"Ondo dago hizkuntzak jakitea, baina hitz egin... euskaraz, ezta?"

  • Sorterriko hizkuntzaz hitzaldi egitera etorri zen Gasteiza, baina hitzari lotu zitzaion ordukoxe ohartu ginen hura ez zela izozmendiaren punta besterik. Ginea Bissaun jaioa, Senegalen hazia, Euskal Herrira ezkondua... Bizialdiaren zati bat, euskarazko doinurik jatorrenean.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Jorge Naur Gabu. Ginea Bissau, 1980

Irakasleak zituen gurasoak. Hamalau urte zituela galdu zituen, lau hilabeteko aldian biak hilak. Ingeniaritza Teknikoa ikasketak egin zituen, Eraikuntza zibiletan espezializatu, Senegalera egin, Irurako alabaz maitemindu, Euskal Herrira etorri 2010ean,  zahar-etxeko langile, osasun garraioan ikasi eta trebatua, sorterritik urrun ari da bizia egiten, bere burua euskaldundua, jatorrian mankanyera hiztuna izanagatik ere. Besteak beste. Babel dorre txiki bat da haren etxea, euskara, gaztelania, kreolera, mankanyera eta gainerako hizkuntzen saltsa lodian.

Hitz Adina Mintzo zikloan izan zinen duela zenbait hilabete Gasteizen, zeure herrialdeko hizkuntza mankanyeraz mintzo.
Lehenengo, neure burua aurkeztu nuen. Gero, hizkuntzaren gainean hitz egiten hasi nintzen pixka bat. Eta hasi eta gero, segi. Hitzaldia agindu zidatenean, idaztea pentsatu nuen, baina gero bestela erabaki nuen: “Idazten badut ere, ez dut idatzi dudan bezala esango! Hortaz, zertarako idatzi behar dut? Galderen arabera, erantzungo dut”. Ez dut gauzak irakurtzeko amorraziorik, nik baino lehen mankanyerari buruz batzuek eta besteek esan dutena irakurri nuen eta, ondoren, neure bizi eskarmentutik hitz egin nuen, erraz, ulergarri. Euskararen egoerarekin zertxobait konparatu nuen, hiztun kopuruak-eta azaldu… Hango etnien berri ere eman nuen pixka bat… Horiek esan, eta galderak erantzun nituen.

Urduri zinen saioa hasi aurretik…
Bai, hainbeste jenderen aurrean! Batetik, ez nekien zenbat jende izango zen eta, bestetik, ezta nolako galderak egingo zituzten ere. Urduri. Prozesua barneratu nuen, hitzaldia egin behar nuela, alegia, baina berriz etxera joan arte ez nintzen lasaitu! Kar, kar… Emazteak animoak eman zizkidan. “Zuk horrelako gauzetarako balio duzu!”, esan zidan. Baina beti ez, beti ez dut balio!

Zein bide egin zenuen Euskal Herriraino etorri artean?
Hamalau urte arte gurasoekin bizi izan nintzen, familian. Orduan, biak hil ziren, aita eta ama, lau hilabeteko aldian. Harrezkero, etxean nork bere bidea egin zuen. Eskolan ondo ari nintzen, lizeoan ere bai, unibertsitatera sartzeko proga gainditu nuen… Baina matrikula ordaintzeko dirurik ez nuen, unibertsitate pribatua besterik ez zegoen-eta han orduan. Hortaz, lanbidea ikasi nuen, Ingeniaritza Teknikoa, Eraikuntza zibilak espezialitatean. Gero, ikaskide izandako hamalau lagun elkartu eta eraikunzan hasi ginen. Batzuk ziren elektrizista, besteak igeltsero, zurgin… Ondoren,  beste birekin Senegalera joan nintzen, Abene herrira, lanera, etxeak egitera. Gero, taberna hartu nuen errentan. Musika jartzen nuen tokia girotzeko, mugimendua sortzeko, jendea erakartzeko. Turista pila bat joaten da-eta hara! Hiru etxe txiki ere hartu nituen, turistei errentatzeko eta, behin, Josunek-eta hartu zuten etxe haietako bat. Hantxe egon ziren hamabost egun, nire ondo-ondoan, baina hainbeste lan nuen, haiei begiratzeko denborarik ere ez nuen!

"Euskarazko azterketa egitera joan, eta neu nintzen afrikar bakarra.  Zahar-egoitzan lanean hasi eta hilabetera egin nuen proba. Azterlaria etorri zen, azterketa egin, gainditu eta B2a atera nuen"

Eta nola lotu zineten bata besteari?
Ez dakit, bada! Han bizi zen katalan baten bidez hasi ginen harremanetan. Orain hila da katalan hura… Hark esan zien nire andreari-eta, nitaz ari zela: “Honek gaztelania pixka bat badaki. Ginea Bissautik etorri da, eta portugesaren antzeko espainola-edo badaki”. “Ederki, norbaitekin hitz egiteko besterik ez bada ere!”, esan omen zuten nire andreak-eta. Eta horrela hasi ginen harremanetan. Egun bat, bi egun, hiru egun… Zenbait toki bisitatu nahi zituzten, eta beste lagun batek eta biok itzuli bat antolatu genuen, haiei bazterrak erakusteko. Horrela, maitemindu ginen arte. Orduantxe aldatu genuen programa! Kar, kar, kar… Ni hona etortzeko plana egiten hasi ginen. Lehenbizi, gonbidapenaren bidetik jo nahi izan genuen, baina ez zen erraza, nahi beste agiri eskatzen dituzte! Azkenean, ezkontzea erabaki genuen, paperak eskuratzeko biderik errazena zelako. Baina ez, hala ere, egun batetik bestera etortzeko! 2009ko azaroan, edo abenduan, ezkondu ginen, eta 2010eko martxora arte ez nintzen hona etorri. Lehenago etortzen ez zidaten utzi, ezkonduta ere.

Zer iritzi zenion Euskal Herriari lehen aldiz etorri zinenean?
Oso arraroa egin zitzaidan dena, galduta nengoen… Buruz prestatuta etorri nintzen, hala ere: “Europara noa, dena utzi behar dut, agur lagunak, bestelako hizkuntza bat ikasi beharko dut…”. Euskara, alegia. Zaila iruditu zitzaidan. Jartzen nuen belarria, eta ezin euskararik ulertu. Gero, pare bat urte-edo egin nituen AEKn, Villabonan, eta orduan bai, ikasi nuen, eta hasi nintzen hitz egiten. Gaztelania ere hemen ikasi nuen! Hasieran, nire herrialdetik ekarritako portugesarekin moldatu nintzen. Bestalde, Senegalen ere turismo gidari ibili nintzenez, ingelesa, portugesa, italiera… denak nahasten genituen, horretara ohituta geunden, eta, dudarik gabe, elkarrekin komunikatzeko balio zigun!

Argazkia: Zaldi Ero

Euskara ikasten jardun duzu euskaltegian… Oso garbi hitz egiten duzu…
Bai, ikasi eta gero! Kar, kar… Baina hasieran, euskaraz hasi, gaztelaniaz bukatu… Beti horrela! Zerbait esan nahi, eta euskaraz hasten nintzen. Baina, laster, behar nuen hitza ez zitzaidan ateratzen, eta gaztelaniara jotzen nuen automatikoki, zuzen-zuzen. Etxean ere denetik egiten dugu, ateratzen dena! Andreak euskaraz egiten dit, baina, gainerakoan, hainbat hizkuntza nahasten ditugu gure etxean. Umeekin neu bakarrik nagoenean kreoleraz hitz egiten dut. Ama gure artean baldin badago, euskaraz, gaztelaniaz…

Kreolera esan duzu, baina usteko nuen mankanyera zenuela hizkuntza…
Ginea Bissaun kreolera da hizkuntza nagusia, huraxe da batak bestearekin komunikatzeko erabiltzen duguna. Etnia asko daude herrialdean eta, adibidez, hiriburuan, etniak nahasita dauden tokian, modernizazioaren habian, kreolera behar izaten dugu, estandarra, denok erraz elkar ulertzeko moduko hizkuntza. Etnia bereko kideak gertatuz gero, berriz, etniaren hizkuntza hitz egingo dute; gure kasuan, mankanyera. Nik, esate baterako, anaiarekin ari naizenean, edo Ginea Bissauko familiarekin, mankanyeraz egiten dut. Edo, hobeto esan, mankanyeraz hasten naiz, baina, bukatu, aldiz, kreoleraz edo woloferaz bukatzen dugu. Hiru hizkuntza ere nahasten ditugu elkarrizketa berean. Norekin hitz egiten ari zaren ikusi behar.

Zure etnia, mankany-a da. Izena duzu Jorge… Nondik heldu da izen hori?
Jorge Naur naiz, mankanyerazko izena duzu. Moderno gara gu ere, moderno! Mankanyera izenak modernoak dira, Portugalen kolonia izan baitzen lurraldea. Etnia bakoitzak kanpoko kolonoek emandako izena du, baina, horrez gainera, berezko izena ere badauka. Nire kasuan, Jorge Naur naiz,  aitonaren ezizena dut Naur. Berez, “kultur zeremonia halako bat egiteko gai” esan nahi du. Horrekin lotuta dago, behintzat. Aitak, berriz, Jorge eta Naur, bi izenak aukeratu zituen niretzat.

“Modernoak” zarete zuek ere...
Ez dugula hemengoak ez bezalako ohiturarik, esan nahi dut. Bat edo beste ez bada, behintzat. Esate baterako, amets arraroren bat egiten baldin badut, anaiari Ginea Bissaura deitu eta kontatzen diot. Anaia, han bizi baita, ametsak interpretatzen badakien baten batengana joango da, kontatuko dio, eta ametsak interpretatzen badakien hark nire ametsa irakurriko du. Anaiari zerbait esango dio, eta hark niri. Eta horrek lagundu egingo dit. Hemen ere oso modernoak gara, baina ez dago horrelakorik. Han horrelakoxeak sinesten ditugu oraindik. Adibidez, esaten dute gure txikiak nire ama hilaren arima duela. Gure txikiak bi hilabete baino gehiago pasatu zituen lo ondo egiten ez zuela, eztulka, sustoka… “Han galdetuko dut, esango didate zerbait!”. Eta arrebak galdetu zuen, eta hari gure herrian esan zioten erremedioa-edo zertan zen esan zidan niri. Eta hartu nituen arroza, esnea eta horrelakoak, han ibiltzen ditugun gauzak, alegia, eta umearen ondoan ipini eta zeremonia txiki bat egin nuen, ama hildakoaren arimari esanez ez geundela ahaztuta eta hau eta hori eta hura. Orain umea pozik dago, zortzi hilabete ditu, txikia da, baina txapeldunaren pare dabil! Honekin esan nahi dut ezin ditugula gure ohiturak egun batetik bestera galtzen utzi, nahiz eta Europan bizi garen!

"Hango familiarekin, mankanyeraz egiten dut. Beno, mankanyeraz hasten naiz, eta bukatu  kreoleraz edo woloferaz”

Zertan da mankanyeraren egoera zuen herrialdean?
Bizi-bizirik ez dago, baina bizirik bai, behintzat. Etxearen arabera, esango nuke. Andre-gizonak mankanyak baldin badira, mankanyeraz hitz egingo dute, seguru. Baina etxean etniak nahastuta baldin badaude, kreoleraz hitz egingo dute. Mankanyera jendearen etxeetan hitz egiten da gehiena, belaunez belaun dator gure hizkuntza. Eta, bestalde, oraingo egunean, 2010. urtetik hona-edo, Senegalgo unibertsitatean hautazko hizkuntza gisa eskaintzen dute mankanyera. Hizkuntza onartua da, eta zabaldua dago Ginea Bissaun, Senegalen, Boli Kostan… Ganbian ere bai, ze Portugalek Ginea Bissau kolonizatu zuen garaian, bertako batzuek handik alde egin eta oraingo Ganbian kokatu ziren. Familiak osatu zituzten eta hizkuntzari eutsi zioten, eta hainbat kultur ohiturari ere bai. Janzkerari dagokionez, adibidez, ezkontza edo hileta baterako janztekoak bereziak dira…

Diozu belaunez belaun datorrela mankanyera, etxean hitz egiten dela gehiena. Eta hemen, nola ikusi duzu euskara?
Hemen, azpiegiturak eta gauzak bai, baina ez da euskaraz hitz egiten. Guk ez dugu horrelako azpiegitura eta gauzarik, baina geure hizkuntza erabiltzen dugu… Deigarria da, bai. Hain aurreratuta dago herrialde hau, eta jendea ere borrokatzen ari da euskararen alde, baina ez da ikusten. Nik AEKn ikasi nuen, eta euskaltegi barruan euskara entzuten nuen, jakina. Baina kalera irten eta ezer ez. Kolonizazioa ere hor da, ezta? Ondo dago hizkuntza bat baino gehiago jakitea, baina hitz egin... euskaraz, ezta?

Zurekin, behintzat, hitz egin liteke euskaraz, Ginea Bissaun jaiotakoarekin...
Horrela da mundua! Eta hemen, berriz, bertako askok ez dakite euskaraz, edo baldin badakite, ez dute hitz egiten. Batzuetan amorrazioa ematen du, eta niri ere ematen dit! Hainbeste kontu eta, azkenean, erdaraz! Euskaldun-euskaldunak, igual, eta seme-alabekin gaztelaniaz! Herriaren zimentuak omen direnak, eta gaztelaniaz? Ginea Bissautik etorri nintzen, euskaraz ikasi dut, eta bertakoak ez du ikasiko? Zentzurik ez du, ezta? Edo zer da, eskueran daukala eta ez diola baliorik ematen? Ez dakit…

Erraz ikasi zenuen euskaraz?
Ez, zaila izan zen, zaila! Hizkuntza batzuk banekizkiela etorri nintzen, eta horrek bidea erraztu zidan, baina, hala ere, zaila egin zitzaidan euskara, oso zaila! Kar, kar… Ez daukazu beste hizkuntzarik harekin konparatzeko: nondik jo, zer esan nahi duen, aditzak… Gehiegi! AEKn ikasi nuen, baina euskaltegian baino gehiago, etxean ikasi nuen, Josunek [emaztea] beti euskaraz egiten dit-eta. Ariketak egiten ere asko lagundu izan dit beti, eta kalera irten eta euskaraz egiteak ere lagundu dit. Baita zahar-egoitzako lanean, Tolosan, euskaraz egiteak. Han lanean sartzeko hizkuntza eskakizunak dituzte. Profilak. Eta nik B2a atera nuen.

Hara, bestea!
Bai, bada! Eta azterketa egitera joan, eta neu nintzen afrikar bakarra. Gehienak hemengoak ziren, euskaldunak, lanarengatik agiria behar zutenak. Nik, zahar-egoitzan lanean hasi eta hilabetera egin nuen proba. Azterlaria etorri zen, azterketa egin, gainditu, eta titulua jaso nuen. Kar, kar… B1 titulua atera nuenean, ahozkoa besterik ez nuen egin. B2a ateratzeko, ahozkoa eta idatzizkoa, biak. Idazlana ere egin nuen, eta atera nuen B2 titulua! Eta gero gerokoak! Gauza bat gutxiago! Orain, bizitzea tokatzen da, lan egitea, etxera soldata ekartzea… Etorri eta bost urte egin nituen etxetik kanpoko lanik gabe, alaba txikia zaintzen beti. Lehen bi urteak, batez ere. Noiz edo noiz joan izan nintzen non edo non zerbait margotzera, biltegiko lanen bat egitera, altzariak muntatzera… Denetik egin nuen. Gero, zahar-egoitzan hasi nintzenean, besterik izan da.

Hamaika urte gurean, zer moduz?
Ondo, ondo. Alde positiboak hartu behar dira beti gogoan. Hementxe gaude, osasuntsu… nahiz eta egoera txarra izan, pandemia eta hau eta hori eta hura, ondo gaude. Noizbehinka, soldata eramaten dut etxera, sartutako orduen arabera betiere. Eta horrelaxe. Josuneren ama bizirik da, eta hark ere laguntzen digu, ahal duena. Etxea ordainduta dago, ez daukagu hipotekarik...

Guk bezala hitz egiten duzu: etxea, hipoteka, amamaren laguntza…
Kolonizatuta nago ni ere, euskaldunek kolonizatuta, euskaraz hitz egiten! Zer uste zenuen, bada? Kar, kar...

Ez dizugu neke handirik igartzen, gure herrira egokitu behar izan duzunean...
Ez da zaila izan. Lana izatea da inportanteena, zeure soldatatxoa irabaztea, zeure buruaren jabe izatea, aldamenekoari ezer eskatzen ibili beharrik gabe bizi ahal izatea… Ondo nago hemen, baina askotan akordatzen naiz nire herriaz, badut herrimina. Nahi nuke hara joan! Esate baterako, iaz joan nahi genuen, baina ezin izan genuen, pandemia eta beste. Hiru urte daramatzagu hara joan gabe, eta bi urtez behin joaten saiatu gara orain artean. Hilabete igaro han, familia ikusi, klimaz gozatu, eta buelta!

Izan duzu momentu txarrik, bazterketarik, arrazakeria zantzurik?
Bai, izan dut horrelakorik. Ergelen kontuak beti. Baina mundu osoan daude ergelak...

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Jauzi.eus, Iruñerriko eskolaz kanpoko euskarazko jardueren bilatzailea

Hilaren 29tik aurrera Sortzen Guraso Elkarteak Jauzi.eus bilatzailea martxan jarriko du. Xedea da euskararen normalizazioa bultzatzeko dagoeneko eskaintzen den aisia atari digital bakarrean biltzea.


Mañeruibarko haur euskaldunak sarituko dituzte Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak

Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.


2024-05-24 | Ahotsa.info
Larunbatean Euskal Jaia Tafallan Nafarroako erdialdean euskararen alde egiten den lana goraipatzeko

Erdialdeko Euskal Jaia larunbatean ospatuko da Tafallan egun osoko eta adin guztietarako egitarauarekin, euskarak eta bere kulturak Erriberriko merindadean daukan errotzea erakusteko helburuarekin.


Amurrioko Udalak dirulaguntza kendu dio Aiaraldea Komunikabideari

Aiara eskualdeko euskarazko komunikabide bakarra da Aiaraldea, eta Amurrioko Udalarekin 2012. urtetik izenpetua eta indarrean zuten euskara sustatzeko hitzarmena "alde bakarrez" eta "inolako jakinarazpenik eman gabe" eten du udalak. Erabakia "oso... [+]


Eguneraketa berriak daude