"Antropologia ikasi, eta Psikologia masterra egitea daukat buruan"

  • Behinola, whatsapp mezua elkarrizketa eske guri. Baina, egiaz eta begiaz, eske zetorkigunak berak zuen elkarrizketa bat ederra. Gizartearen harat-honatek ezkutatzen diguten errealitate elbarriaren lekuko da Eugeni Alzibar Etxeberria: %95ean desgaitua den arren –omen–, %5 horri berealdiko etekina ateratzeko gauza da. Unibertsitatera bidean da egunotan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

25 urte dituzu, unibertsitatera sartuko zara oraingo irailean…
Gizarte antropologia ikasten hasiko naiz, hamaika buruhauste ibili eta gero, zeren nik Psikologia ikasi nahi izan baitut beti. Egia esan, ez dakit nola egin dudan erokeria hau, Antropologia ikastea, alegia… Kontua da Psikologia Osasun zientzietan sartua dutela, eta unibertsitaterako sarbide froga prestatzen hasi nintzenean, jakin nuen gai espezifikoetan Kimika eta Biologia eskatuko zizkidatela. Eta horiek prestatzen hasi nintzen, Helduentzako hezkuntza bukatu eta gero.

Unibertsitateko sarbide froga prestatu zenuen Helduen hezkuntzan?
Bai. Hogeita bi urte nituela bukatu nuen DBH, eta neure buruari esan nion hiru urtez sarbidea prestatuko nuela, zeren ez baineukan ez batxilergorik ez besterik ikasten hasteko gogorik. Horretan hasi nintzen, beraz, baina pandemia etorri zen orduan, eta Kimika eta Biologia ikasteko gogoa joan zitzaidan. “Ba!, pasatuko da, nik Psikologia ikasi nahi dut!”, pentsatu nuen. Baina oker nengoen, ez zen pasatu, Kimika eta Biologia ikasteko gogoa ez zitzaidan itzuli. Eta halako gau batean, ohean, neure burua negarrez ikusi nuen.

Negarrez? Zer dela-eta?
Nik badut gauza bat, guztien gainetik: ezin dut neure buruarekiko zalantzarik eduki. Ezinezkoa zait. Kakagura ematen dit zalantzak. Eta neure buruari esan nion: “Aizu, mutiko!, zer ikasi nahi duzu? Euskal Filologia? Ba egin Euskal Filologia!”, holaxe esan nuen. Zer gertatu zen? Euskal Filologia egin ahal izateko sarbide frogari buruz galdezka hasi nintzenean, esan zidaten: “Badakizu Euskal Filologia Gasteizen egiten dela, ezta?”, eta nik, txakurra baino lasaiago: “Bai, badakit, baina etxetik egingo dut”. Eta haiek: “Ez, ez, klaseak presentzialak dira”…

(...)
Gogoratzen naiz aste hartan oso gaizki pasatu nuela. Egonezin moduko bat izan nuen. Kontsolamendu bakarra nuen: “Tira, azkeneko momentu arte ez dut erabaki beharrik”. Horixe ibili nuen kontsolamendu. Aitarekin hitz egin nuen eta esan zidan gauzak horrela baziren hobe nuela aukeratu Donostian egiteko moduko karrera bat. Nik Soziologia edota Pedagogia hartu nituen gogoan: “Egin ezazu Soziologia!”, esan zidan aitak. Eta aitak zerbait esaten badu, ez dago besterik galdetzen ibili beharrik, ez zergatik ez zertarako, holaxe da eta kito.

“Ecuador kapital Quito”, esaera denez, eta Xabier Letek poema baten amaieran idatzi zuenez.
Kar, kar… Hori ez nekien! Kar, kar… Kontua da aitak beti egiten dizkidala gomendioak. Hortaz, interneten begiratzen hasi nintzen: “Soziologia… Bilboko fakultatea!”. Arraioa! Negargura berriro! Orduan, Donostian egin nitzakeen ikasketa guztien zerrenda hartu nuen, eta hantxe, Gizarte antropologia ikusi nuen. “Ez dago besterik pentsatu beharrik!”. Eta holaxe. Antropologia ikasi, eta Psikologia masterra egitea daukat buruan. Ikasi nahi nuena ikasiko dut, azkenean! Irailean hasiko naiz. Ilusio handia dut, horixe nahi nuen aspaldi, ez nuen uste sarbide froga gaindituko nuenik. Ez zen erraza. Unibertsitatera sartzea opari bat izan da niretzat.

Argazkia: Dani Blanco
"Niri ez zait maitasun fisiko goxorik tokatu. Denak ere pikutara botatzeko modukoak! Esaten didate etorriko zaidala maitasun fisiko hori ere, eta etorriko da...
edo ez!”

Zaila da delako sarbide froga?
Ez dakit zaila den ere, da intentsoa, oso intentsoa: bost azterketa egin behar izan nituen, egun berean! Bost gai, bost azterketa! Goizean, ikasgai komunak –Gaztelania, Testu iruzkina, Euskara eta Atzerriko hizkuntza; ingelesa, nire kasuan–, eta espezifikoak arratsaldean; Geografia eta Historia, nik. Egia da ez nuela Geografia kasik batere ikasi beharrik izan, Helduen hezkuntzan eta Aspacen ikasgai hori lehenago ere ondo jorratua nuelako: 8,1 atera nuen.

Ikasle argitzat duzu zeure burua, ikasle adimentsutzat zaituzte?
Ez dakit, ba! Uste dut gehiago aprobetxatu beharko nukeela nire askatasuna. Ikasketak egiteari dagokionean, esan nahi dut. Zerbait interesatzen zaidanean, ikasketak egiten baino askoz ere gehiago saiatzen naiz. Ikasi behar dudanean, mugak izaten ditut, ikasi nahi dudanak behar baino denbora gehiago eskatzen dit beti. Eta zuk galdetu baino lehen esango dizut zein den lehenengo muga: alferkeria! Ez da dudarik horretan!

Ikasteko garaian alferkeria ez da harrigarri, gustuko dituzunak bezainbat dira gogoz kontrakoak.
Egia aitortuko dizut, sarbide froga dela-eta, ondo pasatzera joan nintzen azterketara. Eta halaxe joango naiz unibertsitatera ere, ondo pasatzera. Egingo dudan azkena izango da neure burua estutzea. Ondo pasatzera joango naiz, nire onena emango dut –jakina, baietz–, baina urduritasuna? Zero! Antsietatea? Zero! Gainera, ez urduritasunak ez antsietateak lagunduko dizute ezertan; ezertan ez. Sarbide froga egiten ere oso ondo pasatu nuen. Laguntzaile bat nuen ondoan, gela bakarrean gu biok bakarrik. Horrek ere asko lagundu zidan lasai-lasai egoten. Oso gogoan daukat oso ondo tratatu nindutela unibertsitatean. Ura eman zidaten, lerdea kendu, bazkaria ematera aita etorri zitzaidan… Nik unibertsitatean ikasi nahi dut, baina beraiek ere nik han ikastea nahi dute. Oso gustura egon nintzen.

Sarbide froga egin zenuenean, ondoan laguntzaile bat izan zenuela esan diguzu. Egiteko guztietarako behar izaten duzu laguntzailea? Azterketak egiteko, komunera joateko, zeure burua garbitzeko…?
Bai. Menpekotasun totala daukat, %95ekoa, baina ez dut egunerokoan askorik nabaritzen, ohituta nagoelako, nire bizitza halakoxea delako. Hala ere, ordenagailuaren aurrean, adibidez, neuk bakarrik lan egin ezinik ez dut: sagua kokotsarekin ibiltzen dut, teklatua sudurrarekin… Unibertsitatean ere laguntzailea izango dut, baina ez gela barruko lanetarako, fakultatera joaten naizenean ni autotik gelara eramateko baizik, edota klasetik klaseko tarteetan komunera eramateko… Apunteak hartzeko, berriz, aplikazio bat du EHUk, eta ikasle boluntarioek hartutako apunteak jasoko ditut.

Menpekotasunak mugak dakarzkizu, era bateko eta besteko hesiak, noiz oztopo fisikoak dira, noiz gure ezin afektibo edo bestelakoak...
Ez dut horretaz askorik pentsatu, zeren neure egoera normalaren barruan bizi baititut horiek denak. Elbarritua naiz, argi dago, ez zait inporta halaxe esatea. Beste batzuei ez zaie gustatzen: “Aizu!, ez niri elbarria deitu!”. Niri, berriz, ez zait inporta, elbarria naiz bizi guztiko, halaxe izango naiz beti. Hitz oso polita iruditzen zait, zer esango dizut, ba! Oztopo fisikoen aldetik oso ondo moldatu naiz gehienetan, zeren inork atzetik besapeetatik heldu eta lasai-lasai ibili naiteke. Badut adibide interesgarri bat: komunera joateko garaian, toki publiko askotan egokitu egin dituzte komunak, baina askotan haietan ez naiz aise moldatzen. Bitxia da, ezta?

Argazkia: Dani Blanco
“Eugeni, zu tontoa zara! Youtuberra da bideoak egiten dituena Youtube kanalean!”. “Hara!, hemen mundu oso bat dago!”, pentsatu nuen, baina burutik pasatu ere ez elkarrizketak egin behar nituela! "

Zer esan nahi duzu?
Pertsona handientzat eginak daudela, komun egokitu gehienek zulo handia dutela, adineko pertsonentzat pentsatu dituztela eta ni han kilin-kalan ibiltzen naizela. Urduritu egiten naiz, eta ez dut txizarik egiten! Orduan zer? Komun estuetan sartzen naute, eta han askoz hobeto moldatzen gara! Kontrapuntu bitxia, ezta? Egia da komun egokituek dimentsio normaleko zuloa-eta dutenean, hantxe sartzen garela, logikoki!

Zer diozu gure ezin afektiboez, psikologikoez-edo...
Ez dut “psikologiko” hitza erabiliko, desgaitasuna ez duzuenekiko enpatiaz.

Hitz hori erabili gabe, hortaz.
Egia da gero eta enpatia handiagoa duela jendeak, eta, bestalde, gehiagotan ikusi dut besterekiko enpatia eza, nirekikoa baino. Ni beti oso ondo tratatu naute. Baina inoiz gertatu zait bestelakorik ere… Adibidez, elkarrizketa bat proposatu baten bati whatsappez, eta esan izan didate: “Niri? Zer dela-eta niri? Zer kontatu behar dizut? Ni ez naiz inor”. Eta neure buruari esaten diot: “Zein gutxi maite ditugun geure buruak! Nola esango dugu, ba, ez garela inor! Pertsona gara, eta beti izango gara!”. Behin, horixe erantzun nion bati, suminduta ni: “Ez zara inor? Zer zara, ba? Mamu bat, zerutik ilunpetan jausia?”. Eta blokatu egin ninduen.

Blokatu egin zintuen? Nola hartu zenuen?
Nik? Hor konpon, marianton!

Kar, kar… Ikasia zara euskaraz, maila hein bat jasoa duzu.
Esango dizut: Moskun jaio nintzen. Hogeita bi hilabete nituela adoptatu ninduen familia euskaldun batek, nire bi anai-arrebekin batera, Maxim eta Nina. Euskara dut ama-hizkuntza, Moskutik natorren arren. Bi urterekin etorri ginen, edo ekarri gintuzten Tolosara. Eta Tolosan hazi ginen, euskaraz nahitaez, baina, paraleloan, gaztelaniaz ere bai Aspacen, zeren bi urtez gero Aspacera joaten hasi nintzen. Batera ikasi nituen biak. Euskaraz ondo dakit, oso ondo ere, eta ikaragarri maite dut euskara, baina bizitzaren zirkunstantziek gaztelania sakontzera eraman naute, gaztelaniaz egin ditut ikasketak; irakurri ere, asko gaztelaniaz.

Haatik, ohi baino maila jasoagoa duzu euskaraz.
Gaztelania sakontzeko etapa hori bukatu da. Esate baterako, aitaren animoek lagunduta, karrera euskaraz egingo dut. Niretzat, erronka moduko bat da, gaztelaniaz ikastetik euskaraz ikastera joko dut, eta hor euskara gehiago ikasiko dudala uste dut. Nire euskara mailaz galdetu didazunez, esango dizut Aspace eta gero institutu batera sartu nindutela; heziketa bereziko gelan nintzen, betiere. Esan zidaten euskara maila bat gainditzeko gaitasuna nuela. Txantxa bat egin zidaten… eta haserretu egin nintzen, zeren A2 mailako euskara azterketan eman baitzuten nire izena. Zera pentsatu nuen: “Lehenengo profila izango da, deputamadre!”.

Eta?
Azterketa egin, eta gainditu nuela, baina gero jakin nuen lehenengo profila B1 zela. Eta urak eta suak hartu ninduten! Ekaina zen, deialdi berrien garaia, beraz, eta neure buruari esan nion: “Ondo da! Orain, institutuko inori ezer esan gabe, B1 saltatu eta B2 azterketa egitera joango naiz”. Aitari esan nion, eta aitak: “Bai, uste dut maila badaukazula, baina esan institutukoei”. Baina nik ez nien esan. Izena eman nuen, azterketa egin, eta B2 atera nuen. Harrezkero, hirutan saiatu naiz C1 ateratzen, baina ez dut lortu. Hori ere karrera euskaraz egiteko arrazoia izan dut, euskara gehiago sakontzeko aukera emango didala uste dut… Egin ditudan elkarrizketek ere asko erakutsi didate, eta pailazoekin egindako saioek ere bai.

Nolatan ekin zenion elkarrizketak egiteari… Ehunka dituzu eugenialzibar.com gunean...
Txikitan, programa bat aurkeztera jolas egiten nuen. ETB1 asko jaso dut, Tolosan. Zu Sautrela-n ibili  zinen –badakit–, eta Sautrela esan eta haurtzaroa datorkit gogora, zeren garai hartan horixe zen ETB niretzat: Sautrela, Goenkale, Betizu, Teknopolis, Amama sukaldari… Orain saio berri pila dago, ondo dago, baina gure ETB lehengo hura da. Programa asko ikusten nituen, eta bukatzen zirenean, berriz, tristurak hartzen ninduen, eta tristuraren kontra, sofatik jaitsi eta neure telesaioa aurkezten hasten nintzen; aurkezleak imitatuz, alegia. Eta Tolosatik Aspacera Donostiara autobusean etortzen hasi nintzenean ere, bidean neure telesaioa egiten nuen, neure irudimenean, jolasean, baina egin egiten nuen! Gero, etxera heldu eta programazioa idazten nuen...

Txikitako jolasetik handitako elkarrizketetara jauzi egin zenuen duela urte batzuk.
Orain dela bost urte, youtuber hitza aditu nuen. Zera pentsatu nuen: “Youtuber?… Eguna bideoak ikusten ematen dituena izango da”. Ezta arrastorik ere, alegia. Lagun batek esan zidan: “Eugeni, zu tontoa zara! Youtuberra da bideoak egiten dituena Youtube kanalean!”. “Hara!, hemen mundu oso bat dago!”, pentsatu nuen, baina burutik pasatu ere ez elkarrizketak egin behar nituela! Zer egin nuen, hala ere? Pirritx eta Porrotxeko kantaria elkarrizketatu, Joli Pascualena. Grabagailua hartu,  elkarrizketa egin, txukundu, eta igo nuen Youtubera. Gero, Nerea Aliasi egin nion, gure amaren ikaslea zen, eta ezagutzen nuen. Hurrena, Pirritx, Teresa Andonegi, Oihana Arana, Leire Vargas… Asko. Sare sozialetan eta han eta hemen arakatuz aukeratzen ditut elkarrizketak.

Argazkia: Dani BlancoArgazki oina

Hainbat poema dituzu sareko zure webean. Hortxe maitasunaren nekeak eta penak, eta, are, maiteminaren…
Terapia bat da, eta asko laguntzen dit. Jolasean hasi nintzen. Ikusten nuen jendea sare sozialetan idazten, argazkiak jartzen, hau eta hura egiten, eta nik ere halakorik egin nahi izan nuen. Baina hasieran idazten nuena ez da poesia, da prosa, gerora ikasi dut poesia lantzen. Hori esanda, poemak idaztea da bikotekidea izatea bezala, zeren papera hortxe dago –nahi duzunean, gainera–, ez duzu poemarekin sexurik edukiko, baina, berdin du, mundu honetan dena ez da sexua, eta poemak nire bikotekideak dira.

Papera ez den bikotekiderik izan duzu?
Bai...

Maitemindu zara?
Askotan.

Askotan?
Bai, orain ere halaxe nago, maiteminduta. Etengabe maiteminduta bizi naiz.

Kar, kar…
Askotan, maitasun horiek platonikoak dira.

Nireak ere halaxe izan ziren lehenengo, platonikoak. Maitasun fisiko goxoak etorri ziren arte…
Baita hori ere! Baina niri ez zait maitasun fisiko goxorik tokatu. Denak ere pikutara botatzeko modukoak! Esaten didate etorriko zaidala maitasun fisiko hori ere, eta etorriko da... edo ez! Nik badakit nirekin maitemintzen dena oso pertsona sakrifikatua izan behar dela, nire beharrengatik: komunera eraman, jaten eman… Gogoratzen naiz hemengo arreba Eiderrek –hemengo amak gu adoptatu baino lehen izandako alaba biologikoa–, esan zidala behin: “Zuk ere izango duzu bikotekidea egunen batean”. Nik ezetz erantzun nion, ezinezkoa dela, eta berak, galdetu zidan: “Zergatik esaten duzu ezetz?”, “Niri dena egin behar zaidalako, momentu guztietan laguntza behar dudalako ezer egiteko ere! Ez dago hori egingo duen mutilik”, zeren, esango dut, mutilak gustatzen zaizkit. Eta Eiderrek: “Dena delako mutila zutaz maiteminduta baldin badago, dena maitasunez egingo dizu, obligaziorik gabe!”. Orduantxe argitu zitzaidan eguna: “Arraioa, orduan nik ere bikotekidea izan dezaket!”.

Elkarrizketan behin baino gehiagotan aipatu duzu aita [Joxe Ramon Alzibar], oraintxe artetxe ez ama, Eiderren ama, zeure “hemengo ama”.
Amak izena zuen Izaskun Etxeberria, Anoetakoa.

“Izena zuen”?
Orain dela zortzi urte hil zen, minbiziaren ondorioz. Eta hura mina! Bizian eman didaten ostikorik handiena izan zen. Baina hortik ere ikasi nuen. Behin baino gehiagotan galdetu izan didate: “Nola egin ahal izan duzu aurrera zure egoeran?”… Eta nik pentsatzen dut ez dagoela besterik, aurrera egiten duzula besterik ez dagoelako, bestelako irtenbiderik ez, bizitzak berak aurrera egitera behartzen zaituela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-03-31 | Tere Maldonado
Mezu subliminalak

Mezu subliminalak hartzailearen kontzientziarentzat hautemanezinak diren noranzko bakarreko komunikazioak dira, eragina izan dezaketenak haren nahimenean, portaeran edo pentsamendu kontzientean. Horregatik, mezu subliminal eraginkor bat izate hutsa manipulaziotzat har daiteke:... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Irakasleek (ere) aurreiritziak dituzte eta ikasleen notetan eragiten dute

Irakasleek nota hobea jartzeko joera dute klase altuko ikasleei, neskei eta, laguntze aldera, migratzaileen seme-alabei, baina epe luzera, migratzaileen seme-alaba horiengan espektatiba akademiko txikiagoak dituzte, baita baldintza sozioekonomiko okerragodun haurrengan ere. Hori... [+]


Katalunian protesta, hemen paso

Kataluniako Hezkuntza Sailak (ERC) bertako ebaluazio diagnostikotik ahozko proba kentzea erabaki zuenean, segituan altxa ziren horren kontrako ahotsak: Junts alderdiak, Intersindical sindikatu independentistak eta Plataforma per la llengua eragile sozialak ikasleen ahozko... [+]


Eguneraketa berriak daude