Euskalduna eta euskaltzalea da Sho Hagio (Fukuoka, Japonia, 1962), ikasketaz ekonomialaria, Euskararen hizkuntza politika, euskal diasporaren politika eta kultura aniztasunei buruzko irakaslea da Tokioko Atzerriko Ikasketen Unibertsitatean. Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzulia du, eta azaroaren 22an hitzaldia emango du Baionan.
Hamar urte dira Hiromi Yoshidarekin batera Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzuli zenuela.
Itzulpena 2014an kaleratu zen Tokioko Heibonsha argitaletxearen eskutik. 1.300 ale inprimatu ziren eta gaur egun oraindik ez dago dena salduta. Japonian 124 milioi biztanle garela kontuan edukita, zabalpena ez da handia izan... Baina ikusten ari naiz Etxepareren izena hamarkada honetan gero eta ezagunagoa dela Japonian. Linguae Vasconum Primitiae-k 400 urte behar izan zituen Euskal Herrian onartua izateko eta nire itzulpenak hamaika besterik ez ditu.
Nondik nora bururatu zitzaizuen euskarazko lehen liburua itzultzea?
1984an Euskal Herria lehen aldiz bisitatu nuenean ezagutu nuen Etxepareren obra. Garai hartan euskara maila apala nuen eta Xabier Leteren Kontrapas abestiak zeharo hunkitu ninduen. Unibertsitate ikaslea nintzen eta euskara salbatzeko mugimendu sozialak asko interesatzen zitzaizkidan, ikastola eta euskaltegietan ikertzen aritzen nintzen; abestiaren hitzak mugimendu horren isla ziren... Orduan erabaki nuen obra osoa japonierara itzuliko nuela.
Baina 30 urte behar izan zenituen...
Ez nuen olerkien itzulpena bakarrik egin nahi, haien interpretazioan eztabaidak zeuden eta beharrezko zen ikuspuntu desberdinak adierazteko oharrak jartzea. Analisi linguistikoa Hiromiri eskatu nion eta Ur Apalategi aspaldiko lagunari hitzaurrea egiteko. Etxepare Institutuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren laguntza jaso nuen gainera.
Zein zailtasun aurkitu zenituzten itzulpen prozesuan?
Etxeparek euskararen ahoskerari buruzko gida idatzi zuen liburuan, agian espero zuelako irakurleek begiz soilik ez baizik ahoz ere irakurriko zutela. Hori kontuan eduki genuen Hiromik eta biok. Japonierazko lerroaren amaieran errima ipintzea oso zaila da, baina ez genuen etsi, eta ahoz irakurtzeko errima egokia mantentzen saiatu ginen.
"Etxeparek euskararen ahoskerari buruzko gida idatzi zuen liburuan, agian espero zuelako irakurleek begiz soilik ez baizik ahoz ere irakurriko zutela. Hori kontuan eduki genuen Hiromik eta biok. Japonierazko lerroaren amaieran errima ipintzea oso zaila da, baina ez genuen etsi, eta ahoz irakurtzeko errima egokia mantentzen saiatu ginen"
Askoren begitan euskara hizkuntza txiki eta bitxia omen; Etxeparek justu kontrakoa aldarrikatu zuen.
Txikia edo bitxia, erlatiboa da, norekin konparatzen dugun. Etxeparek beste hizkuntza “handi” batzuekin konparatu zuen euskara, haiek baino handiago bihurtu zela zioen oinarri argirik gabe, baina harrotasunez.
Hara, japoniarra eta euskalduna?
Askotan egin didaten galdera da, erantzuna grabatu egin beharko dut azkenean. 1982an, hemeretzi urte nituela, Tokioko unibertsitateko campusean iragarki bat aurkitu nuen kasualitatez, euskarazko klase ez-ofizialak ematen zituztela esanez. Suzuko Tamura zen irakaslea, hizkuntzalari japoniarra, gero Euskaltzain urgazle eta ohorezko izendatu zutena. Horrela hasi ginen, Jalgi Hadi testuliburua erabilita. 1980ko hamarkadan Iparraldeko AEKn eta Donostiako Ilazki euskaltegian ibili nintzen udako ikastaro trinkoak egiten, baina gehienbat kalean eta lagun euskaldunen etxeetan nireganatu nuen euskara, pixkanaka, hitz eginez. Esku zabalik hartu ninduzuen eta geroztik ez nauzue bakean uzten!
Tokion euskal etxea sortu zenuen eta hemengo proiektuak ere laguntzen dituzu. Distantzia ez
da oztopo hizkuntzari eusteko?
Ados nago esaten denean distantzia geografikoa ez dela oztopo, bereziki IKTekin dauden aurrerapenekin. Nik urtean bi aldiz bisitatu ohi dut Euskal Herria, baina distantzia psikologikoa bai nabari dudala oraindik, bereziki euskararen erabilpenari dagokionez. Hala ere, Euskal Herrian bertan aurki daitezke erabiltzeko zailtasunak edo gogogabetasuna dutenak...
Zer azalduko duzu Baionan?
Ez naiz euskal literaturan aditua eta itzulpenaren esperientzian oinarrituko naiz agian, bere esanahia azaltzeko, baina oraindik ez dut erabaki. Euskal Museora nolako entzuleak etorriko diren ere ez dakit. Pentsatzen ari naiz egin dizkidazun galderetatik abiatzea.
Euskararen etorkizunaz, Etxepare bezain baikor zara?
Egoera soziolinguistikoa hobetuz joan dela iruditzen zait, baina erabilpena ez hainbeste. Oroitzen dut lehen Joxean Artzeren aforismoa sarritan aipatzen zenutela (Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik), eta egia esan, nolabaiteko harrotasuna sentitzen nuen, hizkuntza bizirik mantentzearen ardura norberari egozten diolako. Baina gaur egun hizkuntza-eskubideak neurri batean aitortuta daude eta esamolde horren pisua beste modu batean baloratzen hasi naiz.
Etorkizunean? Euskara hizkuntza bizia da, aldatzea da bere izaera, gakoa da zein euskara eta nola erabiliko dugun, eta hori euskal hiztunok erabakiko dugu, gure arteko komunikazioan.