“Sasikume bat da, baina gure sasikumea da” esaldia AEBetako Roosevelt presidenteari esleitzen zaio, Anastasio Somoza diktadoreari aipamena egiten ziona. Nikaraguako herriaren kontra gauzatutako errepresio bortitza eta krimenak publikoki defendatzea zaila zen, baina yankien interesetarako baliagarriak izatekotan justifikagarriak ziren.
Esaldi hori burura etorri zitzaidan José Jainagaren defentsan egindako adierazpen batzuk entzutean. Izan ere, estatu sionistaren Elbit Systems enpresari armak ekoizteko altzairua era ilegalean saltzeagatik, Sidenorren zuzendaria epaitegietara deklaratzera joan behar izanaren harira, Mikel Torres Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea bere errugabetasun-presuntzioaren alde azaldu zen, euskal industriarekiko konpromisoa argudiatuta. Salmenta nola edo zertarako egin zen ezbaian jarri gabe, operazioa ez omen zela ilegala…
Euskal ekonomiaren motorra da industria, eta motor horrek osagai asko beste herrien odolez olioztatuta dauzka. Palestinarrak birrintzeko armamentua Eusko Label altzairuarekin ere egindakoa da, bai. Inperialismo yankia herri venezuelarraren kontrako eraso militar bat prestatzen ari den momentu berean, dozenaka gerraontzi, munduko hegazkin-ontzi handiena, urpekoak eta milaka soldadu Karibeko kostetan pilatuta, berri positibotzat saltzen digute AEBetako indar militarretarako Abrams tanke berrietarako transmisio-sistema ekoizteko kontratua SAPAk eskuratzea. Beste herri batzuk odoleztatzen dituzten merkantziak ekoizten dituzten euskal enpresen zerrenda ez da motza: Sener, ITP-Aero, Aernnova, MTorres izan daitezke ospetsuenak, baina armagintzarekin modu batean edo bestean lotura duten euskal enpresak 200dik gora dira. Herrien zapalketaz aberasten diren enpresen artean, ezin utzi aipamenik gabe palestinarren apartheida finkatzen duen CAF enpresa, momentu honetan euskal lotsaren enbaxadorea.
Negozio batzuen ondorioak publikoki defendatzea zaila da, baina norberaren interesetarako baliagarria izatekotan justifikagarria izan daiteke
Euskal ekonomia oso lotuta egon da historikoki armagintzarekin eta horrela izaten jarraitzen du. Are gehiago, etorkizunerako apustua hori omen da, Zedarriak lobby-ak markatu zuen moduan, bertoko kapitalisten ordezkarien txaloen artean.
Rooseveltek bezain argi ez dute esaten, baina mezu bera helarazten ari dira euskal politikari eta iritzi-emaile asko, hemengo enpresa batzuen jardueren defentsan agertzen direnean. Ulergarria da, kumaldi berekoak baitira. Arazoa dator giza eskubideaz, demokraziaz eta etikaz hitz egiten digutenean. Arazoa dator hipokrisia bertute egiten dutenean. Egia esan, Jainagaren falta nabaritu nuen San Mameseko palkoan Euskal Selekzioa - Palestina partida jokatu zenean.
Kapitalistez harago, zintzoak izan nahi badugu, esaldi famatu hura hemengo langile askori ere moldatu behar diegu: “Sasikume bat da, baina lana ematen didan sasikumea da”. Lana eman baino, gainbalioa lapurtzen dietela ez ulertzeaz gain, “gure sasikumea”-ren uste hori nahiko errotuta dago hemen ere. Langile gehiegik Roosevelt bat daramate barruan. Negozio batzuen ondorioak publikoki defendatzea zaila da, baina norberaren interesetarako baliagarria izatekotan justifikagarria izan daiteke. Familia bat mantendu behar izatea argudioa izan badaiteke, zergatik ez ulertu beste batzuek inperio bat mantendu behar dutela?
Zapalkuntza makineria horren zati bat direla jakinda, batzuk bere burua justifikatzen saiatzen dira, beste batzuk albora begira jartzen dira, eta beste batzuek palestinarrei ura bidaltzen diete sionismoarekiko konplizitatea garbitzen saiatzeko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.