“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

  • Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta borrokatan ibilitakoa da, eta ASECSArekin proiektu agroekologikoak sustatzen dabil egun, besteak beste. Argitu digu bere egiteko nagusia eta jardun politikoa bideratuta daudela lurralde historikoen gaineko eskubideak aldarrikatzera. Megaproiektuen aurrean egiten duten borrokari buruz galdetu diogu.

Argazkia: Eneritz Arzallus / ARGIA CC BY SA.

Hamarkadak daramatzazue lurren defentsan, eta multinazionalen aurrean komunitateen kontsultarako eskubidea aldarrikatzen, besteak beste. Zein da lorpenak izateko borroka modurik eraginkorrena?

Eraginkorrena hainbat estrategia uztartzea da. Estrategia nagusia da lurraldearen antolatzeko eta erresistentziarako gaitasuna: komunitateak antolatuta badaude eta mobilizatzen badira proiektu estraktiboa edo hidroelektrikoa edo dena delakoa inposatu ez dadin, gero datorren guztiaren oinarria izango da. Eta baita errepresioaren, kriminalizazioaren eta jazarpen penalaren aurrean –normalean lurraldea defendatzeko borrokan egoten direnak– dagoen erreakzionatzeko gaitasuna ere. Badaude mekanismoak gatazkak auzitegietara bideratzeko ere, Guatemalan zein nazioartean. Egoera pila bat daude. Auzibideak komunitateetan hasten dira, eta harremanak ehuntzen dira bertako antolakunde sozialekin edota espezializatuekin, hala nola konpromiso soziala duten abokatu bufeteekin. Nazioartean, esaterako, Mugarik Gabe bezalako erakundeekin ditugu harremanak, laguntzen digutenak ikerketak egiten eta kasuak dokumentatzen. Batzuetan, legezko eskabide batzuek funtzionatzen dute.

Adibidez?

Kasu batean Munduko Bankura jo genuen, nazioarteko lan sare baten bidez, eta ahalbidetu zuen proiektu hidroelektriko baten finantzaketa bertan behera uztea. Baina antolaketa zuen oinarritzat, lanketa eginda geneukan herrialdean, eta gero zabaldu genuen lana nazioartera. Kasu horretan arrakasta izan genuen eta proiektua geldiarazi, izugarrizko lana egin zelako Munduko Bankuari eta Europako Garapenerako Bankuei eskatzeko inbertsio funtsean zuten dirua erretiratzeko.

Beraz, garaipenak izan dituzue.

Bai! Baina Guatemalan ez daude babesten gaituzten legeak. Guk, adibidez, badauzkagu sententziak, Guatemalako Gorte Konstituzionalekoak, agintzen dutenak jatorrizko herrien kontsultarako eskubidea erreparatzeko, baina agintzen da multinazionalen proiektuak jada jarrita dauden lurraldeetan. Adibidez, Renace zentral hidroelektrikoaren kasua dago, Florentino Pérezi [Real Madril kirol klubeko presidentea] lotutako ACS enpresa transnazional espainolak eraikitako eraikuntza hidroelektrikoa dena: lurraldean instalatuta dago, eta gorteak agindu du kontsultarako eskubidea erreparatzeko, baina ez du esan instalazioak geldiarazteko kontsulta egin bitartean; kontraesankorra da.

“Kriminalizatua izateko arriskua txikitzeko modu bakarra da kolektibitatea eta komunitatea, oso erraza baita bakarka eraso egitea ”

Aipatu duzu kriminalizazioa jasaten duzuela lurren defentsa egiteagatik. Nola egiten diozue aurre etengabeko jazarpen horri?

Enpresen eta estatuaren estrategia da hori. Erresistentzia dagoela eta proiektu baten inposizioak kontrakotasuna duela ikusten dutenean, beti erabiltzen dute bide penala, giza eskubideen edota eskubide komunitarioen defendatzaileak kriminalizatzeko. Gu saiatzen gara lana egiten komunitatearen babesa mantentzeko, baina komunitate bereko 40-60 lagun kriminalizatuta daudenean, zaila da guztiak defendatzea. Lehenbizi, estrategia da kriminalizazioa, judizializazioa edo erasoa jasateko arriskua txikitzea.

Nola gutxitzen da arriskua?

Kolektibitatearekin, komunitatearekin. Horixe da modu bakarra, zeren pertsona bat oso ikusgarria izaten hasten denean, oso erraza baita bakarka eraso egitea.

Baina, aldi berean, borroka horretan beharrezkoak dira pertsona erreferenteak, ezta?

Erreferenteak bai, baina ez erabakigarriak. Zeren soilik borroka ordezkatzen baitute, eta ez dute erabakirik hartzen ez borrokari ez taldearen formari buruz. Gainerakoa asanblada bidez egiten da.

Lan egin duzu aholkulari tekniko-politiko gisa, nekazaritza gatazkei aterabidea ematen q’eqchi’ eta poqomchi komunitateetan. Nola egiten da lan gatazka horiek konpontzen, eta batik bat, nola egiten da lan latifundistekin eta zer harreman duzue eurekin?

Latifundistekin ez dugu harremanik, liskarra baizik [barrez]. Nekazaritza gatazka batean oinarrizkoena da ikerketa eta informazio nahikoa izatea, frogatzeko irregulartasunak daudela latifundioetan. Beti daude irregulartasunak, nahiz eta eurek ziurtatu erabat legezkoa dela, jabetza propietatean izena emanda dagoela, eta beste. Normalean hau topatzen dugu: latifundistak esaten du 100 hektarea dituela jabetzan, baina azterketa egiten dugunean konturatzen gara 200-300 hektarea dituela bere esku, legez dagozkionak baino gehiago. Bitartekaritzari dagokionez, oso zaila da lur-jabeekin adostasunera iristea.

“Kontsumoaren kultura da Hego Globala izorratuta mantentzen duena, gero eta gehiago behar duzuelako”

Guatemalan bazeuden gatazkak konpontzeko erdibideko puntuak bilatzen zituen mekanismo batzuk, 1960-1996 arteko gerraren osteko Bake Akordioetan jaso zirenak. Liskarrak gehienetan zerikusia dauka latifundistaren eta komunitateko kideen arteko lan harremanarekin. Kasu horretan argi dago: lan betebeharrak hautsi baditu, bitartekaritzaren helburua da latifundistak laborariari konpentsaziorako lan-prestazioak lurren bidez ematea. Latifundistak komunitateen esku utzi behar izan du lur osoa edo zati bat kasu askotan, bitartekaritza horretan arrakasta izan ohi dugu.

Beste kasu batzuetan, ikerketak eta frogak baditugu, estatuak ere esku hartu izan du txostenen bidez ebatzita irregulartasunak daudela lur horietan, eta estatuak komunitateei itzuli izan dizkie lur horiek. Baina hori egiteko aukera genuen duela bost urte arte. Arazoa da egungo gobernuak desegin zuela Bake Akordioak betearazteaz arduratzen zen instituzio oro. Horietako bat zen nekazaritza auziena, gatazka gehien kudeatzen zituena eta soluziorako mekanismoak bilatzen zituena. Egun ez da existitzen.

Eta nola egiten duzue lan orain mekanismo horiek gabe?

Orain dauzkagun mekanismo bakarrak judizialak dira. Eskabidea egin, eta ikerketa eta adituen txosten bidez frogatu lur-jabeen terrenoetan irregulartasunak daudela eta, beraz, ezin dela inor bertatik bota edo deliturik egin. Horretan gabiltza orain, epaiketetan frogak aurkezten testigu gisa. Halere, prozesu judiziala luzeagoa eta neketsuagoa da, eta kriminalizazioa pairatzeko arriskutsuagoa, epaiketan adierazi duzuna zure aurka erabiltzea errazagoa baita.

Euskal Herrian lurren defentsa indarra hartzen ari da, megaproiektuen areagotzearen ondorioz. Zure esperientziatik, zein bidetatik eman behar zaio soluzioa?

Zerikusi handia du antolakuntza mailarekin eta erresistentziarako ekintzekin. Guztiek daukagu erresistentziarako eskubidea. Guk arrakasta izan dugu proiektuak geldiarazten, komunitateak antolatuta daudelako eta zazpi-zortzi urtez egon direlako proiektu hori ez jartzeko gogor egiten. Kostuekin, noski. Santa Ritako [Alta Verapaz] zentral hidroelektrikoa, esaterako, bertan behera utzi genuen, baina zazpi urtez egon ginen erresistentzian, lurraldearen erabateko kontrola hartuta enpresa sartu ez zedin, eta kostuak izan zituen: 30 kriminalizatu baino gehiago, zortzi hildako baino gehiago... Beste kasu batzuetan kostuak txikiagoak izan dira, komunitatearen antolaketa mailak ahalbidetu duelako errepresiorik ez egotea.

Argazkia: Eneritz Arzallus / ARGIA CC BY SA.

Gailentzen ari den diskurtsoa da energia krisiaren aurrean soluzioa energia berriztagarriak direla. Nola eragiten die ideologia horrek Guatemalako jatorrizko herriei?

Denok gaude aterki neoliberal eta kapitalistaren pean. Energia berriztagarriei edo energia berdeei buruz hitz egitearen arazoa eskalak dira. Eskalak megaindustrialak eta merkantilistak dira, inoiz ez du funtzio soziala izango. Oso berriztagarria eta oso berdea izanda ere, amaituko dugu jendearen lur eremua inbaditzen, bizi kalitatea kaltetzen, eta ekosistemak suntsitzen. Eolikoek hazten jarraituko dute, logika merkantilista delako. Logika soziala izango balute, helburua litzateke eremu jakin baten energia eskaria asetzea.

Gurekin berbera pasatzen da, esaten digute energia garbiagorantz goazela zentral hidroelektrikoekin. Baina gure behar sozialak asetzeko adina hidroelektriko eraikiko dituzte soilik? Ez, ehunka egiten ari dira. Ikusi Cahabon ibaiko kasua: sei zentral eraiki dituzte, eta une honetan herrialdean gehien sortzen dutenak dira, baina energia horrek ez ditu bertako komunitateetako beharrak asetzen, ez daudelako ezta konektatuta ere; ez dute argindarrik. Zergatik? Merkatuarentzat delako. Eta kontsumo merkatua da ordaindu dezakeena; normalean, inguruko enpresa handiekin – meatzaritzarena, palma afrikarrarena– konektatuta daude, baita El Salvador, Honduras edota Mexiko hegoaldearekin ere. Toki guztietan dago logika bera.

Auto elektrikoak ekoizteko litioarekin ere, berdin. Gasolinazko auto guztiak elektrikoetara aldatzeko, eskala industrial erraldoi horiek mantentzeko, zer? Estraktiboa da dena.

Zuek hemen garraio sistema publiko oso onak izateko abantaila duzue, aldatu behar dena kultura da. Kontsumoaren kultura da Hego Globala izorratuta mantentzen duena, gero eta gehiago behar duzuelako.


ASTEKARIA
2023ko abenduaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guatemala
Guatemalako presidente kargua hartu du indigenen babesa duen Bernardo Arevalok

Inbestidura ekitaldia hamabi orduz atzeratu da, Kongresuak ohiko lege-prozedura batzuk atzeratu dituelako eta Bernardo Arevalo agintera ez iristeko azken momentuko saiakera batzuk egon direlako. Arevalok “autoritarismoaren” aurkako mezua helarazi du.


Guatemalako hauteskundeak baliogabetzea eskatu du fiskaltzak

Guatemalako fiskaltzaren helburua da hauteskundeak irabazi zituen Bernardo Arevaloren kargua hartzea eragoztea. Arevalok “ustelkeria amaitzea" hitzeman zuen.


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Guatemalako presidente hautatuaren alderdia inhabilitatu dute

Bernardo Arevaloren alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Hauteskunde Auzitegi Gorenak behin-behinean legez kanpo utzi du, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik.


Eguneraketa berriak daude