Eskuin-muturrak indar handia du Europar Batasunean, are gehiago eskuineko Europako Alderdi Popularrak babesa erakusten dionean. Hori gertatu zen abendu hastapenean, giza eskubideen izenean jarritako marra gorri batzuk zangopilatu eta migrazio-politikaren gogortzearen alde egiterakoan 27 estatu-kideen gehiengoak. Etorkinei mugak hestea bada Trumpen helburuen artean, eta amerikar zein europar think tank ideia talde boteretsu batzuk dabiltza horren alde lanean. Ongi lanean, gainera: Bruselako pasilloetan diskrezioz eramandako lanak ekarri du migrazio-politikaren tinkaldi berri hori.
Izarrak lerrokaturik dauzka Europako eskuin-muturrak: bat, 187 eurodiputatu ukateaz gain, Europako Alderdi Popularra taldeko eskuindarrak ere ari zaizkio noiztenka babesa erakusten; bi, erregularki jasotzen du mundu mailako supremazista ezagunenetarikoa dugun Donald Trumpen sostengua; eta hiru, bere ideien zabalpena xeheki lantzen dabiltzan think tank edo ideia talde indartsuak dauzka emankor, Europan bezainbat AEBetan. Hori horrela, ez da harrigarri munduaren beste puntatik Donald Trumpek Europaren migrazio- politika gogorki kritikatu izanaren biharamunean politika horren gogortzearen alde egitea Europar Batasunak.
Abenduaren 5ean plazaratu zuen 33 orriko dokumentu bat Etxe Zuriak, zeinetan eskaintzen zion lerro parrasta Europar Batasunan gertatu daitekeen "zibilizazio ezabaketari". Ondokoa irakurri daiteke: "Egungo joerek segitzen badute, hogei urte barru edo gutxiagotan ezezaguna izanen zaigu kontinentea. (...) Migrazio masiboen aroa bukatu egin behar da. Mugetako segurtasuna da segurtasun nazionalaren elementu nagusia". Hortik hiru egunetara zetorren zentzu berera doazen hiru testuren bozketa: beren jatorriarekin loturarik gabeko herrialdetara kanporatzen ahalko dituzte etorkinak; EBtik kanpo irekitako "itzulerarako-zentroetara" ere bidaltzen ahalko dituzte, eta modu irregularrean gelditu nahiko luketenentzako errepresioaren gogortze latza onartu dute, tartean, gaur egun sei hilabetera arte izan zitekeen atxiloaldia hamabi hilabetez luzatzeko aukera irekita.
Zehazki, kanporaketak errazteko eta azeleratzeko bidea da abenduaren 8ko Bruselako bozketak utzitakoa. Munduko herrialde batera kanporatzen ahalko dute papergabea, baldin eta, alde biko hitzarmena izenpetuta badauka estatu-kideak bestelako herrialde horrekin; eta berdin dio etorkinak ez baldin badu inolako loturarik herrialdearekin. Erresuma Batuak Ruandarekin ireki zuen bidea 2024an, eta Italiak segitu zuen Albaniarekin. Abenduaren 8ko bozketak orokortu egin du migrazio-politikaren esternalizazio hori. Alta, bada urrats esanguratsua, giza eskubideak zangopilatzeaz gain, EBak zein estatu-kideek beraien ardurak beste batzuen esku uzteko joera nabarmena delako. "Herri seguruen zerrenda" ere adostu dute, bertan egoteak arriskurik ez dakarrela ondorioztaturik, herrialde horietakoen asilo eskaerak errazkiago baztertuta, kanporaketa horiek ere azeleratzeko.
Logika berean, EBren mugen kanpoaldean "itzulera zentroak" eraikitzeko bidea onartu dute Europako 27 Barne ministroek, asiloa errefusaturik daukatenak bertan metatzeko. "Offshore presondegiak", Equinox Initiative for Racial Justice erakundeko zuzendari Sarah Chanderren hitzetan.
Asilo eskatzaileak elkarren artean banatzeko sistema berri bat adostu dute ere estatu-kideek, migrazio bideetan zehar kokatzen diren herrialdeak "arintze aldera", tartean, Grezia, Espainiako Estatua eta Italia: beste estatu kideek asilo eskatzaileak beren lurretan birkokatzeko betebeharra izanen dute, eta egin ezean, asilo eskatzaile bakoitzeko 20.000 euroko diru ekarpena egin beharko diete "presiopean diren estatuei". Sistema hori nola ezarri negoziatzen aritu dira hainbat astez, eta datorren ekainean sartzekoa da indarrean.
"Neurtzen ote dugu zenbatetaraino aldatzen ari den gure mundua? Konturatzen ote gara migrazio-gaien inguruan gertatzen ari dena gure jendarteentzako porrot moral eta demokratiko erraldoi bihurtzen ari dela?" galdera luzatzen du etorkinen laguntzen dabilen Cimade elkarteak urrian zabalduriko iritzi testuan. Washingtonetik Bruselasera, logika bera gailentzen ari dela dio: xenofobia lekua hartzen ari da, giza eskubideen gainetik pasata. "Deshumanizazioaren, oinarrizko eskubideen eta Zuzenbide Estatuaren kontrako jarrera horiei geldialdia ematean datza urgentzia. Premiazkoa da behingoz esnatzea", Cimaden hitzetan.
Parisen bildu ziren azaro hastapenean Europako eskuin-muturreko ordezkariak, The Great Reset [Berrasieratze Handia] planaren inguruan, Europaren desegituraketa helburutzat hartuta. Hilabete batzuk lehenago, Madrilen ziren, Make Europe Great Again [Europa berriz handi egin] lelopean, Trumpen Make America Great Again ospetsuari segika. Hitzordu horiek icebergaren punta besterik ez dira, eta diskretuki dabiltza aitzina, The Heritage Foundation think tank-a –Trumpen kanpaina marrazten arituriko ideia taldea–, Frantziako Observatoire de l’immigration et de la démographie [Immigrazioari eta demografiari buruzko behatokia] edota Hungariako MCC Brussels sukurtsala bezalako eskuin-muturreko ideia taldeak. Mediapart-ek plazaraturiko À Bruxelles, le think tank d’Orbán mène sa "guerre culturelle" (Bruselan, Orbánen think tank-ak bidean du bere "gerra kulturalean") erreportajea interesgarria da beraien helburuak eta estrategiak ezagutzeko. Europar instituzioak desegitea dute helburu, beti ere eskuin-muturreko ideiei bidea irekitzeko gisan. Nola ez, immigrazioren kontrako politika badute lehentasunetan, edo abenduaren 8ko bozketak erakusten digu, bide onetik dabiltzala. Bruselako Unibertsitate Libreko zientzia politikoko irakasle Ramona Coman ustez, "alderdi kontserbadoreen eta eskuin erradikalaren inguruan hazten diren think tank-en agerpena gero eta agerikoagoa da Europan" eta "botere banaketan, zuzenbide estatuan eta oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritua den demokrazia liberalaren erregimen politikoa pixkanaka eraldatzea da beraien helburuetariko bat".
Trumpen adierazpena abenduaren 5ean izan zen, 27 Barne ministroen bozketa abenduaren 8an, eta biharamunean, berriz, hau genuen: Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren erreformatzeko deia zabaldu zuten Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek eta Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek The Guardian-en publikaturiko gutun batean. Arrazoia, "asilo-sistema beste garai baterako osatuta izanda", ez diela erantzuten "XXI. mendeko desafioei". Bestela erranda, traban dituzte giza eskubideak. Ez, ez da izar lerrokatze kontu bat gertatzen ari zaiguna: urratsez urrats, eskuin-muturrak landutako bide bat dago hor, eta badoaz aitzina. Ondoko asteetan helduko da Europako Parlamentura abenduaren 8an onarturiko neurri-sorta.