Baionako Euskal Museoan aurrenekoz ikusgai dago euskaraz idatzitako lehen liburua, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Bordelen inprimatua 1545ean. Behin behineko erakusketa da, ondoren Frantziako Liburutegi Nazionalera itzuliko baitute. Beraz, goza dezagun kristalaren bestaldean obra aitzindaria izateak sortzen duen zirraraz. Eta, bide batez, galde diezaiogun gure buruari zergatik den ale bakarra, zergatik daroaten bueltan Parisera, zergatik zaigun oraindik hain ezezagun.
Kosta egiten da sinestea aratxe narruko estalki zahar horren azpian euskararen historiarako inportantzia ordainezina duten karaktereak aurkituko ditugula. Liburuki txikia da aurrean duguna: in-quarto formatukoa –horrela deitzen zaio kaiereko papera bi aldiz tolestuta lau orrialde sortzen direlako–, apenas 28 orrialdekoa, hitzaurre bat eta hamabost olerki- edo bertso-sorta ditu. Hori da dena, eta asko da hori, kontuan izanik idatzi zen garaian, XVI. mendearen lehen erdialdean, euskarak ez zuela oraindik biderik esploratu Gutenbergen galaxiara, inprentaren modernitatera.
Linguae Vasconum Primitiae (Euskaldunen hizkuntzaren hasikinak) izan zen euskaraz inprimaturiko lehen liburua, guk dakigula behintzat, eta bere egile Bernat Etxeparek ere bazekien hori: “Zure eskutik orok ukan dezagun ioia ederra inprimaturik, euskara, oraino izan ez dena...”, irakur daiteke Xabier Amurizak euskara batura ekarritako bertsioan, Etxepare. Jalgi hadi batura (Erroteta, 2020) izenburupean argitaratua. “Lehenengoa bat izaten da beti, eta betiko. Elementu horrek euskaldun guztiok ukitzen gaitu”, dio Amurizak liburu berean, eta Etxeparek horren kontzientzia argia zuela nabarmendu du.
Urriaren 11tik, ezagutzen den jatorrizko liburuaren ale bakarra ikusgai dago Baionako Euskal Museoan, obra gomitatu gisa, eta hala egongo da 2026ko urtarrilaren 11ra arte. Joan den astean egin zuten aurkezpena, erakusketaren estreinako egunean, eta han izan ziren Euskal Museoko zuzendari Sabine Cazenave, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, eta Frantziako Liburutegi Nazionaleko liburu bakanen erreserbako zuzendari Jean-Marc Chatelain. “Zuek nik baino hobe dakizue zerk egiten duen baliotsu liburu hau, nik tamalez ez baitut euskarara sarbiderik. Baina uste dut liburu honek euskara hizkuntza literario gisa baieztatzen duela eta izateko arrazoi guztia zuela”, esan zuen Chatelainek bere hitzartzean. Lehen aldia da Linguae Vasconum Primitiae Ipar Euskal Herrira ekarri dutena –2011n Gasteizen jarri zuten ikusgai, Eusko Legebiltzarreko erakusketa aretoan–, eta lehen aldia hainbeste denboraz, gainera.
“Zuek nik baino hobe dakizue zerk egiten duen baliotsu liburu hau, nik tamalez ez baitut euskarara sarbiderik. Baina uste dut liburu honek euskara hizkuntza literario gisa baieztatzen duela eta izateko arrazoi guztia zuela”
Jean-Marc Chatelain (Frantziako Liburutegi Nazionala)
Erakusketa txikia da, bi objektuk osatzen dute: alde batetik Etxepareren 1545eko euskarazko olerki edo bertso bilduma, eta bestetik 1553an okzitanieraz eta frantsesez idatzitako beste bilduma bat, Recueil de Coutumes izenekoa, garaiko ohiturak eta zuzenbidea jasotzen dituena. “Baionako Mediatekak prestaturiko liburu hori ere erakustea erabaki dugu inprimatzaile beraren lana delako, Bordeleko [François] Morpainek urte eskas batzuk geroago argitaratua”, azaldu digu Euskal Museoko dokumentalista Audrey Farabosek: “Bi liburuak bata bestearen ondoan ezartzeak Linguae Vasconum Primitiae argitaratu zen garaia hobeki ulertzen laguntzen digu, zer argitaratu zen, zein tokitan, zein hizkuntzatan”, gaineratu du.
“Euskara da kanpora eta goazen oro dantzara”, irakur daiteke paretetako batean. Ondoan, euskarri xume batean, euskarazko lehen liburua. Bere tamaina txikiak harrituko gaitu akaso, apenas izango ditu hogei zentimetro luze, baina orrialde zimurtu horiek duten pisu historiko eta sinbolikoa ezin da besterik gabe neurtu.
Behin behinean bada ere, etxera itzuli da euskararen harribitxia, eta ez da erraza izan hori lortzea. Pasa den urtean, museoaren mendeurrenaren karietara, “obra gomitatuen” erakusketa antolatzea pentsatu zuten. Beste erakundeetan zeuden lanak Baionako museoak berak dituenarekin “elkarrizketan” jartzea zen helburua, eta hala proposatu zioten Frantziako Liburutegi Nazionalari Linguae Vasconum Primitiae maileguan hartzea. “Zoritxarrez, proiektu hori bertan behera utzi behar izan genuen museoa intsektu baten infestazioaren kontra tratatu ahal izateko”, diosku Farabosek. Baina ideia mantendu dute, eta orain, erakusketaz gain horri loturiko kultur egitarau bat ere antolatu dute.
Hurrengo aste eta hilabeteetan liburuaren kari egitarau berezia antolatu du Baionako Euskal Museoak. Batetik, bisita gidatuak izango dira azaroaren 8an, abenduaren 6an eta 20an, eta urtarrilaren 3an eta 10ean, larunbatarekin. Gainera, ikasleak ere hartuko dituzte erakusketan: "Espero dugu bisitariek ez dutela aukera paregabe hau galduko, liburu honen deskubritzera eta mirestera etorri eta hartaz gehiago jakiteko", esan digu erakusketaren arduradun Audrey Farabosek.
Bestetik, abenduaren 6an Ibon RG eta Garazi Navasen Iaquin vahu emanaldia izango da Biltxokon, eta abenduaren 19an Danserie Ensemblek Bernart Etxepare 1545 kontzertua emango du Santizpirituko elizan.
Topaketak ere antolatu dituzte eta hainbat adituk hartuko dute parte. Azaroaren 22an Baionako Herriko Etxean izango dira: Jean-Marc Châtelain (FLN, liburu bakanak), François Pic (Okzitanieraz letren bibliografia), Katixa Dolhare-Zaldunbide (literatura), Gidor Bilbao (klasikoa eta euskal literatura), Sho Hagio (euskara, euskal literatura, itzulpengintza). Eta urtarrilaren 8an Euskal Museoan Philippe Chareyrek (historia modernoa) eta Aurelia Arkotxak (euskal filologia) hitz egingo dute.
Liburua mailegatu eta Baionara ekarri ahal izateko, baldintza zorrotzak exijitu dizkiete Paristik: segurtasunerako erakusleiho blindatua, alarma, bideo-zaintza sistema, zaintzaileak... Kontserbaziorako, aldiz, tenperatura eta hezetasuna kontrolatzen dituen idulkia eta argitasun oso ahuleko –50 lux baino gutxiagokoa– sistema bat muntatu behar izan dituzte. Gainera, konpainia berezitu bat kontratatu dute liburua garraiatzeko: “Abiapuntutik, liburutegi nazionaleko arduradun batez lagunduta etorri da Baionaraino, instalazioan baldintza guztiak errespetatzen direla ziurtatzeko”, zehaztu du dokumentalistak. Hala ere, Farabosek argitu digu ohikoa dela beste erakundeei maileguak eskatzen zaizkienean ere halako baldintzak bete behar izatea, obraren hauskortasunaren arabera.
“Baitaezpadakoa zaigu bisitariek ikus dezaten euskaraz inprimaturiko lehen liburua baino gehiago dela, eta liburuaren inprimatzea eta testuinguruak erakusteko”
Audrey Farabos (Euskal Museoko dokumentalista)
Konplexutasun horietatik harago, baina, Linguae Vasconum Primitiae moduko altxor bat Baionan izateak duen garrantzia azpimarratu dute Euskal Museoko arduradunek, ez soilik “unicum” bat delako, ale bakarra alegia, baizik eta euskal kulturarentzat eta historiarentzat oinarrizkoa izanik ere, idazlearen izena aparte utzita, oraindik askorentzat ezezaguna delako: “Baitaezpadakoa zaigu bisitariek ikus dezaten euskaraz inprimaturiko lehen liburua baino gehiago dela, eta liburuaren inprimatzea eta testuinguruak erakusteko”, dio gure solaskideak.
Poemak abesti, abestiak mito
Liburuak biltzen dituen hamabost olerki sorten artean, euskarari gorazarre egiten dieten Sautrela eta Kontrapas dira herritarron gogoan hobekien iltzatu direnak, batez ere azkeneko hori, Xabier Letek 1960ko hamarkadan abesti moduan lau haizetara zabaldu zuena: “Garaziko herria benedika dadila / euskarari eman dio behar duen tornuia / Euskara jalgi hadi kanpora...”, dio geroztik milaka ahotan errepikatu den ahapaldi ezagunak.
Baina liburuaren olerki gehienak fedeari eta maitasunari buruz ari dira. Arimaren salbazioaz mintzo zaigu Etxepare, baita amodio konfesa ezinez eta ezkonduen arteko harremanez ere. Amuriza, Emazten fauore izeneko poemak harritu du gehien, garaiko ideia misoginoen kontra egin eta gizonek emakumeekiko zuten jarrera gogor kritikatzen baitu: “Borobilak iruditu zaizkit horko esaldi batzuk, rotundoak!”, azaldu zion bertsolariak Miel A. Elustondori, liburuaren kari ARGIAn egindako elkarrizketan.
Aurelia Arkotxa euskaltzain eta idazlea da Etxepareren lana gehien aztertu duenetako bat, eta bere esanetan alorra, testuingurua, oinarrizkoak dira maitasunezko kopla horien zentzua jakiteko. “Uste dugu ezagutzen dugula, gurea dugu, hain gure, non mito literario bilakatua den aspalditik. Alde batetik ongi, baina bestaldetik mito izate horrek gordetzen dauku beharbada errealitatea”, azaldu zuen 2023an Baionako Mediatekan emaniko konferentzia batean.
Etxepare erreala
Baina nor zen Bernat Etxepare? Liburuaz gutxi badakigu, ez dakigu askoz gehiago egileaz, jaioturtea bera ere ez. Ustez 1480ko hamarkadan sortu zen Garaziko Sarasketa herrian, Etxeparia etxean, eta 1511n Eiheralarreko erretore izendatu zuten, Donibane-Garazitik gertu. Linguae Vasconum Primitiae-ko olerki autobiografiko bakarretik egile askok ondorioztatu dute Biarnon giltzapetuta egon zela Nafarroako erregearen aginduz. Bere esanetan, “faltseria” baten ondorioz atzeman zuten: “Erregeri gaizki saldu naute hoben gaberik...”, dio garaztarrak. Ez ahaztu Fernando II.a Katolikoa nafar erresuma konkistatzeko ahaleginetan zebilen garai gatazkatsuak direla horiek.
Bere olerki autobiografikotik ondoriozta daiteke Etxepare Biarnon giltzapetuta eduki zutela Nafarroako erregearen aginduz. Dirudienez “faltseria” baten ondorioz atzeman zuten garaztarra
Hori da orain arte ezagun genuen apurra. Baina duela urtebete, Danserie Ensemble antzinako musika taldeak argi izpi batzuk jarri zizkion itzalpeari. Talde horretako musikari eta ikerlari Koldo Azkonak hainbat historialariren laguntzaz Nafarroako Artxiboan aurkitutakoaren berri eman zuten, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean. Besteak beste, dokumentu baten bidez jakin dute Etxeparek apaiztu ondoren seme bat izan zuela, hura ere Bernat izenekoa.
Semea Donibane Garaziko leinu aberats bateko alabarekin ezkontzeko tratua egin zuten, Johana Aranburu 13 urteko neskatilarekin. Baina eztei horiek sestra ekarri zuten: dirudienez, aurretik Baigorriko Mendikoaga familiako kide batekin ezkondu omen zen Aranburu ezkutuan. “Folletoi bat dirudi, eta beti bezala makurrena emakumeari tokatu zitzaion”, azaldu zuen Azkonak. Bateko eta besteko interesak medio, prozesu judizial luzea izan zuten bi familiek, eta bitartean, Johana Aranburu bahitu eta gatibu eduki zuten monasterio batean. Ez dirudi kasu honetan emaztearen faborez aritu zirenik.
Etxepareren semea Donibane Garaziko leinu aberats bateko alabarekin ezkontzeko tratua egin zuten, Johana Aranburu 13 urteko neskatilarekin. Baina eztei horiek sestra ekarri zuten: “Folletoi bat dirudi, eta beti bezala makurrena emakumeari tokatu zitzaion”, azaldu zuen Azkonak
Ikerketan beste hainbat kontu ere argitu ditu Azkonak, adibidez Etxepare ez zela uste bezain beaumondar sutsua, zerga-biltzailea zela, “ez oso popularra beraz”, eta garaiko egoera politikora moldatzea egokitu zitzaiola. "Libertatea nola den gauzetako onena / gatibutzan egotea hala pena gaitzena", zioen erretoreak bere bizitzaz idatzitako kantan.
Inprentaren arrastoa
Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta nabarmenagoa da Etxeparek liburuko olerkiak bere esperientzia pertsonaletik idatzi zituela, sotana batek estalitako imajinaziotik baino. Izan ere, Trentoko Kontzilioaren (1545-1563) aurreko urteetan –Kontrarreformaren doktrina katoliko zorrotzagoa ezarri zuena– apaiz batek maitasunaz hain gordin idatzi ahal izatea ez zen guztiz arraroa.
Iraganean idazle batzuek Etxepare hartu izan dute Erdi Aroko idazle berantiar bat balitz bezala, bai erotismoa eta erlijioa nahastu zituelako, bai idazkera “herrikoia” erabili zuelako. Haatik, Joxemiel Bidadorrek aspaldi ukatu zuen halakorik ARGIAko orriotan: “Betiko matraka da hori. Askozaz literarioagoa da Etxepare bat Hitako Artzapez bat baino. Askotan sekulako gutxiagotasun konplexua daukagu”.
Gure idazleak inprentarekiko duen miresmenak ere, erakusten du Errenazimenduko humanismotik askoz gertuago zegoela. Asmakizun hark iraultza ekarri zuen letren mundura: 1450. urte inguruan Johanes Gutenbergek Alemaniatik zabaldu zuenetik XVI. mendea iristerako, hogei milioi liburu zeuden zirkulazioan Europan barrena –gehienak latinezko inkunableak–.
Euskal Herrian lehen inprenta Arnao Gillén de Brocar akitaniarrak ezarri zuen Iruñean, 1489. urte inguruan, eta geroago Miguel Egiak beste inprenta bat izan zuen Lizarran. Baina inprimatzaileak gutxi ziren oraindik, eta ez da harritzekoa Etxeparek Bordeleko Morpainengana jo izana Linguae Vasconum Primitiae argitaratzera; horretarako Sarako Bernard Lehet irakaslearen laguntza izan zuen, berak ordaindu zuen edizioa.
Euskal Herrian lehen inprenta Arnao Gillén Brocarrek jarri zuen Iruñean 1489. urtean, baina inprimatzaileak gutxi ziren oraindik eta ez da harritzekoa Etxeparek Bordelera jotzea
Garai hartan latina kanpoan eskolatuek menderatzen zuten soilik, eta hala, latinaren eta beste hizkuntzen arteko diglosia kultural zaharra gainditzeko lehia errenazentistan sartu zuen euskara Eiheralarreko erretoreak, intentzio osoz.
Zenbat primitiae?
Ez dakigu zenbat ale atera zituzten, baina bakan batzuk izan zirela uste da, eta auskalo, zenbait koplen edukia ikusita, ez da harritzekoa ere ondorengo mendeetan ale denek sutan amaitu izana edo horrelako zerbait. Denek, orain Euskal Museoan ikusgai dugunak izan ezik. Euskarazko beste zenbat liburuk ez ote zuten izan Etxepareren liburuaren patu bera? Koldo Mitxelena hizkuntzalariak argi azaldu zuen Txertoak 1968an argitaraturiko edizioaren hitzaurrean: “Honek ere aditzera emango luke aspaldian sumatzen ari garena: euskaldunok, alegia, ez ditugula soilik ahoz belarrirako poemak-eta galdu; horiez gainera, liburu inprimaturik aski deuseztatu direla bitarte honetan”.
Arkotxaren arabera, Linguae Vasconum Primitiae-k XVIII. mendean amaitu bide zuen Parisko Bibliothèque Royalen, egungo Frantziako Liburutegi Nazionalean. Liburuari pista jarraitu diezaiokegu barruko zigiluaren bidez nola orijinala den larruazaleko armarriari erreparatuta. Euskal Museoko Audrey Farabosek argitu digu Luis Borboi Kondekoaren armarria dela. Erlijio gerletan buruzagi protestantea izan zen, Joana Albretekoa Nafarroako erreginaren koinata eta Frantziako errege-familiaren leinukoa: “Horregatik da doike liburua errege liburutegiaren bildumetan sartu, eta baliteke horrek salbatu izana. Azken finean, liburuaren historiari zor zaio gaur egun ale bakarra izatea”.
Bakarra, mitikoa edo unikoa izan, liburu horrekin Etxeparek lortu zuen historiatik jalgitzea XXI. menderaino. Duela bostehun urte gure hizkuntzari prestigioa emateko egin ahaleginak, gaur egun mezu indartsua izaten jarraitzen duelako halabeharrez: “Basko orok preziatzen / euskara ez jakin arren. / Orok ikasiko dute orain Euskara zer den”.
Euskalduna eta euskaltzalea da Sho Hagio (Fukuoka, Japonia, 1962), ikasketaz ekonomialaria, Euskararen hizkuntza politika, euskal diasporaren politika eta kultura aniztasunei buruzko irakaslea da Tokioko Atzerriko Ikasketen Unibertsitatean. Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzulia du, eta azaroaren 22an hitzaldia emango du Baionan.
Hamar urte dira Hiromi Yoshidarekin batera Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzuli zenuela.
Itzulpena 2014an kaleratu zen Tokioko Heibonsha argitaletxearen eskutik. 1.300 ale inprimatu ziren eta gaur egun oraindik ez dago dena salduta. Japonian 124 milioi biztanle garela kontuan edukita, zabalpena ez da handia izan... Baina ikusten ari naiz Etxepareren izena hamarkada honetan gero eta ezagunagoa dela Japonian. Linguae Vasconum Primitiae-k 400 urte behar izan zituen Euskal Herrian onartua izateko eta nire itzulpenak hamaika besterik ez ditu.
Nondik nora bururatu zitzaizuen euskarazko lehen liburua itzultzea?
1984an Euskal Herria lehen aldiz bisitatu nuenean ezagutu nuen Etxepareren obra. Garai hartan euskara maila apala nuen eta Xabier Leteren Kontrapas abestiak zeharo hunkitu ninduen. Unibertsitate ikaslea nintzen eta euskara salbatzeko mugimendu sozialak asko interesatzen zitzaizkidan, ikastola eta euskaltegietan ikertzen aritzen nintzen; abestiaren hitzak mugimendu horren isla ziren... Orduan erabaki nuen obra osoa japonierara itzuliko nuela.
Baina 30 urte behar izan zenituen...
Ez nuen olerkien itzulpena bakarrik egin nahi, haien interpretazioan eztabaidak zeuden eta beharrezko zen ikuspuntu desberdinak adierazteko oharrak jartzea. Analisi linguistikoa Hiromiri eskatu nion eta Ur Apalategi aspaldiko lagunari hitzaurrea egiteko. Etxepare Institutuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren laguntza jaso nuen gainera.
Zein zailtasun aurkitu zenituzten itzulpen prozesuan?
Etxeparek euskararen ahoskerari buruzko gida idatzi zuen liburuan, agian espero zuelako irakurleek begiz soilik ez baizik ahoz ere irakurriko zutela. Hori kontuan eduki genuen Hiromik eta biok. Japonierazko lerroaren amaieran errima ipintzea oso zaila da, baina ez genuen etsi, eta ahoz irakurtzeko errima egokia mantentzen saiatu ginen.
"Etxeparek euskararen ahoskerari buruzko gida idatzi zuen liburuan, agian espero zuelako irakurleek begiz soilik ez baizik ahoz ere irakurriko zutela. Hori kontuan eduki genuen Hiromik eta biok. Japonierazko lerroaren amaieran errima ipintzea oso zaila da, baina ez genuen etsi, eta ahoz irakurtzeko errima egokia mantentzen saiatu ginen"
Askoren begitan euskara hizkuntza txiki eta bitxia omen; Etxeparek justu kontrakoa aldarrikatu zuen.
Txikia edo bitxia, erlatiboa da, norekin konparatzen dugun. Etxeparek beste hizkuntza “handi” batzuekin konparatu zuen euskara, haiek baino handiago bihurtu zela zioen oinarri argirik gabe, baina harrotasunez.
Hara, japoniarra eta euskalduna?
Askotan egin didaten galdera da, erantzuna grabatu egin beharko dut azkenean. 1982an, hemeretzi urte nituela, Tokioko unibertsitateko campusean iragarki bat aurkitu nuen kasualitatez, euskarazko klase ez-ofizialak ematen zituztela esanez. Suzuko Tamura zen irakaslea, hizkuntzalari japoniarra, gero Euskaltzain urgazle eta ohorezko izendatu zutena. Horrela hasi ginen, Jalgi Hadi testuliburua erabilita. 1980ko hamarkadan Iparraldeko AEKn eta Donostiako Ilazki euskaltegian ibili nintzen udako ikastaro trinkoak egiten, baina gehienbat kalean eta lagun euskaldunen etxeetan nireganatu nuen euskara, pixkanaka, hitz eginez. Esku zabalik hartu ninduzuen eta geroztik ez nauzue bakean uzten!
Tokion euskal etxea sortu zenuen eta hemengo proiektuak ere laguntzen dituzu. Distantzia ez
da oztopo hizkuntzari eusteko?
Ados nago esaten denean distantzia geografikoa ez dela oztopo, bereziki IKTekin dauden aurrerapenekin. Nik urtean bi aldiz bisitatu ohi dut Euskal Herria, baina distantzia psikologikoa bai nabari dudala oraindik, bereziki euskararen erabilpenari dagokionez. Hala ere, Euskal Herrian bertan aurki daitezke erabiltzeko zailtasunak edo gogogabetasuna dutenak...
Zer azalduko duzu Baionan?
Ez naiz euskal literaturan aditua eta itzulpenaren esperientzian oinarrituko naiz agian, bere esanahia azaltzeko, baina oraindik ez dut erabaki. Euskal Museora nolako entzuleak etorriko diren ere ez dakit. Pentsatzen ari naiz egin dizkidazun galderetatik abiatzea.
Euskararen etorkizunaz, Etxepare bezain baikor zara?
Egoera soziolinguistikoa hobetuz joan dela iruditzen zait, baina erabilpena ez hainbeste. Oroitzen dut lehen Joxean Artzeren aforismoa sarritan aipatzen zenutela (Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik), eta egia esan, nolabaiteko harrotasuna sentitzen nuen, hizkuntza bizirik mantentzearen ardura norberari egozten diolako. Baina gaur egun hizkuntza-eskubideak neurri batean aitortuta daude eta esamolde horren pisua beste modu batean baloratzen hasi naiz.
Etorkizunean? Euskara hizkuntza bizia da, aldatzea da bere izaera, gakoa da zein euskara eta nola erabiliko dugun, eta hori euskal hiztunok erabakiko dugu, gure arteko komunikazioan.