"Ez genuen uste bost pertsona fusilamendu pelotoiaren aurrera eramango zituztela"

  • Frankismo garaiko azken fusilatuak izan ziren: Txiki, Otaegi, Sánchez Bravo, García Sanz eta Humberto Baena. Hauen kide zen Pablo Mayoral, FRAPekoa, Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriota. Heriotza zigorra ezarri zioten Mayorali, nahiz kommutatu eta 30 urteko espetxea ezarri. Fusilatutako burkideen oroitza bizia darama betiko.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Pablo Mayoral Rueda. Madril, 1951

Espainiako Alderdi Komunista (marxista-leninista)-ko eta FRAPeko kide izan zen. 1975eko uztailean atxilotu, eta frankismo garaiko azken gerra kontseiluetan prozesatu zuten. Heriotza zigorra eman zioten José Luis Sánchez Bravo, Ramón García Sanz eta Xose Humberto Baena hormara eraman zituen epaiketa berean, nahiz gero heriotza zigorra kommutatu eta 30 urteko espetxealdia eman. Bi urte eta erdi kartzelan igaro eta libre zen 1977ko amnistia legearekin. Era batera nahiz bestera, militatzen segitu du. Egun, Frankismoko Preso Ohien Komunan eta Argentinako Kereilaren Sostenguko Estatuko Koordinadoran ari da, etsi gabe.

Zer duzu irailaren 27a?
Hiru alderdikide hil zizkidaten eguna. Euskadiko beste bi kide ere hil zituzten egun hartan. Francoren kontra borrokan ari ginen, diktaduraren aurka. Irailaren 27a egun gozakaitza da, oroitzapen onik ez du nigan: atxilotu egin gintuzten, isolaturik eduki gintuzten DGSn [Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusia, Madrilen], hogeitaka egun egin genituen han beheko zeldetan, handik hamar egunera epaitu gintuzten… Dena oso bizkor igaro zen. Irailaren 27ro ekitaldia egiten dugu Madrilen, gainerako lekuetan egiten denez, era batera edo bestera borrokatu zirenak omentzen ditugu, eta, denak har, 20 egunean atxilotu, isolatu, torturatu, gerra kontseilua egin eta fusilatu zituztenak.

Zer zen diktadura hura?
Batzuek esaten dute Francoren diktadura bigunagoa zela azken aldera, baina justu kontrakoa da: azken aldera ere gogorra eta ankerra izan zen diktadura. Guztiak har, batzuek esaten dute diktadurak ezker muturraren kontra jotzen zuela, baina ez jauna!, diktadurak guztion kontra jotzen zuen, dena galarazten zuen, manifestatzea, biltzea, espresatzea… Dena galarazten zuen, eta galarazten zion gizarte osoari! Eta debeku hori ehunka guardia zibilek, ehunka poliziak eta era guztietako estamentuetako kideek –gauzainek eta hamaika txibatok–, zaintzen zuten. Indar errepresibo horiek mugitzen zen guztiaren kontra egiten zuten tiro –ez airera, baina jotzera–, eta, batik bat, gazteen kontra.

Jotzera egiten zuten tiro. Zuek, haatik, aurre egin zenieten.
Frankismoaren gau beltzean bizitzerik ez zegoen, zer edo zer egin beharra zegoen. Gure bizimodua errebeldia zen, ez zegoen besterik. Edo etxean zeure buruarekin itxita egon eta ezer ez egin, edo diktaduraren kontra saiatu. Unibertsitatean ari baldin bazinen, edo lantegian lanean, bat bakarra zen eztabaida: “Zergatik ez dugu askatasunik? Nola hautsi diktadura?”. Hortaz, logikoa zen han edo hemen militatzea. Errebeldia hutsa zen. Adibide bat: Beatlesek emanaldi bat egin zuten Ventaseko [Madril, 1965] zezen plazan, eta Polizia jendeari oldartu zitzaion, bere uniforme, pistola, borra eta guzti! Maila horretan bizi ginen. Poliziaren agindua zen kosta lain kosta jendea gogor erreprimitzea, diktaduraren kontra altxatzen zirenen kontra armak erabiliz, jakina.

18-19 urte zenituela PCE (marxista-leninista)-n militatzen hasi zinen. Zergatik alderdi horrexen aldeko hautua?
Giroak berak bultzatzen zintuen hara edo hona. Urtea egin nuen unibertsitatean Ingeniaritza teknikoa ikasten, eta zenbait lagun egin nituen, PCEkoak [Espainiako Alderdi Komunista]. Gero, ikasketak utzi behar izan nituen, eta lanean hasi, han eta hemen eta, denbora guztiz gehiena, NCR multinazional amerikarrean. Garaian, zenbait jende ezagutu nuen, OSOkoak [Langileen Oposizio Sindikala] eta PCE (m-l)-koak –hortik etorri baitzen gero FRAP–, eta hautu huraxe egin nuen, beste gazte askok bezala. Militantzia handia zegoen, lagunartean 20-30 militante izango ginen, eta berdin ondoko auzoan; aktibista eta agitatzaile ginen, panfletoak banatzen genituen, pintadak egiten, edo komandoa osatzen manifestazio bat egiteko.

Argazkia: Zaldi Ero
"Biziaren alde borrokatzen ginen, eta, horrenbestez, diktaduraren kontra. Gure borroka geratzeko modu bakarra errepresio latz eta garratz hura zen"

Usteko nuen jende hauta zinetela, gutxi.
Ez. Gogoan dut FRAPen batzordeak osatzen ari ginela, eta egunero taldetxo bat sortzen zela bateko eta besteko auzoetan. Ez ginen gehiengoa, jakina, baina asko. Bestalde, ez zegoen militanteen erregistroa egiteko modurik, klandestinitate handian ginen, eta, horrekin batera beste gauza bat, errepresioa, latza: Poliziak militanteak kartzelatu arteko onik ez zuen, eta horrek, nahitaez, frankismoaren kontrako militante hasi berri askori atzera eragin zion.

Errepresio horren neurririk ez neukan, oraindik orain irakurri dudan arte. Hamaika hildako izan ziren 60ko hamarraldi hartan Madrilen…
1965ean gure militante bat, Jose Delgado Acero, kartzelan hil zen, torturen ondorioz, 21 egun zigor-zeldetan egon eta gero. Urte horretan bertan, ia hil zuten Ricardo Gualino, panfletoak botatzen ari zenean Getafen; Poliziak tiro egin eta masailetik sartu zitzaion bala. Enrique Ruano, 1969an hil zuten. 1972an, Cipriano Martos akabatu zuten: Reusen hil zen, guardia zibilen torturen ondorioz, eta ospitale txiki batean zenbait egunez hilzorian egon eta gero. 1975ean, Carlos Urritz Geli eta Jose Gomez Cesar balaz zauritu zituzten, bata Bartzelonan, bestea Madrilen, propaganda-lanean ari zirenean. Urte berean hil zen Eduardo Serra Torrent, Valentzian, torturen ondorioz, eta handik bi urtera Jaime Pazos Recaman Bartzelonan; bi kasuotan, gure alderdiko militanteen kontrako sarekada handi batean harrapatu zituzten. Esan dizut, basa izan zen errepresioa. Garai hartan, PCE (m-l)-ko militantez beterik zeuden espainiar estatuko kartzelak. Borrokalari suharrak ginen, eta batean eta bestean genuen jendea.

Zein zenituzten borrokaren helburuak?
Gure alderdiak eta FRAPek enuntziatu handiak zituzten: errepublika federatiboaren alde ginen, AEBen inperialismoaren kontra, demokrazia eta askatasunen alde, autodeterminazioaren aldarri egiten genuen, unibertsitate librea… baina, horiekin batera, bestelako borrokak ere bagenituen: autobusaren prezio-igoeraren kontra egin genuen behin. Autobus-boikota deitu genuen, eta gogoan dut egun hartan ez ginela autobusera sartu; gu oinez, autobusaren parean, eta barruan, berriz, guardia zibilak, fusil eta guzti! Semaforo baten alde ere borrokatzen ginen, auzoak hazten ari baitziren, baina guztiz modu kaotikoan, eta semafororik ere ez baitzuten jartzen ahalak eta leherrak egiten ez bazenituen. Beste behin, laranja-biltegirik ere erre zuten gure militanteek, biltzaileentzako soldata egokiak aldarrikatzeko: gauza guztien eta zernahi gauzaren alde borrokatzen ginen. Hala ere, guztiz gehiena, itomen haren kontra saiatzen ginela esango nuke.

Itomena?
Gau beltz haren kontra. Dena zegoen galarazia, ez zegoen arnasa hartzeko modurik, lehertzeko zorian bizi ginen. Familia handiak ginen etxe guztietan, lau-bost seme alaba toki guztietan, gazterik irten behar izan genuen etxetik ogi bila, ez zegoen familiaren sostengurik, familiak berak nahiko lan zuelako bere burua mantentzen! Biziaren alde borrokatzen ginen, eta, horrenbestez, diktaduraren kontra. Gure borroka geratzeko modu bakarra errepresio latz eta garratz hura zen. Ikusi besterik ez dago Franco hil ondoko garaiko mobilizaziotzar handi haiek, artean garbi ez zegoenean Poliziak ez zintuela tirokatuko. Eta, hain zuzen, horixe gertatu zen…

Zer gertatu zen?
Franco hil eta ondoko urteetan, 1975etik 1981era bitartean, Poliziak eta guardia zibilek 134 lagun hil zituztela, eta faxisten bandek, berriz, beste horrenbeste. Alegia, 300 pertsona inguru hil ziren eskubide demokratikoen aldeko borrokan!

1973ko Maiatzaren leheneko manifestazioan, polizia bat hil zen. Errepresioa areagotu zen. Handik bi urtera, FRAPeko komando batek Lucio Rodriguez polizia hil zuen. Ondoren, sarekada handia eta ehunka atxilotu. Tartean, zu. Handik egunetara, guardia zibil bat ere hil zuen FRAPek.

Bai… Jende asko ginen borrokan, eta estu hartu genuen erregimena. Eta, horrela, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Valentzian… zenbait ekintza burutu eta gero, erregimenak –ez Poliziak, ez Guardia Zibilak, erregimenak berak baizik–, maniobra hura abiarazi zuen, azkenean irailaren 27ko fusilamenduak ekarri zituena. ETAren ekintzak, eta beste batzuek egiten zituztenak, guk egin genituenei gehitu, eta erregimenak zigor eredugarri bat ematea erabaki zuen. Hortik, gero, Luis Eduardo Auteren Al alba (Egunsentian) kantuko “gose atzeratuarekin datoz”. Ondorioa, lau gerra kontseilu, ozta-ozta egindakoak, hilabetean korrika eta presaka, besterik gabe eta zehaztasunik ere batere gabe: hamahiru heriotza zigor eman zituzten lehenengo, gero hamaika, bost militante fusilatu zituzten azkenean…

Argazkia: Zaldi Ero
"Komisaldegitik ateratzeak sekulako poza eman zidan, hainbestekoa ze abokatuak niri esanagatik heriotza zigorra eskatu zidatela, ez bainintzen aztoratu”

Zer oroitza dituzu DGSkoak?
Terrorezko gaztelura sartzea zen hura. Segurtasun-neurriek eta Poliziak berak gorriak eta bi ikusiko zenituela adierazten zizuten. Eta gorriak eta beltzak ikusi genituen, bai, bederatzi egunez. [Polizia] sozialek ez zuten atertzen, inguratu egiten gintuzten, joka etengabe. Oso latza izan zen. Kartzelara sartzea atseden hartzea izan zen. Hori dena DGSn gertatu zen, baina ez dira horretaz oroitu nahi. Askotan igarotzen naiz DGS [Eguzki Atea, Madril] izan zenaren paretik, ikusten ditut zeldetako burdin hesiak, eta ilea lazten zait oraindik. Urte askoan, ezesatekoak gertatu ziren han, baina ez dago oroitzarik: 1808an frantsesen kontra borrokatu zirenak oroitzen dira, COVID-19ak hildakoak, Martxoaren 11ko atentatuetakoak, eta, aldiz, urte askoan eraikin zorigaiztoko hori zer izan zen –nor zegoen han, eta zer bihurrikeria egiten zituzten–, oroitzeko ezer ez dago.

Memoriaz ari zara, nonbait ere.
Memoria historikoa, esaten dute. DGS handixetik igaro ziren frankismoaren kontrako Madrilgo eta estatuko borrokalari asko. Diktaduraren eta torturaren kontrako museoa izan beharko luke, gorriak ikusi zituzten borrokalariak –batzuk bertan hil ziren, euskaldunek dakizuenez–, omentzeko tokia. Osasun publikoko afera izan beharko luke DGS era horretako museo bihurtzea, oinarrizkoa. Zorigaitzez, egitate horiek ezkutatzen saiatzen dira batzuk, historia desitxuratzeko, basakeria hura itxuragabetzeko.

Atxilotzea, isolamendua, tortura, gerra kontseilua…
Kartzelara sartu nindutenean ikusi nuen lehenbizikoz abokatua. Adiskide baten aurpegia, azkenean, hogeitaka egun eta gero! Horrek sekulako poza eman zidan, hainbestekoa ze abokatuak niri esanagatik heriotza zigorra eskatu zidatela, ez bainintzen aztoratu. Momentu hartan, adiskide baten aurpegia baizik ez nuen ikusten, nitaz kezkatua zen norbait. Ordurako, Poliziak esana zigun ez ginela erraz libratuko, aurrekoetan ez bezala gertatuko zela, heriotzak izango zirela. Poliziek eta beheko zeldetako funtzionarioek esan ziguten!

Eta lau gerra kontseilu, hamahiru heriotza zigor… Nahiz momentuan bertan heriotza zigor haietako bi kommutatu zituzten. Bat, neurea, 30 urteko kartzela zigorra eman baitzidaten; bestea, 25 urteko zigorra jasotako kidearena. Orduantxe jabetu ginen poliziek itaunketetan esandakoa, edo funtzionarioetako batzuek –beheko zeldetan sartu gintuztenean–, esandakoa, eta, are, sumarioen instrukzioek aditzera ematen zutena, betetzeko asmotan zirela. Hamaika heriotza zigor emanik ere, artean isolaturik eduki zituzten gure kideak, ez zieten uzten bata bestearekin hitz egiten, eta gu haiekin komunikatzen saiatu ginenean, Poliziak eta funtzionarioek galarazi egin ziguten, ez zietela patiora ere irteten utziko mehatxu egin ziguten. Itxura txarra hartu genion. Ez genuen uste dena hain azkar egingo zutela, ezta Bartzelonan eta Burgosen ere gerra kontseiluak egingo zituztela ere, eta are gutxiago hain baldarrak eta basak izango zirela, bost pertsona eraman baitzituzten fusilamendu pelotoiaren aurrera. Ez genuen halakorik usteko.

Nola jakin zenuen kideak fusilatu zizkizuetela?
Arratsaldeko zortziak, bederatziak aldera zeldara sartzen gintuzten. Artean ministro kontseilua ez zela amaitu uste dut [Irailak 26]. Ez genuen irratirik ez besterik, eta ez genuen hura azkeneko gaua izango zen kontzientziarik. Hurrengo goizean patiora irten ginenean, orduantxe benetako zauskada: heriotza zigorra kommutatutako kideak bai, irten ziren –Manolo Chivite, Manuel Cañaveras, Vladimiro Fernandéz Tovar...–, baina “Ostia!”, esan nuen, hiru lagun falta ziren. Izugarria izan zen. Eta isiltasuna nagusi. Irailaren 27ko goiza zen, eta han ez zen ez Baenarik, ez Ramón García Sanzik, ez Jose Luis Sánchez Bravorik. Orduantxe jabetu nintzen.

47 urtez, irailaren 27ro, Al alba, burkideak gogora ekartzeko garaia...
Irailaren 27an ez ezik, askoz gehiagotan ere ekartzen ditut kideak gogora. Egun askotan ikusten ditut, irudikatzen ditut. 47 urtez, irailak beti 27.

Bi urte eta erdi egin zenituen kartzelan. Dispertsioa zen orduan ere. Carabanchel, Cartagena eta Cacereseko kartzeletan eduki zintuzten 1977ko amnistia arte. Nola berregin zenuen bizimodua?

Gaizki, eta nekezia handian. Baina dispertsioa esan duzunez, halaxe ibili gintuzten, bata hona, bestea hara… Sakabanatzea, alegia: Kordoba, Ocaña, Puerto Santa María, Cartagena… Eta bazegoen alderik batetik bestera! Gero, amnistia legea eman zuten 1977an, eta kalera irten ginen. Eta abokatua hartu eta amnistia laboralari atxiki, eta atzera lehengo laneko tokira sartzen saiatu ginen, NCRn, legeak esaten baitzuen inor militantzia politikoagatik lanetik bota bazuten, atzera hartu beharra zeukatela. Baina enpresak ezetz, ez zegokidala, haiek ez nindutela kaleratu, neu joan nintzela argudiatu zuten. Eta bai, neuk alde egin nuen, baina Polizia atzetik zebilkidalako! Akabo, ba! Poliziak ni harrapatu baino lehen, ihes egin nuen!

Eta, hortaz, non lan egin zenuen?

Denetarik egin behar izan nuen: panfletoak banatu nahiz etxez etxe xaboia saldu. Denetarik. Eskerrak militantziari. Kartzelan izana nintzen, esperientzia latza bizi izana, eta indarturik atera nintzen espetxetik. Eta Franco hilik, borrokarako baldintzak zeharo bestelakoak ziren, errazago zen borrokatzea. Eta halaxe, aurrera egin genuen poliki-poliki. Etxerik ere ez genuen, eta lagunen etxeetan bizi izan ginen; batean, etxea utzi ziguten; bestean, familiaren batekin partekatu genuen. Hiru-lau urte arte ez genuen geure etxea errentatu ahal izan. Nire neska-lagunaren soldataren kontura bizi izan ginen, ozta-ozta, nekezian eta gabezian.

Eta militantzia?

Alderdiko militante ginen, eta noizetik noizera, kaseta jartzen genuen jaietako ferietan, eta han bildutakoak ere laguntzen zigun zerbait. Azkenean, horratik, lana inguratu nuen inprimategi batean, eta orduantxe arnasa. Baina ordurako, 1989 zen! Bitartean, estu eta larri bizi izan ginen urte askoan. Garai berean, alderdiak gogoeta sakona egin behar izan zuen, egoera zeharo aldatuta baitzegoen, eta dena birpentsatu behar izan genuen mugimendu marxista-leninistaren baitan. Eztabaida biziko sasoia izan zen. SESBren eredua desegin zen eta, guri zegokigunez, porrot egin zuen Albaniakoak, azukre koxkorra kafesnetan bezala urtu zen, kito! Bestalde, ez genuen bitartekorik, ez ginen eraginkor: zortzi-hamar orduz lan egiten genuen, eta horrez gainera, ezin askorik egin, eta 1992an alderdia desegin, eta nork bere militantzia bidea hartu zuen.

Frankismo garaiko presoen Komuna elkartean ari zara.

Bai, era askotako militantziak izan ditut, eta 2011z gero Komunan ari naiz. Chato Galante (Madrid, 1948–2020) preso ohi eta ekintzaileak proposatu zuen, eta ia 300 lagun bildu ginen Madrilgo institutu batean, batzarrean. Eta halaxe osatu genuen. Besteak beste, Argentinako kereilarekin bat egitea erabaki genuen, eta Buenos Airesen ere izan nintzen. Madrilen aurkeztu nuen kereila, eta 2013an Maria Serviniren aurrean berretsi. Argentinako enbaxadan egiten saiatu nintzen, bitan, baina bietan ere Espainiako Gobernuak galarazi egin zuen nire agerraldia.

Erraztasunik ez du eman Espainiako Gobernuak…

Denak har, kereila oztopatzen saiatu da. Batzuek, kereila aurkeztu nahi zuten; beste batzuek, berretsi, baina gobernuak ezetz: batean, esan zuen akordio hispano-argentinarretan halakorik ez zela jasotzen; bestean, formazko akatsa argudiatu zuen. Orduantxe erabaki genuen, talde handi samar bat osatu, Argentinara joan eta han bertan berrestea kereila. Hantxe zen, adibidez, Ascension Mendieta. Maria Serviniren kereilaren bitartez, aitaren gorpuzkiak hobitik atera eta Madrilgo hilerri zibilean ehortzi ahal izan zuen. Behin baino gehiagotan izan gara Buenos Airesen…

"Espetxetik ateratzean, etxerik ere ez genuen, eta lagunen etxeetan bizi izan ginen; batean, etxea utzi ziguten; bestean, familiaren batekin partekatu genuen. Hiru-lau urte arte ez genuen geure etxea errentatu ahal izan"

Behin baino gehiagotan?

Bai, eta aldiro zer edo zer lortu dugu. Mendietarena kontatu dizut, baina emakume horrena baino lehen, [Jesus] Muñecas [Aguilar] Polizia auzipetzea lortu genuen, eta Antonio López Pacheco; Polizia eta torturatzaile gogorrak, biak. Gure kasuan, 2013ko hartan, diktadurako 20 goi-kargu auzipetu genituen: Martín Villa, Fernando Suarez eta gure gerra kontseiluko epaile auditore Jesús Cesar Mohedano, besteak beste. Horiek denak erruztaturik daude, adibidez. Eta horretan gara, hainbeste borroka eta gero ere, borrokan, borrokaren bidez lortu baitira askatasun guztiak, borrokaz, odolez eta hilketaz. Gauza batzuk lortu ditugu, beste batzuk ez: herrien autodeterminazio eskubidea, esaterako.

Borroka omen da bidea.

Ez dago besterik. Gauza asko gertatzen ari dira. Hortxe gerra, inflazioa, Kataluniako errepresioa, Espainiako Estatu osoko errepresioa, titiriteroen kontra nahiz kantarien kontrakoa… Horretan ere ari gara, jakina, eta horrekin batera, lekukotasuna ematen ere bai, frankismoaren inpunitatearekikoak egiteko behin eta betiko, horrek arnasa emango bailioke demokraziari Espainiako Estatuan. Estatuaren eta diktaduraren estoldetatik datorren usteltze honek ez digu uzten egoera logiko batera heltzen. Horixe baita hitza, logikoa…

Logikoa?

Bai, ba. Hortxe dabil gobernua, 40.000 lagun tente jarrarazten, herrialde bat osoa pekoz gora jartzen, dendako leihoetako argia ez pizteko esanez, ez dutxatzeko, energia aurrezteko esanez… eta ez da gauza putaseme banda bat zentzatzeko, neurriz gain dirutzen ari direnak zentzabidean jartzeko. Ilogikoa da! Gauza dira 40.000 milioi espainiar estutasunean jartzeko, eta ez dira gai ehun gizatxarri aurpegi emateko! Eta, bitartean, hortxe ari dira horiek, dirutzen, gasaren eta argindarraren prezioak manipulatzen. Eta, bitartean, hortxe [Ignacio] Galán [Iberdrolako presidentea], urtean 13 milioi euro irabazten. Zer da hau, ordea? Non bizi gara? Ez da logikoa, ez da normala, eta frankismoaren inpunitatea ere ez da logikoa ez normala.

"Eta horretan gara, hainbeste borroka eta gero ere, borrokan, borrokaren bidez lortu baitira askatasun guztiak, borrokaz, odolez eta hilketaz. Gauza batzuk lortu ditugu, beste batzuk ez: herrien autodeterminazio eskubidea, esaterako"

Logikoa, ilogikoa. Txiki eta Otaegi biktima aitortuak dira EAEn. Zure kide Sánchez Bravo, Baena eta García Sanz, aldiz, ez, Espainiako Estatuan.

Euskadin kontzientzia politiko handiagoa duzue. Baita Katalunian ere. Esaterako, Kataluniako parlamentuaren lege batek frankismo garaian han izandako epaiketa eta gerra kontseilu guztiak arbuiatu zituen. Tartean dira Puig Antichena eta Txikirena. Espainiako Estatuan, horretan gara, Memoria Historikoaren legearen zain, orduko garaiko gerra kontseilu guztiak baliogabetzeko. Laster jakingo dugu zer onartzen duten. Bitartean, eta nire kasuan, ikus eta sinets!

Ez zara fida.

Ez dago fidatzerik. Gure problema da frankismoak Madrilen indar handia izan zuela, eta indar horrixe eutsi nahi diola beti: indar ekonomikoa, militarra, poliziala, judiziala… era guztietakoa. Beldur handiz ezarritako indarra da, zeren errepresioa basa izan baitzen Madrilen, basakeria hutsa. Eta manifestazioetan, grebetan, kontroletan, tortura-saioetan eta gisakoetan DGSn eta kartzelan hildakoak, nahi beste izan dira. Eta gaur egun, egin manifestazioa, eta badira urtea espetxean egin behar izan duten gazteak. Edo neurriz gaineko diru-isunak jaso dituztenak; disuasio-isunak dira, jakina. Gazte bati 600 euroko isuna jarri, eta akabo da. Edo hiru egun edukitzen badute Polizia-etxean, galdua du lana. Errepresioa bereziki latza da Madrilen.

ZERBITZU SEKRETUEN PSOE
“Gure alderdiak militante asko zituen. Ez ginen bakarrak. Hortxe ziren PT, ORT, Liga Comunista… PCEren edo PSOEren itun eta adiskidetzeetatik kanpo geunden. PSOEren birmoldaketa diktaduraren zerbitzu sekretuen lana izan zen, diktaduraren tresna bihurtzea. Carrero Blancoren garaiko PSOE zerbitzu sekretuen esku zegoela esaten zen. Felipe González-eta Poliziak eskoltaturik joan ziren Suresnesen (Frantzia) egin zuten biltzarrera. Maniobra orkestratua izan zen".

MARTIN VILLA
“Eta harrapatu egin behar dugu Martín Villa, eta epailearen aurrera eraman, eta galdetu: ‘Zer agindu zenuen 1975eko irailaren 27an, Juan Paredes Manot fusilatzera zihoazenean?’. Zeren Martín Villak aginduak eman zituen, Bartzelonako gobernadore zibila baitzen. Aginduak eman zizkion Poliziari eta guardia zibilari eta batzuei eta besteei, asasinatze hura baimentzeko. Eta hori konplizitatezko asasinatzea da. Horixe nahi dugu, Martín Villa epailearen aurrera eraman, eta defendi dezala bere burua”.

AZKEN HITZA

LEKUKOTASUNAK
“Gerra garaiko lekukotasunak bildu dituzte, senideen eta artxiboetako agirien bidez. Gurea, berriz, lekukotasun zuzena da, bizia. Ni torturatu egin ninduten, masakratu, gerra kontseiluan epaitu, batere bermerik gabe. 30 urteko zigorra ezarri zidaten, diktaduraren kontra egiteagatik! Eta nire lagunak, akabatu egin zituzten! Nahitaezkoa da gure testimonioa besterentzea, eta hargatik bihurtu dugu gure militantzia memoriaren aldera”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude