ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Egia, aitortza eta erreparazioan jarraitzea eskatzen dute torturatuek

  • Kriminologiaren Euskal Institutuak (KREI) urtarrilaren 9an aurkeztu zuen Iruñean, Nafarroako Gobernuaren enkarguz, 1979 eta 2015 arteko tortura kasuei buruzko ikerketa: 532 tortura kasu egon dira eta 434 pertsonari eragin diete. Institutuak ikertzen jarraitzen du eta, eskuartean dituen datuen arabera, aurreikusten dute tortura kasuak 825 inguru izango direla.

KREIk karpeta urdinetan ditu ikertutako tortura kasuak, eta torturatuek aitortza, erreparazioa eta ez errepikapenean aurrera jarraitzea eskatzen dute. (Arg.: Dani Blanco)
KREIk karpeta urdinetan ditu ikertutako tortura kasuak, eta torturatuek aitortza, erreparazioa eta ez errepikapenean aurrera jarraitzea eskatzen dute. (Arg.: Dani Blanco)KREIk karpeta urdinetan ditu ikertutako tortura kasuak, eta torturatuek aitortza, erreparazioa eta ez errepikapenean aurrera jarraitzea eskatzen dute. (Arg.: Dani Blanco)

Nafarroako txosten osoa otsailaren 7an aurkeztu zen Nafarroako Legebiltzarrean, erreportaje hau kaleratu ondoren jada. Han aurkeztutako datu orokorrak eta lerro hauetan ematen direnak, baina, antzekoak dira. 2019an KREIk 1960-1978ko epeko tortura kasuak aurkeztu zituen, orduan ere foru gobernuaren enkarguz: 153 herritarrek jasandako 164 tortura kasu antzeman zituzten (herritar batzuk birritan edo gehiagotan torturatu zituzten). Bi ikerketako datuen arabera, Nafarroan 1.068 tortura kasu ateratzen dira.

Herriz herri egiten ari den tortura kasuen bilketan oinarrituta, Nafarroako Torturatuen Sareak ere aipatu izan du milatik gorako kopurua. KREIren bi ikerketak Ana Ollok zuzendutako Herritarrekiko Harremanetako Departamenduaren enkarguz egin dira, hark ikerketaren aurkezpenean adierazi moduan, eskuin muturrak edo funtzionario publikoek motibazio politikoz eragindako biktimen aitortza eta erreparaziorako foru legearen aginduaren baitan.

KREIk 2016an Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txostenean, 4.113 tortura kasu azaldu ziren EAEn, baina ikerketak jarraitu du eta 2021ean dagoeneko 4.311 dira, hau da, guztira 5.379 tortura kasu Hego Euskal Herrian, 1960-2015 epean. Zenbakia gutxi gorabehera bat dator Euskal Memoriak 2016an Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuenarekin, 5.658 tortura kasu. Hala ere, torturatu askok ez du bere torturen berri eman, edo horietako hainbat hilda dago, eta ikertzaileen ustez, egiazko kopuruak aise egingo du 10.000tik gora.

Poza eta etsipena
Torturatuen munduan badira bi sentipen kontrajarri datu hauek guztien bueltan. Lehenik poza, azkenean Espainiako Estatuak behin eta berriro ukatu duen tortura azaleratzen ari delako, eta aitortza maila bat ere bideratzen ari delako, batez ere Eusko Jaurlaritzaren eskutik, eta neurri txikiago batean orain Nafarroako Gobernuarenetik. Espainiako Gobernuan ez da inolako aldaketarik: tortura funtzionario bihozgabe gutxi batzuen zerbait isolatua izan da, eta izan denean epaitu eta zigortu da.

Batetik poza eta bestetik etsipena torturatuen baitan, ikusten dutelako KREIren txostena 2017an aurkeztu zela publikoki, eta oraindik ezer gutxi egin delako ikerketarekin. Egia, justizia, erreparazio eta ez-errepikapena dira biktimei bermatu beharrekoak, baina kasu honetan torturaren aurkako prozesu osoa lehen puntuan bakarrik geratzen ari da, egia. Ez da gutxi, baina Egiari Zor Fundazioko koordinatzaile Ainara Esteranek dioen moduan, “txostenak ematen du bide osoa egiteko aukera, baina instituzioek bide bukaera gisa hartu zuten. Inkomunikazioa ez da desagertu eta estatuak erabili duen torturaren tresneria osoa ere hor dago, behar izanez gero berriz martxan jartzeko prest”. Ainara bera ere torturatua izen 90eko hamarkadan, Espainiako Poliziak atxilotu zuenean.

Nafarroako torturatuen sareak 2022ko ekainean Iruñean egindako manifestazioa.  (Argazkia: Foku / Endika Portillo)

Tortura herriz herri
Nafarroako Torturatuen Sareko kidea da Ainara Gorostiaga eta taldean ere beldur dira ondoren zer gertatuko den, baina oraingoz pozik daude, “lehenbiziz Nafarroako erradiografia bat eta datu orokor ofizialak ditugulako”. 2019an sortu zen sarea, eta harrezkero Nafarroan ikusgarritasuna eman dio torturari. Iragan urritik eta datorren iraileraino foru erkidegoko 101 udalerritan torturari buruzko mozioak aurkeztuko dituzte.

Elkartearen aurkezpenak ere egiten ari dira herriz herri eta horrekin jende asko batzea lortzen ari dira, besteak beste torturatuak. Datorren otsailaren 13an Torturaren aurkako eguna izango da, eta 11n torturatuek agerraldi berezia egongo dute Donostian torturaren ikerketa eta aitortza osoa eskatzeko. Ondoren, besteak beste, Karpeta Urdinak dokumentala herriz herri ikusteko kanpaina abiaraziko dute, herrietan torturatuak ahaldundu eta antolatzeko asmoarekin, Nafarroan egiten ari diren gisan.  

Torturatuen Sarea erreferente bihurtu da Nafarroan: “Edonorekin gaudela, politikari, instituzio, elkarte... aurrez aurre guri inork ez digu ukatzen torturatuak izan garenik”, dio Gorostiagak. Apurka, eskualde batzuetan torturatuak saretzea lortzen ari dira, baina beste batzuetan konplexuagoa da. Pirinioetan, esaterako, bada oraindik torturaz ezertxo ere hitz egin ez duen jendea. Bere kasua azaldu nahi duen torturatuari formularioa pasatzen zaio hainbat daturekin bete dezan, eta Gorostiagak dioenez, “ez da erraza horiek betetzea. Gogorra da, baina, aldi berean, batzuei lagundu egiten die korapiloa askatzen, eta gero eskertu egiten dute. Oro har, horrek indartu egiten gaitu, eta denborarekin etekina ateratzen diogu. Elkartean zaintzaren gaia mimoz jorratzen dugu gure artean”.

Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 9an aurkeztu zuen KREIren txostena. Ezkerretik eskuinera, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetzako zuzendaria, Ana Ollo kontseilaria,  J.M. González Oderiz Giza Eskubideen  zuzendaria, eta Jeanette Ruiz, Laura Pego eta Paco Etxeberria KREIko kideak. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Ertzaintzaren torturak
KREIren ikerketaren arabera, Ertzaintzak 336 tortura kasu ditu. Ertzaintzari egotzitako tortura gehienak 90eko hamarkadan gertatu ziren, eta 2000. urtetik aurrera kasuak apurka jaitsi ziren. Torturaren hariak Madrildik gidatu dira, baina haren atzaparrak Arkautiraino ere iritsi dira. Eta bitxia da orain gertatzen dena, Eusko Jaurlaritzak esaten baitu KREIren lana sinesgarria dela, baina gero ukatu egiten du Ertzaintzak torturatu izan duenik.

Iñigo Urkulluk Iñaki Iriondo kazetariak Gara egunkarian 2016an egindako galderari horrela erantzun zion: "Berdina al da galdeketa batean pertsona bat zutik izatea edo poltsa edo elektrodoen praktika? Berdina da? Ba ez, ez da”. Ikerketaren arabera, Ertzaintzaren tratu txar askok gorputz jarrerarekin zerikusia dute –denbora luzez zutik egotea, edo luzaroan jarrera desegokiak izatera behartzea–, baina horiek beste dira mehatxuak, kolpeak, oinarrizko beharren gabetzea, umiliazioak edo tortura psikologikoa, txostenean irakur daitekeenez.

2018ko apirilean PPk mozioa aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, eskatzeko Jaurlaritzari erretira zezala torturari buruz KREIren txostena, bestela ETAri jokoa egiten ari zitzaiolako. Legebiltzarrak atzera bota zuen eskaera. Iñigo Iturrate parlamentariak EAJren posizioa babestu zuen, baina aldi berean ertzaintzak giza eskubideak zaintzen zituela ere esanda; ikerketak eta nazioarteko erakundeek Espainiako Gobernua interpelatzen dutela azpimarratu zuen, eta ez Eusko Jaurlaritza.

Paco Etxeberria, Laura Pego eta Jonan Fernandez 2016an KREIren ikerketa aurkezten. (Argazkia: Eusko Jaurlaritza)

Jaurlaritzak eta KREIk 2016an ikerketaren aurre ondorioak aurkeztu eta biharamunean, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruak Polizia autonomikoaren torturak ukatu zituen Donostian, EHUko Udako Ikastaroen ekitaldi batean. Tratu txarren aurkako Ertzaintzaren protokoloa goretsi zuen, eta adierazi zuen ikerketaren azken txostena ikusi arte nahiago zuela balorazio gehiago ez egitea.

Institutuak bere ikerketekin jarraitzen du, baina orain arte aurkeztutako txostenak argi zehazten du Ertzaintzak 336 tortura kasu dituela (txostenaren 154 orrialdea), zein garaitakoak diren kasuak (156 or.) edo zein tortura molde erabili zuen (184 or.).

Txostenak hitz egiten du ere, eta nahiko ondo gainera, Ertzaintzaren tratu txarren aurkako protokoloaz, baina gehitzen du halaber, horrek ez duela saihestu tortura salaketak egotea. Aldekoak ondo azpimarratu zuen hori Donostiako ekitaldian: “Salaketak dira”. Agintari jeltzale gehienek argi utzi ohi dute, ez dela inoiz izan Ertzaintzaren aurkako zigor judizialik. Ildo bereko adierazpenak egin izan dituzte Estefanía Beltrán de Heredia eta Josu Erkorekak, hurrenez hurren Eusko Jaurlaritzako segurtasun sailburu ohi eta egungo segurtasun sailburua.

Galdeketen grabaketak
Ertzaintzaren bermeen artean zegoen, adibidez, inkomunikatutako atxilotuen galdeketen grabaketa. Xabier Markiegi eta Mertxe Agúndez arartekoek, 1999. eta 2000. urteetan hurrenez hurren, grabaketa horiek egitea gomendatu zioten Ertzaintzari urteroko haien txostenean, baina euskal Poliziak ez zuen halakorik egin 2006ra arte. Gainera, hil berri den Rodolfo Ares PSEko barne sailburuak 2009an kargua hartzean berretsi zuen moduan, grabatutako materiala ez zen hiru hilabete baino gehiago gordetzen; protokoloak, baina, eskatzen zuen ikertutako delituari zegokion preskripzio denboran bederen gordetzea.

Aresen ustez, Javier Balza sailburuaren garaian ez ziren grabaketak gordetzen eta berak ere ez zuen beharrezkoa ikusten. 2009an zalaparta handia sortu zen gaiaz, Ertzaintzak Ondarroan atxilotutako bederatzi gaztek torturak salatu zituztenean. Arartekoak galdeketen zintak eskatu zituen eta Ertzaintzak ez zizkion eman, ez berari ezta grabaketa eskatu zituen Durangoko Auzitegiko epaile bati ere. Argudiatu zuen ez zituela, hiru hilabetera ezabatzen zirela grabaketak, protokoloak eskatzen zuenaren aurka.

Inoiz ez da berandu egia eta aitortzarako, baino hobe berandu baino lehen eta ahal dela biktimak bizirik direnean. Espainiako Gobernuak joan den urtarrilaren 20an barkamena eskatu zien Almeria auziko Juan Mañas, Luis Cobo eta Luis Monteroren senideei. Hiru gazteak 1981ean torturatu eta hil zituen Guardia Zibilak Almerian, hiru etakiderekin nahasi ondoren. Hiru Guardia Zibil zigortu zituzten, buruzagiak hamar urte egin zituen espetxean, haren menpeko beste biek bost eginda atera ziren baldintzapeko askatasunean, eta estatuetako estoldetatik milioika pezeta eman zieten espetxetik atera eta Guardia Zibiletik bota ondoren bizitzari berrekiteko. Milaka euskal herritarren tortura ukatzen duen estatuak barkamena eskatu die hiru gazteen senideei, baina 43 urte ondoren.

(Karpeta Urdinak dokumentaleko zuzendari Ander Iriarteren ondoko elkarrizketa erreportaje honekin batera argitaratu da:

“Jaurlaritzak baditu 300 arrazoi torturaren gaiarekin jarraitzeko: ertzaintzaren 300 tortura kasuak” )

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
ASTEKARIA
2023ko otsailaren 12a
Tortura kanaletik interesatuko zaizu...
2023-03-16 | Ahotsa.info
Nafarroako 42 udalek onartu dituzte torturatuen aitortzarako mozioak

Motibazio politikoagatik Nafarroako Torturatuen Sareak positibotzat jo ditu duela lau hilabete abian jarritako ekimenaren emaitzak. Ekimen horren bidez mozioak aurkeztu zituzten Nafarroako 101 udalerrietan. Hala ere, salatu dute Erroibarko eta Eguesibarko Udalean ez direla... [+]


Nola oroituko dugu Intxaurrondo?

1970eko hamarkada horren amaieran, Guardia Zibilaren egoitza berri bat eraikitzeko asmoa zuten Donostian. Baina eraikuntza lizentziak lortzeko oztopoak zituztenez, Madrilgo UCDko gobernuak langileentzako bloke multzo bat erostea erabaki zuen. Intxaurrondoko kuartela edo 513... [+]


2023-02-14 | Estitxu Eizagirre
Nekane Txapartegi Nievek lortu du 1999an bere aurka hasitako epaiketa politikoa eta jazarpena ixtea

Gaur, otsailak 14, izan da Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan, bere abokatu Iñigo Iruinekin batera. 1999an 18/98 makroepaiketaren barruan atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur eman dio amaiera epaiketa politiko hari: Suitzan bi karnet faltsu edukitzeagatik... [+]


2023-02-13 | Leire Artola Arin
Torturaren Aurkako Eguna
Egiari Zor Fundazioak “tortura sistematikoa” salatu du Torturaren Aurkako Egunean

Otsailaren 13an 42 urte bete dira Joxe Arregi Espainiako Poliziaren torturen ondorioz hil zutela, Madrilgo Carabanchelgo espetxeko ospitalean, atxilotu eta bederatzi egunera. Igandean Zizurkilen omenaldia egin dio Egiari Zor fundazioak, eta “tortura sistematikoa”... [+]


Eguneraketa berriak daude