Iragan ilunak auzitan jarri du gaurko aberastasuna

  • Europa esklabotzarekin aberastu zela ez da sekretua. Hainbat mendez milioika pertsona garraiatu zituzten Afrikatik Amerikara, eta esplotazio horri esker ekoiztutako kakaoa, azukrea eta kotoia izan ziren Liverpool, Bartzelona edo Bordele bezalako hirien garapen ekonomikoaren kapital iturri nagusietakoa. Denbora askoan ezikusia egin diogu iragan horri, baina Black Lives Matter eta antzeko mugimenduek afera azalera ekarri eta eztabaida pil-pilean da orain. Haatik, esklaboen trafiko globalarekin lotura estua izanagatik ere, Euskal Herrian apenas hitz egiten da horri buruz.

Modeste Testas esklaboaren estatua Bordeleko kai ondoan, Quinconces plazatik gertu. Irudi horrekin sinbolizatu nahi izan zuten hiriak esklabotzarekin lortu zuela garatzea XVIII. mendean. 
Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC BY-SA
Modeste Testas esklaboaren estatua Bordeleko kai ondoan, Quinconces plazatik gertu. Irudi horrekin sinbolizatu nahi izan zuten hiriak esklabotzarekin lortu zuela garatzea XVIII. mendean. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC BY-SA

Martxoaren 28an The Guardian egunkariak mundu osoari bira eman zion albistea kaleratu zuen. Haren jabeak mea culpa egin eta egunkariaren sortzaileek esklabotzarekin izandako loturagatik eragindako kalteak konpontzeko neurriak iragarri zituen, tartean 11,4 milioi euro bideratzea Amerikako kotoi eta azukre sailetan esklabo izandako ondorengoen komunitateetara.
Manchesterreko enpresari batzuek sortu zuten The Guardian, eta egunkaria sortu bezala, Ingalaterrako ehungintza industrian buru-belarri aritu ziren, horretarako gizakien itsas trafikoa eta esplotazioa baliatuta, nahiz eta ordurako esklabotza abolituta zegoen.

Erresuma Batuan eztabaida pil-pilean dago, batez ere 2020an George Floyd AEBetako herritarra Poliziaren belaun azpian hil eta protestak zabaldu zirenetik. Herrialdearen industrializaziorako baldintza ekonomikoak esklabotzaren kontura sortu zirela diote askok, eta zor hori kitatu behar dela, nolabait. Bristolen Edward Colston esklabistaren estatuarekin gertaturikoak –moilan amaitu zuen urpean–, gaia azaleratzeko balio izan zuen. Gaur egun museo batean sartuta dago Colstonen irudia, etzanda eta graffitiz margotuta, herritarrek hala erabakita.

The Guardian-ek ikerketa independentea jarri zuen martxan  bere sortzaile John Edward Taylorren eta enparauen negozioei buruz gehiago jakiteko. Enpresariek sozietate sare zabala sortu zuten, Sea Islands, Hego Carolina, Georgia eta beste hainbat tokitatik kotoia inportatzeko, eta kasu batzuetan esklabo jabeak ere baziren. Hori da George Philipsen kasua: 1833an esklabotza abolitu zutenean kalte-ordainak eskatu zituen Jamaikan jabetzan zituen esklaboen “galeragatik”.

Ingalaterraren industrializaziorako baldintza ekonomikoak esklabotzaren kontura sortu zirela diote askok

Gezurra badirudi ere Erresuma Batuko herritarrak ia bi mendez aritu izan dira esklabo jabeei kalte-ordainak ematen herrialde horrek esklabotza abolitu zuelako, 2018. urtera arte. Hala, diruak bor-bor jarraitu zuen Ingalaterrako hiri komertzial eta industrialen zainetatik.

Liverpoolen ere, iraganari tiraka

Ingalaterrako portu nagusienetan iragan esklabistaren eraikin eta arrastoak daude. Liverpool, adibidez, 1700. urtean 5.000 biztanleko herri arrantzale txiki bat zen, mende bat geroago munduko esklabotzaren %40 kontrolatzen zuen eta 1780ko hamarkadan bakarrik, Liverpooletik ateratako itsasontziek 300.000 afrikar eraman zituzten Ameriketara. Hiriko merkatari guztiek zuten loturaren bat esklabo salmentarekin, hainbat alkatek barne. BBC kate publikoak Bigarren Hezkuntzako curriculuma osatzeko sorturiko Bitesize webgunean ageri dira datuok.

“Esklaboen merkataritzarekin goitik behera eraikitako hiria da Liverpool. Gure arkitekturan ikus dezakezu, kaleen izenetan, begiratzen duzun edozein tokitan ikusten duzu”, hala dio National Museums Liverpool museoen sareko zuzendari Laura Pyek. Sare horrek hiriko hainbat museo biltzen ditu –tartean 2007an ateak zabaldu zituen Esklabotzaren Nazioarteko Museoa–. George Floydena pasa zenean, Liverpooleko museoetan oraindik existitzen den arrazakeria amaitzeko lanketari ekin zioten bere 600 langileen artean.

Erresuma Batuan auzia instituzio askotara iritsi da. Ingalaterrako Bankuak erakusketa zabaldu du, finantza erakunde horrek esklabotzarekin zuen lotura agerian uzteko. Besteak beste, Antilletako Granada irlan sail batean zituen 599 esklaboren inbentarioa ikus daiteke, haur eta heldu, bakoitzaren izenarekin eta dirutan balio zuten prezioa ondoan jarrita. “Esklabotzarekin sorturiko aberastasunak Britainia Handiaren garapenari forma eman zion”, dio erakusketako aurkezpenak.

Eta nola ez, britainiar monarkia ere zipriztindu du historia honek. The Guardian-ek astero egiten ari den ikerketaz bidaltzen duen Cotton Capital buletin elektronikoan irakurri daiteke Gilen III.ak 1689. urtean dokumentu bat sinatu zuela, zein eta Colstonekin berarekin, esklaboen salmentan aritzen zen Afrikako Errege Konpainiaren 1.000 akzio erosteko. Dokumentu hori Brooke Newman historialariak aurkitu du eta orain liburu bat idazten ari da, monarkia britainiarraren eta esklabotzaren arteko lotura estua azaltzen duena.

Egunotan Erresuma Batuko Errege Etxeak oharra kaleratu du, esateko “min handia” duela “hainbeste sufrimendurengatik”, eta gertatutakoa argitzeko beste ikerketa bat babestuko duela. Hala ere, ez dirudi Charles III.a koroatu berriari bere ospakizuneko koñaka kontrako eztarritik joango zitzaionik eskandalu honen harira.

1/ Monarkia britainiarrak esklabotzarekin lotura zuzena izan zuela frogatzen duen dokumentua: Gilen III.ak Edward Colstonekin sinaturiko agiria, esklaboekin trafikatzen zuen konpainia baten akzioak erosteko. 2 / Londresen egoitza zuen Zulueta & Cía konpainiaren ohar-liburua bere zordunen izenekin, tartean daude esklabotzan aritzen ziren merkatarien abizen ezagunak: Matía, Menchacatorre, Aguirre, Zarate... 3 / Esklabo beltz baten askatasun eskaera Larrinaga sendiari. Irudiak: Afrikako Errege konpainiaren artxiboa / Cadizeko Unibertsitateko artxiboa / Madrilgo Historia Artxibo Nazionala

Kataluniara begira

Testuinguru horretan, ez da harritzekoa egunkari britainiarra Kataluniara begira jarri izana, herrialde horretan aspaldi ari baitira bere iragan esklabista agerian utzi nahian –Bartzelonako Udalak Antonio Lopez merkatari eta esklabo jabearen estatua kendu izana da horrek erakusgarri–. The Guardian-eko Stephen Burgen kazetariak TV3n eman duten Negrers. La Catalunya esclavista (“Negreroak, Katalunia esklabista”) dokumentalaren harira idatzi du.

Dokumentalak harrabotsa sortu du. Kate publikoak otsailaren 14an eman zuenean errekorra bildu zuen %21eko audientziarekin, eta estreinatu zen egun berean Kataluniako Generalitateko Berdintasun kontseilari Tània Verge i Mestrek iragarri zuen esklabotzaren biktimen erreparaziorako neurriak hartuko dituztela.

Sapiens aldizkariak egindako ikerketa batean oinarritua –2022ko azaroko zenbaki berezian argitaratu zuten– dokumentalak agerian uzten du Kataluniako jauntxo eta merkatari asko hamarkadatan aberastu zirela esklabo salmentatik, eta “merkataritza horrek Kataluniaren industrializazioaren eta Bartzelonako XIX. mendeko eraikuntza zabalkundearen zati handi bat finantzatu zuela –dio Burgenek–. Bi mende geroago, pertsonaia publiko eta historialari gero eta gehiagok uste dute ordua dela Espainiak, eta Kataluniak bereziki, bere iragan kolonialari aurre egiteko”.

‘Negrers’ dokumentalean Martin Rodrigo Alharilla, Kataluniako esklabotzaren inguruko historialari eta aditu nagusietakoa, aurkezleari azalpenak ematen. Argazkia: 'Negrers'

Euskaldunak ere negozio globalean

Eta euskaldunek, ba al dute zerikusirik Liverpoolek edo Bartzelonak esklabotzaren kontura izandako bilakaera horrekin? XIX. mendean esklabo salmentarekin aberasturiko euskal pertsonaia askok euren kapitalak Bartzelonara eraman zituztela jakina da –Pedro Nicolas Chopitea mendexearraren eta Agustin Goytisolo lekeitiarraren kasuak dira nabarmenenak–; baina beste asko Liverpoolen errotu ziren: Murrieta, Lizardi, eta Larrinaga familiak adibidez.

Gallinasetik Habanarako bidaietan zuluetatarrek zientoka esklabo garraiatzen zituztela frogatu nahi izan zuten britainiar abolizionistek

Mundakatik joandako Larrinaga familia aski ezaguna zen hiri ingelesean, eta jakin badakigu bere kideak giza trafikoan aritu zirela… Galde diezaiotela 1850ean askatasun gutuna eskatu zuen Benigno Larrinaga izeneko beltzari, Antonio Larrinaga enpresariaren esklaboa: “Resulta comprovado hasta por declaración del propio negro” (“Beltzak berak esanda konprobatu daiteke”), dio Madrilgo Historia Artxibo Nazionaleko dokumentu batek.

Askoz ezagunagoa da Zulueta abizena kontu hauetan. Julian Zulueta arabarra –askoren ustez azken esklabista handiena– Londresko bere senide Pedro Juan Zuluetarekin batera aritu zen esklabotzan, Zulueta & Co. izeneko banku-konpainiaren bidez. Trukean, Londresko zuluetatarrek milaka erreal inbertitu zituzten Kubako azukre-oletan, eta milaka esklabo esplotatu.

Pedro Juan Zulueta Espainiako erregina Maria Cristina Borbonen bankari ere izan zen. Londreseko City-tik gidatzen zituen bere negozioak, eta biltegiak zituen Londresen ez ezik Liverpoolen, Bartzelonan, New Orleansen eta Bilbon. 1841ean, bere seme Pedro José prozesatua izan zen Londresko Old Bailey edo Zigor Gorte Nagusian, Zulueta & Co. konpainiarekin esklabo trafikoan aritzeagatik. Britainiar ontzidiak Afrikako mendebaldeko Gallinas ibaian –egungo Sierra Leonan– esklaboak garraiatzeko itsasontzi bat harrapatu zuen, eta dirudienez, Zuluetaren izena ageri zen dokumentazioan. Eskandalua hainbestekoa izan zen, Britainiako Parlamentuan batzordea sortu zutela kasua ikertzeko. Gallinasetik Habanarako bidaietan zuluetatarrek zientoka esklabo garraiatzen zituztela erakusteko frogak aurkeztu zituzten abolizionistek, kasu batzuetan 1.100 esklabo itsasontzi bakarrean.  

Baina Pedro José libre geratu zen eta ez zuen inoiz kartzelarik barrutik ikusi. Urte batzuk geroago, Kubako ondasunak saldu eta irabazitakoa Europara eraman zuen, Liverpool eta Manchesterreko industrian edo Bartzelonako XIX. mende amaierako hirigintzan eta bankuetan inbertitzeko.

"Am not I a man and a brother?" (“Ez al naiz gizona eta anaia?”) leloa daraman margolana.
"Am not I a man and a brother?"

“Ez al naiz gizona eta anaia?”, hala dio azalera ekarri dugun margolan honen legendak. XVIII. mende amaiera inguruan egina eta autore ezezagunekoa, ez da edozein irudi, mugimendu abolizionistak etengabe erabili baitzuen bere kausarako. Izan tabako kaxak, bitxiak edo medailoiak dekoratzeko, eskuak girgiluz lotuta dituen beltzaren bertsio ugari egin ziren geroztik.

Abolizionisten asmoa bestela izanik ere, bere patua onartzen duen afrikar esklaboaren itxura pasiboa eman dezake irudiak. Baina Liverpooleko Nazioarteko Esklabotzaren Museotik azaldu bezala, garai hartan esklabotzaren kontrako borroka sustatu zuten lider gehienak abolizionista beltzak ziren. Margolana museoak erosi eta eraberritu du duela gutxi eta gaur egun bertan dago ikusgai.

Bordele, hiri esklabista

Erresuma Batua eta Katalunia ez dira gizakien esplotazioan oinarrituriko iragan eta garapen ekonomikoaren inguruan eztabaidatzen ari diren bakarrak. AEBetan eta Frantziako Estatuan ere ez dakite motxila handi horrekin zer egin.

Apirilaren 7an 220 urte bete ziren Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia, askorentzat garaiko politikaririk garrantzitsuena eta esklabotzaren abolizioaren aitzindaria. Bordelen, Mémoires & Partages (Memoriak eta ekintzak) elkarteak bere eskultura aurrean omendu zuen iraultzailea, Queyries kaian. “Hamarkadatan ezkutatuta, Toussaint Louvertureren ondareak aztarna material eta immaterial ugari ditu, arrazakeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokarekin lotutako memoriaren lekuko direnak”, azaldu zuten elkarteko kideek. Ez da kasualitatea Bordelen antolatu izana Louverture omentzeko ekitaldi bakanetako bat. Bere seme Isaac Louverture Bordelen bizi izan zen hil arte, eta hango hilerrian dago lurperatuta.

Baina Bordelek Haitirekin loturarik baldin badu, esklaboen girgiluek ezarritakoa da. Nantesen ondoren, esklaboak Afrikatik Amerikara garraiatzeko itsasontzi gehien bidali zituen Frantziako bigarren hiria izan zen. Hainbat iturriren arabera 1672tik 1837ra arte 500 espedizio abiatu ziren Bordeletik eta 150.000 esklabo eraman zituzten, gehienak Haitira.

Bordeleko iragan esklabista arrotz egingo zaio askori, baina hango tratulariak etengabe zeuden harremanetan Baionako itsas-gizonekin

Garonako kaietatik paseotxoa ematea nahikoa da jabetzeko hiriari darion kolonialismo usaina. Chartrons auzoan, adibidez, merkatariek esklabotzatik aberastu ondoren eraikitako etxe eta jauregi dotoreak ikus daitezke, XIX. mendeko Habanan edo XVIII. mendeko Cap-Françaisen bageunde bezala. Pixkanaka, arrasto horiek agerian uzteko ekimenak martxan dira. Mémoires & Partagesek bisita gidatua antolatu ohi du, eta Bordeleko Udalak webgune berezia sortu du, toki esanguratsuenak ezagutzeko bisita birtuala eta-guzti.

Akitaniako Museoan bada zer ikasi

Azken urteetan kale izendegian ere ari dira pausoak ematen. Esklabotzarekin aberastutako hainbat gizonen izena daramaten bost kaleri azalpen plaka bat gehitu diete –Mémoires & Partagesen esanetan beste hogei kalerekin gauza bera egin beharko litzateke–. Eta 2019an, esklabotzaren abolizioaren bigarren mendeurrenean, Modeste Testas izeneko esklaboaren estatua inauguratu zuten Quinconces plazatik gertu.

Testas 1765. urte inguruan jaio zen Afrikako herrialderen batean, eta bere jatorrizko izena Al Pouessi zen. Bordeleko François eta Pierre Testasek erosi zuten eta Saint-Domingueko euren lur-sailera eraman zuten etxeko lanetarako eta sexu-esklabo bezala erabiltzeko. Jabeak hil ondoren libre geratu zen eta urte luzez bizi izan zen Haitin.

Bordeleko XIX. mendeko –eta egungo– aberastasunean esklabotzak duen esanahiaz gehiago jakin nahi duenak, baina, Akitaniako Museora jo besterik ez du. Frantziako Estatuko historia museo garrantzitsuenetakoa denak 2016tik erakusketa finkoa du esklabotzaren inguruan. Iragan horren zertzelada beldurgarri asko ikus daitezke, esaterako, esklabo batengatik ordaintzen zena: 172 beirazko txirla koilare, edo ehun kilo bolbora, edo seiehun litro alkohol…

Bordelen dagoen Akitaniako Museoak erakusketa iraunkorra du hiri hark esklabotzan izandako parte hartzearen inguruan. Irudian, esklaboak lotzeko girgiluak ikusgai. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC BY-Sa

Beste dokumentu batek XVIII. mendeko itsasontzi baten nabigazio-karta antzeko bat dakar, Afrikako portu bakoitzean erositako esklabo kopuru, prezio eta generoarekin: negres, negresses, negrillons, negrillones… Eta bada fusil handi ikusgarri bat ere, oso ondo islatzen duena europarrek Afrikan egindako sarraskia. Halako fusilak, trukerako ez ezik, afrikar tribuen arteko gatazkak –eta esklabo ehizak– ugaritzeko erabiltzen ziren; europarrek 300.000 fusil saldu omen zituzten kontinente beltzean horretarako. Armagintza industriarik gabe nekez uler liteke historia hau.

Hain gertu eta hain urrun…

Bordeleko iragan esklabista arrotz egingo zaio askori, baina uste baino gertuago dago Euskal Herritik. Baionan eta Donibane Lohizunen ere esklabotzarekin negozioa egin zuten, izan ontzigintzaren bidez edo zuzenean gizakiekin trafikatzen. XVIII. mendean Baionatik gutxienez hamar espedizio abiatu ziren esklabo bila Afrikara, Jean Mettas historialariak bere garaian egindako kontaketaren arabera. Mémoires & Partages-ek Baionan ere bisita gidatuak antolatu ditu zenbaitetan, jardun horren arrastoak ikusarazteko.

Bordeleko tratulariak etengabe zeuden harremanetan Baionako itsasgizonekin. Eric Saugera historialariak 2002an idatzitako Bordeaux port négrier (“Bordele, beltz trafikatzaileen portua”) liburu mardul bezain interesgarrian ageri dira zantzu asko. Esaterako, Pierre Harambide izeneko baionarra ageri zaigu, 1803an Goreé irlan 300 tonako itsasontzi bat gidatzen 200 marinelekin, eta beltzak erosi eta saltzen.

Saugeraren esanetan, beste hiri batzuetan trafikoa dezente gerarazi zen arren, Bordelen jarraitu zuten XIX. mendean itsasontziak Afrikara esklabo bila bidaltzen. Eta garai hartan protagonismo berezia izan zuten espagnole deituek. Espainiako erreinuan 1821ean abolitu zen esklabotza, eta gizakien merkataritza ilegalak, arriskutsuagoa izanagatik, etekin handiagoak ekartzen zizkien esklabistei. Askok Bordelen aurkitu zuten portu seguru bat, baita Hego Euskal Herrikoek ere.

Tartean da Juan José Zangroniz etxebarriarra, 1814an Baionara joan eta gero Bordelera aldatu zena Jean-Joseph izenarekin. Zangroniz esklabista gisa nabarmendu zen urte horietan; batez ere Habanara garraiatu zituen esklaboak, eta Saugeraren ikerlanari esker badakigu gutxienez zortzi bidaia antolatu zituela Garonatik Senegalgo kostaldera. Télemaque, Penelope, Ulysse eta antzeko izenak jarri zizkien bere itsasontziei, itxuraz mitologia gustatzen zitzaiolako. Bilbotik eta Kantabriko kostaldeko beste hirietatik ere espedizioak abiatu izan ziren bere aginduz (ikusi 29. orrialdeko koadroa).

Zangronizen lehen espedizioa Bilbotik Afrikara, 'Flora' itsasontzian

Liverpoolen, Bartzelonan edo Bordelen giza trafikatzaileek lorturiko aberastasunaren eta esklabotzak hiri horietan utzitako arrastoaren berri badakigu. Baina Euskal Herriko kostaldeko hiriak ere antzeko espedizioen abiapuntu izan ziren. Bilboko moiletatik Afrikako kostaldeetara zuzenean esklabo bila bidalitako lehen barkuak Flora izena zuen. Juan José Zangroniz Etxebarriako merkatariak antolatu zuen bidaia eta 1816an utzi zuen ontziak Ibaizabalgo itsasadarra, Manuel Karranza kapitaina timoian zuela.

Horretarako, Bilboko Lemonauria y Perez etxearen izenean baimena edo pasaportea lortu zuen Fernando VII.aren eskutik, “con destino al sur de la linea Equinoccial, para la compra y conducción de negros a la Havana”  (“Ekinozio lerroaren hegoaldea helburu, beltzak erosi eta Habanara joateko”), dio errege dekretuak.

Habanan Joan Joséren anaia Juan Bautista zegoen kargamentuaren zain. Ez zen lehen aldia zangroniztarrek Habanara esklaboak eramaten zituztela. 1814an 182 esklabo garraiatu zituzten Kubara, baina ez dakigu espedizio horren jatorria.  Ondoren espedizio gehiago antolatzen jarraitu zuten, Santanderretik, A Coruñatik edo Bordeletik, besteak beste, Mulato, Negrito edo Vengador izeneko itsasontzietan.

Juan José eta Juan Bautista Zangroniz XIX. mendean esklabotzan bete-betean sartu ziren gizonen paradigma izan ziren. Egungo Sierra Leonako Moa edo Gallinas ibaian Pedro Blanco trafikatzaile eta pirata ezagunaren zerbitzuak erabili zituzten, eta Juan Bautista bera Afrikako kostaldean izan zen negozioa gertuagotik jarraitzeko.

1850eko eta 1860ko hamarkadetan, Zangroniz anaien konpainiak txinatarren eta Yucatán penintsulako indiarren esklabotzan parte hartu zuen. 1861ean haien itsasontzietako bat, La Unión, Mexikoko golkoan lehertu eta hondoratu zen esklabo maiaz gainezka zegoela. Itsasontzi hori 2017an aurkitu dute arkeologoek eta bere historia azalera atera dute duela gutxi. Maietako asko haurrak ziren eta 160 pesogatik saltzen zituzten Habanan.

Eta Euskal Herrian zer egingo dugu?

Euskaldunek esklabotzarekin izandako loturak agerikoak dira. Berrikitan Getarian, Iturritxikin XVI. mendeko flandriar itsasontzi batean azalduriko 313 latoizko uztaiak ere horren erakusgarri dira; Afrikan esklaboak erosteko moneta modukoak ziren. Halako historiak azaltzen dituzten gero eta ikerketa eta ekimen gehiago dago azkenaldian, aferak sortzen duen jakin minagatik.

Pasa den urteko ekainean EHUk eta Pompeu Fabra Unibertsitateak sinposio bat antolatu zuten Bilbon, Esklabotzaren memoriak izenekoa, eta nabarmen geratu zen euskal jatorriko negozio gizon askoren parte hartzea esklabotzan, ez bakarrik beltzen salerosketan, baita txinatarren giza-trafikoan ere. Julian Zulueta anuntzetarra, Juan José Zangroniz etxebarriarra, Manuel Calvo portugaletetarra, Jose Matía laudioarra eta beste asko aritu ziren zeregin horretan, Habanan, Cadizen edo Manilan. Laudiokoak Filipinetako azkeneko hiri horretatik mugitzen zituen hariak, Txinako Xiamen hirian zegoen James Tait trafikatzaile danimarkarrarekin eskuz esku, milaka “langile” coolie Kubara edo Perura garraiatzeko.

Matíak badu kale bat Donostiako Antiguan, egun fundazioaren egoitza dagoen tokian. Hain justu, auzo horretako hirigintza aldatu zuen zabalgunearen hainbat eraikin jatorri iluneko diruz jaso zituzten, Satrustegi dorrea kasu –Antonio Lopez esklabistaren bazkide Patricio Sastrusteguik ordaindua–. Bizkaian ere, XIX. mendeko lantegien eta bankuen sortzaileek ez zuten esklabotzan aritzeko edo esklaboen lanaz baliatzeko aukera galdu, Jose Antonio Ibarrak Cazador Santurzano ontziarekin egin bezala, edo Banco Bilbaoren fundatzaile Tomas José Epalzak Kubako negozioekin egin bezala.

Pasa den martxoan, Eibarko BHI Institutuan esklabotzari buruzko konferentzia zikloa antolatu zuen Ego Ibarra elkarteak –ikasleek berek eskatuta–. Joseba Agirreazkuenaga Historia Garaikidean katedradunak garbi hitz egin zien ikasleei: “Agiriak lortzea zaila da, beraz kontuz, baina bat bateko aberastasunak ez dira sortzen goizetik gauera, eta afrikarren salerosketa zen bideetariko bat. Irabaziak nora bideratzen diren? Hor eztabaida bat daukagu egiteko”. Bere esanetan beharrezkoa da ondasunen jatorria arakatu eta ikertzea: “Zorra eta erantzukizuna gure gain daude”.

Beste herrialde batzuetan hori guztia azaleratzeko ikerketa batzordeak sortu eta aitortzarako urratsak ematen ari diren bitartean, harrigarria da Euskal Herrian instituzio publikoen aldetik oraindik dagoen isiltasuna. Akaso euskal lurraldeetako industrializazioak –Europa mailan garrantzitsuenetakoa izan zena– ez zuen zerikusirik izan esklabotzarekin? Labe garaiak, bankuak eta trenbideak finantzatzeko kapitala nondik atera zen orduan?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
2024-05-07 | Hala Bedi
Gaza eta Zulueta, Gasteizko Orbain kultur elkartearen maiatzeko dokumental zikloan

 Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.


Eneko Etxeberria
“Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama.


Erromatar ardoa ez zein hain txarra

Antzinako erromatarrek edaten zuten ardoa gaizki egina, gorputzik gabea eta zapore desatseginekoa zela uste izan da. Baina Gante eta Varsoviako unibertsitateetako ikerlariek Antiquity-n argitaratu duten lanak uste hori  bertan behera uztea eragin du.

Antzinako... [+]


Mikroplastikoak ondare arkeologikoan

York (Ingalaterra), K.o. II. mendea. Eboracum erromatar hirian hainbat egitura eta etxe eraiki zituzten. Besteak beste, egungo Wellington Rowen harrizko eraikin bat egin zuten eta Queen’s Hotela dagoen tokitik igarotzen zen harresian arku bat jarri zuten. Bi aztarnategiak... [+]


Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude