Osasunaren Mundu Erakundea hasi bada COVID-19a arindu lezaketen belarrak aztertzen

  • Euskal Herrian nekez aurkituko duzu medikurik osasun sistema publikoan COVID-19a prebenitzeko –are gutxiago jada sintomak baldin badituzu– gomendatuko dizunik belar edo bestelako erremedio naturalik, ez aipa homeopatia edo beste heresiak. Ez amestu Gizarte Segurantzak ordaintzea. Baina ez da berdin mundu guztian. Osasunaren Mundu Erakundea bera ere azkenean hasi da zenbait belarren propietateak ikertzen, Afrikarako, hori bai.

Farmazialaria belarrekin erremedioak ekoizten, COVID-19a daukaten gaixoentzako, Anhui probintziako medizina tradizional txinatarreko ospitale publikoan, 2020ko otsailean. (Argazkia: Bai Bin/Xinhua)
Farmazialaria belarrekin erremedioak ekoizten, COVID-19a daukaten gaixoentzako, Anhui probintziako medizina tradizional txinatarreko ospitale publikoan, 2020ko otsailean. (Argazkia: Bai Bin/Xinhua)

2020ko maiatzean Osasunaren Mundu Erakundeak Afrikako jendeak ohartarazi zituen koronabirusarentzako tratamenduen artean belar tradizionalak erabiltzeaz: “Kontuz ibili behar da erremedio batzuen eraginkortasunaz batik bat sare sozialetan egiten den desinformazioarekin”. Aspalditik malariaren kontra erabili den artemisia afrikarrez (Artemisia afra) osatutako erremedioek sekulako olatua piztua zuten Madagaskarretik hasita kontinente osoan barrena. Irailean, ordea, OMEk oso bestelako tonu batean jakinarazi zuen: “Medikuntza Tradizionalari buruzko Adituen Eskualde Batzordeak adostu du protokolo bat froga klinikoen III. fasean aztertzeko COVID-19arentzako belarrezko erremedioak. Zehaztu ditu ere belar erremedioen frogatze klinikoei buruzko informazioak eta arriskurik eza bermatzeko neurriak”. Zerk eraman ote du OME iritziz aldatzera?

    Adituei galdetu die Fatima Khan kazetariak Hego Afrikako Roving Reporters aldizkarirako. Batzorde berriaren burua eta Hego Afrikako Estatu Askeko unibertsitatean Farmakologiako burua den Motlalepula Gilbert Matsabisak dio haien lanak jendeari bermatuko diola pandemiari aurre egiteko erremedio tradizionalek dauzkaten ahalmenei etekina ateratzea; eta Afrikan bederen COVID-19aren kontrako kanpaina aro pragmatikoago batean sartu dela, osasungintzan elkarren kontra borrokan ari ziren taldeak elkarlanean jarriz.

Artemisia Afrikako senda-belarren artean famatu eta erabilienetako bat da.

    Pandemiarekin gero eta jende gehiagok zerabilen Afrikan artemisia (Artemisia anua eta Artemisia afra) eta apirilean Madagaskarreko lehendakari Andry Rajoelinak telebistaz herritarrei gomendatu zien artemisiaz egindako Covid-Organics edateko. OMEk lehendik onartuta dauka artemisia paludismoaren kontrako protokoloetan. Orain batzorde bereziak aztertu beharko du ea baduen COVID-19ari aurre egiteko ahalmenik eta zein baldintzatan. Mundu aberatsean ere ari dira artemisiarekin probatan, esaterako Alemanian Max Plank Institutua AEBetako ArtemiLife konpainiarekin.

    Txinan ez dira OMEren zain egon. Txinako Medikuntza Tradizionalaren Administrazio Nazionala herrialde hartako Osasun Ministerioaren barne dago 1949tik geroztik. Txinako Alderdi Komunistaren agerkari ofiziala den Herria Gaur hedabideak (gaztelaniazko bertsioa ere badauka) martxoan titulu hau eman zion bere albiste bati: COVID-19a tratatzeko 6 botika tradizional txinatar eraginkor. Nagusiki belar eta landarez osatutako formulazioak dira, aurreko beste epidemietan eskuratutako esperientziagatik COVID-19arentzat ere erabiliak: Jinhua Qinggan, Lianhua Qingwen, Xuebijing, HuaShiBaiDu... Batzuk kasu arinetan erabili dituzte baina beste batzuk larrietan ere bai, bakarka edo “mendebaldeko medikuntzaren” (haien hitzetan) botikekin uztartuta. Alderdi Komunistaren agerkari zentrala den honek dioenez, Txinan koronabirus berriak harrapatu dituen gaixoetatik gehienek erremedio tradizionalak ere erabili omen dituzte. Kuba da beste herrialde bat medizina mendebaldar edo alopatikoaz gain, erremedio zahar, natural edota osagarriei ere erreparatu behar izan diena, Mendebaldeak blokeoarekin eskuraezin bihurtu zizkionetik gure artean ohikoak diren botika asko.

Gaixoak akupuntura tratamendua hartzen COVID-19arentzako Wuhango ospitale batean. (Argazkia: Xinhua)

Eskuinaz txertoa, ezkerraz propolia    

Uztailean Kubako Osasun Ministerioak Plantas medicinales, medicamentos homeopáticos e inmunidad tituluarekin azaldu zituen herritarrek eskueran dauzkaten botiketako batzuk. Adibidez, Imefasma izeneko formulazioaren ekoizpena eta kontsumoa zabaldu direla dio. Imefasma osatuta dago majaguaren (Hibiscus elatus) lorez, aloe veraz eta bananondoaren (Musa paradisiaca) zukuz.

    Immunitatea sendotzeko aipatzen ditu gurean ere hainbeste herritarrek erabiltzen duten ekinazea (Echinacea purpurea), “uña de gato” delakoa (Uncaria tormentosa) eta bereziki “añamu” delakoa (Petiveria aliacea): “Hau izango da ziurrenik –dio ohar ofizialak– Kubako Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionalak hobekien aztertutakoa”. Nutrisol izeneko beste produktu bat ere aipatzen du, bananondoaren zukuz eta erleen propoli eta eztiz osatua.

    Euskal Herrian osasungintzako ortodoxoak sutan jarriko lituzketen proposamen gehiago baditu Kubako osasun sistema publikoak: “Landarezko erremedioei gehitu behar zaizkie botika homeopatikoak. Herrialde guztian banatu da PrevengoHo-Vir COVID-19ari aurre egiteko estrategien barruan. (…) Produktu naturalen oinarrizko taulak bere baitan dauka AliviHo-Inmune ere, beste botika homeopatiko bat”.

Herritarrak Habanako plaza batean: Kubako osasun sistema publikoak homeopatia, apiterapia eta bestelako erremedio osagarriak eskaintzen dizkie herritarrei, medizina modernoaren botikez gain. (Argazkia: RTVE)

    Kubak, horiez gain, medikuntza alopatikoz artatzen ditu COVID-19 kasu ertain eta batik bat larrienak. Pandemiaren aurrean Habanak ezarritako protokoloak biltzen ditu bioteknologia industria kubatarrak manipulazio genetikoz sortutako Interferon alfa 2b ezaguna eta CIGB 2, Itolizumab eta Rocilizumab antigorputz monoklonalak. Ahaztu gabe, garatze bidean daukan txerto propioa, Soberana-2 bertsio berrian.

    Orain OMEk Afrikan artemisiarekin egin nahi duena –zientifikoki ikertu eta ebaluatzea– munduan beste asko aspalditik ari dira egiten erleen produktuekin, bereziki propoliarekin. Ez bakarrik kubatarrak. Abuztuan Biomedicine & Pharmacotherapy aldizkari zientifikoak David De Jong eta beste lau ikerlarik Propolia eta bere potentziala SARS-CoV-2 infekzioaren mekanismoen eta COVID-19aren kontra artikuluan idatzi dutenez, pandemiak handitu du erleek ekoiztutako erremedio horrekiko interesa mundu osoan, hasi AEBetatik eta Txina, Korea edo Japoniaraino.

    Aurreko literatura zientifiko ugaria laburbilduz, ikerlanean nabarmendu dituzte landareen erretxin bioaktiboekin erleek ekoizten duten propoliak dauzkan bi ezaugarri garrantzitsu: alde batetik, erakutsita daukala hainbat birusen kontrako eragina –hain zaila denean birusen kontrako erremediorik aurkitzea– eta, bestetik, COVID-19arekin gaixoak sufritu ditzakeen eraso inflamatorioak blokeatu ditzakeela.  

Erlea erlauntzan eta ezkerretan erleek ekoiztutako propoli koxkorrak.

    De Jong eta besteen artikuluan bada mezu bat COVID-19ari aurre egiteko tresna bila ari diren ikerlarientzako, produktu naturalen estandarizazio faltak kezkatzen dituenentzako: “Estandarizatutako propoliak asko dira gaur munduan eta propietate egokiak dauzkate laborategirako eta erabilera klinikoetarako”.

    Bigarren mezua, herritarrentzako, batik bat eraso larri baten zain egon barik prebentzioa egin nahi dutenentzako: “Ikusirik pandemia honen larritasuna eta horrentzako dauden aukera terapeutiko urriak, propolia da balio terapeutikoak dituen elikagai funtzional bat segurua, ahoz hartzen erraza eta eskueran dagoena”. Sute handi honetan bizirauteko, kontutan hartzekoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude