ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Basque children ez ahazteko

  • 1937ko maiatzaren 21an Habana lurrunontzia Santurtziko portutik irten zen, 3.840 haur, 80 irakasle, 120 laguntzaile, 15 apaiz katolikorekin. 2002an, haur horietako baten bilobak, Natalia Benjaminek, The Association for the UK Basque Children erakundea sortu zuen. Iaz, The Basque Children of ‘37 izenburuko erakusketa jarri dute abian, eta Irlandako hainbat herritan ibiliko da datorren uztaila bitartean.

'Habana' ontziko haurrak nahiz boluntarioak Eastleigheko esparruan, 1937ko udan (arg.: BCA`37 UK)

Bilbo, 1937ko maiatzaren 21a. Habana lurrunontzia portutik irten zen, haurrez beteta, Ingalaterrara bidean. 800 bat bidaiarirentzako tokia zeukan itsasontzian 3.840 haur, 80 irakasle, 120 laguntzaile, 15 apaiz katoliko eta 2 mediku pilatu ziren. Itsasaldi biziak are gogorragoa egin zuen bi eguneko bidaia.

Eusko Jaurlaritzak haurrei babesa emateko eskaera egin arren, hasieran britainiar gobernuak ezetz esan zuen, gatazkan esku ez hartzeko politika aitzaki. Katharine Stewart-Murray Atholleko dukesaren eta beste eragile batzuen kanpainari esker, gobernuak azkenean haurrak lehorreratzea onartu zuen, baina berriro ere esku ez hartzeko hitzarmenari helduta, haurren egonaldia ez zuela finantzatuko adierazi zuen. Basque Children’s Committee (Euskal Haurren Batzorde) sortu berriak haur bakoitza zaintzeko asteko 10 libra lortu beharko zituen.

Baporea maiatzaren 23an iritsi zen Southamptonera. Portuan jendetza zegoen haien zain eta gainera hiriko kaleak banderatxoz eta apaingarriz bete zituzten harrera egiteko. Edo hori pentsatu zuten haur gehienek; berez, Jurgi VI.a erregea 10 egun lehenago koroatu zuten eta haren omenezko apaingarri gehienak oraindik jaso gabe zituzten.

Ia 4.000 haurrak Eastleighera eraman zituzten, boluntarioek bi astetan, presaka eta ahalegin handia eginez, prestatu zuten esparrura. Haur gehienak ez ziren luze egon bertan. Udan zehar, pixkanaka, Erresuma Batu osoko “kolonia” eta etxeetan banatu zituzten. Irailaren erdialdean Eastleighen ez zen euskal haurrik geratzen, talde erlijiosoek, sindikatuek eta beste talde eta norbanakoek emandako laguntzari esker.

Ordurako, Iberiar penintsula iparraldeko gune nagusiak frankisten esku zeuden eta haurrak Euskal Herrira itzultzeko prozesua abiatu zen. 1939an, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, 400 euskal haur besterik ez ziren geratzen Erresuma Batuan. 16 urtez gorakoei itzultzeko edo geratzeko aukera eman zitzaien. Txikiagoek ezin izan zuten erabaki; gurasoak hilda edo giltzapean zeudelako geratu behar izan zuten han. 1945ean 250 bat ziren eta gehienak bizi osorako geratu ziren bertan.

2002an, Habana-ko haur horietako baten bilobak, Natalia Benjaminek, The Association for the UK Basque Children edo BCA’37 UK erakundea sortu zuen, oraindik bizirik zegoen haur horietako baten laguntzaz: Helvecia Aldasoro. Elkarteak Habana-ko euskal haurren berri zabaltzea du helburu, batez ere hezkuntzan. Ildo horretan, iazko udan The Basque Children of ‘37 izenburuko erakusketa jarri zuen abian, The Museum of Childhood Ireland proiektuarekin batera. Erakusketa Europako Batzordean egon zen ikusgai uztailean; abuztuan Corkera eraman zuten eta gero Galway, Sligo, Leitrim, Derry, Belfast, Warrenpoint, Drogheda eta Irlandako beste hainbat herritan ibiliko da datorren uztaila bitartean.

Helvecia Aldasoro 2014an hil zen Nottinghamen, 91 urte zituela, berari eta Habana-ko beste ia 4.000 haurrei gertatutakoa ez zela galduko ziurtatuta.


1936ko gerra kanaletik interesatuko zaizu...
Polloeko mausoleo frankistan hobiratutako hamazpi milizianoak omendu dituzte

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak omenaldia egin diete 1939an frankisten beste hainbat gorpuzkinekin batera hobiratutako errepublikarrei. Iazko maiatzean identifikatu zituen hamazpi lagunen izenak Aranzadi Zientzia Elkarteak. Erabateko erreparazioa egiteko, mausoleotik... [+]


3.681 haurrek ihes egin behar izan zuten Donostiatik 1936an

Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldia antolatu du martxoaren 18an, Kursaalean.


Tuterako kartzela zaharra
1936ko errepresioaren gune nagusietako bat, proiektu urbanistikoen jomugan

1936ko Gerran kartzela gisa erabili zen Tuterako San Frantzisko komentuaren eraikina. Ehundaka preso errepublikar giltzapetu zituzten leku hartan, eta asko fusilatuak izan ziren. Oroimen Historikoko Leku izendatzeko aukeraren aurrean, Rafael Moneok duela hogei urte egindako... [+]


Eguneraketa berriak daude