FIFAk, futbol-erakunde gorenak, Bakearen Saria sortu du, eta estreinakoa eman dio AEBetako presidente Donald Trumpi, Palestinako, Ukrainiako eta beste hainbat herrialdetako gatazken konponbiderako egindako "lan itzelagatik". Washingtonen jaso du saria Trumpek, gizonezkoen 2026ko Munduko Txapelketarako multzoen zozketa-ekitaldian. AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatuko da txapelketa, datorren urteko ekaina eta uztaila artean, eta agintari biek, bai Trumpek eta bai FIFAko presidente Gianni Infantinok, euren intereserako baliatu nahi dute ekitaldi erraldoi hori, mundu osoa begira izango duela-eta.
Trumpek zein helburu duen imajina dezakegu. Batetik, hedabideetan-eta ahalik eta gehien agertzea, Munduko Futbol Txapelketa bere ahaleginaren fruitu dela sinetsarazi eta estadioetako palkoak baliatzea bateko eta besteko akordio eta negozioak adosteko. Alegia, futbola erabiltzea arma politiko moduan, kanpora zein barnera begira. 2026ko Munduko Txapelketa hartuko duten hamasei estadioetatik hamaika AEBetan daude, eta herrialdeari pisu handiagoa ematen dio horrek, Kanada eta Mexikorekin alderatuta. Horri esker, turismoa bultzatu ahal izango du, besteak beste. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da irudi ona ematea, eta Trumpek iragarri du partida baten atarian segurtasun arazoak egon daitezkeela ikusten badute partida hori beste lekuren batean jokatuko dela, eta kitto. Gainera, hamaika estadioetatik bederatzi daude demokratek gobernatutako hirietan, Los Angelesen, Bostonen edota New Yorken; haietako batzuekin xextran dabil Trump, eta sobera nazkatzen badute egoitzak mugituko dituela mehatxu egin die.
Giro horretan gustura nabari zaio Gianni Infantinori. FIFAko presidentea da 2016az geroztik, eta hainbatetan adierazi du futbola eta politika ez direla nahasi behar, horregatik ez dituela Israel zigortzeko eskaerak aintzat hartuko. Baina... Errusia bai, Ukrainako gerra dela-eta zigortu egin du, nahiz eta 2018ko Munduko Txapelketan, Errusian egindakoan, Infantino bera ikusi genuen Vladimir Putini koipea ematen.
Hainbeste "baina" zerrenda genitzake erakunde horren bueltan. Goazen harira, ordea. FIFAk Bakearen Saria sortu du eta Trumpi eman dio, "benetan merezi duelako" –ez da broma, ez–. Eta eman dio momentu batean non AEBetako presidenteak operazio militarra agindu duen, Venezuelako presidente Nicolás Maduro behartzeko agintea uztera. Trump kontent izatea komeni zaio futbol erakunde gorenari, kirol horrek AEBetan geroz eta indar handiagoa duen heinean. Komeni zaio, batetik, anima dadin tamainako ekitaldi gehiago antolatzera –2031ko Emakumezkoen Munduko Txapelketa adibidez hark jasoko du, beste hainbat herrialde amerikarrekin batera–; eta bestetik, amua izan dadin inbertsore eta babesle berriak erakartzeko, Jon Salvadorrek nabarmendu bezala El Orden Mundial agerkarian.
Gainera, AEBetako beste kirol-ekitaldiek, Superbowl-ak adibidez, (tele)ikusleentzako askoz ere estimulu gehiago dituzte, eta babesleen presentzia handiagoa. Ikuskizun erraldoiak dira, eta horiek inspirazio bezala hartuta, futbolera zer/nola ekarri daitekeen aztertu nahi du Infantinok, zeinak Munduko Kopa baliatuko duen proba batzuk egiteko. Azken edizioetako Munduko Txapelketek galerak eragin dituzte, eta horri buelta eman nahi dio Infantinok. Hobe du lortzea, bestela orain lagun duenak bizkarra emango baitio bitan pentsatu gabe.