Inoizko etekinik handienak eskuratu zituen armagintzako industriak 2024an

  • SIPRI ikerketa institutuak argitaratu duenez, 2024. urtean armagintzako munduko 100 enpresa handienen diru sarrerak %5,9 hazi ziren, 679.000 milioi dolarreko errekorrera iritsita. Argitaratutako rankingaren arabera, igoera globalaren ehunekorik handiena Europan eta AEBetan izan zen.


2025eko abenduaren 10ean - 12:08
Azken eguneraketa: 15:28
Lehen top hamarrean daude sei enpresa AEBetako, bi Txinatar eta bana Erresuma Batua eta Errusiakoa. US Army Africa (CC BY 2.0)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

SIPRIk, Stockholmeko Bakearen Aldeko Ikerketen Nazioarteko Institutuak, abendu hasieran argitaratu du ikerketa. Emaitzek diote 679.000 milioi dolarreko diru sarreren errekorra lortu zela 2024an armagintza sektorean, alegia, aurreko urtearekin alderatuta %5,9 hazi zen munduko 100 enpresa handienen irabazia.

Ikerlariek diote eragina izan zutela Ukrainako gerrak, Gazako genozidioak eta era globalean mundu mailako tentsio geopolitikoak gora egiteak. Txostenak aipatzen duenez, 2018tik lehen aldiz, armagintzako bost enpresa handienek handitu egin dituzte diru sarrerak 2024an.

Munduko 100 enpresa aberatsenak

AEBei dagokienez, 2024. urtean %3,8 hazi ziren armagintzako enpresen diru sarrerak, eta 334.000 milioi dolarrera iritsi ziren. Rankingean 39 enpresa estatubatuar daude, eta horietatik 30ek diru sarrerak handitu zituzten. Besteak beste, arma-fabrikatzaile garrantzitsu hauek daude bertan: Lockheed Martin, Northrop Grumman eta General Dynamics. Hala ere, ikerlariek ohartarazi dute AEBetako arma-ekoizlerik handienetako batzuek gainkostuak izan dituztela.  Ikerlariek aurreikusi dute “ezinbestean, atzerapenek eta kostuen igoerak AEBetako gastu militarrari eta plangintzari eragingo” diotela.

Egoitza Europan dutenen artean ere, armagintzako diru sarrerek gora egin zuten, 26 enpresatatik 23tan (Errusia alde batera utzita). Guztira, %13 hazi dira irabaziak, eta 151.000 milioi dolarretara iritsi dira mozkinak. Igoera hori Ukrainako gerrak eragindako eskaeraren eta Errusiaren “mehatxuaren pertzepzioaren” ondorio dira. SIPRIko ikertzaile Jade Guiberteau Ricardek adierazi du “ekoizpen-ahalmen berrietan” inbertitzen ari direla Europako armagintza enpresak, “eskari gero eta handiagoari erantzuteko”. Hala ere, “gero eta erronka handiagoa izan daiteke materialen hornidurak eskuratzea. Bereziki, litekeena da mineral kritikoekiko mendekotasunak Europako berrarmatze-planak zailtzea”. Adibide gisa jartzen ditu txostenak Airbus konpainia eta Sanfran teknologia multinazional frantsesa. 2022 baino lehen titanio beharraren erdia Errusiatik inportatzen zen, baina hornitzaile berriak bilatu behar izan dituzte. Gainera, eragina izan zuen mineral kritikoak esportatzeko Txinari ezarritako mugak, Thales enpresa frantsesak eta Rheinmetall enpresa alemaniarrak 2024an ohartarazi zuten hornitze katea berregituratzea kostu handia izan zela.

Asia eta Ozeania izan dira armagintzako sektorean diru sarrerak gutxitu dituzten lurraldeak. Hain zuzen, 2023an baino %1,2 gutxiago eskuratu zuten, guztira 130.000 milioi dolar. Bi kontinente horietako beherakadaren arrazoia da, txostenaren arabera, zortzi enpresa txinatarren artean diru sarrerak %10 murriztu direla. SIPRIko programa zuzendari Nan Tianek aipatzen du armen erosketen inguruko ustelkeria akusazioak eragin dutela jaitsiera hori: “2024an arma-kontratu garrantzitsuak atzeratu edo bertan behera utzi ziren”. Kontrara, arma bidezko diru-sarrerek gora jarraitu zuten Hego Koreako eta Japoniako enpresen artean, aliatuen eskariei esker.

Errusian %23 handitu zen armagintza enpresen diru sarrera, nahiz eta nazioarteko zigorrak eduki. Bi armagintza enpresa errusiar daude top ehun sailkapenean: Rostec eta United Shipbuilding Corporation. Txostenak aipatzen duenez, nahikoa izan zen barne eskaria diru sarreren galera konpentsatzeko, nahiz eta armen esportazioa jaitsi. Hala ere, Diego Lopes de Silva ikertzaileak esan du Errusiako armagintza enpresak eskulan kualifikatuaren eskasia daukala, eta horrek ekoizpena moteldu lezakeela.

Ekialde Hurbilari dagokionez, armagintzako diru sarrerak %14 hazi ziren. Sailkapenean Israelgo hiru enpresa agertzen dira, horiek %16 handitu zituzten diru sarrerak, eta guztira 16.200 milioi dolar izan ziren. SIPRIko ikerlari Zubaida Karimek adierazi du Gazaren aurkako erasoek eragin txikia izan dutela Israelgo armagintza sektorean eta gainerako estatuek jarraitzen dutela Israeli eskariak egiten.


Armagintza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin