan ikusten diren egitura guztiak garai hartakoak direla baieztatzeko indusketak in situ egin beharko baitituzte. Baina, bitartean, Jesse Casanaren hitzetan: “Egitura horien banaketak iradoki digu ez zutela mugako harresi modura funtzionatzen, ez zirela persiarren eta nomaden erasoak geldiarazteko dorre eta gotorlekuak. Egin ditugun aurkikuntzek beste hipotesi batera garamatzate: eraikin horiek eskualdeen arteko merkataritza, komunikazio eta garraio sistema baten parte ziren, karabanatan oinarritua”. Eraikinek, besteak beste, bidaiariei ostatu hartzeko eta hornitzeko aukera ematen zieten, baita ganbeluak eta ganadua hidratatzeko ura ere.

Horrenbestez, Inperioko ekialdeko probintzien eta Erromaren menpe ez zeuden lurraldeen arteko harremanak estutzea eta merkataritza bermatzea zen egitura horien helburua. Muga ixtea baino, irekitzea zen asmoa. Hala, Gerra Hotzeko espioitza lanek Erromatar Inperioaren muga uste baino baketsuagoa zela erakutsi dute.


Eguneraketa berriak daude