"Pandemian etsipena, tristura eta bakardadea zabaltzen ari dira ahalmen kritikoa apaltzeko"

  • Elkartzea eta erantzun kolektiboa ematea inoiz baino beharrezkoagoa denean, isolatzea eta bakartzea proposatzen digute. Hau da pandemia honek utziko digun ondorio larriena kolektibitatearen defendatzaile sutsua den Lakabeko komunitatearen sortzailearen aburuz.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Mabel Cañada Zorrilla. Bilbo, 1952

Antimilitarista, feminista, bakezalea, ekologista, aktibista eta bidegilea. Santutxun sortua, 22 urterekin bizimodu komunitarioaren alde egin zuen, lehenengo Bilbon eta gero Nafarroan. KEM-MOC Kontzientzia Eragozleen Taldean hamabost urte aritu zen. Aurten 40 urte bete dituen Lakabeko komunitatearen sortzaileetakoa da. Gaur egun Artzibarko zinegotzia eta Irati Hondakin Solidoen Mankomunitateko presidentea da. 2004. urteaz geroztik aldaketa-prozesuak bideratzen aritzen da hainbat kolektibo eta erakunderekin lanean. Gizarte-taldeentzako egoera-diagnostikoak egin eta beren prozesuetan lagundu egiten die. Ikastaroak eta tailerrak ere ematen ditu. Lau pertsonen ama da eta beste zenbaiten amona.

KEM-MOC Kontzientzia Eragozleen Taldea, Itoizko urtegia, feminismoa, zentral nuklearrak, ekologismoa… Urte luzeak daramatzazu borrokan. Zer ikasi duzu?
Dena zirraragarria izan da eta esperientzia guztietatik ikasi dut. Sistemak dio geure burua defendatu behar dugula, edo norbait izateko borrokatu behar dugula, baina ideia ergelak dira horiek. Bizitza oso eskuzabala da. Nik ikasi ditudan gauza nagusiak feminismotik eta naturatik datoz. Feminismotik ikasi dut nahi dudana naizela eta ez besteek esaten dutena; eta naturatik, gauza bakoitzak bere unea duela eta ziklo bateko parte garela. Garrantzitsuena da ziklo horrekin bat egitea. Ez behartu lurra zuk nahi duzuna lortzeko, nahi duzun tokian eta nahi duzun unean. Bi ardatz horien arabera bizi nahi dut nik. Hori da nire helburua.

Zergatik erabaki duzu sistemaren mugetan bizitzea?
Ez gara ohartzen fikziozko bizitza bat bizi dugula. Asmakeria bat. Sistemak esaten dizu gauza asko faltan dituzula, beharra sorrarazten dizute eta gero haiek beraiek ematen dizkizute gauza horiek. Gurpil zoroa da. Ohartzen zarenean hasten zara mugitzen eta bestelako bideak bilatzen. Ezin da sistematik erabat kanpo bizi honek dena okupatzen duelako, baina bai haren mugetan eta hor askatasun gehixeago eta kontrol gutxiago dago. Nire erabakia izan da bazter horretan geratzea, sentitu behar dudalako ni naizela nire erabakiak hartzen dituena.

Emakume izateak zabaldu dit gogoeta hauetarako bidea, oztopo asko aurkitu dudalako betidanik. Teorian demokratikoa eta berdinzalea den mundu honetan gezur piloa kontatzen digute. Ez da erraza, hala ere, bizimodu horretatik aldentzea, toki guztietan muga asko dagoelako. Barnekoak eta kanpokoak. Ni mugak onartzeko prest nago, baina nik ikusi ditudalako, ez inposatu dizkidatelako. Azken finean, materia gara eta muga asko ditugu.

Eta nora iritsi nahi duzu?
Badu zerikusirik sentsazio pertsonalarekin. Sentitu nahi dut askea naizela, baita nitaz ere, nik neuk neure buruari batzuetan oztopoak jartzen dizkiodalako gauzak egiterakoan. Bide berriak zabaldu nahi ditut, nahiz eta azken helburua neronek ezin burutu. Beste pertsona batzuk sartzen badira bide horretan eta indar gehiago badute, bizi denbora gehiago badute, haiek jarrai dezatela.

Asko dira bizitzak ekartzen dizkizun batailak eta aukeratu behar duzu. Erronka berriei aurre eginez, muturrera iritsi eta harago joanez, hazi egiten zara. Hemen adibidez, fisikoki bizitza oso gogorra da. Horregatik nire gorputzarekin negoziatzen dut.  Lana ematen diot, baina sariak ere bai: goazen hau ongi egitera eta gero mendi buelta bat edo eguzkitan etzan arratsalde oso bat… Jakin behar dut neure burua ongi zaintzen dudala, bestela beste pertsonak zaintzeko gai ez nintzateke sentituko.

Mabel Cañada eta Reyes Ilintxeta. (Argazkia: Dani Blanco)

Zein da kolektibitatearen garrantzia gizartearen eraldaketan?
Ekintzetatik abiatuta mundu justuago bat sortzeko aukera da desobedientzia zibila, baina banaka ez dugu ezer balio. Ekintza batekin mundua aldarazi duten lagunek hori lortu dute mugimendu kolektibo baten parte zirelako. Lehen kontzientzia eragozlea, bozka eman zuen lehen emakumea, Luther King, Gandhi… denak. Atzean ez badago giza talde bat sostengua ematen diona, edozein protestak edo mugimenduk porrot egiten du. Akabatzen dute, isilarazten dute Alemanian judutarrekin egin zuten bezala. Orain ez gaituzte hilko, hori espero dugu behintzat, baina bakartuko gaituzte. Ez digute elkartzen utziko hitz egiteko. Esaten digute internetekin inoiz baino harreman gehiago egin dezakegula jendearekin, baina horiek ez dira sistema askeak. Ez dakigu hortik datorrena egiazkoa den edo ez. Ez dakigu nori sinetsi eta nori ez. Honen ondorioz mesfidantza gero eta handiagoa izanen da jendartean. Honengatik guztiagatik harremanetarako guneak dira orain lehenbizi debekatu dituztenak. Honek eragin zuzena izan du kontzientzia sendoagoa zuten gizarte eragileetan. Gakoa komunitatean eta komunikazioan dago.

Bakartze hau pandemia honek utziko digun ondorioetako bat da?
Garrantzitsuena, zalantzarik gabe. Muturreko egoera honetan isolatzeko egiten diguten proposamen hau gizakia ari da barnetik hausten. Bakardade handia dago.

Arazoa ez da koronabirusa bera, baizik eta nola ari diren aprobetxatzen egoera eta noraino eramaten ari diren. Mugimendu sozialei dagokienez birrintzailea izanen da. Lorpen txikiak erdiesten ari ginenean hau iritsi zaigu. Klima aldaketaren aurkako borrokan, esate baterako, izugarri handitu da zaborraren kopurua eta oso gaizki ari dira kudeatzen. Astakeria bat da gertatzen ari dena. Orain inoiz baino zalantzazkoagoa da planetaren etorkizuna.

Informazioarekin bonbardatzen gaituzte etengabe. Beldurra sartzen digute barruraino: heriotzari beldurra, kutsatzeko eta kutsatuak izateko beldurra. Oso eraginkorra izan da eta sistemaren mugetatik espero baino askoz erantzun gutxiago iritsi da.
Inkisizioa, esklabotza… pasa ditugu, baina beti egon da masa kritiko bat eta orain ez dago. Pertsona bakar batentzat gehiegi da sistema osoari aurre egitea eta horregatik gaude geldirik. Nire ustez hori da larriena.

Baina elkartasunaz eta elkar zaintzaz asko hitz egiten ari gara egunotan…
Bai, eta ekimen politak daude auzo eta herri askotan, baina beti pertsonen arteko harremanetatik sortuak, ez egitura sozial edo politikoek sustatuak. Eta harreman pertsonal hauetatik ez da boterea sortzen. Jarraitzen dugu betiko eredu kapitalista, patriarkala, neoliberala, matxista… jasaten. Pertsonez baliatzen da sistema zerbitzu horiek emateko, baina gero sare horiek-eta ez ditu sostengatzen, ezta laguntzen ere. Are gehiago, ahal duen bezain laster, baliogabetu egiten ditu.

Argi eduki behar dugu ez dela pertsonen egitekoa jendartea sortzea, kolektibitateena baizik. Ez gaude bakarrik hori dena egiten. Ez dugu zertan heroiak izan behar. Hori eredu patriarkala da. Horregatik behar dut nik sistemaren mugan bizi, haren eragina ahalik eta gutxien jasotzeko eta isiltasun uneak izateko.

Birusa mendean hartu ondoren, ez gara lehenagoko borroketara itzuliko?
Hau ez da parentesi moduko bat. Gizateria ez da inoiz lehengoa izanen, eta pertsonak eta ekonomia ez dira lehen bezala portatuko.

Aldaketa bortitzegia da eta etsipena, tristura eta bakardadea zabaltzen ari dira ahalmen kritikoa apaltzeko. Eta horrela mundu berri bat lortzea oso zaila da. Sistema hau oso ongi dago diseinatua. Hamabost egunean behin erabakiak hartzen ari direla dirudien arren, ez dira inprobisatzen ari. Ez digute esaten nolakoa izanen den normaltasun berria, baina ez dira osasun-ekipoak erosten ari, teknologikoak baizik. Ordenagailuak eta zaintza-kamerak daude, ez desfibriladoreak eta osasun-zentroak.

Ez dugu ezer ikasiko?
Ez dugu ikaskuntza horiek guztiak batera jartzeko aukerarik, eta isolatzeko denbora luzea izanen denez, galdu eginen da eta amets bat bezala geratuko da.

Gizakiok desagertzera kondenatuta gaude?
Gerta daiteke pertsonak izatea planetan soberan gaudenak. Klima aldaketak iragartzen digun une kritiko hori iritsitakoan agian aberatsenak Martera edo Ilargira joanen dira, ertainek beren Noeren arka eginen dute, hala edo nola, eta gainerakoak noraezean abandonatutako pertsonak izanen gara. Jendarte bezala ez gara honi alternatiba eraikitzen ari.

Gobernu eta alderdi politiko bat ere ez da arduratu herritarrak biltzeaz eta krisi-garaietarako lankidetza-egitura bat sortzeaz. Inork ez du esan: nire herritarrak ahaldunduko ditut ezbeharren aurrean nola jokatu jakin dezaten. Ongi eraikitako jendartea da bere ingurunean bizirauten dakiena. Sinestarazten dizute ez dela deus gertatuko eta gertatzen denean hiltzen zara. Ni hiritik herrira bizitzera etorri nintzenean moldakaitz hutsa nintzen. Ikasketa ederra baina gogorra izan zen. Nik uste dut gizateria gisa, bizirik irauteko beharrezkoa den informazio guztia elkarri transmititzeko gaitasun handiagoa izan beharko genukeela pertsona guztiok. Bizi garen gizarteak biziraupena ezabatu du.

Argazkia: Dani Blanco

Nolakoa izan da Lakaberen garapena 40 urte hauetan?
Hasi ginen ideia nahiko inozoarekin. Ikusi nahi genuen zer gertatzen zaien pertsonei komunitatean bizitzen hasten direnean eta ea posiblea ote den poliziarik, nagusirik eta armadarik gabeko jendarte bat antolatzea. Kontzientzia-eragozleen mugimendutik eta antimilitarismotik gentozen baina ez genekien hori egingarria izanen ote zen. Eta oraindik ari gara prozesu horretan. Gure segurtasun espazio propioak ongi lotuta dituen gizarte batetik gatoz eta horregatik beharrezkoa baino gehiago guretzako hartzeko joera dugu: baliabideak, arreta, zaintza, denbora… eta kosta egiten zaigu ulertzea zure sostengua taldea izanen dela eta ez pilatu dituzun beste horiek guztiak. Talka eginez ikasten ari gara etengabe. Garrantzitsua da, bestalde, ikasi dugun hori guztia hizkuntzaren bidez besteei transmititzea. Informazio hori guztia ongi azaltzea eta ezagutzera ematea interesatzen zaigu kolektibitateek egin dezaten aurrera, orain arte egin dutena baino azkarrago.

Urtean bi aldiz kanpoko jendea etortzen da egonaldiak egitera. Nolako esperientziak izaten dira?
Oso interesgarriak. Udaberrian eta udazkenean ate irekiko jardunaldiak egiten ditugu, bi edo hiru astez. Pertsona batzuk hiru egunez shock egoeran egoten dira hona iritsitakoan. Naturatik oso aldenduta datoz eta aldaketa ikaragarria da. Asko hitz egiten dugu, eta naturarekin bizitzeko aukerak eta esperientzia honek, oro har, batzuei bizitza aldatzen die. Nahi ez dutenaren pertzepzio argiarekin eta nahi dutenaren arrasto batekin joaten dira. Hemen bizi izan dutenetik zerbait nahi dute: zainketak, harremanak, naturarekin bat datozen denborak. Normalean hamabost edo hogei pertsona etortzen dira aldi bakoitzean, helduak eta haurrak. Hurrengo apirileko egonaldia ia prest dugu jada.

Bideratze prozesuak gidatzen dituzu kolektiboetan. Zer da zehazki egiten duzuna?
Lan asko egiten ari gara. Kolektiboei laguntzen diegu hausnarketa egiten, beren ametsa zehazten eta hori sostengatzeko behar den egitura eraikitzen. Kalitatezko irtenbideak hartzen ikasi behar dugu, pertsonak nahi dutena aurrera eramateko gai senti daitezen, aginte-egitura berriak sortu behar izan gabe. Hitz egiteko, kudeatzeko, erabakiak hartzeko eremu orekatuak sortzea da helburua. Eta hori guztia era baketsuan egin behar dugu. Kultura eta erlijio askok aipatzen digutena Lurrean dago, ez dago besterik. Gure esku dago paradisu edo kartzela gisa bizitzea gure Lurreko egonaldia.

Argi eduki behar dugu proiektu bat ezin dela zerbaiten kontra eraiki. Talde bat sortzen baduzu zerbaiten aurka, zure identitatea zugandik kanpo kokatzen duzu eta iraunen duzu beste horrek irauten duen bitartean. Akabatu nahi duzun hori beharrezkoa duzu bizirik jarraitzeko eta horregatik, modu subkontzientean askotan, kontrako hori elikatzera behartuta sentitzen gara. Paradigma hori birrintzailea da eta hori da talde batzuek ulertzen ez dutena.

Emankorragoa da zuk amesten duzun bezala bizitzen saiatzea eta aurre egitea bizitzak ekartzen dizunari. 20 urtez borrokatu dugu guk Itoizko urtegiaren aurka, baina gure bizitza ez da horrekin amaitu, beste norabide batzuk hartu ditu. Bataila bat izan da, baina bizia ez dugu galdu horretan gure helburua delako bizitzeko modu alternatiboak proposatzea.

 

NATURATIK IKASI
“Nik ez dut jendea epaitzen edo kritikatzen. Elkar zaintza eta elkarlana nahi dut sustatu soilik. Landareek egiten duten bezala. Ohartzen zara izaki bakoitzak baduela bere estrategia planetan mantentzeko eta beti modu kolektiboan. Uda lehorretan, adibidez, zerba hostoak jaisten dira eta lur osoa estaltzen dute hezetasuna gordez. Tomateak ere entitate kolektiboak dira bete-betean. Gorri dauden ale guztiak bat-batean kentzen badituzu, ero moduan hasiko dira lanean beste tomate gorri batzuk berehala izateko, haziak izango dituztela ziurtatzeko. Hamar edo hamabi kentzen dituzu eta hurrengo egunean beste horrenbeste izanen dituzu. Nik hori dena ikusten dut eta pentsatzen dut gizakiok ere berdin egin beharko genukeela: une gogorretan elkartu beharko genuke eta ez banandu, orain proposatzen diguten bezala”.

EUSKARA IKASTEN
“Denbora luzea daramat euskara ikasten eta oraindik hitz egiteko moldatu ez arren, oso nirea den eta Ama Lurrarekin lotzen nauen zerbait bezala sentitzen dut”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Eguneraketa berriak daude