"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako 12/2016 Legea denboran zabal dezala.
Maiatzaren 8an ezagutarazi zen Iratxe Sorzabal absolbitu zuela Espainiako Auzitegi Nazionalak, egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zelako. Horren harira, Euskal Herriko Torturatuen Sareak adierazpena egin du larubantean, Donostian, epaitegien aurrean.
Torturaren aitortza
Sareak "berri on" gisa kalifikatu du Auzitegi Nazionalak tortura aitortzea. "Hamarkadetan tortura ukatu eta ahalbidetu duen auzitegi horrek lehenbiziko aldiz onartu du euskal herritar baten kontra tortura erabili dela". Epaituek "aspaldian" saltzen dutena "baieztatu" du epaiak, sarearen esanetan.
Sorzabalen aurka burututako torturek duten oinarri sexista nabarmendu du sareak: "Iratxe bezala, tortura pairatu dugun emakumeen gehiengoak tortura politiko sexuala pairatu dugu Espainiako Estatuko Segurtasun Indarren eskuetan". Tortura sexista horren adibideak eman ditu: "Inkomunikazioa, eraso sexualen mehatxuak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, orientazio sexuala zalantzan jartzea, bortxaketak, tortura psikologikoak, isekak eta irainak, edota militante politiko gisa jasandako gutxiespenak".
Torturen aurrean "erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela azpimarratu dute Donostiako agerraldian, torturaren aplikazioa "sistematikoa" izan delako eta "egitura oso baten babespean gauzatu eta justifikatu" delako. Fokua "Espainiako Estatuko Segurtasun Indarretatik harago" jarri dute: "Torturaren aplikazioan epaileek parte hartu baitute, mediku forentseek, hedabideek, hainbat indar politikok...".
Eusko Jaurlaritzari eskaera zehatza egin dio torturatuen sareak. Torturatuek "aitortza ofizialerako eskabideak bideratu ahal izateko", EAEko aitortza eta erreparaziorako 12/2016 Legea denboran ireki dezan eskatu du. Horrela, Sorlozabalek zein beste "ehunka" torturatuk haien kasuak salatu ahal izango dituzte.
Absoluzioa
Sorzabalen absoluzioa "garrantzi handiko" gertakaria izan dela azpimarratu du sareak, eta aurrera begira, "torturaren aitortzaren eta erreparazioaren bidean mugarri bat" izan beharko lukeela. Auzitegi Nazionalak, "autoinkulpazioa bera eta torturak kutsatutako gainerako elementu guztiak baliogabetu baitzituen". Hala ere, Sorzabalek preso jarraitzen du gaur egun.
Iragan asteko epaiak hamarkadetan "estalia" egon den errealitate bat "mahai gainean" jarri duela adierazi dute torturatuek. Absoluzioa jaso ez dutenekin eta torturapean autoinkulpatu direnenkin oroitu dira: "Zenbat lagun izan gara zigortuak hamarkadotan, eta zenbat daude oraindik espetxean torturapean behartutako autoinkulpazioen ondorioz? Eta zenbat izanen ginateke absolbituak, ebazpen honetan egin bezala, torturatuak izan ginela onartuko balitz?". Bidegabekeria bikoitza dela salatu dute, torturaren "min fisiko eta psikologikoak" jasan dituztelako, eta torturaren ondorioz "batzuk" espetxe zigorra jaso dutelako.
Euskal Herriko Torturatuen Sareak instituzioei, alderdiei eta giza eskubideen aldeko eragileei dei egin die "horretaz gogoeta egin eta konponbiderako bideak bilatzeko esku har dezaten".