Berdez mozorrotutako betiko hazkundea Nafarroan

  • Europako Batasuneko Next Generation diru funtsei Nafarroako Gobernutik nola begiratzen zaien aztertu da artikulu honetan. 125 proiektu aurreikusi ditu Nafarroako Gobernuak. Batzuek 2023rako bukatu behar dira, beste batzuk 2026ra edota 2030erako.

Suspertu planaren arabera, Nafarroako Gobernuak 125 proiektu aurkeztuko ditu Europako funtsetara, 3.419 milioi euroko kostuarekin. NUPeko ikerketa baten arabera, baina, Nafarroak 417 milioi euro eta 1.000 milio euro artean jaso ditzake funts hauetatik.

Aldaketa klimatikoa, trantsizio energetikoa, digitalizazioa, ekonomia suspertzea, lurralde egituraketa... hori guztia da planaren oinarrian; “sektore publikoak gidatua”, baina dagoeneko CEN Nafarroako Enpresarien Konfederazioari proiektuen aholkularitzan leku handia emanez.

Gaitza da sinestea plan honek mundu jasangarriaren oinarriak jarri behar dituenik, batez ere orain arte hondamendi klimatikoa ekarri duen sistema laudatu besterik egiten ez delako, kritikarik txikiena ere egin gabe. Aitzitik, Suspertu planaren aurkezpenean María Chivite lehendakariak eredugarritzat jartzen ditu Nafarroan azken 60 urteetan ekonomia bultzatzeko egin diren ahalegin eta planak. Hau da, “lehen ondo egin genuen eta orain ere egingo dugu”. Orduan, nola iritsi gara egungo hondamendira?

Adibidez, 817 milioi euro bideratuko dira lurralde kohesiorako, baina hauen barruan daude AHT edo Nafarroako Ubidea –Itoizko Urtegiari lotua–, proiektu zaharrak, suntsitzaileak eta jasangarritasunarekin zerikusi gutxi dutenak.

Beste eremu bat da jasangarritasuna eta energia berriztagarriena, 593 milioi euro bideratuko dira esparru horietara, non auto elektrikoa, energia parkeak –eguzkia eta eolikoa– eta elikadura jasangarria diren hiru esparru nagusietakoak. Baina inon ez da esaten auto kopurua murriztea ezinbestekoa dela energia gutxiago kontsumitzeko; ezinezkoa dela egungo auto kopuru bera edo gehiago, baina elektrikoan. Edo elikadura jasangarria bai, baina hor dago Caparrosoko behitegi proiektua, 3.600 behitik 7.000ra handitu nahi dena –eta enpresa berak Sorian 20.000koa egin nahi du–. Oraintsu ezagutu da, hala ere, Nafarroako Gobernuak behitegi handi hauek galarazteko legea aldatzeko asmoa duela.

Gaur egun Nafarroan kontsumitzen den energiaren %20 da berriztagarria, 2030erako %50 izatea nahi da, eta horretarako eguzkiaren eta energia eolikoaren dozenaka parke egitea aurreikusten da ekosistema eta biodibertsitatean berriz ere kalte handiak eraginez. Orain arteko “hazkunde jasangarriaren” logikan, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako kontseilari ohiaren doinua ezaguna egiten da: “Edozer ez, baina hil ala biziko kontua bada [planetaren tenperatura jaistea], prest egon beharko dugu ingurumen kalteren bat onartzeko”. Ayerdik Gobernua utzi behar izan du Davalor auzia dela eta, baina orain arteko plan hauek bere kontseilaritzatik bideratu dira.

Berdintsu gertatzen da eremu digitalean. Planak baditu onuragarriak diren helburuak –arrakala digitala txikitzea edo hezkuntza digitalari lotutakoak–, baina bertan aitortzen denez, bere oinarrietakoa da 5G iraultza digitala bultzatzea, eta horrek energia eta material kopuru itzelen beharra du. Kontseilaritza ia guztietan dozenaka milioi euro aurreikusten dira hamaika proiektu digital bultzatzeko.

Diru zaparrada honek orain arteko kapitalismoaren beste bultzada bat ekarriko du, berdez eta berba ederrez jantzia. Diru asko dago, proiektu ugari eta arlo batzuetan eragingo ditu aurrerapen interesgarriak, baina funtsean, hazkunde ekonomiko handiagoan oinarrituta dago, eta mundu finito batean hori ezinezkoa da, mozorroak mozorro, eredua ez da jasangarria.

(Artikulu hau Hurrengo belaunaldiei zorretan utziko dieguna erreportajearen barruan doa)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Next Generation EU
2023-07-30 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Interruptus

Etxebizitzen energia aurrezpenerako eraikuntza-lanak egiteko dirulaguntzen leihatila bat-batean itxi egin da. Irudikatu ezazue ilaran gelditu direnen haserrea. Arkitektoak, eraikitzaileak, komunitateen administrariak, bizilagunak… Proposamenak jasotzeko deialdia azaroa... [+]


Pentsio-erreforma azkar batean egin beharko du Espainiak, Europako dirua jaso nahi badu

Europak aztertu egingo du pentsio-sistemen alorrean agindutakoa bete den ala ez, eta Espainiak ez du egin oraindik. Egiten ez badu, baliteke Next Generation funtsetako diru gehiago ez jasotzea. Frantziak gaindituko du azterketa; horregatik igo du erretiro-adina.


Escriváren proposamena pentsioentzako: Europako funtsen tranpan harrapatuta

Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák pentsio publikoen sistema berriz aldatzeko proposamena egin du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea nahi du, baina horietatik 28 aukeratu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude