“Komunitate indigenen kontsulta eskubidea etengabe urratzen da”

  • Guatemalatik Euskal Herrirako bidaia egin du Edgar de León abokatu maiak, Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundearen “Bizitza jokoan” kanpainaren harira. Sorterriko errealitatearen berri emateko hitzorduz jositako agendan tokia egin digu, eta lurraren eta herri indigenen eskubideen defendatzaileen kriminalizazioaz mintzatu gara, bereziki berak defendatzen duen Bernardo Caal Xol-en kasuaz.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Transnazionalak, oligarkia eta protesta sozialaren kriminalizazioa. Guatemalaren kasua txostenak lurraldearen defentsan ari diren pertsonen kriminalizazioa du mintzagai. Bertan azaltzen denez, kriminalizazioa enpresa transnazionalen eta oligarkien mesedetan artikulatutako estrategia da, eta xede argia dauka: goi-klasearen eta eliteen interes politikoak eta ekonomikoak babestea. Hego eta Erdialdeko Amerikaren luze-zabalean hedatutako praktika izan arren, Guatemalan ardaztu dute txostena, ulerturik herrialde horretako kasua paradigmatikoa dela, eta hortaz, argigarri suerta daitekeela orokortua den estrategia ulertzeko.

Gaur egungo kriminalizazioak testuinguruan jartzeko, zenbait urte atzera egiten du txostenak. Hain zuzen ere, Gerra Hotzaren baitan 1960tik 1996ra arte iraun zuen gudari akabera eman zioten Bake Akordioetaraino. Ia lau hamarkadaz luzatutako gudan, Nikaraguako Iraultza Sandinistaren garaipenaren ondoko garaiak izango ziren bortitzenak; sandinisten garaipenak Guatemalako gerrillariengan eragin zezakeen indartzea ahultzeko, Fernando Romeo Lucas Garcíaren gobernuak “lur suntsitua” zeritzon politika abiatu zuen maiak nagusi ziren eremuan, sarraskia eraginez; eta AEBek Erdialdeko Amerikan ofentsiba areagotu zuten –bereziki Ronald Reagan presidentziara iristean–, gerrillariek herrialde horietan irabazteko izan zitzaketen aukerak hutsera bihurtu asmoz. Ofentsibak ofentsiba, baina, gudak bere horretan iraun zuen; eta hala, txostenean argitzen denez, “bakearen alternatiba interesatua zabaltzen joango da”. 1996an Bake Akordioak sinatu ziren.

Transnazionalen presentzia hasiz joan den heinean, ikuskera indigenaren eta neoliberalaren arteko talka azaleratu da.

Hasiera batean argudiatu zenez, alor politikoan demokraziarantz bidea egiteko, eta alor sozialean eta ekonomikoan aberastasunaren banaketa bidezkoagorantz aldaketak bultzatzeko behar zuten akordio sektorialek. Alabaina, “ondorengo gobernuek akordio horien zati handia bete ez izanak gatazka armaturik gabeko egoera ekarri zuen herrialdera, baina ez zuen matrize politikoa –eta are gutxiago soziala– aldatu. Esan daiteke ondorengo urteetan eredu neoliberala finkatzeko oinarriak ezarri zirela, Latinoamerikako gainerako herrialdeetan bezala”. Zerbitzu publikoen pribatizaziotik hasita, politika neoliberalak abiatu ziren, kapital transnazionalarentzako lur emankorra bilakatuz herrialdea. “Sektore estrategikoen liberalizazioa eta pribatizazioa giltzarri dira herrialdea transnazionalen esku uzteko (…) estatuak laguntzen die ustiapenari zerga irrigarriak ezartzen dizkiolako eta beharrezko legeak onartzen dituelako. Eta tokiko oligarkien laguntza ere badute”, dio txostenak.

Hala, transnazionalen presentzia hasiz joan den heinean, ikuskera indigenaren eta neoliberalaren arteko talka azaleratu da, gatazkari bide emanez. Uk’ ux B’e elkarte maiaren hitzetan, “transnazionalen iritziz, indigenak, gure lurraldeak, ekosistemak eta biodibertsitatea, pribatizatzeko, prozesatzeko eta mundu mailako merkatuan saltzeko lehengaia besterik ez gara”. Logika horren aurrean, beren lurren eta eskubideen defentsan altxatzen ari dira hainbat pertsona, eta horien kriminalizazioa bilakatu da gutxiengo pribilegiatuaren interes politiko eta ekonomikoak babesteko estrategia. Estrategia bat heriotza ere kontenplatu ohi duena. Global Witness erakundeak argitaratutako datuen arabera, 2020an 227 lurraren defendatzaile hil zituzten, horietatik hamahiru Guatemalan.

Bernardo Caal Xol q’eqchi’ indigenak bere azalean bizi du kriminalizazioa. Oxec eta Cahabón errekak eta Santa María Cahabón-eko komunitateen eskubideak defendatu ditu 2015etik, Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamentuan eraikitzen ari diren OXEC gune hidroelektrikoaren aurrean. Jardun horregatik atxilotu zuten 2018an, eta espetxealdi prebentiboan hiru urtetik gora izan ostean, zazpi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Errekurtso legalen bitartez, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. hitzarmenak dioenaren kontrara, gune hidroelektrikoaren eraikuntzaren inguruan biztanleria indigenari kontsultarik egin ez zitzaiola frogatzea lortu zuen Caal Xol-ek, eraikuntza lanak sei hilabetez geratzea lortuz. Horren ostean Netzone enpresako langileek (OXEC-en kontratista) salatu egin zuten, ustez enpresako langileen aurka indarkeria erabiltzeagatik. Epaimahaiak zigortu egin zuen atxiloketa ilegalak leporatuz, zirkunstantzia eta lapurreta larrigarriekin. “Muntaia baten aurrean gaude”, diosku Edgar de León bere abokatuak.

Kontaiguzu Edgar, zein puntutan dago Bernardo Caal Xol-en kasua?

Gune hidroelektrikoa eraikitzen hasi diren eremura jendea hasi zen agertzen, neurketak-eta egiteko, eta bertako biztanleek ez zekiten zehazki zer egin nahi zuten inguruetan. Hala, herri indigenek Bernardo aukeratu zuten beren ordezkari gisa, eta hark egindako ikerketari esker jakin zen gune hidroelektriko bat egiteko asmoa zegoela. Bernardok kontsulta egin ez zela frogatu zuenean, salaketa jarri zion enpresak, baina prozesu judizialean ez dira frogatu akusazioak.

Bi instantzia daude: lehenbizikoan zigorra ala absoluzioa agintzen da, eta bigarrenean apelazioak jarri dituztenek arrazoia duten ala ez aztertzen da. Bernardoren kasuan prozedura arrunta agortu dugu, eta orain ezohikoari ekin diogu, Guatemalako Justizia Gorte Gorenaren Zigor Auzitegian. Baina hor ere onartzen dira prozesuan ikusi ditugun joerak. Prozesuaren hasiera-hasieratik Bernardoren giza eskubideak nola urratu diren ikusi dugu; antzeman ditugu aberrazioak, sistemaren akatsak, epaileen lerratzea salaketaren atzean daudenen alde. Konstituzionaltasun Gortean babes eskeko errekurtsoa aurkeztea da geratzen zaigun bakarra. Nahi genuke epaiak aintzat hartzea Bernardoren kasuan gauzatutako giza eskubideen urraketak. Baina halakorik egingo ez balu, nazioartera jotzea besterik aukerarik ez litzaiguke geratuko.

Zein dira zuen aurreikuspenak?

Guatemalako errealitatea ulertzeko ezinbestekoa da argitzea estatua botere ekonomikoek kooptatua dagoela. Une esperantzagarria bizi izan genuen Guatemalako Gobernuak eta Nazio Batuen Erakundeak estatua arazteko prozesua abiatu zutenean [2007an sinatu zuten akordioa Guatemalako Gobernuak eta NBEk, eta hortik sortu zen Guatemalako Inpunitatearen Aurkako Nazioarteko Komisioa (CICIG)] eta ustelkeriarekin lotura zeukaten enpresariak, funtzionarioak eta beste identifikatzen hasi zirenean. Pausoak eman ziren, 2015ean orduko presidente Otto Pérez Molina kartzelaratzeraino, eta hainbat instituzio gardenago bilakatzen hasiak ziren. Baina ustelkeria berriz ari da hedatzen, eta kanporatuak izan ziren horiek berriz ari dira guztiaren kontrolaz jabetzen. Esan daiteke dena dagoela boterearen mende, ez dagoela egitura demokratikorik.

Hala bada, kontuan hartuta boterea duen sektore hori berriz kontrola hartzen ari dela, Bernardoren kasuari dagokionez ez da oso itxaropentsua egoera. Dena den bide guztiak agortuko ditugu, esan bezala, azken babes errekurtsoarekin. Horren arabera, ikusiko dugu hurrengo pausoa eman ala ez, nazioartera jo ala ez.

Komunitateak eskubidedun subjektu bilakatu nahiko genituzke, demanda jarri ahal izateko.

Pauso horrek zer suposatuko luke?

Estatuaren aurkako salaketa jartzea. Izan ere, Konstituzionaltasun Gorteak prozeduran jazotako urraketei entzungor egiten badie, kasua eraman duen epaileaz harago doan arazo baten aurrean geundeke, eta barne hartuko luke estatua ere.

Nazioartera joz gero Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrean salaketa jarriko genuke, aurrerago Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrera eraman ahal izateko kasua. Behin puntu horretara helduta, estatua zigortzea esperoko genukeen, Bernardoren kasuan egin diren urraketa guztiengatik.

Paraleloki, kaltetutako komunitateak eskubidedun subjektu bilakatu nahi genituzke, nahiz eta badakigun eginkizun konplexuagoa dela. Zeren Bernardori egindako kalteak erreparatu diezazkiokete, aukera hori badago, baina zer gertatzen da komunitateekin? Nola geratuko lirateke? Zeren jardun hidroelektrikoak bere martxan dirau. Horregatik, komunitateak eskubidedun subjektu bilakatu nahiko genituzke, demanda jarri ahal izateko. Hala, bi kasuak eramango genituzke Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrean: Bernardorena, prozesu judizialean pairatutako eskubideen urraketagatik; eta komunitateena, herri indigenei kontsultarik ez egiteagatik. Aurrera egingo balute, batzordeak gortera eramango lituzke, eta estatuak bere burua defendatu beharko luke. Hori lortuz gero egoera aldatzea eta estatuak eragindako kalte guztien erreparazioa esperoko genuke. Tamalez, baina, nazioarte mailako salaketa 10-15 urteko bataila juridikoa da. Baina hori da geratzen zaiguna.

Bernardo Caal Xol jendaurrean hitz egiten.

Lurraren zein giza eskubideen alde altxatzen den orok du kriminalizatua izateko arriskua. Jakina denez, pertsona bat kriminalizatzen denean, pertsona horretaz harago doan intentzionalitateaz egiten da. Zeri erantzuten diote kriminalizaziook?  

Kriminalizazioak erabat ohikoak dira Guatemalan. Ez baikara soilik herri indigenak kriminalizatuak izaten ari garenak, beste adierazpen sozial asko ere kriminalizatuak dira: sindikatuak, feministak, aniztasun sexualaren aldekoak… eskubideak eskatzen dituen oro. Kriminalizazioak muturreko bilakatu daitezke, pertsonak hiltzeraino –hona etorri aurretik nekazari bat hil zuten [Ramón Jiménez, CODECA Nekazarien Garapen Komiteko kidea]–. Eta familiak ere nozitzen dute: estigmatizatu egiten dituzte, kontrolatu, telefono bidez mehatxatu… Nik uste asmoa jendea isilik mantentzea dela, beldurra sartuz. Eta horretarako dituzten mekanismo guztiak erabiltzen dituzte. Zeren komunitateko norbait auzipetzen badute, helarazten ari diren mezua da haren bideari jarraitzen dionak ere berdin bukatuko duela. Horregatik ahuldu da antolakuntza komunitarioa, baina ideala litzateke komunitateak erresistentzia areagotzeko eta atxilotutako beren kideei elkartasun handiagoa helarazteko posizioan egotea.

Caal Xol-ek berak salatu izan duenez, espetxeratua izan aurretik, zenbait hedabidek bere aurkako jarrera agertu zuten. Zein funtzio betetzen dute hedabideek kriminalizazio prozesuetan?

Eskura dauden bitartekari guztiak erabiltzen dira, eta hedabide komertzialek laguntza eskaintzen dute. Pertsona estigmatizatu egiten dute, gaiztoa dela esaten zaio publikoari, garapenaren aurka dagoelako, beren hitzetan. Bidaltzen duten mezua ondokoa da: herri indigenak atzeratuta daude eta ez dute ulertzen hidroelektrika Guatemala zentzu orotan mesedetzera datorrela. Hori horrela izanda, zer demontregatik dugun kontrako jarrera. Hori da hedatzen dutena.

Errealitatea, aldiz, oso bestelakoa da. Onurak Guatemalarentzat direla esateak gutxi du egiatik.

Bada hamarkada batzuk dituen zentral hidroelektriko bat, Chixoy. Hidroelektrika hori enpresei energia saltzeko eraiki zen, inguruetako komunitateek ez dute han sortutako energia erabili ahal izan orain hamar urte inguru arte. Meatzaritza, monokultibo, hidroelektika… gauza jakina da jardun horietako ezeinek komunitatea mesedetuko ez duela –eta are gutxiago herrialdea–. Baliabide oro saldu egiten dute, eta onuradunak Mexiko, Panama eta beste zenbait herrialdetako enpresa handiak dira. Adibidez, Guatemalan meatzaritza lege bat bada, eta horrek xedatzen duenez, meatzetik ateratzen denaren %1a dagokio soilik estatuari; %1 hori estatuaren eta meatzea dagoen udalerriaren artean banatzen da. Gutxi da geratzen dena. Eta hori kontutan izan gabe erauzketa jardunari ekin aurretik jazo ohi diren iruzurrak; zeren komunitate indigenen kontsulta eskubidea beti, etengabe, urratzen da.

Enpresa horiek egiten duten kaltea, gainera, ez da mugatzen baliabideen erauzketara. Gaixotasunak ere eragiten dituzte, eta hori dokumentatu eta frogatu egin da. Kontua da horri jarraipena ematen asmatzea. Zeren bai, Guatemalan izan diren gisa horretako jardun oro da salatu eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrera eramateko modukoa.

Hori da panorama, eta horren aurrean jendeak antolatu beharra ikusi du. Zenbait hidroelektrikak alde egin behar izan dute komunitate batzuen erresistentziaren aurrean. Baina proiektu batzuk joan izanak ez du esan nahi iniziatiba desagertu denik. Ziurrenik, komunitateak erlaxatzen direla ikusten duten unea probestuko dute halako beste proiektu bati bide emateko. Horregatik, garrantzitsua da guardia ez jaistea.

Argazkia: Dani Blanco
Etorkizun hobea aldarri

Grabagailua itzali aurretik indigenen sentimendua elkarbanatu nahi izan du de Leónek, azalduz Cool Xal-en borroka gure ondorengoei etorkizun hobea uzteko borroka dela. Eta itzulingururik gabe adierazi du: kapitalismoan ez da posible halakorik.

“Herri indigenok etsaitzat dugu kapitalismoa. Guztia desegiten ari da: filosofia, jakintzak… Dena harrapakatu duen sistema izanik, nik ez dezaket horren alde apustu egin, harrapatuko duelako nire seme-alaben eta datozen belaunaldien etorkizuna. Egun herri indigenen alde egiten duten baliabideak baditugu –herri indigenen eskubideen aldeko Nazio Batuen adierazpena, eta beste–, gure arbasoek borroka egin eta zenbaitek bizia galdu zutelako da. Guk bide horri segida ematen diogu, besoak gurutzatuta geratuz gero herentzia horrekin akabatuko baitugu. Herri indigena asko ari gara existentziari zentzua ematen dion zera hori berreskuratu nahian: zergatik existitzen naiz, zertarako, zein da bizitzeko dudan arrazoia… galdera horien bueltan ari gara, zentzuren bat izan behar baitu biziak. Zentzugabea den zeozer egotekotan, hori indibidualismoa da; nire bizia fokatzen badut janaria eta gauzak eskuratzeari begira, ez dakit zer izango nintzatekeen… automata bat, akaso. Zerbait mekanikoa. Baina pertsonok ez gaude horretarako, nik uste. Ikuspegi indigenaren arabera biziak zentzu sakonagoa du, eta horregatik mintzo gara alternatibaz. Hego Amerikako herri indigenak “ongi bizitzeaz” [Buen Vivir terminoari egiten dio erreferentzia] mintzo direnean, zertaz ari dira? Sakondu beharreko alternatiba da.”.

Cool Xal-i elkartasuna adierazterakoan, alternatiba horri elkartasuna adierazi beharra azpimarratu nahi izan du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri indigenak
Orellanak arrazoi zuen

XVI. mendean Francisco de Orellana espainiar konkistatzaileak Amazonas ibaian gora nabigatu zuenean, ibaiaren alde banatan hiri handiak zeudela esan zuen. Inork gutxik sinistu zion orduan, eta are gutxiago hurrengo mendeetan, konkistak berak suntsitutakoaren arrastorik aurkitu... [+]


2023-12-31 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Ahots autoktonoak

Joan den martxoaren 23an, Seuil frantses argitaletxe ospetsuak abiarazi zuen literatur sail berri bat, “Ahots autoktonoak” deitua. Un livre dans ma valise (Liburu bat nire balizan) webgunean, Laurence Baulande sailaren zuzendariak azaldu zuen orduan egitasmoaren... [+]


Gutxienez 34 ekintzaile indigena atxilotu dituzte Etxe Zuriaren aurrean, Leonard Peltier presoa askatzeko eskatzeagatik

Peltierrek 47 urte daramatza kartzelan, FBIko bi agente hiltzea egotzita. Presoak beti defendatu du bere errugabetasuna, eta nazioarteko hainbat erakundek eskatu izan dute bera aske uzteko.


2023-09-01 | Ilargi Manzanares
Haserrea piztu du Argentinako telebista batean bi indigenari emandako tratuak

Kantuta Killa eta Wari Rimachi, Ayllu Mayu Wasi komunitateko bi indigenari barre egin zieten Bien de mañana programan. Erasoak salaketa asko eragin ditu, eta programak barkamena eskatu behar izan du.


Eguneraketa berriak daude