Hurrengo belaunaldiei zorretan utziko dieguna

  • Europar Batasuneko herrialdeek dirutza mugiaraziko dute koronabirusaren pandemiari aurre egiteko. 750.000 milioi euroko aurrekontua duen Next Generation EU deituriko planaren bidez, trantsizio ekologiko eta digitala bideratu nahi da. Baina aurkeztutako proiektuek ba al dute zerikusirik helburu horiekin? Nola aukeratu dira? Eta zein logika eta ordainsariren truk emango ditu Europak laguntzak?

Ursula Von der Leyenek 2020ko maiatzean aurkeztu zuen Next Generation EU errekuperazio plana. (Argazkia: Europako Batzordea)
Ursula Von der Leyenek 2020ko maiatzean aurkeztu zuen Next Generation EU errekuperazio plana. (Argazkia: Europako Batzordea)

"Plan honek, aurrean dugun erronka handia, aukera bihurtzen du, ez bakarrik errekuperazioa lagunduz, baita gure etorkizunean inbertituz ere: Europako Itun Berdeak eta digitalizazioak, enplegua eta hazkundea bultzatuko dituzte, baita gure gizarteen erresilientzia eta ingurumenaren osasuna ere. Hau Europaren garaia da”. Hitz horiekin aurkeztu zuen joan den maiatzean Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Next Generation EU plana (NGEU), pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko diseinatua. Sekula ikusi gabeko milioi-jauziaren “aukera” aprobetxatzeko eskatu dute Europa osoko agintariek. Baina jende asko beldur da, ez ote den multinazionalak berdez tindatu eta diruz blaitzeko izango, eragindako zorrak herritarrek eta zerbitzu publikoek nozitzen dituzten bitartean.

Denera 750.000 milioi euroko aurrekontua du NGEUk –asko dirudi, baina Europar Batasunaren BPGren zati txiki bat baizik ez da–. Hortik 390.000 milioi euro, itzuli behar ez diren transferentzia edo laguntza zuzenak izango dira, 2021 eta 2024 urteen artean emango direnak, eta gainerakoa (360.000 milioi) mailegatu egingo da 2026 urtera arte, hau da, itzuli egin beharko da.
Partida handiena Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarentzat izango da, aurrekontu osoaren %90 hartzen du honek (672.500 miloi euro) eta trantsizio ekologikoko eta digitaleko proiektuetan inbertitu eta erreformak egitera bideratuko da, “suspertze iraunkorra eta erresilientea” lortzeko helburuz. Europako Batzordeak aholkatu du erreformak edo inbertsioak zazpi eremutan egitea, besteak beste, berriztagarrietan, 5G teknologian edo hezkuntzaren digitalizazioan.

Funtsak erabat baldintzaturik egongo dira hasieratik, hori da NGEUri egin zaion kritika nagusietako bat

Europar Batasuna osatzen duten estatu bakoitzari zenbat diru eman erabakitzeko metodo bat erabili dute, azken bost urteetako hazkunde eta langabezia tasak kontuan hartzen dituena. Horren arabera, Espainiako Estatuak jasoko luke diru gehien: 140.000 milioi euro. Horietatik 79.796 milioi transferentziak lirateke –46.000 milioi 2021 eta 2022 artean jasotzekoak– eta beste 68.000 milioi inguru maileguak. Frantziako Estatuak, berriz, 42.302 milioi euro jasoko lituzke, kasu honetan, maileguak lirateke. Espainia, Italia, Frantzia eta Poloniaren artean, funtsaren %60 eramango dute.

Eusko Jaurlaritzak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik 5.702 milioi euro “lortzeko helburua” adierazi du, 188 proiektu barnebiltzen dituen Euskadi Next 2021-2026 programaren bidez. Hidrogeno korridorea, ibilgailu elektrikoen baterientzako giga-faktoria… Petronor, Iberdrola eta autogintzako konpainia handi asko daude proiektu horien atzean. Nafarroako Gobernuak, bestalde, Nafarroa Suspertu programaren barruan 125 proiektu aurreikusi ditu 3.419 milioi euroko aurrekontuarekin –ez du zehaztu europar funtsetatik zenbat diru jasoko lukeen–, tartean AHT, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eta antzeko azpiegiturak daude. Bi erkidego horietako proiektuak aztertu ditugu erreportaje hau osatzeko artikulu banatan. Euskal Hirigune Elkargoak oraindik ez du NGEUrako egitasmo zehatzik aurkeztu, ARGIAri erakundetik azaldu diotenez.

Honaino datuak. Baina zein epe, baldintza, hautaketa prozesu eta logikaren arabera iritsiko da gure geltokietara Mr. Marshall berri hau? Hurrengo lerroetan xehatuko ditugu horiek guztiak. Nolanahi ere, plan honen lurreratze pista zein izango den aire zabaletik begiztatu liteke jadanik: azken urte luzeetan egiturazko krisian sartuta, sinetsarazi nahi digute posible dela kapitalismo inklusibo, gizatiarrago eta berdeago bat izatea –Davosen entzun berri dugun bezala–, aurrerakuntza teknologikoak argudiatuz, kontraesan nagusi bati ezikusia eginez: geroz eta gehiago produzitzeak ez du asebeteko sistemak duen etekin gosea, krisi energetiko eta klimatikoan are gehiago sakonduz. Baina ez gaitezen ondorioetan aurreratu.

“Ez, bizi naizen artean”

Askok oso gogoan dute 2012ko ekainean, aurreko krisialdi ekonomikoaren erdian, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak esandakoa, ez zela eurobonorik izango “ni bizi naizen artean”. Ia hamarkada bat eta gero, hitz horiek irentsi behar izan ditu, Europar Batasuna zorra jaulkitzen ari baita. Zer gertatu da? Covid-19aren pandemiak sorturiko lurrikarak dena aldatu duela, Bigarren Mundu Gerratik ez baita halako hondoratzerik izan. “Ni bankari izan nintzen eta ez dut sekula halakorik ikusi –azaldu du Luca Bonarcossi finantza jasangarrietan aditu eta ingurumen aktibistak–. Aurreko krisian bagenekien arazoa bankuak zirela, baina koronabirusarekin… urteetan bizi behar izango ote dugu honekin?”.

ODG, Ekologistak Martxan eta Omal erakundeek antolatutako Next Generation EU-ren barrunbeetara bidaia jardunaldian plazaratu du Bonarcossik bere analisia –interneten aisa aurkituko du irakurleak hitzaldia, gaztelaniaz–. Italiako adibidea darabil finantzariak: munduko bigarren zor publiko handiena duen herrialdeak kiebra joko luke errekuperaziorako europar plan hau gabe, eta “Italiak zorrak ez kitatzeak, ez luke antzik izango Greziakoarekin, Europar Batasunaren amaiera litzateke”. Hortik Merkelen iritzi aldaketa, kolapsoa saihesteko.

Nazioarteko Lan Erakundearen arabera, 2020an lan egindako orduak %8,8 murriztu ziren mundu osoan eta 255 milioi lanpostu deuseztatu ziren, 2008ko krisia halako lau. Enplegu galerak sektore prekarioenak astindu ditu, behin-behineko kontratua edo lanaldi partziala dutenak batez ere –normalean gazteak eta emakumeak–. Koronabirusaren krisia ekonomiarengandik “exogenoa” dela esan digute, eta hau igarota, V formako suspertzea etorriko dela: “Hori bai, esan digute hori gertatzeko beharrezkoa dela inbertsioak 4.0 iraultza deiturikoan egitea –dio Paul Llonch ekonomialariak–. Baina benetan uste dute estrategia aldaketa horrek hazkunde eta ongizate garai bat zabalduko duela? Fidatu al gaitezke?”.

Errekuperazio planarekin kritiko direnek, hurrengo belaunaldiak zorpetu eta murrizketa sozialak ekarriko dituela diote. Irudian, pentsio duinen aldeko mobilizazioa Gasteizen abendu honetan (arg.: Foku / Jaizki Fontaneda)

Llonch Kataluniako Taifa Ekonomia Kritikoko Seminarioko kidea da eta Realitat webgunean azaldu duenez, “digitalizazio kapitalista areagotzea zerk justifikatzen duen ulertu nahi badugu, produktibitateaz hitz egin behar dugu”. Bere esanetan –hainbat ikerlari eta aditu aipatzen ditu– egungo sistemak zerbitzu eta merkantzia gehiago ekoiztu ditzake, baina ez da gai balio gehiago produzitzeko, eta hor dute kapitalistek arazoa: “Inbertitzaileari bost axola zaio bonotan, mantekilan edo kanoietan inbertitzen duen, etekina nahi du”.

Presaka eta hurrengo belaunaldien diruarekin

NGEUrako proiektuak aurkezteko epea apirilaren 30 arte dute estatuek. Lehenik, udalek eta foru aldundiek Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari helarazten dizkiete, hauek Madrilera eramango dituzte, eta azkenik Bruselara iritsiko lirateke Espainiako Gobernuak “interesgarrien” ikusten dituenak. Frantziako estatuan ere Parisek du azken hitza. Europako Batzordeak bi hilabeteren buruan aztertuko ditu iragazia pasatakoak eta Europako Kontseiluak lau aste lituzke hautatuak onartzeko. 2021eko bigarren seihilekoan iritsiko litzateke laguntzen lehen zatia.

Nondik aterako da dirua? Historian inoiz ikusi den bono jaulkitze handiena eginez. 2026an diru iturria itxi eta 2058 arte ordainduko dugu “hipoteka” hori

Diru kopuru multzo handiak eta presaka ibiltzeak zalantzak sortu ditu kudeaketa eta gardentasunari dagokionez. Izan ere, administrazio askok aholkularitza enpresa pribatuetara jo du prozesua gidatzeko, PwC edo Deloitte kasu. Mikel Otero Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaileak elkarlanari “muzin egitea” leporatu dio Eusko Jaurlaritzari: “Akats estrategikoa da, Europako funtsekin finantzatuko diren proiektuen hierarkia guztion artean, auzolanean, erabaki beharko genukeelako, gero Madrilen defentsa bateratua egiteko”. Iñigo Urkulluren exekutiboak aurkezturiko 188 proiektuetatik askotan ados egon daitekeela dio EH Bilduk, baina beti ere lankidetza publiko-pribatuari “baldintza argiak jarrita, onura soziala bermatzeko”.

Eta nondik aterako da dirua? Historian inoiz ikusi den bono jaulkitze handiena eginik. 2026an diru iturria itxiko da, eta zorraren titulu publikoekin sortuko den “hipoteka” ordaintzen hasiko gara, 2058 urtean amortizatu arte, hiru hamarkada beraz. Europar Batasunak hainbat zerga berri ezartzea proposatu du horretarako –karbonoaren, plastikoaren edo digitalen gaineko tasak–, baina fiskalitate politikan ez da inoiz adostasunik izan europar herrialdeen artean, eta bide itsua dirudi horrek. Ondorioa? Zor publiko gehiago eta murrizketa sozialak. “Gastatuko dugun dirua ez da gurea, hurrengo belaunaldiak ordainduko du osorik, egun 15 urte dituzten eta klimaren alde mobilizatzen diren horiek, horregatik deitu diote Next Generation”, dio Bonarcossik.

Klima aldaketaren kontrako greba Bilbon 2019ko irailean. (arg: Foku / Luis Jauregialtzo)

Indarrezko-alkandora

2008ko krisian ezagun egin zen Troika delakoa (Europako Banku Zentrala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batzordea), “erreskataturiko” herrialdeei neurri oso gogorrak inposatzen zizkielako diru truk, beltzez jantzita. Oraingoan baina, ez da halakorik behar izango: lagunduko diren proiektuak erabat baldintzatuak egongo dira hasieratik. Hori da NGEUri egin zaion beste kritika nagusietako bat; ELAk horretan egin du azpimarra batez ere. Sindikatuaren ustez, kontua ez da eztabaidatzea funtsak nora bideratzen diren: “Eredua garbi dago: maileguak eta transferentziak egiturazko erreformen eta aurrekontu-austeritatearen truke”.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren laguntzak “Europar Seihilekoaren” barruan onartuko lirateke. Urteko lehen sei hilabeteetan, estatuek euren aurrekontuak doitzen dituzte EBk ezarritako helburuen neurrira. Prozesu horretan, Europako Batzordeak “gomendioak” ematen dizkie lehentasunak jarri eta planak diseinatzeko, eta ministroek osaturiko Europako Kontseiluan adosten dira behin betiko gomendioak.

Euskal Herriak Kapitalari Planto! dinamikak salatu du europar funtsak “indarrezko-alkandora” bat izango direla, murrizketa sozial gehiagoren atariko, eta pentsio sistema publikoaren desegitea edo PPk ezarritako lan-erreforma bere horretan mantentzea ekarriko duela, besteak beste. Areago, zorra mutualizatzearen kontra daudenek Maastrichteko Tratatuko irizpideak kontuan hartzea nahi dute –azken 30 urteetako Europa neoliberalaren hazia izan zena–, Alemaniako Banku Zentralak (Bundesbank) bere azken buletinean eskatu bezala. “Ondoren gogoraraziko digute gure aukeren gainetik bizi garela eta gehiegizko zor publikoari aurre egiteko doikuntza politikak ezinbestekoak direla”, azaldu du ELAko Pello Igeregik Galde aldizkarian (pdf).

Ikusteko dago pandemiak kapitalaren eta lan-indarraren arteko antolaketa sozial berri baterantz eramango ote gaituen, baina oraingoz eskema zaharrak baino ez dira errepikatzen ari, trantsizio ekologiko eta digitalaren banderapean. Aitzitik, “estraktibismoa ezin da banandu kapitalismo berde deituriko horretatik”, dio LLonchek, eta horrek larrialdi klimatikoa larriagotzeaz gain, austeritate eta prekarietate gehiago baino ez die ekarriko hurrengo belaunaldiei.


ASTEKARIA
2021eko otsailaren 07a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Next Generation EU
2023-07-30 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Interruptus

Etxebizitzen energia aurrezpenerako eraikuntza-lanak egiteko dirulaguntzen leihatila bat-batean itxi egin da. Irudikatu ezazue ilaran gelditu direnen haserrea. Arkitektoak, eraikitzaileak, komunitateen administrariak, bizilagunak… Proposamenak jasotzeko deialdia azaroa... [+]


Pentsio-erreforma azkar batean egin beharko du Espainiak, Europako dirua jaso nahi badu

Europak aztertu egingo du pentsio-sistemen alorrean agindutakoa bete den ala ez, eta Espainiak ez du egin oraindik. Egiten ez badu, baliteke Next Generation funtsetako diru gehiago ez jasotzea. Frantziak gaindituko du azterketa; horregatik igo du erretiro-adina.


Escriváren proposamena pentsioentzako: Europako funtsen tranpan harrapatuta

Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák pentsio publikoen sistema berriz aldatzeko proposamena egin du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea nahi du, baina horietatik 28 aukeratu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude