Tanke bat Keynesen gainetik

  • COVID-19aren ostean ekonomia suspertzeko iragartzen ari ziren neurri ekonomikoak ezbaian jarri ditu Ukrainako gerrak. Azken asteetan mota askotako erabakiak hartzen ari dira Europar Batasuneko agintariak. Horietako batzuek zuzenean eragingo dute herritar arrunten bizimoduan. Egoera konplexu horren zenbait gako azaltzen saiatuko gara ondorengo lerroetan, Baleren Bakaikoa ekonomialariaren laguntzarekin.

Irudia: HOerwin 56 / Pixabay.
Irudia: HOerwin 56 / Pixabay.

Gaurko egunkarian irakurtzen dituzun iragarpenen problemetako bat da, biharko egunkariak ekarriko duen albiste batek hankaz gora jar ditzakeela. Azken bi urteak oparoak izan dira mota horretako albisteei dagokienez. Eta bereziki zailak informazio ekonomikoa lantzen duten kazetarientzat.

COVID-19aren okerrena pasa zela zirudienean, pentsa zitekeen nahiko finkatuta zeudela Europar Batasuneko (EB) politika ekonomikoak norantz joango ziren aurreikusteko osagaiak. EB asko zorpetu zen: pandemia osteko errekuperazioa bultzatzeko Next Generation EU funtsa martxan jarri ahal izateak eskatu zuen ahalegin hori –1,82 bilioi euro; horien zati bat estatuek jaso bai, baina ez dute itzuli beharko–.

Politika ekonomiko berri horrekin lotuta, trantsizio berdeaz eta digitalaz ziharduten albiste asko. Zenbait adituk John Maynard Keynesen ideiak berreskuratzea ere proposatu zuen, alegia, estatuek politika ekonomikoan esku hartze handiagoa edukitzea, besteak beste enplegua sustatzeko edo errenta altuenei presio fiskal handiagoa ezartzeko.

COVID-19aren krisiari aurre egiteko "Europarentzat Marshall Plana" iragarri zuen Ursula Von der Leyenek 2020ko apirilean. Ukrainako gerrarekin, ordea, beste lehentasun batzuk izango ditu EBk (argazkia: Etienne Ansotte / Europako Batzordea).

Osasun larrialdiaren osteko errezeta ekonomikoek, beraz, ez ziruditen 2008ko finantza-krisiari aurre egiteko erabili zirenak. Oraingoan, murrizketa-politikak baino, inbertsio eta interbentzio publikoan oinarritutakoak nagusituko zirela zabaldu zuten agintariek. Neurri horien premiaz aritzean, 2020ko apirilean, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Marshall Planaren pare jarri zituen. Erregistro-aldaketa esanguratsua ematen zuen, kontuan izanda CDUko kidea dela, alegia, aurreko krisialdiari aurre egiteko planteamendu austerizidak gehien bultzatu zituen alderdikoa.   

Hori zen argazki orokorra prentsa-irakurle arruntarentzat 2022ko otsailaren 24ra arte. Albiste batek –Errusiak Ukraina inbaditzeak–, eta ondorengo egun eta asteetan ia minuturo argitaratu diren erreakzioek, ordea, zalantzan jarri dute dena.

EB inflazioaren menpe

Gerraren lehen albo-kalte ekonomikoetako bat petrolioaren prezioaren igoeran sumatu da. Baleren Bakaikoa ekonomialariak ARGIAri azaldu dionez, ez da autoaren depositua betetzean bakarrik nabarituko den zerbait: “Erregaiak garestitzea produkzio-kostuetara pasatzen da eta horrek inflazioan eragina du”. Petrolioa bakarrik ez, gasa ere geroz eta garestiago dago, nahiz eta kasu horretan mugimendu espekulatiboak gerra hasi aurrekoak ziren –azken hilabeteetan nabarmena izan da prezioen igoera–. Gainera, garia, artoa edo eguzki-lorearengatik ere geroz eta gehiago ordaintzen ari da, Errusiak Ukrainaren kontrako erasoa hasi zuenetik. “Erabat garestitu dira, han ekoizten direlako. Errusia eta Ukraina dira Europako aletegiak. Hori izan da EBren hankasartzeetako bat. EB sortu zenean, helburuetako bat zen elikagaien burujabetza garatzea. Lehenbiziko urteetan nahiko ondo funtzionatu zuen, baina gero joan zen irekitzen, kanpotik ekartzen; eta oso menpeko bihurtu gara Ukraina eta Errusiarekiko”.

Petrolioa eta gasa bakarrik ez: garia eta beste zenbait zerealen prezioak ere gora egin du Ukrainako gerrarengatik. "Errusia eta Ukraina dira dira europako aletegiak", azaldu digu Baleren Bakaikoak (argazkia: Suraj / Pixabay).

Ekonomialariak ari ziren inflazioaren arriskuaz hitz egiten gerra baino lehen ere. Diferentzia da, orain gaia izokin koloreko paperean inprimatzen den prentsatik kaleko elkarrizketa arruntetara pasa dela. Izan ere, prezioak igotzen badira eta soldatak ez, diru berarekin gastu handiagoei aurre egin behar diete herritarrek. Eta horrek esan nahi du pixka bat pobreagoak direla orain, duela hilabete batzuekin konparatuta. 2008tik guztiz burua altxa ez duten ekonomia domestiko askok jasan dute jada kolpe berria.

Diru bera, gastu handiagoak: inflazioaren eragina jada kaleko elkarrizketetan sumatzen da

Ez da hori bakarrik, noski. Beste esanahi asko ere baditu inflazioaren igoerak. Esan nahi du, adibidez, erosketak egiteko erabiltzen dugun txanponak ere nabaritzen duela gerra. “Inflazioa hemen eta AEBetan berdina balitz, dolar-euro trukea nahiko egonkor mantendu ahalko litzateke. Baina EBn asko ari da igotzen, lehengaien premia handia daukagulako; eta AEBek berriz, ez dute hainbesteko presiorik, dibertsifikatu ditzaketelako beren petrolio eta lehengaien iturriak”. Labur esateko: EBko inflazioa askoz gehiago igotzen baldin bada, dolarrarekin trukean euroa galtzen aterako da. Dauzkagun euroek gutxiago balio dezakete, egoerak lerro hauek idazten ari garen unean doan bidetik jarraitzen badu.

Nor da neoliberalago?

Hori gerta ez dadin, prezioak egonkor mantentzeko politikak jarri beharko ditu martxan Europako Banku Zentralak (EBZ). Eta horretarako erabiltzen duen tresna interes-tasak dira. “EBZk horrekin bakarrik funtzionatzen du, bere helburua prezioen egonkortasuna delako”, azaldu du Bakaikoak. “AEBetako Erreserba Federalak aldiz, bi helburu ditu: prezioak egonkor mantentzea eta enplegua sortzea. Enpleguari ere arreta ematen diote eta inflazioa baldin badago, ez dute nolanahi interes-tasa handitzen, hori eginez gero enpresek ez dituztelako maileguak eskatzen. Bi aldagaiak izaten dituzte kontuan. EBn berriz, inflazioaren helburua bakarrik daukate, enplegua bost axola. Hortaz, arriskua daukagu desenplegua handitzeko”.

EBZren eta Erreserba Federalaren arteko desberdintasun horrek, neurri batean behintzat, puskatu egiten ditu EBren eta AEBen ekonomiei buruz nahiko zabalduta dauden zenbait aurreiritzi. AEBak jo ohi dira praxi neoliberalaren erakusgarri nagusitzat. Irudi hori ez da guztiz okerra, baina hedabide honen irakurle gehienak EBko kide diren bi estatutan bizi garenez, ñabardurak egitea komeni da. Izan ere, Bakaikoaren ustez, “EB askoz ere neoliberalagoa” da politika ekonomikoei dagokienez, “nahiz eta ahoa ‘ongizatea’ bezalako hitzez bete. Hori iraganetik dator, baina gutxitzen ari da”, bere esanetan.

Europako funtsen zorrak eta gastu militarra handitzeak arlo sozialetatik are gehiago murriztea eragin dezake

Zehaztu duenez, AEBek askotan ia estatuaren esku-hartzerik gabeko herrialdearen itxura eman badezakete ere, “behar dutenean Keynes erabiltzen dute. Aldiz hemen, Keynesek diseinatu zuen estatuaren izenean hitz egiten dute, baina ez dute erabiltzen behar denean”. Bizitzen ari garen momentu hau izan daiteke salbuespena, baina ikusteko dago: “Badirudi enpresa pila bat ixteko arriskuan dagoela, eta pixka bat iturria ireki du Europako Batzordeak enpresa horiei laguntzak emateko, biziraun dezaten. Baina AEBetan konplexurik gabe egiten dute. Donald Trumpekin ere hartu ziren ildo horretako neurriak, pentsa: familiei 2.000 dolarreko txekeak eman zitzaizkien. Hori neurri keynesiarra da: kontsumoa sustatzeko estatuaren diru-laguntzak”.

Gastu militar handiagoa

Mota horretako laguntzak baino, beste batzuk iragartzen ari da EB gerra hasi denetik. 2022rako egindako aurreikuspenak jada ez dira baliagarriak, martxoaren 14an Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak adierazi zuenez. %4ko hazkundera iristea “zaila izango da”, haren esanetan. Lehentasunen mapa ere aldatu da. Alor batzuek diru asko eramango dute. Honakoak aipatu zituen: “Ukrainari laguntza ekonomiko eta materiala; defentsa alorreko gastua; Errusiako energiatik bereiztea; errefuxiatu kopuru handi batentzat harrera; lehengaien prezio altuei eta produkzioan izango diren etenaldiei aurre egiteko laguntza iraunkorra”.

Irudia: Joa70 / Pixabay.

Zerrenda horretan badago zenbait lobbyren azken urteetako presioei erantzuten dien pieza bat: gastu militarra handitzea –Gentilonik “defentsa alorreko gastua” eufemismoarekin aurkeztu zuena–. Bakaikoak gogora ekarri duen moduan, Trumpen agintalditik ari ziren AEBak NATOko herrialdeei gastu militarra handitzeko eskatzen, “arrisku berri baten aurrean” ondo armatuta egoteko. Ukrainako egoerak norabide horretan pausoa ematea erraztu die gutxiago gastatzen zutenei.

Espainiako Estatua zen bat. Pedro Sanchezek martxoaren 14an iragarri zuen datozen aurrekontuetan bete egingo duela NATOren Europako kideei eskatzen zaiena: Barne Produktu Gordinaren %2 armetara bideratzea –gaur egun %1,4 gastatzen du, Stockholmeko Nazioarteko Bake Ikerketako institutuaren arabera–. Frantziako Estatuak berriz, betetzen zuen %2 hori eta 2025era arte gastua handitzea aurreikusia dauka, urtero 3.000 milioi euro gehiagorekin, 50.000 milioi eurora iristeraino –apirileko presidentzialek markatuko dute hurrengo bost urteetako norabidea, nolanahi ere–.

EBko auzi garrantzitsu gehienetan erreferentzia izaten den Alemaniak ere argi hitz egin du. “Tanke berriak behar ditugu, barku berriak… eta Frantzia bezalako bazkideekin eraikiko ditugu, Europan bertan”, adierazi zuen otsailaren 27an Olaf Scholz kantzilerrak parlamentuan. 100.000 milioi euro gehiago jarrita, Alemaniak ere BPGren %2raino iritsiko den gastu militarra izango du.

Gorakada horri erantsi behar zaio Next Generation EU funtsen zehazgabetasuna. “Berandu dabiltza eta proiektuak nahiko airean daude”, Bakaikoaren esanetan. Iragarpen bat egitera ere ausartu da: “Nik uste asko gastatuko dela eta etekina ez dela beste munduko ezer izango. Eta gero ordaindu beharko ditugu, noski”. Bi osagaiak elkartuta –gastu militarra handitzea eta EBko funtsek eragindako zorra–, ekonomialariaren ustez ohiko lekuetatik murriztuko dute agintariek azkenean: ongizate-gizarteko diru-partidak. Ez da ezer berria, noski: “Euroa indarrean sartzeko hartu ziren neurriak zein izan ziren? Gizarte-gastuak murriztea. 2008ko finantza-krisiari aurre egiteko modua zein izan zen? Gizarte-gastuak murriztea. Orain ere, defentsa gastuak handitzeko politika ezartzen baldin bada, gizarte-gastuak ukituko dira: pentsioak, hezkuntza… jadanik ukituta daudenak”. Tanke batek zanpatuta desager daiteke Keynesen izena ekonomia saileko albisteetatik.

Gasaren gerra

Edozein gerrak galtzaile asko izaten du. Baina badira egoerari etekina ateratzen diotenak ere. Errusiarekiko dependentzia energetikoa gutxitu nahi duten EBko herrialdeek azkarrago egin beharko dute beste energia-iturri batzuetarako trantsizioa, baina hori gauzatzen den bitartean, hutsune energetikoa betetzeko bide berriak bilatu beharko dituzte. Eta Bakaikoaren iritziz, hori AEBei ongi datorkie. Fracking bidez ekoizten duten gasak orain gerra-egoeraren gatibu bilakatu diren bezeroak dauzka Europa mendebaldean. Berez teknika horren bidez lortutako erregaiak produkzio-kostu askoz handiagoak ditu beste iturrietatik lortutako gasak baino. Baina orain errentagarria bihurtu da, prezioak sabaia puskatzen ari diren egoera batean gaudelako; eta horren eraginez, kostuak erraz berdintzen dira.

“EBk, Norvegia kenduta, ez dauka ez gasik eta ez petroliorik”, gogorarazi du Bakaikoak. “Kontinente berean Errusia zen horiek inportatzeko hurbilen zegoen lekua. Europako motor ekonomiko handiena Alemania da, eta apustua egin zuen Errusiako gasarekin eta petrolioarekin funtzionatzeko. Horregatik zen hain inportantea Nord Stream 2 gasbidea”. Baina otsailaren 22an, lehenago inportatzen zuen gasaren bikoitza garraiatzeko pentsatutako proiektu hori izoztu zuen Alemaniak, Vladimir Putinek egun bat lehenago Donetsk eta Luhanskeko errepubliken independentzia formalki onartu ostean.

Hala ere, gasbide horren inguruko tira-birak ez dira atzo goizekoak. Iazko irailetik bukatuta egon arren, ez zen martxan jarri. Zergatik? ARGIAren irakurleek gogoratuko dute aldizkari honetako Net Hurbil sailean iazko maiatzean argitaratutako artikulu bat: “Nord Stream 2 gasbidearekin Europa katramilatuta Mosku eta Washingtonen lehian” izenburua jarri zion Pello Zubiriak artikulu hari eta egungo egoera esplikatzeko balio dezaketen zenbait gako eman zituen.

Besteak beste, Errusiaren eta AEBen arteko norgehiagokan Ukrainak jokatu zuen rola: “Errusiatik Europa asetzen zuen hodi nagusia luzaz Ukraina zeharkatzen zuena zen eta ukrainarrak saiatzen ziren Sobiet Batasunaren aroak utzitako ondare horri zukua ateratzen, kanalaren erdi-bideko giltza zabalik edukitzearen truke errusiarrei prezio eta baldintza hobeak kobratzeko. 2014ko Krimea galtzea eta berrikitan beroaldia nozitu duen Donbasseko gerra, ezin ulertu gasaren liskarrik gabe. Ukraina saihesteagatik, gainera, Moskuk mugimendu bikoitza egin du azpiegituretan: hegoaldetik hodi berri bat eraiki Turkia zeharkatuta Bulgaria eta Serbian barrena iristeko Hungaria eta Austriaraino, eta Iparraldetik Nord Stream hodiari bigarrena gehitzea”.

Alde bateko zein besteko propaganda alde batera utzita, irakurlea gai izango da osagai horiekin gerra honen atzean dauden oinarri ekonomikoak zein diren antzemateko.


ASTEKARIA
2022ko martxoaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europar Batasuna
Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


Eguneraketa berriak daude