Santurtziko Butano enpresako biltegian leherketa izugarri batek inguruko etxe ugari kaltetu eta milaka lagun herritik ihes egitera eraman zituen 1967ko urtarrilaren 17an. Istripu haren ondorio sozial eta emozionalak ez dira desagertu, gaur egun arte marraztu daitekeen sekuentzia kronologikoan ikusten denez.
1967ko urtarrilaren 17an hotz handia egiten zuen Santurtzin. Astearte hartan, negua izaki, arratsaldeko 18:00ak inguruan ilundu zuen eta herritar gehienak goiz erretiratu ziren etxera, ohi bezala. Telebista frankistako kate bakarrean Belfegor, el fantasma del Louvre (Belfegor, Louvreko mamua) telesail frantsesaren laugarren eta azken kapitulua ematen ari ziren bitartean, Portu Frankoaren aldetik zetorren eztanda handia entzun zen herri osoan. 20:45ak ziren eta ordu arraroa bazen ere, hasiera batean herrigunetik gertu eraikitzen ari ziren zentral termikoaren obretako leherketa kontrolatua izango zela pentsatu zuten ingurukoek. Baina laster antzemango zuten ezohiko zerbait gertatzen ari zela, su bola ikaragarria ikusita.
22:30
Suzko bola erraldoia
Zierbenarako bidean, Serantes mendiaren magalak itsasoarekin bat egiten duen tokian zeuden Butano S.A. enpresaren biltegietatik zetorren leherketa. Arriskua ikaragarria zen eta herria berehala hustea agindu zuten. Hala, 22:30ak aldera bigarren leherketa gertatu zenean inguruko etxe gehienak hutsik zeuden, zorionez. Leherketa hura aurrenekoa baino askoz bortitzagoa izan zen: 259 etxebizitza suntsitu zituen eta Abraren beste aldeko Algorta eta Areetako eraikin askoren kristalak ere hautsi zituen. Auzune horietatik iluntasuna hautsi zuten suzko zutabe handien argazki ikusgarriak atera zituzten bizilagunek.
23:00
Herritarren ihesaldia
Santurtzi argindarrik eta telefono konexiorik gabe geratu zen, eta biztanleen artean izua zabaldu zen. Apenas ikusten zen ezer, eta ez zegoen informazio zehatza lortzeko biderik. Ihesaldia orokorra izan zen: oinez, trenez, autoz… Portugaletera, Sestaora, Bilbora, Serantes mendira… 20.000 pertsona abiatu ziren leku seguru baten bila. Lehorretik ez ezik, itsasoz ere irten ziren ahal izan zutenek, eta portuan atrakatuta zeuden merkantzia-ontziak ere ziztu bizian itsasoratu ziren. Herritarren oroimenean geratu den irudi nagusia ihesarena da: errepidea beteta, jendea mantaz estalita, hotza, iluntasuna, eta noizean behin isiltasuna hautsi eta zerua gorritzen zela beste leherketa baten ondorioz, gerra balitz bezala.
02:30
Suhiltzaileak Santandertik
Gertatutakoa larria izan bazen ere, ezinezkoa da neurtzea gerta izan zitekeena. Sua piztu zen tokiaren ondoko
CAMPSAren biltegietan 80.000 tona erregai zeuden eta suhiltzaileen ardura nagusia depositu horiek babestea izan zen. Portuko suhiltzaileak izan ziren iristen aurrenekoak, baina Bilbokoak ere laster ailegatu ziren, 02:30ean Santanderrekoak, eta 04:30ean Donostiatik joandakoak. Gau hura bizi izan zuten suhiltzaile guztien testigantzak oso antzekoak dira: ez zekiten zehazki nora zihoazen, baina suzko zutabeak urrutitik ikusten zituzten eta garbi zuten hondamendi handi baten aurrean zeudela. Halako batean, leherketa txikiago batek bultzatuta burdin batek biltegi nagusiaren horman jo zuen. Zorionez, azala mailatzea baino ez zuen lortu. Zulo txikiren bat eginez gero, auskalo leherketa nolakoa izango ote zen.
07:30
Paisaia beldurgarria agerian
Egunsentirako egoerak kontrolatuta zirudien, baina paisaia beldurgarria zen. Hildako bakarra egon zen hala ere: Vicente Gajate Marcos, Santurtziko udaltzaingoaren burua; antza denez, egoeraren larritasunaren aurrean bihotza gelditu zitzaion. Suhiltzaile batek erredura larriak jasan zituen eta 778 pertsona arin zauritu ziren, gehienak ihesaldian izandako istripu txikietan. Eta horrez gain, 800 pertsona etxe gabe geratu zen.
Urtarrilak 18
Lanera ez
Leherketen ondorengo egunean ez zen inor lanera joan eta Ezkerraldeko tailerrak langile santurtziarrik gabe moldatu behar izan ziren. Udaletxe aurrean jende asko bildu zen, denak informazio eske, senide edo lagunen berri jakin nahian. José Hernández Soto alkateak lasaitasunerako deia egiten zuen, eta behin eta berriz nabarmendu zuen ez zela hildakorik ez zauritu larririk egon; baina bere hitzek herritarrak lasaitu beharrean, haien haserrea areagotu zuten.
Urtarrilak 22a
Manifestazioa eta protestak
Haserre hori adierazteko manifestazioa antolatzen hasi ziren Santurtziko hainbat auzotako bizilagunen elkarte. Urtarrilaren 22an egin zuten protesta eta eskaera nagusia Butano biltegiak ixtea izan zen, edo gutxienez instalazioak etxebizitzetatik urruntzea. Manifestazioa udaletxearen aurrean bukatzen ari zela, Hernández alkatea balkoira atera zen berriz ere lasaitasuna eskatuz eta legeak bete behar zirela gogoraraziz. Manifestarien erantzuna, oraingoan, harriak izan ziren. Ingurua babesten ari zen Guardia Zibila oldartu eta istiluak herri osoan barrena zabaldu ziren. Jende ugari atxilotu zuten, baina denak egun berean utzi zituzten aske kargu gabe, dirudienez San Jorge elizako parrokoaren bitartekaritzari esker.
Urtarrilak 31
Frankismoaren zentsura eta kargugabetzeak
Santurtziko leherketaren berria nazioartean zabaldu zenean, autoritate frankistak gertatutakoa estaltzen edo makillatzen saiatu ziren. NO-DO telebista albistegiak errudunik gabeko erreportajea erabili zuen irudia garbitzeko: esan zuen hildako udaltzaina lehendik gaixo zegoela eta bere heriotzak ez zuela istripuarekin zerikusirik. Hilaren 31n alkatea kargugabetu egin zuten eta bere ordez Antonio Cortadi jarri zuten.
20 urte geroago
Barrakoiak, bazterkeriaren sinonimo
Telmo Zarraonandia Zarra futbolariak, Jesús Loroño eta Federico Martín Bahamontes txirrindulariek eta garaiko beste pertsona famatu batzuek beraien objektu pertsonalak eskaini zituzten Bizkaiko Gobernu Zibilak Santurtziko herriaren alde antolatu zuen enkanterako. Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak kaltetuak hartzeko “behin behineko” 200 barrakoi eraiki zituen El Burgo izeneko zonaldean. Barrakoi horiek 20 bat urte egon ziren zutik, eta zonaldea bazterkeriaren sinonimo bihurtu zen eskualde osoan. Butano enpresak, bere aldetik, hainbat lokalen lagapena egin zion Santurtziko Udalari, gehien bat ekintza soziokulturaletarako –hain justu haietako batean euskaldunduko ziren santurtziar asko geroago, urte luzez Santurtziko AEK-k egoitza nagusia izan baitzuen Fleming Doktorearen kaleko 17. zenbakian–. Algortatik ateratako leherketaren argazkiak postal formatuan saltzen ziren herriko kioskoetan. Dena normaldu zen, baina Butano biltegiak ez ziren mugitu.
1974
Beldurra berriz zabaldu zen urtea
Bizilagunek erabilgarri geratu zitzaizkien altzari eta arropak atera eta gero, hormigoi egitura baino ez zuten hormarik gabeko etxeak bota egin zituzten. Herritarrak berriz ohitu ziren arriskupean bizitzera, baina noizean behin, barruan gorderik zuten beldurra azalarazten zuen gertaeraren batek. 1974an beste leherketa bat gertatu zen inguruan, kasu honetan arto biltegi batean metatu ziren gasen eraginez, ACEPROSA enpresaren alboko pabilioietan. Hildako bat izan zen eta 13 lagun larri zauritu ziren, eta santurtziarren artean 1967ko istripu handiaren paranoia esnatu zen. Zurrumurruek berriz butano gasa izan zela esaten zuten, eta askok eta askok, beldurtuta, etxeak utzi eta ihesari ekin zioten, zazpi urte lehenago egin bezala, oroimena ez baita norberak kontrolatu dezakeen zerbait.
XXI. mendea
Alarma-sirenak oraindik prest
XXI. mendearekin batera Butano instalazioak mugitu egin zituzten eta orain ez dago etxebizitzarik biltegiaren inguruan, baina santurtziarrentzat arriskua ez da askoz txikiagoa. Euskal Autonomi Erkidegoan arrisku kimikoaz ohartarazteko 14 alarma-sirena daude, horietatik 6 Santurtzin. Portua zabaldu eta urrundu zuten, kostaldeko leku gehiena herriari kenduz, baina trenbidez ateratzen diren arrisku handiko merkantziak Santurtzi erdigunetik ez ezik, Portugaletetik, Sestaotik eta Barakaldotik ere pasatzen dira oraindik. Portuko instalazioetan manipulatzen diren gaiez ere ezer gutxi dakite herritarrek: merkantzia toxikoak, arriskutsuak, lehergailuak, armak… Gaur egun, inork ezin du ziurtatu santurtziar zaharrenen oroimenean dagoen historia errepikatuko ez denik.
1967ko istripuaz ikerketa seriorik ez zen egin. Leherketa ez zen biltegian bertan gertatu, trenbidean zegoen bagoiren batean baizik, eta elkarren ondoan zeuden beste bagoiak berotuz joan ahala lehertu ziren. CAMPSAko biltegi nagusiak, berriz, kanpoaldetik baino ez ziren kaltetu.
Lehen leherketa izan zen tokia, karga eta deskargarako terminala –trenentzako bazterbidea zuena–, egun horretan bertan inauguratu zen. Beraz, batzuen ustez esperientzia eza edo instalazioaren ezagutza falta izan zitezkeen istripuaren arrazoi nagusia. Beste iturri batzuen arabera, biltegitik trenera gasa garraiatzeko erabiltzen zuten mangera askatzeak eragin zuen tragedia. Ontzien kalitate eskasa ere aipatu izan da, 536 gradu zentigradu baino ez baitzuten onartzen, eta askoz gogorragoak behar zuten izan. Beste batzuk butano likidoa isuri zela esaten zuten...
Butano enpresaren gerenteak, Benito Cid de la Llavek, tren istripu bati leporatu zion gertatutakoa: bagoiak kargatzen ari zirela, lokomotora batek trena jo zuen, mangera puskatu eta lehen leherketa sorraraziz. Edonola ere, ez zen aurkitu istripuaren arrazoi edo erantzule zuzenik. Garaiko txosten baten arabera, portuan eragindako kalteak orduko 30 milioi pezetatakoak izan ziren.
Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]
Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".
Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]
Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.
Gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera ahal izateko ezinbestekoa izan da Gesalaz Muniango bi bizilagunen testigantza: Lucio eta Domingo Zabalza anaiek adierazi zuten, haur zirela, hainbat pertsona lurperatu zituztela leku horretan Guesalazko haranean, herri horretako... [+]
Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene... 70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]
Urtemugak hausnarketarako parada izaten dira. Atzera begira jarri, egindako bideari begiratu eta, oraina ulertuta, geroa pentsatzeko. 2025 honetan, urtemuga biribila bete dugu: Gipuzkoa izenaren idatzizko lehen aipamenetik mila urte bete dira, eta aukera ezin hobea iruditu zaigu... [+]
Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]
1991n Alpeetako glaziar batean aurkitu zutenetik, hotzak hain ondo kontserbatutako Ötziren gorpuzkinak informazio iturri oparoa izan dira. Berriki Communications Biology aldizkarian aditzera eman dutenez, momia naturalaren kaxa torazikoa digitalki berregin dute, eta Homo... [+]
Historia garaikideko basakeriarik handienetakoak dira Hiroshimaren eta Nagasakiren bonbardaketak. 1945eko abuztuan, hiru eguneko epean, bi bonba atomiko jaurti zituzten lehen aldiz historian eta bi hiritako biztanleak modu indiskriminatuan hil zituzten. 1945aren amaierarako,... [+]
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]
Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]
Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu... [+]
Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.
Martxoaren 25ean Arabako Foru Aldundiak (AFA) eta Eusko Jaurlaritzak (EJ) prentsa-ohar bat atera zuten, hedabideetan nahiko zalaparta eragin zuena, Gobierno Vasco remite a la Ertzaintza dos piezas cerámicas del yacimiento de “Las Ermitas” por ver indicios de... [+]