XXK, ODG, OMAL eta ESFk, ekofeminismoan eta ekonomia feministetan ekintzaile diren beste kide batzuekin batera, aurkeztu dugu Susperraldi eta eraldaketa ekonomikorako bost proiektu estrategikoren analisia. Inbertsio publikoak nola ahultzen duen trantsizio ekofeminista.
Egindako ikerketaren ardatza Espainiako Gobernuak NextGenerationEU funts europarrekin finantzatuta abiatu dituen Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko hamaika Proiektu Estrategikoetatik (ESEPE, gazteleraz PERTE) bost dira; zehazki, (ustez) arlo hauei buruzkoak: osasuna, energia, nekazaritzako elikagaiak, ura eta zaintza. Azterketaren helburua da egungo politika ekonomikoei buruzko eztabaidari ekarpena egitea ikuspegi ekofeministatik, eta bertan baieztatzen den hipotesia da nola bideratzen diren finantzaketa publikoaren kantitate izugarriak gizartearen eta ingurumenaren beharrei erantzuten ez dien proposamen teknokapitalista batera. Proposamen hori, kasu honetan, ia ez da iristen "berdez edo lilaz pintatzera" ere, nahiz eta funtsak ikuspegi horretatik sustatzen saiatzen diren.
Artikulu honetan hausnarketa labur bat egiten dugu trantsizio ekofeministarako beharrezko ikusiko genituzkeen antolamendu sozial eta politikoko planteamenduei buruz, eta azaltzen dugu aztertutako bost ESEPEak – eguneroko sostenguarentzat eta bizitzaren erreprodukzioarentzat funtsezkoak diren ondasunei lotuak – kapitalismo berde eta digitalaren eskala-jauzia baino ez direla.
Gure oinarrizko ideia da etorkizun ekofeminista batek guztientzako eskubideak bermatu behar dituela, eta horrek garamatza ikustera eta salatzera pertsona askoren eguneroko beharrizan asko estali gabe daudela, eta aldi berean, horrek garamatza aurre egitera egungo genero-desberdintasunei, klase sozialari, aniztasun funtzionalari, migrazio-estatusari eta arrazalizazioari. Esan dezakegu ikuspegi ekofeministak zalantzan jartzen duela, oinarrian, egungo eredu sozioekonomikoa, bizitzaren iraunkortasunari dagokionez. Ikuspegi horretatik, ESEPEak, beren ikuskeratik eta ezarpen-esparrutik, premien estaldura bermatzen ez duen eredu horren engranajearen parte dira: ez daude eskubideen ikuspegitik idatzita, eta ez dute haiei erantzuteko asmorik. Ura, elikadura, osasuna, energia eta zaintzarako eskubidea ez aitortzeak, ordea, inplikazio hau du: ezberdintasunak eta horien ondoriozko gatazkak areagotzea, horiek eskuratu ezinak edo eskasiak eraginda.
Eskubideen aldeko apustua bazter utzi ondoren, zein da aztertutako proiektuetan aurkitzen dugun ikuspegia? ESEPEentzat osasuna, zaintza, elikadura, ura eta energia ez dira ongizatearen eremuak, baizik, irabazi handiagoa lortzeko eskalatu beharreko sektoreak dira, balio-kateak sortuz; ESEPEen garapen teknikoan, eremu horiek aztertzen dira diru eta finantza-balio handia sortzen duten industria gisa, eta enfasia jartzen da, adibidez, produkzio-prozesuetan, hala nola (edozein) energia sorkuntzaren gainean osagaiak fabrikatzean edo osasunerako irtenbide digitalak eta (bio)teknologikoak sustatzean. Materiaren eta energiaren erabileran ezinbestekoa den deshazkunderantz urrats planifikatuak egin beharrean (kolapso ekologikoak horretara behartzen baitu), apustua egiten da balio-kate globalen hazkundearen alde, eta hori soilik oinarritu ahal izango da akaparamendu global handiago batean. Kapitalismoari darion logika jarraitzen du, alegia, baliabide guztiak merkantilizatzea.
Nolakoa litzateke eredu sozioekonomikoa ekofeminismoetatik pentsatzea? Guztion oinarrizko beharrak asetzeko askitasun-printzipioa kontuan hartuta, guk proposatzen dugu gure kontsumoak eta ekoizpen-ereduak planetaren, lurraldeen eta bizitzen mugetara egokitzea. Premiazkoa da azpimarratzea gaur egun erabiltzen ditugun eta modu esponentzialean garatu nahi diren teknologia horiek oinarrituta daudela erregai fosilez, material urriez eta mineral kritikoz osatutako elementuen eskarian, eta elementu horiek inpaktu handia eragiten dutela haien erauzketan, eta kasu askotan Munduko Hegoaldean egiten dira, logika neokolonialen bidez.
Eta zer aurkitzen dugu ESEPEetan? Oro har, ESEPE guztiek hitz egiten dute gizarte eta ingurumen aukerez, gizarte-berrikuntzaren eta demokratizazioaren beharraz, eta do no significant harm printzipioa (DNSH, “ez kalte handirik eragitea”) aipatzen dute, baina ez dute adierazlerik ezartzen beteko direla egiaztatzeko, eta ez dute formularik ezartzen, praktikarako printzipio lotesleak izan daitezen. Izan ere, EB-ren esparruan beranduagokoak diren eta “segurtasun energetikoa” helburu duten politikak eta programak, adibidez RepowerEU, libre dira DNSH printzipioak bete behar ez izateko. Bestalde, helburu dituzten ekimenek teknologia aurreratuak eta irtenbide digitalak eskatzen dituzte eta ekimen horien ereduak ez datoz bat oinarri horiekin, eta beraz, erabatekoa da proiektuen oinarrian dagoen erretorikaren bateraezintasuna, faltsukeria eta hipokrisia. Are gehiago, Munduko Hegoaldean erauzketa-muga zabaltzeak baliabide materialen eta zainketen kate globalak (gehiago) aktibatuko ditu.
Horrela, narratiba bat sortzen da, zeinetan guztiz bateragarriak diren hainbat kontzeptu, hala nola hazkundea, klima-aldaketaren aurkako borroka, energiaren eta materialen kudeaketa iraunkorra, erronka demografikoa edo belaunaldien arteko erreleboa, eta gazteentzako eta emakumeentzako kalitatezko enplegua. ESEPEak negozio-eredu berriak sortzeko aukera-berdintasunezko esparru gisa ere aurkezten dira, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako aukera gisa, baita demokrazian sakontzeko aukera gisa ere, hutsetik abiatuko bagina bezala. Berriz ere, ez dute azaltzen nola, ez dute aipatzen ez metodologiarik ez adierazlerik, eta ez ikusia egiten diote abiapuntua bera desorekatua izateari, bai finantzaketa lortzeko, eta baita ere banaketako irizpideak finkatzen diren esparruan parte hartzeko eta ESEPEen neurriak definitu diren erabaki-guneetara sarbidea izateko. Paperak dena eusten du, baita ESEPEen erretorika generalista ere, baina gauza aldatzen da proiektuen aurrekontu-partidak zehazki zertara bideratzen diren aztertzen dugunean.
ESEPEen beste hutsune nagusietako bat da rol publiko eta publiko-komunitario ahula proiektuen gobernantzan, kudeaketan eta inplementazioan. ESEPEak lankidetza publiko-pribatuak dira, eta transizio berdearentzako aliantzen hizkera erabiltzen bada ere, ez da beste ezer diru publikoa eremu pribatura lekualdatzea eta proposamena oso-osorik merkantilizatzea baino. ESEPEak sektore publiko, estatal eta zentralizatu bat planteatzera mugatzen dira, ikerketa-ildo teknologiko berriei eta sektore pribatuaren ekimen garestiei emandako laguntza ekonomikoan oinarritua, eta itsua da muga naturalen, desberdintasunen, generoaren edo enpresa-sektorearen (bereziki korporazioen eta kapital transnazionalaren) botere-metaketaren arazoarekiko. Atzean utzi du tokiko eskala, zeina hurbilen dagoen etxeko eta lurraldeetako errealitatetik, eta hori ez da harritzekoa, jakinda ekimen horiek gizarte-mugimenduei eta pertsonei bizkar emanda landu dituztela.
Horregatik guztiagatik, ezin dugu besterik esan ESEPEek kapitala-bizitza gatazka indartzen dutela baino eta beraz, aztertu egin behar direla, ezkutatu nahi dituzten dinamikak agerian uzteko. Eta, horrekin batera, premiazkoa da eztabaidan dauden gakoak azaltzea, gure ustez hauek posible egiten baitute etorkizun ekofeminista, zeinak bidea egin behar duen honako hauetara: 1) kolektibizazioa eta despribatizazioa, proposamen publiko-komunitarioen bidez; 2) prozesu sozioekonomikoak birkokatzea, kateak laburtuz eta lurraldeetan sustraituz; 3) planetaren mugetara egokitzea, munduko pribilegio eta desberdintasunak zuzenduz; 4) funtsezko lanak berrantolatzea, haien balioa handituz eta lan kaltegarriak eta beharrezkoak ez direnak murriztuz; 5) demokratizatzea eta elkar zaintzea, eta hau izatea logika sozioekonomiko berriaren ardatz.
Gako horietatik abiatuta, trantsizio ekofeministek bide luzea dute egiteko, eta ESEPEak, bere planteamenduan, atzera pausoa dira. Ez da harritzekoa, ezta ere, gizarteak eta komunitateek izan duten parte-hartze txikia edo ezereza proiektu horien diseinuan, eta gaur egun dagoen gardentasun falta funtsak eskuratzen dituzten enpresen gainean. Proiektu hauek talde korporatiboek instituzionalitatearen eskutik pentsatutakoak dira, eta gure lanen, bizitzen eta lurraldeen merkantilizazioan sakontzea dute helburu. Aldiz, behar duguna da diru publikoa inbertitzea eskubideak bermatzen, beharrak asetzen eta lurraldeetan eta planeta osoan bizitzak mantentzen eta birsortzen dituen hori defendatzen.
* Iritzi artikulu hau gazteleraz ere argitaratua dute, Publico hedabidean.
ELA sindikatuak galdeturik, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak osatu du 69 orriko Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura. Next Generation EU funtsek Hego Euskal Herrian duten inpaktuaren azterketa (2020-2024) txosten... [+]
Etxebizitzen energia aurrezpenerako eraikuntza-lanak egiteko dirulaguntzen leihatila bat-batean itxi egin da. Irudikatu ezazue ilaran gelditu direnen haserrea. Arkitektoak, eraikitzaileak, komunitateen administrariak, bizilagunak… Proposamenak jasotzeko deialdia azaroa... [+]
Europak aztertu egingo du pentsio-sistemen alorrean agindutakoa bete den ala ez, eta Espainiak ez du egin oraindik. Egiten ez badu, baliteke Next Generation funtsetako diru gehiago ez jasotzea. Frantziak gaindituko du azterketa; horregatik igo du erretiro-adina.
Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák pentsio publikoen sistema berriz aldatzeko proposamena egin du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea nahi du, baina horietatik 28 aukeratu ahal izan... [+]
COVID-19aren ostean ekonomia suspertzeko iragartzen ari ziren neurri ekonomikoak ezbaian jarri ditu Ukrainako gerrak. Azken asteetan mota askotako erabakiak hartzen ari dira Europar Batasuneko agintariak. Horietako batzuek zuzenean eragingo dute herritar arrunten bizimoduan... [+]
Abenduaren 1erako manifestazioak deitu dituzte ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, CGT eta CNT sindikatuek, Espainiako Gobernua prestatzen ari den lan eta pentsio erreformen kontra eta "bizi duin baterako burujabetzaren" alde.
Nicola Scherer (Munich, 1984) Kataluniako Observatori del Deute en la Globalització (Zorraren Behatokia Globalizazioan) erakundeko ikertzailea eta Open Generation EU taldeko kidea da eta Kapitalari Planto! plataformak ekainean aurkeztu zuen Europako berreskuratze-funtsak:... [+]
2008an aurkeztu zutenetik behin eta berriz abiarazi eta gelditu dute Bilboko Guggenheim museoak Urdaibai inguruan bigarren adar bat zabaltzeko asmoa. Azken astean, ordea, berriz ere jarri dute mahai gainean proiektua, Europako Next Generation funtsen harira. Gernikan eta... [+]
Iritzi publikoaren zati handi batek uste du Next Generation EU Europako Funtsak ez direla itzuli behar izango eta ez dutela inolako ordainik pandemiaren krisitik ateratzeko. Ba ez.
Horrela dio planetan inoiz egon den zor publikoaren programarik handinahienak, datozen 7 urteetan 750.000 milioi euroko diru-laguntzak eta maileguak (erdibana) banatuko dituenak. Europa suspertzearekin batera, ekonomia berdeagoa (trantsizio energetikoa) eta digitalizazioa, hots... [+]
Iritzi publikoaren zati handi batek uste du Next Generation EU Europako Funtsak ez direla itzuli behar izango eta ez dutela inolako ordainik pandemiaren krisitik ateratzeko. Ba ez.
Ekologistak Martxan taldeko kidea da Maitane Arri Escudero (1977, Areeta). Euskal filologian lizentziatu eta itzultzaile lanetan urte luzez jardun ondoren, M15 mugimenduak aktibismo ekosozialerako grina piztu zion. Norbanakoen arduran baino, politikan, kudeaketa publikoan eta... [+]