“Biziraun dugu, eta bizirautea bera ez da gutxi”

  • Jon Arano bada nor gure literaturan. Nekaezina zen garai batean, poemak idazten, Eustakio Mendizabal Txikia-renak eta besterenak editatzen, Ostiela! sonatua eta gainerako aldizkariak argitaratzen, prentsan eta irratian kolaboratzen, eta beti irakurtzen. Haatik, urteak eman ditu plaza nagusitik eta foku handietatik kanpo. Oraindik orain, berriz, ipuina argitaratu du Booktegi.eus-en, eta joan gatzaizkio.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Jon Mikel Arano Aramendi. Itsasondo, 1961

Kazetari, poeta... Hamaika hedabidetan barreiaturik dira bere lanak: Zeruko Argia, ARGIA, Egin, El Diario Vasco, Gara, Egunkaria, Berria… Komatxo artean literatura saioa egin zuen Herri Irratian, eta Kantillape eta Goierritarra sortzen parte hartu zuen. Poesiarekin batera, Ostiela! aldizkariak eman zion izenik handiena Jon Aranori, eta bere eskutik etorri zen euskarazko lehen aldizkari pornografikoa ere: Pornolore, larrugintza eskuliburua. Poema liburuak ditu Bileterik gabe, Malezia sorta, eta Zeruak eta ifrentzuak, eta berak editatua da Hitz etena. Eustakio Mendizabal Txikiaren Olerkiak liburua.

Aspaldi zure lanen berri ez genuen. Errusiar erruletara jolastu nahi? ipuin luzea irakurri dizugu sarean...
Iaz egonalditxo bat egin nuen Usurbilgo sendategian –beste batzuek sedantegia esaten diote–, denbora ere banuen, eta narrazio horixe etorri zitzaidan burura. Sendategian “aurkitutako” testu baten moldaketa da, azken finean, labezomorro habia batean testua aurkitu duen pertsona ezezagunaren ohar batzuk erantsita. Gaztetako bizikizun batzuetan oinarritutako narrazioa ere bada, ipuin luze bat. Jakina, testua sendategian aurkitu nuela eta zera hori guztia literatur lizentzia da, klasikoa, oso erabilia idazlearen biografia mozorrotzeko, eta fikzioa egiteko. Halakoetan, inork jakitekotan, idazleak beste inork ez du jakiten zer duen benetan berea, eta zer duen asmatutakoa. Ideia egosi, idatzi, orraztu, zenbait lagunek egindako ekarpenak baliatu, eta argitaratu dut istorioa. Gustura nago.

1936ko Espainiko Gerra Zibila, Bilboren Erortzea, Paco Echevarria ofiziala Frantziako Atzerritar Legioan sartzea eta Aljeriara destinatzea. Hango berriemaile izango dugu, berriz, Arthur C. K. legionarioa…
Eta legionario horrexek kontatzen du dena. Aljeriako gerla da eszenatokia, edo eszenatokia baino gehiago, baina protagonisten bizikizunek agintzen dute narrazioan. Echevarria, esaterako, gudarietakoa da. Espainiako Gerra Zibila galdu dute, baina bera ez da errenditu. Frantziako Atzerritar Legioan sartu, eta Indotxinan ere errenditzea egokitu zaio. Aljeriako gerran dabilela, berriz, han ere gerra galtzera doala jabetuko da, baina orduan ere ez du errenditu nahi, eta errenditu ordez, errusiar erruletara jolas egingo du: bizitza jokatuko du. Ez da ari diruagatik, ezta denborapasa ere, bere buruaren kontra ari da bizia jokatzen. Zenbait traizio handiren aurkako kontuak kitatzeko asmoa du…

Paperean irakurri izan dizkizugu orain arteko lan guztiz gehienak. Narrazio hau, aldiz, Booktegi webgunean ezarri duzu, paper euskarrikorik gabe, alegia.
Sarean argitaratu dut, bai, eta harrigarrizko harrera izan du. Booktegi-k bere sarea erabili du, eta, bestalde, neroni ere narrazio hau lagunen artean zabaltzen saiatu naiz, bizi garela esateko-edo, Whatsappez eta e-postaz, baina zenbakiak ez datoz hortik, ahoz aho ere ibiliko zen kontua, ze Errusiar erruletara jolastu nahi? martxoaren hasieran argitaratu, eta bi hilabetera 1.200 irakurketa eta deskarga baino gehiago izan ditu. Eta egin ditudan elkarrizketen ostean, irakurle gehiago izango dituela uste dut. Arrakasta, ezta? Eta ez arrastaka, askotan halaxe ibili gara-eta, zer irakurlego dugun ez dakigula. Paperean argitaratzeari dagokionez, hainbat lan ditut oraindik argitaratu zain: poesia, ipuinak, elkarrizketa-liburua, saiakera, nobela… Denborak esango du zer datorren, eta nola.

Argazkia: Zaldi Ero
"Ez naiz lanean gelditu, baina inor gutxi garelakoan egongo dira hainbat: debaldeko lanetarako besterik ez zaigu deitzen”

Itzulpenik ez duzu aipatu, baina Joseba Sarrionandiari Habanako gaukarietako azkenean irakurririk dakigu Che Guevararen kapilau izandako Javier Arzuagaren liburua ere ekarria duzula euskarara: Gauerdi minean.
Badira bost urte Arzuagaren lan hori euskaratzeko eskatu zidala ezagun batek. Besteak beste, Joseba Sarrionandiak akuilatuta hasi nintzen Gauerdi minean itzultzen. Badakizu, [ARGIA, 2010, azaroak 7] Oñatikoa zen Javier Arzuaga, fraide frantziskotarra Kuban, eta Habanan zegoen hango iraultzaren garaian, fusilatuei hormara laguntzen eman zituen iraultza garaiko lehen hilabeteak [ARGIA, 2010, azaroak 7]. Handik urteetara, testigantza liburu latza idatzi zuen, A la medianoche (Gauerdian) [Semillas en el Tiempo, 2016], orain dela bost urte itzuli nuena. Aurten argitaratuko dutela espero dut. Lan nekeza izan da, bertsio irakurterraza egin nahi izan dut, eta hori ere zama gertatu zait. Bestalde, liburua handia da, ez da lodia, baina bai intentsua, latza, eta ederra.

Zure izena, eta izanaren puska bat, Ostiela! aldizkariari loturik dago. Hantxe egin zenituen lehen urratsak.
1996an hasi ginen Ostiela! egiten, baina lehenago hasi ginen lanean. 1989an Goierritarra sortu genuen, alaiak eta ausartak, gazteak edo berdeak ginen garaian. Ostiela! gero etorri zen, eta ordurako ia berrogeitamargatuak ginen, grazia galtzen hasita geunden. Orain 60 urte ere beteak ditugu, Iñaki Segurola lankide ohia ere hil zaigu, eta irribarre gutxiago egiten dugu, gure adineko jende gehienak bezala…

Ibilaldi luzea egina duzu bateko eta besteko hedabideetan: Zeruko Argia-n…
Hantxe publikatu zizkidaten lehen poemak, ezizenez sinatu nituen…

Bego hori ere. Bateko eta besteko hedabideetan jardun duzula esaten ari nintzen, eta zerrenda ez da txikia: ARGIA, Goierritarra, Egin-eko A ze astelehena gehigarria, Susa literatur aldizkaria, El Diario Vasco-ren Zabalik gehigarria, Komatxo artean irratsaioa… Zeure sormen lanez gainera.

Ibilaldi luzea egin dut, malkartsua, pasadizoz josia. Hainbat istorioren intra-historia egingo bagenu!... Ederki pasatu genuen, diru gutxirekin alai, borrokan eta alternatibo, baina handik urteetara, ez zait errentagarri suertatu. Garbi esango dizut: Ostiela! eta gero, uste nuen idazle profesionalaren bidea egiten hasiko nintzela, eta egiteko moduan izango nintzela. Enkarguak jaso, eta batzuetan ezin betetzeko modukoak ziren; beste batzuetan, gaizki pagatutakoak. Lan egin nahi, itzulpenak egiten dituen enpresa batera joan, eta izena autonomoetan eman behar nuela.

Hala esaten zuten toki askotan…
Badakizu, hortaz. Eta nik esaten nien: “Autonomo egin? Baina nola egingo naiz autonomo, kuota pagatzeko dirua ez bazait ailegatzen?”. Beharbada oker egin nuen nire izena autonomoetan ez emanda; beharbada, ez. Hura autonomo faltsua izatea zen, hori zer zen inork ez zekien garaian, edo inork horretaz ezer esaten ez zuenean. Zortea ere izan nuen zenbaitetan enkarguzko lan ongi ordainduak jaso nituelako. Halaxe egin genituen ia hogei urte eta, honezkero, zer egingo diogu, bada?

Enkarguzko lanak, batzuetan ongi ordainduak, beste batzuetan ez.
Ahal zena egin dut! Gustuko lan batzuk egin ditut enkarguz, eta han eta hemen kazetari ere ibili naiz, eta kazetaritzaz iritzia ere eman dut, baina hori ere ez da, agidanez, egin beharrekoa. Ez dut uste kazetaria bere lanbidetik luzaro bizi daitekeenik, duin eta oparo, Nire kasuan, arrastaka ibili naiz hainbat hamarkadatan, batean idazle, bestean idazlari, beti idazten, baina biziraun besterik ez dut egin, bizipoz handirik gabe. Gaztetan oso dibertigarria izan zen, ARGIAn, Susa-n, eta han eta hemen kazetari izaten ikasi nuen garaian. Hasieran bai, dibertitua zen. Gero etorri dira tragikomeriak. XX. mendeko gizona izango naiz, zerua goran, behean lurra, ez naiz damu, ez kontent.

"Nire kasuan, arrastaka ibili naiz hainbat hamarkadatan, batean idazle, bestean idazlari, beti idazten, baina biziraun besterik ez dut egin, bizipoz handirik gabe"

Ez damu, ez kontent...
Ez. Hainbat lorpen ditugu. Eginari eutsiko diogu! [Anjel] Sukia monsinoreari elkarrizketa egitea lortu nuen, haren familiaren bidez, eta J.J. Petrikorenarekin batera publikatu genuen ARGIAn [2007, 1303 zenbakia.]. Sukiaren 6.000 orrialdeko lana ere ibili nuen elkarrizketa egin ahal izateko: Obras y escritos pastorales (Obra eta izkribu pastoralak). Jakina, ez nuen dena irakurri, baina bai ondo aztertu, eta gogoan daukat Galizian egindako egonaldiaren aitzakian Rosalia de Castrori erreferentzia egiten ziola, edo Primo Leviren Hau gizon bat bada lana ere aipatzen zuela. Alegia, oso buruargia zela Sukia. Euskaraz ere idatzi zuen.

Zer idatzi zuen euskaraz Anjel Sukiak?
Poesia! Ohorezko aipamena jaso zuen 1936ko Olerti Egunean, Lekeition, Euzko apaizgaiarena lanarekin. Goierritarra-n ere zerbait idatziko nuen Sukiaz. Eta, gero, hil zenean, egunkarirako ere idatzi, eta igandeko gehigarrian publikatu zidaten idatzitakoa –gaiari azala ere eman zioten–, eta denera ez nuen jaso uste nuena, hura idazten hamabost egun baino gehiago eman eta gero. Eta, orduan, bestelako lan batzuk egiten hasi behar izan nuen, eta ahal den bezala ibili naiz urte hauetan. Beka bat ere jaso nuen…

Joseba Jaka literatura bekaz ari zara: Zeruak eta ifrentzuak poema liburua argitaratu zenuen 2007an.
Bai, hori ere bai, baina bekarena esan dudanean ni Itsasondoko Udalaren bekaz ari nintzen, hango meategien, edo arbeltegien, eta jaioterri osoaren historia biltzeko eta idazteko bekaz. Urtebeteko beka zen, baina urte eta erdi ere aritu nintzen. Hala ere, 20 urte lehenago hasitako lana nuen, eta geroztik ere segitu nuena. Ehun lagun baino gehiago elkarrizketatu nituen, baina, azkenean, hantxe gelditu zen nik egindakoa.

Argazkia: Zaldi Ero

 

"‘Ostiela!’ eta gero, uste nuen idazle profesionalaren bidea egiten hasiko nintzela, eta egiteko moduan izango nintzela”

Non gelditu zen? Zer esan nahi duzu?
Ondareaz arduratzen den enpresa bati eman ziotela lana, eta osatu zutela zerbait. Hantxe aipatzen dute nire izena, baina besterik ez. Ni, joan den hamabost urte honetan herri ondarea arpilatu dutelakoan nago. Nik egindako lana, egindako elkarrizketa mordoa eta gainerakoa, ez dute argitaratu. Lana ez dago zeharo bukatuta, argazki batzuk-eta falta zaizkio, baina ez zait iruditzen Itsasondoko Udalak nire lan hura bukatzeko borondaterik duenik. Esker onik ez! Bitartean, hortxe daude hainbat kilo paper, milaka orri, hautsa biltzen alfer-alferrik. Ez naiz lanean gelditu, baina inor gutxi garelakoan egongo dira hainbat: debaldeko lanetarako besterik ez zaigu deitzen.

Zeuk berreskuratu zenituen, edo eman zenituen ezagutzera, Lotsati-ren poemak.
Gurutz Sarasola, Lotsati! [1915-1936] Eta banuen esatekorik, baina hitza hartzea galarazi ziguten, eta gero neronek ez nuen ekarpenik nahi izan, nahiz eta gure amaren eta zenbait herritarren lekukotzak nituen. Esker onik ez orduan ere. Bitartean, Iñaki Bodas Larrayozen poemak editatu nituen, Goierriko Kasta sortu genuen, eta, bidean, hainbat gauza argitaratu ditugu, errezitaldiak egin ere bai, zenbait musikarik nire poemak kantatu dituzte… Gauza asko dira, eta ez dauzkat denak gogoan, edo luze joko luke. Eta poliki-poliki, segitzeko gogoa joan zaigu, krisi ekonomikoa ere etorri zen noizbait, zahartu ere zahartu gara, hurrena pandemia etorri zen, eta ajeak, eta zer esango dizut, bada, biziraun dugu, behinik behin, eta bizirautea bera ez da gutxi.

“Bestelako lanak” egin behar izan dituzula esan diguzu lehenago. Zertaz ari zinen?
Lan ez intelektualak: kale-garbitzaile, barrerazain, igeltsero, pintore… Hamasei-hamazazpi urterekin hasi nintzen bizimodua ateratzen, aita zena hil zitzaigunean. Ez zorrik, ez zorririk dugu, bestela urkatuko gintuzten hemen, indarrez… Lehenengo lana, gaztandegi batean egin nuen, eta harrezkero ez naiz lanean gelditu, eta lanean ari naiz oraindik, baina DBE (Diru sarrerak Bermatzeko Errenta) jasotzen, eta hori ere zama handia da, azkenekoa da DBE jasotzea. Bestalde, ezgaitasun bat ere badut, ez da fisikoa, ez mentala, ez da psikikoa, baina emozionala bai. Fisikoki ere ez ditut 16 urte, 61 baizik, hezurrak zelanbait, eta ai nire juanetea! Eta, ondorioz, gorabeherak izaten ditut. Baina ez naiz bipolarra, ez eskizo ere, badaezpada esanda.

Hala ere, Usurbilgo sendategian izan zinen iaz, eta hantxe aurkitu zenuen zuregana ekarri gaituen ipuina, Errusiar erruleta...
Hantxe izan nintzen bai, Usurbilen, lehortegian, edanak zer dakarren badakigu-eta, unilateralitatea, alegia. Baina esan dut, testua han aurkitu nuela, lizentzia poetikoa da. Berriz esan behar al dizut?! Edgar Allan Poek Arthur Gordon Pymen istorioa botila batean aurkitu zuen bezala, aurkitu nuen nik Errusiar erruleta… Usurbilen. Lizentzia, edo, beharbada, benetan aurkitu nuen testua, eta moldatu, eta osatu nuen ipuina? Eta inork ba al daki, bada!? Eta ipuin hori bezala, hainbat artikulu, ipuin, eta bestelako dauzkat, bukatzear beti, edo amaituak, baina hortxe… Ez ahal dira, behintzat, azkenean denak zabortegira joango!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literatura azoka iristear da

Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.


Euskarazko literatur sorkuntza sustatzeko doako idazketa tailerra antolatu du Euskal Idazleen Elkarteak

Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.


Rakel Pardo Perez
“Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean”

Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]


Eguneraketa berriak daude