“Osasungintza eta zaintza lanak zeharo ahaztuta daude Next Generation funtsetan”

  • Nicola Scherer (Munich, 1984) Kataluniako Observatori del Deute en la Globalització (Zorraren Behatokia Globalizazioan) erakundeko ikertzailea eta Open Generation EU taldeko kidea da eta Kapitalari Planto! plataformak ekainean aurkeztu zuen Europako berreskuratze-funtsak: itxurazko aldaketa berde eta digitala txostenean parte hartu du. Europar Batasuneko Next Generation EU funtsek (ikus Argiaren 2.719 zk.) Hego Euskal Herrian zertarako erabiliko diren eta zer ondorio edukiko duten aztertzea da txostenaren helburua, eta horixe izan dugu hizpide solasalditxo honetan.

Argazkia: Hodei Torres

Bai. Labur esanda, zer dira Next Generation EU funtsak?
Neurri-sorta bat da, diru publikoko injekzio bat, mailegu eta dirulaguntzen bidezkoa, datozen hiru urteetan esleituko dena. Zenbatekoa 750.000 milioi eurokoa da, EBko estatu kideen artean banatzeko.

Eta helburua?
Kontakizun ofizialaren arabera, pizgarri bat da, COVID-19ren krisiaren ostean ekonomia suspertzeko. Baina era berean, eta hori da funtsezko arrazoia, Europako ehun ekonomikoa eraldatzea da asmoa (hala zen COVID-19ren aurretik ere). Eta hain zuzen, Europako Batzordeak esan du eraldatze hori lortzeko, funtsen %37 helburu klimatikoekin zerikusia duten inbertsio eta erreformetara bideratuko dituela, eta %20, berriz, digitalizaziora. Eta inbertsio guztiek printzipio bat bete behar dutela: ingurumenari kalterik ez egitea. Hori nabarmendu beharra dago. Izan ere, europar erakundeen diru injekzio batek baldintzatzaile “berdeak” dituen lehen aldia baita. Berrikuntza da. Kontakizun ofizialaren arabera betiere, berriz diot.

Zer epe egongo da diru hori itzultzeko?
Kasuaren araberakoa izango da hori. Espainiako Estatuari dagokionez, ekainaren 16an Europako Batzordeko presidentea, Ursula von der Leyen, Madrilen egon zen, eta onespena eman zion España Puede Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari. Plan hori nahitaezkoa da mekanismo garrantzitsuena eskatu ahal izateko, alegia, suspertze eta erresilientzia mekanismoa; herrialdeek, planak aurkeztuta, dirua eska dezakete. Espainiako Estatuaren kasuan, 140.000 milioi euro dira. Horren erdia dirulaguntza bidez emango da, eta espainiar gobernuak, ekainaren 16an, esan zuen momentuz horixe besterik ez dutela eskatuko. Hortaz, ez dago itzuli beharrik, printzipioz.     

Baina…
Epe luzeko arriskuez hitz egin beharra dago. España Puede plana irakurtzen baduzu, ohartuko zara haren edukia, batez ere, ekonomiaren funtsezko zenbait sektore (hidrogenoa, automobilgintza, turismoa…) modernizatzeari eta digitalizatzeari buruzkoa dela. Baina badira bestelako alderdi batzuk ere: lan erreformak, pentsio sistemaren erreformak, fiskalitatea. Europako Batzordeak baldintza horiek betetzea eskatzen du, dirua emateko. Eta hori oso arriskutsua da. Bestalde, dirulaguntzak ordainik gabekoak omen dira, baina, gure iritziz, ez da hala.

Zergatik?
Next Generation EUrako dirua finantza merkatuekiko zorpetuz lortuko delako. Mekanismo berri bat dago, eurobonuak –hau da, zorra–, zeinaren titularra EB den; ekainaren 14an jaulki ziren lehenbizikoak. Horien bidez dirua biltzen da finantza merkatuetan, estatu kideei ordainketa egin ahal izateko. Eta hori garrantzitsua da. Izan ere, hamar urteko epean itzuli behar dira bonu horiek.

Nola?
Estatu kideetan dirua bilduz. Eta nola biltzen da dirua, gastu publikoa etengabe zorpetzen ari den honetan? Bada, seguruenik, austeritate politikak ezarriz, gastu publikoa murriztuz, eta abar.

Mezu ofizialari muzin egin eta honako hau beste erreskate bat dela esan duzue, izan ere.
Bai, halaxe da.

Argazkia: Hodei Torres

Eta opilaren zatirik handiena transnazionalentzat, enpresa handientzat… izango dela.
Bai, berriz ere ikusten ari gara diru publikoa sartuko dela ekonomiaren alde pribatuan. Funtsen dirua jasotzeko aurkeztutako proiektuei erreparatuz gero, ikus daiteke proiektu horien sustatzaileen artean ez dagoela enpresa ertain-txikirik, ez autonomorik, ez ekonomia sozial eta solidarioko eragilerik… Ekonomiaren eragile txikiak ez dira proposamenetan agertzen, eta ez dute horietan parte hartu. Enpresa handiak izango dira onuradunak, haiek baitira funtsen egikaritze-ereduan ESEPE (Ekonomia Suspertu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak) esaten zaienen gidariak. Lankidetza publiko-pribatuko proiektuak dira, eta enpresa handiak dira buruan.

Enpresa txiki eta ertainek, edo are entitate txikiagoek, badute horietan sartzeko aukerarik?
Ez. Proposamenak lantzeko orain arte egin den prozesuan, informazioa eskuratzerik ere ez dute izan. Eta aldiz, leihatila informalak egon dira, zeinetan enpresa handiek eta patronalek aukera izan duten ministerioekin zuzenean jarduteko eta beren proiektuak aurkezteko.

Hala ere, Europako berreskuratze-funtsak dokumentuan diozue proiektuak oraindik ez daudela argi, ez daudela zehaztuta…
Arloak daude zehaztuta, 30 guztira. Eta arlo bakoitzaren barruan, dirua ESEPE proiektuen bidez banatzen da. Seguruenik, ESEPE horiek zehaztuta daude dagoeneko, baina ministerioetako tiraderetan. Zeren, azken hilabeteetan, ministerioen zeregina ideiak biltzea izan da, ESEPE estrategikoak zeintzuk izan daitezkeen ikusteko. Haien esanetan “traktoreak” diren ESEPEak. Argudiatzen dute enpresa handiek gauzatuko dituztela proiektuak, eta, hala, enpresa txiki eta ertainak erakarriko dituztela. Haatik, España Puede planean atal bakarrak dihardu, berariaz, enpresa txiki eta ertainez; zehazki, haiek digitalizatzeko diruaz. Ez ekoizpen eredua aldatzeko, edo antzeko helbururen baterako. Ekonomia soziala eta ekonomia solidarioa, berriz, aipatu ere ez.

"Uste dugu NEXT Generation EU funtsen dirua ez dela pertsonengana iritsiko”

Nola eragingo dio horrek guztiak gure bizitzei?
Kalterako, nire ustez. Batetik, planteatutako proiektuak, neurri handi batean, proiektu erraldoiak dira, azpiegituratzarrak, enpresa handiek gauzatuko dituztenak, denbora laburrean diru asko gastatzeko ahalmena dute eta. Uste dut mahai gainean jarritako diru hori ez dela pertsonengana iritsiko. Bestetik, pandemiak emandako irakaspena dugu: ikasi dugu ondo funtzionatuko duen osasun sistema behar dugula eta zaintzako lana oso garrantzitsua dela (azken urtean emakumeek berenganatu dute haren zati handiena)… eta hori guztiori zeharo ahaztuta dago plangintzan. Ez da aipatzen. Adibide bat: [España Puede-n] badago osasunari buruzko arlo bat; argudiatzen da planak baduela alde soziala, zaintzaren arloa hobetuko dela… Baina xehe aztertuz gero, ikusten da osasungintzako inbertsioen %75 ekipamendua berritzera bideratuko dela. Eta pandemian ikusi dugunez, arazoa ez da hori. Arazoa langile falta izan da, ohe falta. Azken batean, lehen mailako osasungintza, prebentzioa. Eta horrelakorik ez da ageri planean. Ez zaie erantzuten benetako beharrizanei; horretarako, ekonomia eraldatu beharko litzateke, herritarrak izan daitezen onuradunak.

Alternatibak ipini dituzue mahai gainean.
Bai. Uste dugu bestelako finantzabideak bilatu beharra dagoela, zorpetu gabe. Hau da, inpaktu bat eragingo duten baldintzarik ezarri gabe. Ekonomiaren eraldaketa egiteko dirua fiskalitate bidezkoago baten bitartez bil liteke, proposamen asko dago horri buruz: sozietateen gaineko zergak, fortuna handien gaineko zergak, ingurumen fiskalitatea… Gure kideetako batzuek konparazioa egin dute, eta ondorioztatu dute Hego Euskal Herrian, fiskalitate bidezko batekin, Next Generationen bidez jasotzea espero dena baino diru gehiago bil litekeela urtebetean. Bestalde, ados gaude ekoizpenaren eta ekonomiaren ehuna aldatu beharra dagoela, baina baita gizarte eredua ere, jasangarriagoa izan dadin.

Greenwashing delakoa egitea leporatu diezue funtsei, ingurumenaz den bezainbatean gehiegizko tekno-optimismoan oinarritzen delakoan.   
Hala da, bai. Alde batetik, ikusten dugu energia enpresak, enpresa kutsatzaileak, beren mezua moldatzen ari direla, eraldatze ekologikoaren eragile nagusi gisa agertzeko. Ez dute dirua eskatzen proiektuak garatzeko bakarrik, baita enpresak eraldatzeko ere. Eta bitartean, mega-proiektuak proposatzen dituzte, egingo diren lurraldeetan inpaktu sozial eta ekologikoa edukiko dutenak. Euskal Herrian, adibidez, hidrogenoaren korridorea. Klimaren ikuspuntutik jasangarria omen den guztia ez da berdea.

Greenwashing ez ezik, España Puede planak lilawashing ere egiten duela salatu duzue prentsako artikulu batean.
Asko hitz egiten dute genero kontuez, berdintasunaz… Eta 2.500 orrialdeko azken bertsioa irakurri genuenean, ikusi genuen, eta hau azpimarratu beharra dago, oso proposamen espezifikoa dagoela maskulinizatutako zenbait sektore (energia, autogintza…) modernizatzeko eta digitalizatzeko. Bestalde, zaintza eta osasunaren sektoreetarako, sektore feminizatuagoetarako, ez dago planik modernizaziorako eta eredu erresilienteagoak sortzeko. España Puede planean, osagai bakoitza ministerio bateko sail batek idatzi du, eta batzuek generoa aipatu ere ez dute egiten. Hau da, ez dago genero berdintasunerako zeharkako proposamenik, gure iritziz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Next Generation EU
2023-07-30 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Interruptus

Etxebizitzen energia aurrezpenerako eraikuntza-lanak egiteko dirulaguntzen leihatila bat-batean itxi egin da. Irudikatu ezazue ilaran gelditu direnen haserrea. Arkitektoak, eraikitzaileak, komunitateen administrariak, bizilagunak… Proposamenak jasotzeko deialdia azaroa... [+]


Pentsio-erreforma azkar batean egin beharko du Espainiak, Europako dirua jaso nahi badu

Europak aztertu egingo du pentsio-sistemen alorrean agindutakoa bete den ala ez, eta Espainiak ez du egin oraindik. Egiten ez badu, baliteke Next Generation funtsetako diru gehiago ez jasotzea. Frantziak gaindituko du azterketa; horregatik igo du erretiro-adina.


Escriváren proposamena pentsioentzako: Europako funtsen tranpan harrapatuta

Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák pentsio publikoen sistema berriz aldatzeko proposamena egin du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea nahi du, baina horietatik 28 aukeratu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude