Armagintzaren negozio iluna argitara

  • Zergatik sartzen da harri-harrobien sektoreari lotutako Aperribay familia armagintzaren industrian? Nola lortu du ordutik SAPAren moduko enpresa txiki batek bizirautea handien esparru den sektorean? Zein babes izan ditu erakundeetan edo alderdietan? Zeintzuk dira armagintzaren negozioaren alde ezkutuak? Galdera horiek izan zituzten abiapuntu Gasteizkoak talde antimilitaristak eta Antimilitaristak EH plataformak SAPA Taldearen eta Aperribay familiaren jarduna ikertzen hastean. Eta uste baino informazio zein azpijoko gehiago aurkitu dute bidean, txosten arin gisa irudikatzen zutena liburu mardul bilakatu behar izan baitute. La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí (Aperribaytarren SAPA. Gerra hemen hasten da) ikerketak jasotzen duena laburbilduko dugu hurrengo orrietan.

Shu Otero
Shu OteroShu Otero

SAPAk [Sociedad Anónima Placencia de las Armas] bost mendeko historia badu ere, ikerketa 1985ean hasten da, Joaquin Aperribay Elosuak enpresaren zuzendaritza hartu zuen unean. SAPA krisi betean zegoen 1981etik, 1982an galerak deklaratu zituen historian lehen aldiz, baina 1984an kapital-zabalkuntza handia onartu zen, eta testuinguru horretan bilakatu zen Joaquin Aperribay enpresaren akziodun nagusi. Denbora tarte laburrean osatu zuten liburuak SAPAren ziklo berriko “nukleo gogor” izendatzen duena: Joaquin Aperribay Elosua bera; bere seme Jokin eta Ibon Aperribay Bedialauneta; Enrique Falco Carrión [jatorri nobleko familia baten kide]; Alejandro de Calonje Hoces [militarra eta militarren familia bateko kide]; eta Gabriel Peña Aranda.

Joaquin Aperribay eta Trantsizioa

Ziurrenik Jokin semea da herritarrentzako Aperribay familiako kide ezagunena, Reala futbol taldeko presidente izateagatik, baina Joaquin aitaren curriculuma ez da nolanahikoa: harri-harrobien arloko enpresari, Realeko presidenteorde semea presidente bilakatu aurretik, Debako alkate 1967-76 aldian... eta esparru politikoan harreman sare anitz baten jabe (Adolfo Martín Villa edo Marcelino Orejaren “konfiantzazko gizon”, bilerak egindakoa da Juan María Bandrés eta Iñaki Esnaola abokatuekin edo Manuel Fraga eta Adolfo Suárezekin, besteak beste).

Nola lortu zuen Aperribayk SAPAren agintea hartzea, eta enpresa txiki ahul hura berpiztea? Egileen ustez, Aperribayri SAPA “entregatu” zitzaion Trantsizio garaian “Espainiako Gobernuari egindako mesedeen ordain gisara”. Zehazki, bere harreman sare zabala baliatuz euskal gatazkaren, presoen eta iheslarien eremuan eginiko gestioengatik. Bi motatako laguntza izango luke jasoa, hipotesi horren arabera: lehenik, akziodun nagusi bilakatzeko dirua lortzeko finantzazioa; bestetik, Espainiako Defentsa Ministeriotik armagintza enpresarako eskariak ziurtatzea.

"Enpresa estrategiaren zutabeetako bat 'babes politikoen sare zabal eta askotarikoa sortzea eta kontserbatzea' litzateke"

SAPAren bilakaera ekonomikoa

SAPA laster hasiko da indartzen jabe berrien eskutik, nagusiki enpresaren modernizazio planari eta Espainiako Defentsa Ministerioaren eskariei esker. 2000ko hamarkadan eraldaketa fase berrian murgildu zen enpresa, jada Joaquinen seme Jokin eta Ibonen gidaritzapean: SAPA Taldea eratu zuten, propio sortutako eta funtzio ezberdinak dituzten hainbat enpresa berriz osatuta (esaterako, I+G militarra egiten duen Centro de Excelencia PID enpresa, 2002an sortua). 2010eko hamarkadan negozioa Espainiako Estatutik kanpo egiteko joera nagusitzen da: 2015ean esportazioak fakturazio osoaren %0,82 baziren soilik, 2020rako erdia baino gehiago dira, %60,73.

2020ko hamarkadarako SAPA teknikoki “talde kontsolidatu” deitzen dena da, bederatzi sozietatek osatuta. Jabetza Aperribaytarrena da %72an (%18na Joaquin aitak, eta Jokin, Ibon eta Mari Iciar seme-alabek). Horrez gain, taldea hainbat aldi baterako enpresa elkarteren (ABEE) parte izan da eta  enpresa gehiagoren akzioak ditu edo izan ditu, ustelkeria kasu handiekin lotuta egon direnak. Esaterako, 2017an Espainiako Gobernuak Defex armagintza enpresa likidatzea erabaki zuen, besteak beste Auzitegi Nazionalak bi prozedura zituelako irekita bere aurka. Horietako batean enpresaren zuzendaritzari leporatzen zitzaion legez kanpoko komisioetan 20 milioi euro baino gehiago kobratu izana Kamerun, Saudi Arabian, Egipton eta Brasilen egindako armen salerosketengatik. Defex enpresa publikoa zen %51n. Alde pribatuan, SAPAk akzioen %8,16 zituen, une horretan Ibon Aperribay administrazio kontseiluko kide zen, eta aurretik Joaquin zein Jokin Aperribay izan ziren zuzendaritzako kide.

2020an salmentetan Espainiako Estatuko bederatzigarren enpresa zen SAPA, eta 2018-2020 hirurtekoan 10.806.313 euroko irabaziak deklaratu zituen. Horrenbeste sozietatez osatuta dagoen eta hamarnaka milioi euro mugitzen dituen enpresak 191 langile zituen guztira hamarkada hasieran, eta antimilitaristek datu hori azpimarratzen dute, armagintza industriaren aurka ez egiteko erabiltzen den argudio nagusietakoa sortzen dituen lanpostuak izaten baitira.

Jokin Aperribay
Espainiako armagintza enpresa handienaren zuzendaritzan

Ekainaren 23az geroztik INDRAko administrazio kontseiluko kide da Jokin Aperribay  Bedialauneta Realeko presidente eta SAPAko zuzendaritzako kidea. 120 milioi euro inguru inbertitu ditu SAPAk 2021eko irailetik hona Espainiako Estatuko armagintza enpresa nagusienaren administrazio kontseiluan eserlekua lortzeko, akzioen %8 erosita.

INDRAk 51.000 langile ditu munduko hamarnaka herrialdetan, eta IBEX 35ean kotizatzen du. Centre Delás bakearen aldeko ikerketa taldearen arabera, INDRAren bezero nagusia Espainiako Armada da, baina parte hartze zuzena du munduko hainbat gatazkatan, esaterako, Saudi Arabiak Yemenen zibilen aurka erabiltzen dituen armen ekoizpenean. Europako mugen militarizazio politiken onuradun nagusietakoa ere bada. Hesiak eraiki eta mantentzeaz arduratzen da, adibidez Ceuta eta Melillan, eta mugimenduen kontrolerako puntako teknologiak garatu ditu.

 

‘Lortzaileak’

SAPA adibide bezala hartuta, oro har armagintzaren industriak negozioa egiteko dituen moduak ikertu eta azaltzen ditu liburuak. SAPAren estrategian bi zutabe nabarmentzen ditu: harreman politiko ahalik eta zabalenak izatea, eta egileek “lortzaile” (conseguidores) deitzen dituenen ezinbesteko papera.

Lortzaileak kontratuak, abantailak edo informazioa lortzen dituzten pertsonak dira, armagintzaren sektore publiko zein pribatuan dituzten harreman, sare eta ezagutzari esker. Ate birakarien fenomenoarekin ere lotura duen funtzioa, askotan alor publikoan postu oso garrantzitsuak bete dituzten pertsonak baitira armagintzaren enpresa pribatuek ondoren fitxatzen dituztenak.

Agintea hartu eta jarraian, Joaquin Aperribayk Gabriel Peña Aranda sartu zuen SAPAren administrazio kontseiluan: hainbat kargu politiko izana frankismoan, armagintzaren enpresa publikoen administrazio kontseiluetako kide, edo ingeniari bezala arma berrien garapenean lan egindakoa, besteak beste. Liburuaren arabera, lekukoa Pedro Morenések hartu zion 2002an, Peña Aranda hiltzean. Morenés kontseilari izana zen armagintzako hainbat enpresa pribatutan eta Espainiako Defentsa ministroa PPrekin, besteak beste. Liburuak SAPAren aldeko hainbat erabaki deigarri lotzen ditu Morénesen esku hartzeekin (lehiarik gabeko kontratuen esleipena edo aldaketak mailegu publikoen baldintzetan, esaterako).

Leopard 2E borroka ibilgailuaren programan parte hartu du SAPAK. Espainiako Defentsa Ministerioak 43,6 milioi euro “gehigarri” eman zizkion SAPAri, Espainiako Kontu Auzitegiak horretarako arrazoirik ez zegoela adierazi bazuen ere. Argazkia: sapa.es

Babes politikoa

Enpresa estrategiaren bigarren zutabea “babes politikoen sare zabal eta askotarikoa sortzea eta kontserbatzea” litzateke, bai alderdiekin edo politikariekin zuzenean, bai horiek kudeatzen dituzten erakundeekin. Hurbiltasun handiena PP, PSE eta EAJrekin dagoela ondorioztatzen da irakurketatik, baina aipatzen dira ere, esaterako, EH Bilduk Soraluzen eta Andoainen SAPArekin egindako akordioak, enpresaren lurren birkalifikazioen harira. Babes zabal horren ondorio eta adibide lirateke SAPAk (eta armagintzak oro har) jasotzen dituen diru-laguntzak eta maileguak, EAEko, Espainiako zein Europako erakundeen eskutik.

Liburuak 2008-2013 bosturteko analisi sakona egin du –“aurreko krisi ekonomikoaren inpaktu handieneko garaia”–, eta adierazten badu ere ziurtasun osoz egiazko datuak handiagoak direla, zenbaki hauek jartzen ditu mahai gainean: diru-laguntza zuzenetan edo barkatutako zorrean ia 37 milioi euro jaso zituen SAPAk; abal edo maileguetan 45 milioi euro pasatxo.
Armagintzak jendartean duen babesa, elkarlana edo konplizitatea harago doaz, dena den. Hezkuntzan, esaterako, praktikak SAPAren I+G enpresan egiteko aukera ematen diete beren ikasleei, EHUk, Deustuko Unibertsitateak, Mondragón Unibertsitateak zein Opus Deiren Nafarroako Unibertsitateak. Edo, hedabideen arloan, gehienek kolaboratzen dute armagintzaren  zuritzearekin eta eskandalurako motibo izan zitezkeen informazioak ezkutatzen.

Egilea: Gasteizkoak talde antimilitarista. Argiratzailea:
AntimilitarIstak EH (194 orri).

“Kasu arraroak”, inpunitatearen erakusle

Liburuak atal oso bat eskaini dio “kasu arraro” deitzen dituenei. Erakundeek SAPAren mesedetan hartu dituzten neurriak edo enpresak egin dituen lege urratze salagarrienak jaso dituzte egileek bertan: askotariko erakundeak dira protagonistak, eta egileek armagintzaren sektoreak duen inpunitatearen adibidetzat dituzte; arau, eta ez salbuespen. Hona horietariko batzuk, laburrean.

Aperribay familiarekin eta SAPArekin lotura duen Arrola sozietateari 12 milioi euroko zigorra ezarri zion Gipuzkoako Aldundiak EH Bildu gobernuan izan zen legegintzaldian, hainbat iruzur egitea egotzita. “Behingoagatik, orduan bai huts egin ziotela [SAPAri] bere harreman [politiko] zabalek”, dio liburuak.

Estatura jauzi eginez, 2011n SAPAk 30 milioiko mailegua jaso zuen Espainiako Gobernuaren eskutik, erabilera militarra zein zibila izango zituen ibilgailuentzako erreminta bat garatzeko. 2019an gobernuak onartu zuen erremintak aplikazio militarra izan zuela soilik, hau da, SAPAk ez zuela kontratua bete, baina hala eta guztiz ere kreditua mantendu ez ezik, interesak ordaintzetik salbuetsi eta amortizazio epea luzatu zion, enpresari 21 milioi euroko “oparia” eginez. Aurretik, 2016an, Espainiako Defentsa Ministerioak 43,6 milioi euro “gehigarri” eman zizkion SAPAri Leopard 2E borroka ibilgailuaren programagatik, Espainiako Kontu Auzitegiak horretarako inongo arrazoirik ez zegoela adierazi bazuen ere.

EAEn, 2015ean Arabako Fiskal Nagusiak kereila kriminala aurkeztu zuen Hiriko auto elektrikoaren arduradunen aurka, azken hamarkadetako ustelkeria kasurik sonatuenetakoa. SAPA inplikatuta zegoen aferan eta fiskaltzak, besteak beste, armagintza enpresa iruzurraren “konplize” bezala zigortu zezatela eskatu zuen. Azkenean ez zen zigorrik egon inorentzat, milioika euro publiko “galdu” baziren ere.

Udalerri mailan, SAPAk Andoainen eta Soraluzen dituen lurrak birkalifikatuz –eta udalei mehatxu eginez, bere baldintzak onartu ezean enpresa beste herri batera joango dela– emandako “pelotazo”-en urratsak aletu ditu liburuak.

Andoainen dago kokatuta SAPA armagintza enpresa.

Inbertsio harrigarriak azken urtean

Orain arte irakurritakotik kontrakoa espero bazitekeen ere, egoera ekonomiko ahulean heldu da SAPA hamarkada hasierara. AEBetan iragarri zuen negozio handi bat bertan behera geratu eta zulo handia utzi zuen, hurrengo urteetan aurretik jasotako zenbait milioietako maileguak bueltatu behar ditu, edo Gipuzkoako Ogasunak eskatutakoa ordaindu. “2021ean gastuak murrizteko edo eusteko planarekin jarraituko da, enpresa, oro har, lehiakorragoa izan dadin”, zioen taldearen 2020ko Kudeaketa Txostenak. Kontrakoa egin du, ordea: 2021eko irailetik hona 210 milioi euro inbertitu ditu hiru txandatan, Espainiako Estatuko armagintzaren sektorean hautsak harrotuz.

2021eko irailean ITP Aero armagintzako euskal enpresaren akzioen %5 erosi zuen SAPAk, 80 milioi euroren truk. Abenduan estatuko armagintza industria nagusiena den INDRAren %5az jabetu zen, 90 milioi ordainduta. Sei hilabete beranduago, 2022ko maiatzean, SAPAk Jokin Aperribayrentzako tokia eskatu zuen INDRAren administrazio kontseiluan. Baina ezetza jaso zuen, horretarako baldintzetako bat akzioen %7,5 izatea delako. Orduan INDRAren akzioen beste %3 inguru erosi zuen 40 bat milioirengatik. INDRAren administrazio kontseiluak Aperribay onartu zuen kide bezala azkenik, saio gatazkatsuan izan bazen ere, operazioaren aurka zeudenek bere legezkotasuna auzitan jarri baitzuten. INDRAren akziodun nagusia estatua bera da, SEPI sozietate publikoaren bitartez. Amber Capital da beste bat, aldi beren PRISA hedabide taldearen akziodun nagusiena ere badena. Hiru horiek dira Aperribayren izendatze polemikoa bultzatu duten akziodunak. CNMVk [Balore Merkatuaren Espainiako Batzordea] izango du azken hitza auzian. Liburuak ez du jaso maiatzetik hona gertatutakoa, inprentan baitzegoen ordurako, baina mugimendu horiez liburuan aurreratu zuen hipotesian berretsi da Gasteizkoak talde antimilitarista ondoren:

“Bai SAPAren bai INDRAren mugimenduek zerikusia dute garrantzi handiagoko operazio batekin: INDRAren inguruan Espainiako industria-polo militar handi bat sendotzea. Polo horretan, SAPA (ibilgailu militarrak) eta ITP (aeronautika) enpresez gain, beste sektore batzuetako enpresa militar gehiago sartzen saiatuko dira, hurrengo urteetan Europako programa militar handietan hain bigarren mailako papera ez izateko”. Proiektu hori aspaldi planteatu zuen Pedro Morenések, Defentsa ministroa zela, eta orain Margarita Roblesek bere egin duela uste dute antimilitaristek. Kontuan izan behar da Europako estatuek gastu militarra biderkatzeko konpromisoa hartu berri dutela NATOn.

SAPA, bere aldetik, polo horretan garrantzia irabazi nahian ariko litzateke, liburuaren egileen arabera: “Denborak argituko du kontua, baina gure irudipena da Aperribayren SAPAren anbizioa dela (...) garrantzi handiagoa hartzen jarraitzea gaur egungo heriotzaren merkatarien Espainiako poloaren egituran”.

SAPAko buru Ibon Aperribay
liburuagatik mehatxuka?

La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí liburua maiatzeko ostiral batean aurkeztu zuen Antimilitaristak EH plataformak Donostian, goizean Koldo Mitxelenan eta arratsaldean Kaxilda liburu dendan. Kaxildak salatu zuen hurrengo egunean gizonezko bat liburu dendara sartu eta langile bati zuzendu zitzaiola, liburuaren azala seinalatuz: “Ni naiz argazkikoa”. Erabat ziurtatzeko modurik ez bazuen ere, Ibon Aperribay zela ondorioztatu zuen Kaxildak. Alde egin aurretik ohartarazpena egin zion langileari: “Sentitzen dut zuengatik, leku polita duzue, ni neu hemen egona naiz zuen terrazan, baina oker zaudete aurkezpen hau zuen espazioan egiten uztean. Bai, sentitzen dut zuengatik’”. Gertakariaren “larria” salatu zuen Kaxildak.

Aperribay familiak botere handia duela ondorioztatzen da liburuaren irakurketatik. Liburuaren edukia eta Kaxildako gertaera kontutan hartuta, argitarapenak arriskurik ekar diezaieken baloratu ote duten galdetu diogu liburua egin duen Gasteizkoak taldeko Antonio Escalanteri. “Bai baloratu dugu, baina ez dugu ateratzeko zalantzarik izan. Beste esperientzia batzuetatik ikasi dugu liburuaren edo gure aurka egiteak hauspoa emango liokeela liburuari. Bestetik, diogun guztia dokumentatuta dago. Baina bai, botere handia dute, eta ikusita Ibon Aperribayk Kaxildan egindakoa, gerta liteke”.

 

Alternatiba gauzagarria

Antimilitarismoak aspaldi proposatu zuen armagintza enpresentzako alternatiba: produkzio militarra ordezkatzea erabilgarritasun soziala lukeen produkzio zibilarekin;  “heriotzaren merkatutik” irteteaz batera langileen lanpostuak mantenduz horrela. SAPAren kasuan, birmoldaketa bereziki erreza litzateke, liburuaren arabera.

SAPAk egin ditu aldian-aldian ibilgailuentzako piezak, bridak edo, bereziki, ehungintzarako makinaria. Eta ez neurri anekdotikoan. 60ko hamarkadaren amaieran produkzio zibilaren fakturazioak militarra gainditu zuen, berdin ehungailuen fakturazioak 1995ean. Produkzio zibila errentagarria da... baina militarra askoz ere gehiago. Besteren artean, aurreko ikerketa guztiak argi frogatu duen moduan, industriarik subentzionatuenetakoa delako, eta negozioa inpunitate handiz eta eskrupulo gutxiz egiten duelako.

Gakoa, jendartea

“Euskal Herriko herri eta hirietan armamentu-fabrikak dauden bitartean, ikerketa militarra gure hezkuntza zentroetan, heriotzaren industria diruz laguntzen duten erakunde publikoak, hori onartzen dituzten alderdi politikoak, bertan lanpostuak eskatzen dituzten sindikatuak, eta bere merkataritzaz onura ateratzen duten heriotzaren merkatariak, argi eta garbi esan dezakegu: Gerra hemen hasten da”, diote antimilitaristek amaiera aldera. Nola hautsi sorgin-gurpila? Gerrak “hemen” hasten direnez, amaiera “hemendik” ematea proposatzen dute: “Hemendik egin dezakegu arbuiatze eta eragozte lan erreala, gerrekin amaitu arte, Ukrainan edo munduko beste edozein tokitan”.


 

SAPA-REN PRODUKZIO MILITARRA

Produkzio arlo nagusiak:
Antiaireko artilleria-sistemak
Kate-ibilgailuentzako transmisioak
Gurpil-ibilgailuentzako transmisioak
Potentzia osagarriko unitateak
Goi-tentsioko sorkuntza-sistemak eta potentzia elektrikoa

Borrokarako ibilgailuen ekoizpenean parte-hartzea:
Leopard 2E
Pizarro borrokarako kate-ibilgailua (II. Fasea)
(VCR) 8x8 Dragon borrokarako gurpil-ibilgailua

Artilleria ekoizpena:
Oerlikon Skyshield ® antiaire defentsa-sistema
Oerlikon Skyguard ® 3 aireko defentsa-sistema
Oerlikon Skyranger ® aireko defentsa-sistema mugikorra
Oerlikon Twin Gun ® GDF009 Treo

SAPA-K GUTXIENEZ ONDOKO ESTATUEKIN EGINDU NEGOZIOA
Saudi Arabia, Alemania, Argentina, Egipto, Ameriketako Estatu Batuak, Grezia, India, Jordania, Oman, Suedia, Suitza, Taiwan, Turkia, Espainia.
ARMAGINTZA, INDUSTRIA DOPATUA

Krisi garaiko 2008-2013 bosturtekoan, SAPAk
erakunde publikoetatik jaso zuen, gutxienez:

Diru-laguntza zuzenetan edo zorrak barkatuta: 36.832.947,46 €

Abal edo maileguetan: 45.880.139 €

 


ASTEKARIA
2022ko uztailaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Armagintza
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


“Heriotzaren merkatariak jada ez dira ezkutatzen, euskaldunak ere ez”

Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Eguneraketa berriak daude