Norabide aldaketarik ez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Lemoizko zentral nuklearrean langostino eta izokinen haztegia egiteko EAJk zuen proiektua Europako funtsetarako aurkeztu dute. (Argazkia: Hiruka)
Lemoizko zentral nuklearrean langostino eta izokinen haztegia egiteko EAJk zuen proiektua Europako funtsetarako aurkeztu dute. (Argazkia: Hiruka)

Gernikan Guggenheim museoak 127 milioi, Gasteiz kanpoaldean erraustegi bat eraikitzeak 35 milioi, Arabako hainbat menditan bost parke eolikok 270 milioi, Armiñonen instalazio fotovoltaikoak 90 milioi, Lantaronen biomasa plantak 71,2 milioi, Lemoizko Zentral Nuklear zaharrean 15.000 tona langostino eta izokinentzat haztegiak 105 milioi, Data Center bat eraikitzeko 117 milioi, EAE mailan 5G sarea zabaltzeak 65 milioi edo Euskadi Basque Country Tourism Intelligence-k 68 milioi...

Horrelako 188 proiektu jaso ditu Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next izeneko planean, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin adostuta. Europako funtsetatik 5.702,6 milioi euro eskuratu nahi lituzkete horiekin, eta horrek ekarriko luke orotara 13.135 milioi euroko inbertsioak egin behar izatea, diru-laguntza edo kredituek ez baitituzte proiektuak guztiz finantzatzen.

Zahartzaroa, administrazioaren eta hezkuntzaren digitalizazioa, hirigintza, hondamendi naturalen prebentziorako proiektu ugari aurkeztu dituzte, eta batzuek azalpena irakurrita interesgarriak badirudite ere, argia da batetik, EAJ eta PSE-k azken legegintzaldietan eraman duten norabide politikoan pauso bat gehiago direla –erraustegiak klima aldaketaren aurkako tresna gisa saltzea, adibidez–, eta EAEn ere ez da zibilizazioa kolapsora daraman etengabeko hazkundea zalantzan jartzen. Horrez gain, dirutzarik handienak eskatzen dituzten proiektuak ez dira larrialdi klimatikoaren eraginez hartutako neurriak eta asko aurreko legegintzaldietan EAJ edo PSEk beren hautes-programetan eraman arren, egikaritzea lortu ez dituzten proiektuak direla ikus daiteke.

Zerrenda hau egiteko orduan agintariek izan duten ikuspegia agerian geratzen da Lakuak aukeratutako proiektuekin egindako lehen zerrendari PwC kontsultorak erakargarritasuna irabazi asmoz egin zizkion gomendioen dokumentu konfidentziala eskuratu du ARGIAk, eta bertan ikusten da lotsa izpirik gabe Bilboko Zabalgarbi erraustegian bigarren lerroa, AHTren zatiak edo Super Sur saihesbidearen bigarren puska eraikitzeko ere baliatu nahi izan zituztela, besteren artean klima aldaketari aurre egiteko diren mailegu hauek. Aipatu berri ditugun hiru hauek zerrendatik kendu badituzte ere –beste nolabait bideratzen saiatzeko–, atzean dagoen filosofia politikoa bera dela agerikoa da. Horrez gain, argi ikusten da foru aldundietan eta hiriburuetan, oposizioak proiektu hauen aukeraketan izan duen zeresan txikia, eta askotan ere, daukan informazio falta.

Josu Jon Imazen Petronor izango da Eusko Jaurlaritzak Europako funtsetarako proposatutako proiektu garestienaren sustatzailea.

Pisu ekonomiko handiena duen proiektua Hidrogenoaren Euskal Korridorea–BH2C da. 1.144 milioi euroko proiektua da eta funtsetatik 220 milioi eskuratu nahi lituzkete Petronor, Repsol eta Sener gisako enpresekin elkarlanean aritzeko. Helburua hidrogenoa eta erregai sintetikoak produzitzea, eta hauen erabilera sustatzea da.

Nabarmentzen den bigarrena hirietako “auzorik kaltetuenetan” berroneratze edo ‘erregenerazio’ urbanoak egin asmo dituen proiektua da. 1.130,4 milioi euroko gastua egin nahi luke Jaurlaritzak. Enpresa pribatuekin elkarlanean, “errekuperazio ekonomiko sostengarri, uniforme eta inklusiboa bultzatu nahi luke, eremurik kaltetuenetan. Honekin lortu nahi da hirietan esku-hartzeko modu berri bat, erregenerazio urbanoak bultzatuz”.

Eraikuntza enpresentzat beste proiektu nagusia bat, lurzoru industrialen berroneratze edo erregenerazioa egin asmo duena da. Horretarako 885 milioi euro aurreikusi dituzte, eta Europarako diru laguntzak lortzeko amu gisa, PwCren aholkuei jarraiki, Jaurlaritzak adierazi du leku horietan “proiektu estrategikoak” kokatzeko lan egingo duela.

Auto elektrikoetarako ioi eta litiozko bateriak egiteko BasqueVolt Gigafactory proiektua Iberdrola, Petronor, Enagas, Irizar eta MCC-rekin; zahartzaroarekin loturiko “zaintza ekonomiak” (282 milioi) edo OsasunBerri (199 milioi), besteak beste, eta formazioaren atalean Donostia Talent House, nazioarteko “talentudun” pertsonak erakarri asmoz (12 milioi), eta Bilbon ekintzailetzarekin loturiko Zorrotzaurre Ekintzaile Gunea (20 milioi) eta BBVArena zen Bizkaia Dorrean Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa (36 milioi) gisako proiektuak aurkeztu dituzte. Mugikortasunarekin Bilboko metroaren 5. linea, Sarratu (Basauri)-Galdakao eta Usansoloko ospitalearen arteko tren konexioa (350 milioi) edo Vitoria-Gasteiz Mobility Lab (327,5 milioi), besteak beste, kulturarekin zuzenean loturiko proiektuak, hutsaren hurrena dira argazki orokorrean, izan Euskadiko liburutegi digitala (2,9 milioi), museoetako zerbitzuak digitalizatzea (2,9) edo Euskal Artea dokumentatzeko eta ikertzeko Arteder proiektua (1,9). Azkenik, Donostiako hoteletan auto elektrikoen kargadoreak jartzeko Udalak aurkezturiko proiektua ere aipatu behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Next Generation EU
2023-07-30 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Interruptus

Etxebizitzen energia aurrezpenerako eraikuntza-lanak egiteko dirulaguntzen leihatila bat-batean itxi egin da. Irudikatu ezazue ilaran gelditu direnen haserrea. Arkitektoak, eraikitzaileak, komunitateen administrariak, bizilagunak… Proposamenak jasotzeko deialdia azaroa... [+]


Pentsio-erreforma azkar batean egin beharko du Espainiak, Europako dirua jaso nahi badu

Europak aztertu egingo du pentsio-sistemen alorrean agindutakoa bete den ala ez, eta Espainiak ez du egin oraindik. Egiten ez badu, baliteke Next Generation funtsetako diru gehiago ez jasotzea. Frantziak gaindituko du azterketa; horregatik igo du erretiro-adina.


Escriváren proposamena pentsioentzako: Europako funtsen tranpan harrapatuta

Espainiako Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivák pentsio publikoen sistema berriz aldatzeko proposamena egin du: pentsioak kalkulatzeko epea kotizaturiko azken 25 urteak izan beharrean, azken 30ak izatea nahi du, baina horietatik 28 aukeratu ahal izan... [+]


Eguneraketa berriak daude