Azkar, eder eta zikin


2025eko abenduaren 25ean - 13:16
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pentzauko jatzu 
Non: Arrasateko (Gipuzkoa) baserri batean. 
Noiz: Azaroaren 15ean.

-------------------------------

Hilabete konplikatua izaten da niretzat azaroa. Barrurako izaten dut gorputza, neguko hibernazio beharra deiadarka. Agendak, baina, nekez ematen dit tregoarik. Loarekin joaten ez den neke mota hori begitartean pilatzen zaidan hilabetea da azaroa, ezbairik gabe. Aurten ere arrastaka heldu naiz hilabetearen erdira, baina hamabosgarrenak arnasa hartzeko aukera bat ekarri dit opari: lagun batzuk osatu duten taldearen lehenengo kontzertua, Arrasateko mendi magalean kokatutako baserri batean eta lagunartean. 

Baserriko ate aurrean soinu ekipoa prest eta jende taldetxoa bilduta egon da heldu garenerako. Rural mamarratxeoa izan da taldekideek zehaztutako janzkera kodea eta zintzo egin diogu kasu; nahasean dira mahoizko prakak, animal print estanpatuak, saretadun topak, adarbakarrak eta mendiko botak. Eta estetika, apaingarri hutsa baino, Pentzauko Jatzu laukoteak gorpuzten duen proposamenaren ispilu da. Rural mamarratxeoak hiru ardatz elkartu, nahastu eta berresanahitzen baititu: landa eremua, kuirtasuna eta punka. 

Baserriaren atarian aterpe hartu eta ekin diote kontzertuari, espazioa, lurra eta elkar zaintzeko ohar batzuk eman ondotik. Zortzi abestiko zerrenda osatu dute, abesti propioak eta bertsioak tartekatuta. Errenkadan etorri zaizkigu punk doinu klasikoak aldarri eraberrituekin (Eskorbuto hecho por gordas) eta berriagoak aldaera propioekin (Perlata taldearen Tu presencia), baita ezagun zaizkigun beste hitz batzuk punk doinuetan ere (Ain_1 talde arrasatearraren bertsio bat eta Ekhiñe Eizagirreren poema bat). Eta sortu dituzten lau abestiak ereserkiak dira, mendi magalean gogoz ulu, nahieran salto eta elkarrekin dantza egitekoak. 

Gorazarre batean nahastu zaizkit esaten dutena, sortzen dutena eta gorpuzten dutena. Bai, Pentzauko Jatzu gorazarre bat da. Gorazarre bat erratzeari, errari ibiltzeari eta errabiari. Kuirtasunaren munstrotasun ederra eta landa eremuaren basa, punkaren azkartasunarekin elikatzen dituen gorazarre bat. Ulua eta dantza, amorrua eta maitasuna, autogestioa eta plazera txirikordatzen duten espazioei gorazarre bat. 

Gorputzaldiari guztiz buelta emanda heldu naiz etxera. Konbentzituta, azaroko neke honi, loak baino, dantza kolektiboak ematen diola errazago buelta. Zehatzago esatera, dena suntsitzeaz eta lubaki gozagarriak eraikitzeaz ari den musikak sortzen dituen dantza kolektiboek. Gure aukera gozatzea da, margotu ezin daitekena margotzea esanez bukatu da azken abestia. Eta gure bulegoan dagoen pegatina etorri zait gogora: “Subertsio-dosi gozagarri batek zerbait erreal bihurtzen nau”. Eta arnasa ematen digu, barru-barrutik. 


Eguneraketa berriak daude