1990eko hamarkadako lehen urteetan gertatu ziren, serbiarrek Sarajevoko hiria –Bosniako hiriburua– setiatuta izan zuten urteetan. Milango (Italia) Fiskaltzak ikerketa abiarazi du, giza ehiza horietan Italiako herritarrek parte hartu zutelakoan. Pertsona bat hiltzeak 100.000 euro balio zuen.
Azken bizpahiru hamarkadetan hainbatetan hitz egin da gizakien ehiza horiei buruz, besteak beste Ezio Gavazzeni kazetari eta idazle italiarraren ahotik. Kazetaria duela hiru hamarkada hasi zen gaia ikertzen Corriere della Sera egunkari italiarra gaiaz idazten hasi zenean. Egunkari horrek 1995ean idatzi zuen lehenbiziz horretaz, baina ez zuen froga sendorik aurkitu eta bazterrean utzi zuen. 2007an ere, Hagako Nazioarteko Auzitegian Ratko Mladic serbiarra epaitu zutenean, Sarajevon boluntario aritu zen su-hiltzaile batek deskribatu zituen “turista tiratzaileak”, ehiza jantzi eta armekin aritzen zirenak.
Azken urteetan ostera eutsi dio gaiari Gavazzenik, 2022an Miran Zupanic Esloveniako zuzendariak gaiaz egindako Sarajevo Safari dokumentala ikusi ondoren. Gauzatutako ikerketa berriarekin Gavazzenik hamazazpi orrialdeko salaketa bat jarri du Milango Fiskaltzan, eta bertan zehazten da 1990eko Sarajevoko setioan Italiako eta beste herrialde batzuetako pertsona aberatsak Sarajevora joan zirela pertsonen ehizara. Han, bosniar-serbiarrek hiriaren inguruko muinoetan zituzten posizioetatik Bosnia-Herzegovinako hiriburuko herritarrei tiro egiten zieten.
Italiako iparraldeko Trieste herrian hartzen zuten hegaldia turista-hiltzaile horiek, eta gero serbiarren posizioetaraino eramaten zituzten, han asteburua herritarrei tiro egiten pasatzeko. Ondoren, euren ohiko zereginetara itzultzen ziren. Diru kopuru desberdinak ordaintzen zituzten biktimaren arabera, oro har, 80.000 eta 100.000 euro artean, eta tirokatuak haurrak baziren gehiago; salaketak dioenez, pertsona zaharrak hiltzea doan ateratzen zitzaien. Ordainketaren barruan sartzen ziren, halaber, garraioa, armak eta gidariak.
Gavazzeniren salaketan Edin Subasic Bosniako inteligentzia zerbitzuetako agente ohiaren testigantza dago. Horrek deskribatzen duenez, 1993an galdeketa egin zion preso hartu zuten boluntario serbiar bati, eta azken horrek zioenez, bost lagun –horietatik hiru italiarrak– lagundu zituen zerbitzu turistiko hilgarri horretara. Garai hartan jada, Bosniako zerbitzu sekretuek jakinarazi omen zieten Italiako zerbitzu sekretuei "safariaz", eta honako erantzuna jaso zuten: “Safaria Triestetik abiatzen dela jakin dugu; bertan behera utzi dugu”.
Subasic ofizialaren esanetan, hiltzaile horiek ez ziren ez mertzenarioak, ez borrokalari ideologikoak, baizik eta “psikopatak, militar ohiak edota aspertuta bizi ziren aberatsak”. Sarajevo 1990etik 1996ra setiatuta izan zuten bosniar-serbiar indarrek eta kalkulatzen da garai horretan 12.000 bat pertsona hil zituztela hirian, %85 zibilak.