Paradigma alda daiteke, borondaterik baldin badago

  • Kirola, eta futbola zehazki, balore hezitzaileak transmititu eta integrazioa sustatzeko bitarteko eraginkorra izan daiteke. Oraindik ere, baina, gizarteko beste esparru batzuetan nekez onartzen den indarkeria azaleratzen da astebururo, futbol zelai batean ez bada bestean; partidaren beroan ez bada, ezikusiarena egiten duen bulego hotz batean. Adin txikikoak dira askotan horiek sufritzen dituztenak, eta gizonezkoak gehienetan erantzuleak, izan guraso, jokalari, entrenatzaile edo klubetako presidenteak. “Gutxiengo baten kontuak” direla esango digute, eta agian horrela da. Baina, orduan, zergatik ez dira errotik mozten?


2020ko maiatzaren 24an
Argazkia: NEOSiAM 2020 / Pexels.com
Argazkia: NEOSiAM 2020 / Pexels.com

2018ko martxoan, Hernaniko Zubipe futbol zelaian jokatutako 14-15 urteko neska kadeteen partida batean, epaileak, hamazazpi urteko neska batek, guraso batzuen irain sexistak jasan behar izan zituen. Baita partida amaitu eta aldageletatik atera ostean ere, harik eta beste aita eta ama batzuek egoera eten zuten arte. Gertaera horien harira, Udalarekin jarri ziren harremanetan klubeko ordezkariak, eta 2019ko azaroan aurkeztu zuten sexu-jazarpen eta gehiegikeria kasuetan esku hartzeko protokoloa, zuzendaritzako kide, entrenatzaile, langile eta jokalariek parte hartu zuten eztabaida prozesu “aberasgarri” baten ondotik. Ainhoa Azurmendi kirol eta berdintasun gaietan aditua izan dute bidelagun. “Futbolean maiz ikus daitekeen indarkeria hori guztia, irain arrazistak... Beste leku batzuetan nekez onartuko liratekeen baina kirolean normalizatuta dauden jokabideak errotik mozteko borondate irmorik ez dago, ikuskizuna –negozioa– gailentzen den heinean”, esan digu EHUko Psikologia fakultateko irakasle eta Avento aholkularitza-enpresako kideak. “Zigor gogorragoak jarri beharko lirateke, eta denbora berean jendea hezi”.

“Maskulinitate hegemonikoa” ardatz duen kirolaren egituraketaz mintzatu zaigu, botere harremanez, klub edota federazio batzuetan aginte-makila izateak ematen duen estatus sozialaz... Dioenez borondatea dagoenean posible da paradigma aldatzea, Hernanin ikusi ahal izan den moduan. “Askotan klubek ez dakite egoera bortitz baten aurrean nola jokatu, nahikoa formazio edo tresnarik ez dutelako, eta ondorioz irizpide desberdinak dituzte gauza bakoitzarentzat. Gizarteak ulertu du emakumeenganako indarkeriarik ezin dela onartu, baina klubeko araudietan deus ez badago jasoa horri buruz...”. Gainera, ezin esan daiteke goi-mailako futbola eredu izan ohi denik. Demagun, adibidez, sexu indarkeria prebenitzeko protokoloak lantzen ari diren klub bateko ordezkariei esaten zaiela mesedez ez uzteko jokalariei aldagelan –leku berez intimo batean– argazkiak atera eta sare sozialetan zabaltzen, nazioarteko gida-lerroetan hala zehazturik dagoela eta abar. Lehen mailako futbolariek ordea hori bera egiten dute, aldageletan kamerak sartu eta euren abdominal, galtzontzilo eta alkate jaunak –literalki– erakutsi. “Nola ulertaraziko diegu gazteei ez dela horrelakorik egitea komeni?”, dio Azurmendik.

Gaizki ulertutako maskulinitatea

“Jo dezagun infantil mailako partida bat jokatzekoa dela Zubipen, asteburuan goizeko 9:00etan”, jarri digu adibide moduan Martxelo Ezpondak, Hernani futbol taldeko presidenteak: “Nortzuk inguratuko dira hura ikustera? Jokalariak, entrenatzaileak, zelaiko ordezkaria, epaile bat eta gurasoak”. Beharrezkoa ikusten badu arbitroak eskumena dauka partida geratzeko, bera edo jokalariak iraintzen ari direnak kanporatuak izan arte. Zelaiko ordezkariak eskatuko die instalazioetatik irteteko eta, jaramonik egingo ez balute, udaltzainei hots egingo lieke. Horrez gain, biktimarekin hitz egingo litzateke eta bere nahia errespetatu, epaitegietan prozedura hasi edo ez jakiteko, aipatu protokoloan jasota dagoenez.

Ainhoa Azurmendi kirol eta berdintasun gaietan aditua (ezkerretik bigarrena) eta Martxelo Ezponda Hernani futbol taldeko presidentea (hirugarrena), sexu jazarpenaren eta erasoen prebentziorako protokoloa aurkeztu zuten egunean, klubeko eta Udaleko ordezkariekin batera / KRONIKA

Gisa horretako gertaerak zigortzeari dagokionean, kontuan izan behar dugu ez liratekeela diziplina-sisteman sartuko, erasotzaileek ez dutelako lotura administratiborik klub edota federazioarekin –bazkideak izan ezean–, baina taldearen aurkako neurriak hartzea izango litzateke (zelaia ixtera behartu...) arbitroak aktan jasotakoa abiapuntutzat hartuta. Klubak zein lizentzia duen, horren arabera zigortuko da, Eusko Jaurlaritzako ordezkari Eli Altubek eta Amaya Gezalak azaldu digutenez [Erreportajearen amaieran informazio gehiago].

Bere segurtasuna bermaturik ez dagoela ikusiz gero, arbitroak erabaki dezake partida bertan behera uztea, Francisco Manuel Osoriok, Nafarroako futbol Epaileen Batzordeko kideak, kontatu digun moduan. “Zentzu horretan ikusi behar da zelaiko ordezkaria pertsona arduratsua ote den, egoera kontrolatzeko gaitasuna eta bere taldeko ikusleengan nolabaiteko eragina duena, edozein liskar erraz antzean konpondu eta arbitroak babesa sentitzeko. Zoritxarrez ordea, iristen den lehenbiziko pertsona izendatzen dute sarri klubek ordezkari, zalerik sutsuena ez denean”. Bere hitzetan, Joko Arauak, Federazioetako araudiak eta lege orokorragoak nahikoa izan beharko lirateke indarkeria kasuak zigortzeko, “baina kasu oso larrietan baino ez dituzte aplikatzen”. Azken urteotan egoera nabarmen hobetu dela dio, halere, jada ez direla garai batean bezainbeste “basakeria” ikusten, nahiz eta irain eta protestak ia astebururo jasan behar izaten dituzten epaileek. Gazteak dira asko, hasiberriak, eta batere mesederik ez die egiten jendea etengabe orroka aritzeak. “Penagarria da neska eta mutikoek epaile ibilbidea uztea esperientzia txar bat sufritu dutelako”, esan digu Osoriok.

Pasa den urtarrilaren 4an, Muskizen, jubenilen bigarren mailako Muñatones eta Asti Leku B taldeen arteko partidaren atsedenaldian, zaleek ez baizik eta etxekoen presidenteak iraindu egin zuela salatu zuen arbitroak. Aldageletara bidean, lau haizetara egin zuen oihu: “Arbitroa putakume bat da, marikoia, marikoi konfirmatua gainera, kabroi bat, gure aurka egingo duena beti!”. Epaileak aktan jaso zuen gertatutakoa, instituzioek irain homofoboak gaitzetsi zituzten, hedabideetan agertu zen... eta Bizkaiko Lehiaketa Batzordeak erabaki du presidentea ez zigortzea, ez delako agertu arbitroak dioena berretsiko duen lekukorik. Epaile lanetan zortzi urtez aritu den 22 urteko gazteak esan du utzi egingo duela, jasandako erasoagatik baino gehiago, eraso horren ostean izandako babes faltagatik.

Epaileak aktan jaso zuen gertatutakoa, instituzioek irain homofoboak gaitzetsi zituzten, hedabideetan agertu zen... eta Bizkaiko Lehiaketa Batzordeak klubeko presidentea ez zigortzea erabaki du, ez delako agertu arbitroak dioena berretsiko duen lekukorik.

“Zenbat futbolari atera dira armairutik?”, galdetu du Azurmendik, gaiaz hizketan hasi garenean. “Gizarteko esparrurik zabalenetako batean, aniztasun handikoa teorian... eta ia inork ez du pausoa eman. Zeren beldur dira?”. Mikel Garcia ARGIAko kazetariak Futbolean ez dago gayrik artikuluan dioen moduan, urratsa emango luketen futbolariak “erreferente itzela” lirateke idolotzat dituzten haur eta gazte –eta ez hain gazte– askorentzat, “zer esanik ez euren sexualitatea garatzeko eta adierazteko beldur diren horientzat”. Baina markek babesletza erretiratu diezaieketelako, klubek eta agenteek zuzenean edo zeharka debekatu egiten dietelako, –gaizki ulerturiko– maskulinitatea nagusi delako zelaietan eta harmailetatik iristen diren irainetan… jokalariek armairuan gordeta jarraitzen dute.

“Zelaian gertatzen dena zelaian geratzen da”

Arbitroak Hernanin jasan behar izan zituen orro matxisten harira, partida hartan etxekoen aurkari zen Eibar klubak, irainak haien jokalarien gurasoek jaurti zituztela-eta, adierazi zuen ez dituztela horrelako jarrerak onartuko, azpimarratuz “klubaz kanpoko pertsonak” izan zirela protagonista. “Klubaz kanpoko pertsonak”. Zenbatetan baliatu ote dute futbol taldeek ere aitzakia hori, pilota besteren teilatura bota nahi dutenean?

Kasu honetan, dena den, Eibarrek “hartu zituen hartu beharreko neurriak”, publikoki jakinaraziko ez dituen arren, klubetik azaldu digutenez. Horren harira, “eta ez gertaera tamalgarri hori gertatu zelako”, taldeak Gure Balioak Eraikitzen egitasmoa jarri zuen abian, guraso, jokalari eta erakundeekin balio hezitzaileen gaineko lanketa egiteko.

Duela hiru urte, bestalde, kadete mailako Hernaniko futbolari beltz bat iraindu zuen aurkariak. Ezpondak esan digu haien entrenatzailearekin lehenengo eta presidentearekin gero hitz egin zutela, jakinaren gainean jartzeko gutxienez. “Erasotzailea gure taldekoa izan balitz, sexu jazarpenaren aurkako protokoloak jasotzen dituenak beteko genituzke, kasu desberdinetarako delako baliagarria. Mutilekin hitz egin eta neurriak hartuko lirateke, barkamena eskatzera bultzatzetik taldetik kanporatzeraino”. Hain zigor gogorrak, dena den, gutxitan ezartzen dituzte klubek. “Gisa horretako jokabideak ez dira onargarriak eta gertatuko ez balira hobe, baina ez doaz urrutiago. Ez nituzke partidaren tentsioarekin lotuko. Beroan, aurkariari ostiko bat eman eta aurrera. Uste dut gazteek ikusitakoa errepikatzen dutela futbol zelaian, ikasita dakartela. Eta berdin ikusleek”.

Futbol estadioetan sarri ikusten dira arrazismoa, homofobia, sexismoa eta xenofobia salatzea helburu duten mezuak edota keinu sinbolikoak. Horiek errotik mozteko, dena den, erantzun irmoagoa behar da erakunde, klub eta jokalarien euren aldetik.

Francisco Manuel Osoriok ñabardura bat egiten du: “Egia da gizartearen bertute eta akatsak ikus daitezkeela futbol zelaietan, baina leku oso gutxitan, bakar batean ere ez ziurrenik, ikusleak ulertzen du sarrera bat erostean eskubidea duela builaka aritu eta beste pertsona batzuk iraintzeko, epaileak bereziki. Tristea da 50 urteko gizon bat 15 urteko gaztearen aurrean pitokeriak egiten ikustea, gainerako zaleek imintziorik ere egiten ez duten bitartean”. Gaiaz hainbat artikulu plazaratu duen Arnau Segura Panenka aldizkariko kazetaria ildo berean mintzatu zaigu: “Irainak gaitz endemikoa dira, bereziki erregional mailako futbolean. Guraso, klub edota federazioen erantzunaz galdetzen badidazu, burura datorkidan hitza epelkeria da. Beste aldera begiratzea, ezer pasa ez balitz bezala. Zelaian gertatzen dena zelaian geratzen da perbertsoa”.

Guraso entrenatzaile eta epaileak

Osorioren hitzetan klubak “egoista xamarrak” dira batzuetan. “Profesional mailakoak, adibidez, beren ultrengana gehiegi ez arrimatzen saiatzen dira, baina faborezko tratua ematen diete gero, jokalariak animatzen dituztela-eta. Aitzakia tristea da. Berdina gertatzen da infantil mailan, aita eta ama batzuei gauza gehiegi onartzen zaizkie haien sostengua galtzeko beldurragatik”. “Zaila da guraso batzuei ulertaraztea beraiek ez direla ez arbitro ezta entrenatzaileak ere, gurasoak baizik”, dio Ezpondak. “Eskola kirolean ere ikusten dira gurasoak zelai ertzean, zortzi urteko umeei aginduak ematen, builaka... Eskolan uzten ditugun bezala irakasleen esku, futbolean daude begiraleak, entrenatzaileak eta epaileak. Gurasoak alde batera geratu behar dira hein batean.

Oro har ez da arazorik egoten, batzuetan ordea... Esaten badiezu seme-alabak ‘Alebinak B’ taldean sartu dituzula, eta ez ‘A’-n, haserretu egiten zaizkizu”. Eskola kirolaren eta gehiago errendimenduari begira dagoen eredu federatiboaren arteko harremanaz luze hitz egin genezake. Bada aipatu nahi dugun balizko diskriminazio-faktore bat, dena den: lizentzien kostua. Azurmendik gogorarazi digun moduan federazioetako lizentziak garestiagoak dira eskola kirolekoak baino, eta hortaz zentzuzkoa da instituzioek bigarren horren alde egitea, gazterik ez dadin baztertua izan lizentzia ordaintzerik ez duelako.

Eremu pribatuan esku hartzea, zailagoa

Monitore edo entrenatzaileek formazioa izatea ezinbestekoa dela diote solaskideek: “Umeekin hitz egiteko gaitasun psikologikoak ez dituzte landuak batzuetan, oihurik egin eta beldurrik eman gabe erakusteko”, esan digu Azurmendik. “Beste eredurik ez dute ezagutuko agian eta... 13-14 urteko neskatilekin entrenatzeko modu oso agresiboak ikusi ditut nik”.

Eli Altube eta Amaya Gezala, Eusko Jaurlaritza: “Agian batzuentzako zigorrak ez dira nahikoak izango, baina klub edota federazioek diziplina-prozedurari heltzen diotenean, sistemak funtzionatzen du”.

Entrenatzaileei egin erreferentziak bide eman digu esparru pribatuago horretan –eguneroko jardunean– egiten den prebentzio lanari buruz galdetzeko Eli Altube eta Amaya Gezalari: “Lehiaketa batean gertatutakoen jarraipena errazago egin daiteke, baina eremu pribatuan –entrenamenduetan esaterako– ematen diren kasuekin gauzak konplikatu egiten dira; erasoa sufritu duen pertsonak gertatutakoa salatu behar du, eta agian ez dago horretarako prest, edo ez du bere hitzak babestuko dituen lekukorik, edo uste du klubean pisua duen norbaiti aurre egiteak bere kirol ibilbidea trabatu dezakeela... Horrelakoetan zailagoa da esku hartzea”. Badira protokoloak, kanpainak egiten dira, Jaurlaritzak adibidez sexu indarkeriaren aurkako arreta zerbitzua (www.euskadi.eus/zuretaldekoakgara) jarri du abian, Ortzadar kolektiboarekin homofobiaren inguruko lanketa egingo du... baina klubek, federazioek eta gainerako eragileek protokolo horiek lantzen ez badituzte edota hain agerikoa ez den indarkeria detektatzeko tresnarik ez badute –normalizaturik dagoelako–, alferrikakoak izango dira hein batean.

Azurmendiren hitzetan, klub edota federazioetan jende berria sartzen ari den neurrian, eta emakumezko gehiago ari direnean futbolean edota erabaki-guneetan, balore hezitzaileei garrantzia handiagoa emateko borondatea sumatzen da. Hortik beharko da tira egin, futbolean hain errotuak dauden botere-eskemak apurtu nahi badira.

 

“Diziplinazko prozedurari heltzen zaionean, sistemak funtzionatzen du”

 

Eli Altube Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako zerbitzu buruak eta Amaya Gezala Kirol Justiziako Euskal Batzordeko idazkariak azaldu digutenez, kirol munduak badu bere baitan sistema berezi bat, diziplinazkoa; eta horrez gain, EAEko Kirolaren Legea dago, zehapen prozedura (zigortzailea) aurreikusten duena. Bi araubide daude beraz. Gertaera zehatz baten kasuan diziplinazko neurriak hartu ahal izateko, beharrezkoa da neurriok aplikatuko dituen kirol entitatearen eta gertaera/subjektu zehatz horren artean loturaren bat izatea. Esaterako, federazio batek antolatutako txapelketa batean lizentziak bermatuko du lotura hori, eta federazio horrek duen araudia aplikatuko zaio gizalegez jokatu ez duen entrenatzaile edota kirolariari. Era berean, klub bakoitzak bere diziplina-araudia izan dezake, eta Eskola Kirolak ere badu berea, Foru Aldundiek zehaztua. Diputazio bakoitzak bere araudia duenez, gerta daiteke modalitate berean ari diren adin bereko bi kirolarik lizentzia desberdina izatea, Eskola Kirolekoa batak eta federatiboa besteak, eta hortaz araudi desberdinak aplikatzea.

Diziplina-sisteman badago bigarren instantzia bat: Kirol Justiziako Euskal Batzordea, non tramitatzen diren aurrez federazioan edota eskolarteko kirolean jarritako zigorren errekurtsoak, ia guztiak gizonezkoen arteko liskarren ondorio direnak, Altubek eta Gezalak diotenez. Hortik, gehienetan aukera dago auzibidera jotzeko. “Azkenaldian askok hartu du bide hori. Federazioen aldetik jarrera aldaketa sumatzen da, indarkeria kasuak (irainak...) mozten eta zigortzen ari dira. Agian batzuentzako zigorrak ez dira nahikoak izango, baina klub edota federazioek diziplina-prozedurari heltzen diotenean, sistemak funtzionatzen du”.


ASTEKARIA
2020ko maiatzaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak

Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.


Indar Gorriko 61 kide atxilotu dituzte Iruñean

Espainiako Polizia Iruñean, Sevilla eta Madrilen egiten ari den operazio baten barnean atxilotu dituzte. Iazko urrian Betis-Osasuna partidaren aurretik egondako istiluak ikertzen ari dira.


Emakume bat larri dago ZIUn, Ertzaintzak Donostian foam jaurtigai batekin jo ostean

Emakumea Donostia ospitalean ingresaturik dago, foam jaurtigaiak buruan jo eta odol isuria eragin ostean. Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partiduaren aurretik polizia agenteek egindako kargetan zauritu dute. Ertzaintzak barne ikerketa zabaldu duela jakinarazi... [+]


Bultzadak Aitor Zabaleta harmaila itxiko du hurrengo partidan, errepresioa salatzeko

Bultzada Realaren jarraitzaile taldeak jakinarazi duenez, ez da joango ostiraleko Vila-realen kontrako partidara, eta Aitor Zabaleta harmaila itxita mantenduko du, jasaten ari den “errepresioa” salatzeko.


2024-01-25 | Xabier Rodríguez
Afrikako Kopa, kontinente baten ispilu

Afrikan futbola grinaz bizi dela esatea ez da nobedadea. Tangerretik Lurmutur Hirira eta Dakarretik Mogadisciora, kontinentea osatzen duten 54 herrialdeak eta zientoka hizkuntzak aniztasun kultural paregabe baten isla dira. Aniztasun horretan baloia da afrikar guztiak elkartzen... [+]


Eguneraketa berriak daude