Igande goizean, alabek ama hilda aurkitu zuten Barakaldoko bere etxean. Egun bereko gauean gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, gorpuarekin zerikusia zuelakoan. Segurtasun Sailak jakinarazi du, autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeriaz hil zutela emakumea.
EITB eta El Correo hedabideek, autopsiaren emaitzak jakin aurretik, iragarri zuten ertzainek adierazi zutela “bortizkeria zantzuak” zituela gorpuak eta homizidioaren hipotesiarekin ari zirela lanean. Autopsiaren emaitza jakinda, Ertzaintza hilketa moduan ari da ikertzen kasua. Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatzat jo du hilketa. Hildako emakumearen eta atxilotutako gizonaren arteko harremanaz ez dute informaziorik eman. Emakumeak 54 zituen eta atxilotutako gizonak 27 urte ditu. Berria egunkariak, haren iturrien arabera, gizona hildako emakumearekin egon zela igande goizaldean. Egunkari berak egindako zenbaketaren arabera, 2003tik 132 emakume hil dituzte Euskal Herrian.
Alabek aurkitu zuten ama
Alabek aurkitu zuten ama konorterik gabe etxeko komunean. Ertzaintzari abisua eman zioten eta Sestaoko ertzain-etxeko agenteak eta mediku bat gerturatu ziren Barakaldoko etxebizitzara. Sendagileak emakumea hilda zegoela baieztatu zuen.