Nahiz eta trantsizio ekologikorik ez bideratu, Next Generation EU funtsak jasotzen dabiltza Euskal Herriko enpresa transnazional boteretsuenak

  • ELA sindikatuak galdeturik, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak osatu du 69 orriko Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura. Next Generation EU funtsek Hego Euskal Herrian duten inpaktuaren azterketa (2020-2024) txosten mamitsua. Argiki ageri da, trantsizio ekologikoaren alde egin behar zuten Next Generation EU funtsek ez dutela helburua betetzen eta politika antisozialak inposatzeko bidea direla.


2024ko maiatzaren 29an - 12:09
Azken eguneraketa: 15:44
Petronor eta Repsol bezalako enpresa handi kutsatzaileek jasotzen dituzte dirutza handiak Next Generation EU programatik. Argazkia: Petronor

"Next Generation EU programaren benetako izaerak ez du zerikusirik behin eta berriro aurkeztu diguten irudiarekin: egindako ahalegin ekonomikoa eta politikoa ez da hain garrantzitsua izan, beste potentzia batzuek emandako laguntzekin alderatuta; trantsizio gozoaren win-win kontakizunak leher egin du, gatazka militarrek gora egiten duten bitartean; programaren garapena, ustez premiazkoa eta estrategikoa, opakua eta geldoa da praktikan; azkenik, programa gauzatzeko, funts publiko masiboak ematen zaizkie enpresa handiei, eta balizko biraketa neokeynestarra lausotzen da, botere korporatiboa esparru komunaren aurka mantentzeko ahalegin etsi-etsia", irakurri dezakegu Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura. Next Generation EU funtsek Hego Euskal Herrian duen inpaktuaren azterketa (2020-2024) txostenean. ELAk galdeturik, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak idatzitakoa da eta maiatzaren 28an aurkeztu dute.

Next Generation EU (NGEU) izan zen agenda europarraren apustu berdea eta digitala gauzatzeko bideraturiko lehenengo tresna, 2021ean abiaturikoa. NGEU prozesu zentralizatua izan da, hau da, estatuak inbertsio estrategikoenak beretzat gordetzen ditu, eta autonomia erkidegoak bigarren mailako deialdiez arduratzen dira. NGEU prozesua "Bermudetako triangelu" bat dela azaltzen dute xeheki txostenean: kontrarreforma sozialak, bideragarritasun zalantzagarriko inbertsioak, zorraren handitzea, eta burbuilak eta funts publikoak espekulaziorako bereganatzea. Ondorioa argi dute Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak eta ELAk: "NGEU programa sirena kantu bat izan zen, eta haren soinuak indarra galdu du". Inbertsioak alde guzien onerako izanen zirenaren win-win kontakizuna gezurtatzeko osagaiak azaltzen dira txostenean.

Matrize ekonomikoa eraldatu beharrean, betiko kontra-erreforma sozialak, austeritate politikak eta inbertsio korporatiboen garapena dira Europar Batasunak lurraldeetara –eta kasu honetan Hego Euskal Herrira– bideratu betebeharrak. Hain zuzen, diru-laguntzen trukean politika antisozialak eta austeritate neurriak bideratzeko betebeharra dute estatuek. "Langile klasea lan erreforma, pentsioen erreforma eta erreforma fiskala jasaten ari da, baita kontratazio publikoko irizpideen desegitea ere; zorra eskala guztietan handitzeak hersturazko etorkizuna iradokitzen du".

"Gastu militar handiagoa, eta gastu sozial murritzagoa. Pentsioak txikiagotu nahi dituzte armak erosteko; hor dago koska. Hori da NGEU: gezur bat multinazional handien interesen alde egiteko"
Mitxel Lakuntza (ELA)
Austeritatea eta kontraerreformak

ELAren idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak prentsaurrekoan adierazi bezala, funts horiek Espainiako Gobernua behartzen dute pentsioetan %6,1eko murrizketak ezartzera 2025eko apiriletik aitzina –urtean 11.300 milioi euroko murrizketak–: "Europar funtsak estatuen politiketan esku hartzeko mekanismoak dira, eta Europar Batasunak aspaldidanik aplikatu izan dituen austeritate politiken baitan ematen dira. Egoera honen arduradun ere badira pentsioen erreformari bide eman zioten alderdiak, besteak beste EAJ eta EH Bildu. Bizkar eman zioten erreforma arbuiatzeko eskatu zieten erakundeei". Gainera, politika horiek gerra estrategiaren eta ekonomiaren mesedetara doazela irakurri daiteke txostenean: "Gastu militar handiagoa, eta gastu sozial murritzagoa. Pentsioak txikiagotu nahi dituzte armak erosteko; hor dago koska. Hori da NGEU: gezur bat multinazional handien interesen alde egiteko. Egungo europar politikak ez dira ez berdeak, ez sozialak, eta haien iparra ez da bakea", Lakuntzaren hitzetan.

Next Generation EU Hego Euskal Herriko enpresa transnazional andanari bideratu zaio: Volkswagen Navarrak 27.004.575 euro; Sapa Operacionesek 10.332.719 euro; Irizar S.Coopek 7.390.279 euro; Gestamp Abrerak 8.934.542 euro; Multiverse Computingek 1.897.223 euro; Gestamp Bizkaiak 5.400.639 euro eta Mercedes Benz Españak 55.152.867 euro. Enpresa horiek ditugu NGEU funts gehien jaso duten Europako 100 enpresen artean. Baina, sektore publikoak ere jaso ditu –besteak beste, Bilboko eta Gasteizko Udalak– eta azpikontratazio dinamika izan ohi dute trukean jarri beharreko baldintzen artean.

Zehazkiago, automobilgintza –eta beraz, ibilgailu elektrikoen sektorearen garapena– da sostengaturiko sektore nagusia; enpresak zuzenean sostengatu edota instituzioak diruztatzen dituzte horretarako –Bizkaiko Foru Aldundiak 248.000 euro jaso ditu NGEU bitartez 44 ibilgailu elektriko erosteko, eta halaber, AHT ere protagonista nabarmena izaten ari da Hego Euskal Herrian–. Txostenean irakurri daiteke bigarren eremu garrantzitsu bat dela hidrogenoa. Adibidez, Spanish Hydrogen Network elkarteak jaso du laguntza handia, eta beraz Repsolek ere, elkarteko burua izanik.

ELAren txostenaren aurkezpena. Argazkia: ELA

Baina, autonomia-erkidegoetako administrazioek eta foru administrazioek ere parte hartzen dute ekimen horretan, besteak beste elkartearen ondoko helburuari buru-belarri lotuz: Bilboko portura arteko Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) sendoki kokatu nahi dute merkatuan. BH2Caz gain, 150 milioi euro eman zizkieten industrian, garraio astunean eta deskarbonizazio zaileko beste sektore batzuetan hidrogeno berriztagarria ekoizteko eta kontsumitzeko bideragarritasun komertziala duten hemeretzi proiekturi. Energia berriztagarrien garapena da sustaturiko beste sektore bat, gehiengo handian makroproiektuen logikan dauden multinazionalei bideratzen dizkiete diru funtsak.

Zaintza lanak ere, zaintzaren kalterako

Zaintza lanei ere bideratzen zaie NGEUaren zati potolo bat, baina premiazko sektore horren ikuspegi neoliberal batetik: "Zaintza-lanen merkantilizazioa funtsezko erronka da, herritarron zaharkitze arinak eta zerbitzu publikoen azpikontratazioak negozio hobi garrantzitsua sortu baitute. Izan ere, zaintza oinarrizko premia da, eta horrek enpresa eta funtsentzat oso erakargarria den merkatu gatibua sortzen du. NGEUk merkantilizazio horretan sakontzen du, eta sektorearen narriadura ekarri duten lankidetza publiko-pribatuko logikak sustatzen ditu; kasu honetan, digitalizazioa azpimarratuz", irakurri daiteke txostenean.

"Estrategikoa da agenda kritiko bat sortzea, agenda partekatua, internazionalista eta Europar Batasunaren gaur egungo arkitekturari aurre egiten diona"

Adibidez, EtxeTIC –etxean geratzeko aukera emateko helburua duen laguntza-zerbitzu digitalizatua– NGEU funtsekin finantzatuko da erabat –22,4 milioi 2021-2024 aldirako–. Zerbitzu publikoa ordezkatzeko helburua gordetzen da gibelean, eta hori sostengatzeko baliatua da Next Generation EU. Europaren laguntza horri esker, azpikontratazioak ere garatuz doaz sektore horretan –Adriano Care eta DomusVi bezalako inbertsio-funtsak eta multinazional atzerritarrak bertan dira–.

Gisa berera, benetako trantsizio ekologikoarekin antonimoak diren beste sektore batzuk ere jasotzen dituzte laguntzak: aeronotika –NGEU funtsak jasoko dituzten proiektu aeronautikoen % 25 EAEn daude–, laborantza industrialaren sektorea –demagun, Erriberan kokatutako Teknologia eta Elikadura Segurtasun Zentro Nazionala Spain Food Valley enpresa-elkartearen sustatzaile nagusia da eta iazko irailean, 13,5 milioi euro jaso zituen, "nekazaritzako elikagaien industriaren lehiakortasuna hobetzeko, digitalizazioaren, trazabilitatearen eta elikagaien segurtasunaren bidez, eta iraunkortasunaren bidez"–. Uraren kudeaketa publiko-pribatua garatzeko eta bermatzeko ere baliatua da NGEU eta Nafarroako zein EAEko laborantza industrialaren mesederako eta herritarren kalterako izanen dira diruztaturiko proiektuak.

"Funts publikoak bereganatzen dituzten hainbat sektore ez dira ez errentagarriak ez bideragarriak, prekarietate gero eta handiago dute, kontrol autoritarioa erabiltzen dute, ez dira jasangarriak eta oro har, trantsizio ekosozialeko edozein prozesuren oinarrizko printzipioen aurka jarduten dute", irakurri daiteke txostenean.

"Berrarmatze teoriko baten premia"

Europa mailan zein Hego Euskal Herrian "berrarmatze teoriko eta ezker politiko, sozial eta sindikalaren mobilizazioen" premia azpimarratuz bukatzen dute txostena: "Estrategikoa da agenda kritiko bat sortzea, agenda partekatua, internazionalista eta Europar Batasunaren gaur egungo arkitekturari aurre egiten diona. Baita alternatiba egingarriak bultzatzea ere, instituzioetatik eta instituzioetatik kanpo. Europako herrien emantzipazioa lortzeko Europar Batasunaren dominazio eta esplotazio arkitekturari aurre egin behar diogu, argi eta garbi, Euskal Herritik eta gizartea errotik eraldatzeko borrokatzen diren munduko beste herri guztiekin batera".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Next Generation EU
2023-07-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Interruptus

Etxebizitzen energia aurrezpenerako eraikuntza-lanak egiteko dirulaguntzen leihatila bat-batean itxi egin da. Irudikatu ezazue ilaran gelditu direnen haserrea. Arkitektoak, eraikitzaileak, komunitateen administrariak, bizilagunak… Proposamenak jasotzeko deialdia azaroa... [+]


Pentsio-erreforma azkar batean egin beharko du Espainiak, Europako dirua jaso nahi badu

Europak aztertu egingo du pentsio-sistemen alorrean agindutakoa bete den ala ez, eta Espainiak ez du egin oraindik. Egiten ez badu, baliteke Next Generation funtsetako diru gehiago ez jasotzea. Frantziak gaindituko du azterketa; horregatik igo du erretiro-adina.


Escriváren proposamena pentsioentzako: Europako funtsen tranpan harrapatuta

Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák pentsio publikoen sistema berriz aldatzeko proposamena egin du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea nahi du, baina horietatik 28 aukeratu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude