ARGIA.eus

2020ko urriaren 28a
Zahar egoitzak COVID-19 garaian

Etxea kartzela bihurtu diete

  • Uda aurretik egon ginen zahar etxeetako egoiliarren senideekin. EAEko hiru foru aldundiek egoitzetarako orduan ipinitako neurriak eta oraingoak oso antzekoak dira. Badirudike ez dela ezer aldatu egoiliarren eguneroko hertsian. Bada bai, aldatu da, eta asko. Fisikoki, emozionalki eta kognitiboki abiada bizian ari dira hondatzen, eta senideak ondoan daude sufritzen. Erakunde publikoek esan diete ahulenak babesteko neurriak direla hartutakoak, baina senideak ez daude ados. COVID-19az ez, baina penaz ari dira hiltzen zaharrak. Heriotza mota hori ez zegoen familien kalkuluetan.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2020ko urriaren 18a
Egoiliarrak martxotik ia ez dira kanpora atera eta senideak oso gutxitan sartu dira. Elkar ikusteko bide ez hain goxoak izan dituzte aukera bakar: bideo-deiak, kaletik balkoirako elkarrizketak, baita hesia tarteko dutela izandako harremanak ere. Argazkia
Egoiliarrak martxotik ia ez dira kanpora atera eta senideak oso gutxitan sartu dira. Elkar ikusteko bide ez hain goxoak izan dituzte aukera bakar: bideo-deiak, kaletik balkoirako elkarrizketak, baita hesia tarteko dutela izandako harremanak ere. Argazkia Mutiloako egoitza batean, ekainean, ateratakoa da. Argazkia: Jagoba Manterola / Foku.

Gipuzkoako Senideak elkarteak Donostiako Intxaurrondo auzoan du egoitza, zahar etxe bat dagoen eraikin berean. Han elkartu gara amak egoitza banatan dituzten Beatriz Pierrugues, Beatriz Martínez eta Madalen Ibañezekin. Babestu Araba senideen elkarteko kide batekin ere aritu gara solasean. Amelia deituko diogu, ez baitu izenik eman nahi izan, azken aldian hedabideetan “gehiegi” atera dela uste baitu. Lau solaskideen irudipenak eta iritziak oso antzekoak dira, nahiz eta haien amak egoitza desberdinetan egon, eta foru aldundiak –zahar egoitzen ardura dutenak– desberdinak izan.

Nahiz eta uste duten pandemia hasieran baliabideak urriegi zirela gaitzari aurre egiteko, orduko neurri zorrotzak ontzat emateko gai dira. Ez dute ulertzen ordea, zergatik foru aldundiek jarraitzen duten uda aurrekoen oso antzeko neurriak, beraien ustez zorrotzegiak, mantentzen. Azalpen bat bururatzen zaie, eta Ibañezek honela azaldu du lerro batean: “Gipuzkoako Foru Aldundiak izua die COVID-19aren ondoriozko heriotzei”. Pandemiaren lehen hilabeteetan kexa ugari jaso zuten foru aldundiek. Baliabiderik gabe eta neurri egokiak ez hartzeagatik hamarnaka egoiliar hil zirela egotzi zitzaien. “Orain helburu bakarra COVID-19 egoitzetan ez sartzea da”, esango du Ameliak.

Bai Arabako senideak, bai Gipuzkoako hirurek ‘oreka’ hitza jarri dute mahai gainean. Oreka birusetik babestearen eta hondoratze fisiko, kognitibo eta emozionalaren artean. Eta nola lortzen da erdibidea? Batzuetan, irtenbideak eman beharraren presioa sentitu dute senideek: “Beraiek dira adituak, beraiek diseinatu behar dituzte neurriak. Erantzuna guk eman behar dugu? Gu ez gara profesionalak. Nik esaten dizut nola ari diren sufritzen, eta ezin didazu esan gezurretan ari naizela, bortitzak garela. Sufrimendua hor dago”, dio Pierruguesek. Orekaz galdetuta Ameliak erantzun gordina du prest: “Senideok ez gara sartu eta haiek ez dira atera. Erakunde publikoek diote babestu nahi dituztela, baina  ez dakit nik babesteko modua den, zeren [bigarren olatuan] positibo piloa egon da. Langileak ez dira espiritu huts eta birusa sar daiteke. Badakit nire ama hilko dela eta berdin dit COVID-19aren, iktusaren edo pneumoniaren ondorioz hiltzea, baina ez dut nahi ama penaz hiltzerik”.

Hondoratze azkarra

Bisitak egiteko aukera gutxi duten arren, egoiliarrekin egoten direnean antzematen dute fisikoki, emozionalki eta kognitiboki beherantz ari direla egiten. Itxialdi luzeak, bisita urriek, eta etxe barruko jarduera faltak ahuldu ditu, zentzu guztietan. Bi elkarteetako senideek diote haien lekukotzen berri eman beharrik ez daukatela, hilabeteak daramatzatela profesionalek –geriatrek, gerontologoek, psikologoek, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak...– aditzera ematen halako neurriek zein kalte eragin dakizkiekeen egoiliarrei. Erabiltzaileek senideekin oso harreman gutxi dute eta haien etxe diren egoitzetan jarduerak ia ezerezean geratu dira: paseo gutxiago, etxekideen artean askoz hartu-eman gutxiago, margoketarik ez, bingorik ere ez... Senideek etxe barruko jarduerei garrantzi handia ematen diete, familiakoak ez badira estimulu izango, besterik ezean egoitzan aktibo edukitzea eskatzen dute. Ez da hala gertatzen ari eta susmoa dute kutsatzeko arriskuaren beldurraz gain, langileak ez direla eginkizun horietara iristen. Birusak bestelako zeregin asko ezarri die langileei eta hain preziatuak ziren ekintzak egitera ez dira heltzen. Ondorioz, orduak eta orduak logelako hormei begira.

Urriaren 6an ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu zuten Gipuzkoako zahar egoitzetan. Pentsiodunen hainbat plataformaren, Gipuzkoako Senideak eta Irauli zaintza elkarteen babesa izan zuten. Egoiliarrentzat kalitatezko zaintza eta langileentzat lan-baldintza duinak eskatu zituzten. Egun hartan ELAk pandemiaren eraginez etendako greba berrabiarazi zuen, 243 egun greban egin eta gero. Araban urriaren 7an egin zuten LAB, ELA, CCOO eta UGTk deitutako hiru greba egunetatik lehenengoa. Argazkia: Dani Blanco.

Ameliaren amak 95 urte ditu. Urtebete eta zortzi hilabete daramatza egoitzan eta egunero izan du senideren baten bisita, martxoaren 8a arte. Hortik aurrera gertatu dena ez du ulertu, bisita egiten zietenekin haserretu eta telefono deia eskegitzeraino. Buruz ondo dago. Udaberrian, azaldu zioten zergatik ez zuen bisitarik jasotzen eta zergatik ezin zen egoitzatik atera. Alabaina, leihotik, itxialdi betean banaka batzuk ikusten zituen kalean, eta itxialdia arindu zenean askoz jende gehiago. Bera barruan, eta senideak ez ziren ageri. Medikazioa jarri zioten depresioa ez areagotzeko. Senideekin egoitzatik paseoan ateratzeko aukera izan zuen uztailaren 3tik 19ra. Orduz geroztik ez. Bisitak ekainaren 3an hasi zituzten. Hala dio Ameliak: “Martxoaren 8an ama bat utzi nuen eta ekainaren 3an beste bat topatu nuen. Ez zen nire ama”. Ondorio emozionalez gain, Ameliak segituan antzeman zuen kalte fisikoa. Pandemia aurretik, egoitzatik atera eta paseotxo bat emateko gai zen ama. Uztailean, irteteko lehen aukeran konturatu ziren neba-arrebak ama ez zela ibiltzeko gai. Hurrengo irteera gurpildun aulkian.

Bisitak tortura

Elkarrekin egoteko hain aukera gutxi izanda, pentsatzekoa zatekeen bisiten irrikan izango zirela egoiliarrak eta haien senideak. Bada, solaskideek ez digute halako irudipenik eman. Beatriz Pierruguesen amak 86 urte ditu eta memoria galtzen hasia da. Bere alabak “bisita hotzak” deitzen dituen horiek ez ditu ulertzen: “Biak musukoarekin gaude, ez du ondo entzuten, ordu erdi baino ez dugu, oxigenoa dauka alboan, bi metroko distantziara. Ura eskatu eta ezin diogu eman. Urduri jartzen da”. Bolada batez halako bisitei uko egin, egoitza atzealdera joan eta amaren balkoira hizketan aritu dira. Komunikatzeko beste modua bideo-deiak dira. Pierruguesek berak esan zien langileei tripodea utziko ziela mugikorrari eusteko, langileak aparailua eskuan zutela egoten baitziren elkarrizketa osoan.

Ibañezek astean ordu erdiz ama bisitatzeko aukera du. Beste guztiak bezala, hauek ere, bi mahaiko distantziara eta musukoarekin. Amak ez dio entzuten eta tarteka musukoa albo batera kentzen du amak zerbait entzungo badio: “Laster esaten dit langileak maskara jartzeko”. Bisita bukatzeko minutu batzuk falta direla ohartarazteko piztu-itzali dabilen argia jarri dute. Amak argia tristuraz ikusiko duela pentsa liteke, ez ordea: “Bisita tortura da amarentzat, ondoan beste bisitari bikoteak egoten dira, ez du ezer entzuten, bukatzeko desiratzen egoten da”.

Amelia eta bere amarentzat bisitak ekainaren 3an hasi ziren. Alabaren ustez, bisitok tortura izan ziren orduan. Ama oso haserre zegoen familiarekin, eguneroko bisita egiteari utzi ziotelako martxoaren 8az geroztik. Tortura ziren amarentzat, baita senideentzat ere. Orain, amaren haserrea baretuta, bisitak Almeriako kartzela bateko bisitekin alderatzeko joera du Ameliak. Bi mahai handi bien artean eta musukoak: “Sardina saltzailerik onenak baino oihu handiagoak egiten ditut, ez baitit entzuten. Berak ez dauka ezer kontatzeko, ez dute-eta ia ezer egiten egun osoan”. Egunero hamabost minutuko bisita egiteko aukera dute, eta foru aldundiaren araudiak dio beti pertsona bera joatea komeni dela, baina pandemia aurretik batek baino gehiagok bisitatzen bazuen denek izango dutela aukera senidearekin egoteko. Amelia eta familia horrela ari dira, egunero txandaka bisitatzen. Ameliak joan-etorrian autoz bi orduko bidea dauka. Batzuetan Ameliaren alaba eta biak joaten dira, alaba sartzen da, eta ama sarrerako kristalezko ate ondoan gelditzen da bere ama agurtzeko asmotan. Amamaren komentarioa bilobari: “Zure ama zergatik ez da sartzen?”, eta bilobaren erantzuna: “Ezin du”. Amamak: “Zein arraroa den hau dena, ez dut ulertzen!”.

Senarra etxera negarrez etorri zenekoa gogoratu du Ameliak. Amaginarreba beste egoitza batean bizi da, hiru urte dira ez dela komunikatzeko gai. Semeak astean bitan ikusten du ama, bi mahaiko tartea dagoela. “Polizia” –elkarrizketatutako lautik hiruk langileei polizia deitzen diete bisita orduetan betetzen duten funtzioagatik– ondoan senidea ez dadin hurbildu egoiliarrarengana. Semeak langileari: “Hor egongo zara?”. Eta langileak: “Bai, nire lana da”.  

Ameliari beste senide baten pasartea etorri zaio gogora: “Egoiliarrak esan omen zion alabari, ‘emaidazu musu bat!’, eta alabak ezin zuela erantzun. Nik ezin dut ulertu eta ama hark nola ulertuko zuen bada!”. Beste senide batek ama astean behin bisitatzeko aukera dauka, 100 urte dauzka. Hala esaten omen du alabak: “Ez zaigu bada guri denbora asko gelditzen!”. Entzuten ez duenak, ikusten ez duenak, komunikatzeko arazoak dituenak musuak, laztanak eta ukitzea behar du, hain zuzen, egiten uzten ez dietena.

Utzikeria

Gipuzkoako Senideak elkarteak foru aldundiari eskatu zion senideei uzteko egoiliarren logeletan sartzen, haien arropak eta bestelako objektuak zuzendu ahal izateko. Ez dute baimenik lortu. Bisitetan konturatu dira, xehetasun askoren bidez, erabiltzaileak “utzita” dauzkatela: galtzerdia zulatuta, hortzordeak edo entzuteko aparailua galduta, betaurrekoak puskatuta, eraztuna galduta, egoitzako beste baten jertsea jantzita, jakaren botoia falta... Ibañezek jakin zuen ama lorategira atera zela dutxan erabiltzen duen ilerako sarea jarrita. Burua joan zitzaiola pentsatu zuen. Amak berak azaldu zion ispiluan begiratu eta tximak baino ez zituela ikusten, eta nahiago zuela dutxarako sarean ile apaindu gabeak bildu. Alabak kanpoko ile-apaindegi batera eramatea lortu zuen.

Ameliak, musukoa kendu zuen une batean ikusi zuen bere amak aurpegian bizarra zuela: “Tontakeriak dira nahi baduzu, baina tontakeria asko. Beste batean azazkalak luzeegiak zituen eta neuk moztu nizkion, nahiz eta halakorik ezin den egin”. Haien senideak utzita egoteko bi arrazoi eman dituzte. Batetik, senideek pandemia aurreko garaietan eguneroko txukuntze eta mantentze lan horietan asko laguntzen zuten, eta bestetik, COVID-19 garaian halako lanak egiteko langileak urriegi daude.

Bizi duten egoera latzari irtenbideak emateko egoitzetako, foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako ateak jotzen ari dira. Haien irizpide, agindu, eta interpretazioen artean galduta sentitzen dira, erantzun egokiak inork ematen ez dizkiela. Bitartean denbora aurrera doa, eta urte luzez bizitzeko aukera izan duenak zerbait urri badu denbora da. Beatriz Pierruguesek gogoeta hauxe egin du: “Bizitzak zer etorkizun eskaintzen dio, ez bada ondokoekin egotea, ukitzea, elkarbanatzea?”.

 

"Medikuari egunero esaten nion uzteko ama bisitatzen, bazihoala, eta berak ezetz”

Amaia Álvarezi ama hil berri zaio Barakaldoko Sanitas egoitzan

Ama-alabak bideo-deien bidez komunikatzen maiatzean.

Amaia Álvarezek bere amaren azken asteak kontatu dizkigu. Bazekien, bai, 96 urteko amak luze ez zuela iraungo, baina ez zuen espero azkenetan zegoela hain gutxi ikusteko aukera izango zuenik. Egoitzako medikuaren irizpidea gailendu zen, ama egonkor zegoenez bisita berezirik ez… halako batean hil zen arte. Álvarezek berak kontatu digu bizitako kalbarioa.

(Álvarezek maiatzean kazetari berari kontatu zion zein zen amaren egoitzako egoera eta erakunde publikoak nola ari ziren kudeatzen pandemia. Hemen duzue irakurtzeko moduan: “Zahar etxeetako egoiliarren senideok eskuak lotuta dauzkagu”.)

Hilzorian ez dagoenez, bisita berezirik ez

“Irailaren 4an hil zen. Abuztuko azken bi asteetan ia itzartu gabe egon zen. Egunero bideo-deiaren bidez ikusten nuen ama, aulkian, guztiz ahulduta. Nik pantaila baten bidez antzematen nuena haiek ez zuten ikusten? Azken astea ohean pasa zuen, ia itzartu gabe. Medikuak ostiralean joaten utzi zidan eta hurrengo astelehenean ere bai [bisitak bost egunetik behin egiteko aukera zuten]. Hurrengo egunetan joaten ez zidaten utzi eta ostegun horretan hil zen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren protokoloa eskuetan nuela medikuari esaten nion pertsona bat azkenetan zegoela bisitak egiteko aukera nuela, bere ondoan egotekoa. Azkenetan egoteak ez zuen esan nahi agonian egotea. Egoitzako medikuari egunero esaten nion mesedez uzteko ama bisitatzen, alde egiten ari zela, nik ikusten nuela. Berak ezetz, egoera horretan egoiliar asko zeudela. Egonkor zegoela, alegia, bizi-konstanteak ondo zeuzkala. Nik esan nion, ‘baina hau eskatu dizut uztailean edo maiatzean? Orain eskatu dizut! Ez duzu ikusten zein egoeratan dagoen?’. Eta berak: ‘Egoera horretan sei hilabetez egon daitezke’. Foru Aldundiaren buletin ofizialak dio momentu horietan bisitak erraztu behar direla, baina hitzak dira, ez dute betetzen.

Mediku batek esaten badizu ez dagoela egoera horretan, zuk ezin duzu ezer egin. Nik aste horretan nahi nuena zen ama nirekin hiltzea, banekien hilko zela, baina ezin dira izan hain mediku txarrak begi bistakoa ez ikusteko, ez dira mediku txarrak.

Nire bi anaiak uztailaren 18tik ama ikusi gabe zeuden. Esan nien anaiek agur esan nahi ziotela amari, eta ezetz. Ostegunean, hil baino apur bat lehenago, 10:00etan deitu zidaten esateko anaiek joatea bazutela. Berak ikusi zuenean ama azken-azkenetan zegoela. Anaia bat egun horretan joango zen, beste anaia hurrengo egunean, eta ni 48 orduro, horixe esan zigun medikuak. Ostegunean joan zen anaiak esan zidan amak ez ziola eskua estutzen, eta medikuak: ‘Egonkor dago’. Bizi-konstanteak ondo izango zituen, baina hori begiratzea ez da nahikoa. Amatatzen joan zen, kandela moduan. Ez dute inoiz onartuko itzaltzen ari zela. Ni ez naiz aditua, baina 30 urte daramatzat egoitza batean lan egiten, ez naiz medikua eta nire ama da, baina badakit zertaz hitz egiten ari naizen. Azken aurreko bisita ohean egin nion, logelara joaten utzi zidaten zeren ama altxatzeak ez zuen zentzurik. Esan nien gaia oso modu autoritarioan tratatzen zutela, eta esan zidaten ez zutela horrela jokatzen nire ama zelako, denengatik egin behar zela. Zuzenean logelara sartzea eskatzen nuen, nahi izanez gero beraiek erabiltzen dituzten babes arropak jantzita!

Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzuna

Pandemia hasi zenetik ez dakit zenbat eskutitz idatzi nituen Diputaziora, azkena irailaren 3an, ama hil bezperan. Abuztuaren 21eko buletin ofizialean jartzen zuenagatik idatzi nuen, lehen azaldu dizudan horregatik, alegia, egoiliarra azkenetan dagoenean mediku taldeak erraztu behar duela senideak gerturatzea. Eskutitzean esaten nien hiru anai-arrebok ikusi nahi genuela, oso egoera ahulean zegoelako. Izan ere, azken bisitak nik egin nituen pertsona bera joatea eskatzen zutelako. Hirurok eta sarriago joatea eskatu nuen, berandu baino lehen. Hurrengo egunean erantzun zidaten. Erantzuna harrigarria da! Erantzunean zioen Barakaldon egoera epidemiologiko oso txarra zegoela eta bost egunean behingo bisitak izaten jarraituko genuela, eta bisitetara beti pertsona bera joango zela. Ulertu zuten nire eskaera? Ez zuten irakurri? Edo erantzunetarako formatu itxi bat dute, eta kito?

Hurbiltasun eske

Neurri zorrotzegiak zituzten uda aurretik eta neurri zorrotzegiak ezarri dituzte gure amaren azkenetan. Badakit ez dela erraza, baina malguagoak izan behar dute. Maskara, ados, eta nahi baduzu langileek janzten duten arropa jarriko dut, baina utzi hurbil egoten. Babesa bai, baina hurbiltasuna ere bai. Ikusi dute egoiliar batzuk joan direla eta ez COVID-19agatik, baizik eta beste arrazoi batzuengatik; jateari utzi diote, triste daude, hori dena badakite baina ez dute erremediorik jartzen. Egoiliarrak COVID-19agatik ez hiltzea, hori da zaindu nahi duten gauza bakarra.

Senideak izurridunak bezala tratatzen gaituzte, eta aldiz, langileak gu baino askoz hurbilago daude egunero. Ez dira haien senideak, gu gara haien senideak. Zuek zaintzen duzue, baina nik nahi diot eman maitasun apur bat. Senide askoren sentsazioa da berriro ez garela egongo haien ondoan musu bat ematen, besarkada bat ematen.

Lehendakariak COVID-19arekin hildakoei omenaldia egin zien. COVIDarekin hildakoak? Eta penaz hil direnetaz ez zara gogoratzen?

Amaren eskubideak

Senidearekiko dena galtzen duzula sentitzen duzu. Nire eskubideak baino, berak bereak galdu dituela esango nuke. Egoiliarrei ez diete ezer galdetzen. Galdetuko baliete batek baino gehiagok esango luke ‘ze COVID-19 eta ze demontre! Gosea, gerra, gerraondorena, tuberkulosia… denetarik bizi izan dut eta zer arraio, nik nire alabarekin egon nahi dut!’.

Lasaitua

Lasai sentitzen naiz, ama ez delako sufritzen ari. Azken hilabetean ez zen sufritzen ari, baina puskatuta zegoen, halako zerbait esango balu moduan: ‘Berdin zait, ez dut gehiago jarraitu nahi’ edo ‘oso nagusia naiz eta orain ez daukat lehen neukan pizgarririk’. Oso alaia zen. Orain aske da”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Koronabirusa  |  Zaharren egoitzak

Koronabirusa kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2020ko urriaren 18a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude