1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

  • Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra, Bidasoako mugatik itzultzen ziren iheslari errepublikarrak sailkatu eta beste toki batzuetara bideratzeko, eta Gipuzkoan kontserbatzen den gerra garaiko kontzentrazio esparru bakarra da.

Pequeña Velocidad pabilioian milaka lagun eduki zituzten entzerratuta, beste esparruetara eraman aurretik "sailkatuak" izateko. Iturria: Nicolas Guerendain elkartea

2025eko otsailaren 12an - 13:00
Azken eguneraketa: 2025-02-13 14:25
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irungo Pequeña Velocidad pabiloiaren etorkizuna zalantzan zegoen, Espainiako Gobernuak pasabide bat eraikiko baitu bertan, Topo-aren tren geltoki berria Irungo hiriarekin lotzeko. Baina Eusko Jaurlaritzarekin sinaturiko hitzarmen baten ondorioz, proiektua birmoldatu egingo dute, 1936ko Gerran kontzentrazio esparru bezala erabilitako ondare historiko hori mantentzeko. 

Astearte honetan eman dio argi berdea Espainiako Ministroen kontseiluak hitzarmenari; guztira 7,7 milioi euroko kostua izango du pasabidearen obrak, hasieran aurreikusitakoa baino 800.000 euro gehiago, eta Irungo Udalak, Adifek eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dute.

Talde memorialistek garaipen gisa hartu dute pasabidearen proiektua aldatu eta pabiloia ez eraistea: “Baikortasunez eta oroimenez jaso dugu albistea”, azaldu du Kepa-Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Proiektuaren berri lehen aldiz 2018an izan zuten, Via Irun egitasmoaren barruan jasota zegoelako, eta ordutik, zazpi urtez borrokan jardun dute.

Pabiloia kanpotik, duela gutxi ateratako argazki batean Iturria: Nicolas Guerendain elkartea
Pabiloia barrutik duela gutxi ateratako argazki batean. Iturria: Nicolas Guerendain elkartea

Bide horretan, 2022an elkarte horrek aldarrikatu zuen esparrua mantentzea bertatik igarotako milaka presoen duintasuna mantentzea” zela, pabiloia “oroimen demokratikoaren gune” izendatzea eskatu zuen, eta mozioa ere sustatu zuen Irungo Udalean, Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkartearekin batera, urtebeteko moratoria baten alde. Baina udalbaltzak beste mozio bat onartu zuen, eraikinaren “elementu adierazgarriaren bat” mantentzea eskatzen zuena soilik.

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak ohar bidez azaldu duenez, duela gutxi Irungo Udalak esan zien eraikinaren bi heren mantenduko zirela; orain jakin berri dute proiektuak bere horretan osorik utziko duela azkenean. 

"Borondateen auzia izan da", azaldu dio elkarte horretako Peli Lekuonak, Antxeta Irratian Koldo Nausiari. Bere esanetan, Jose Antonio Santano Irungo alkate zen garaian "oso garbi" zuten trenbide eremuko eraikin guztiak eraitsiko zituztela; baina oraingoan "memoria urbanismoari gailendu" zaiola dio.

Irun, kontzentrazio esparru handi bat mugan

Erabakia ez da nolanahikoa, izan ere, kontzentrazio esparruen paisaia frankista izugarriaren pieza garrantzitsua zen Irungoa, mugaren ondoan egonik, estrategikoa zelako iheslari errepublikarrek jasango zuten errepresioaren katearen hasieran. Espainiako Estatu osoko kontzentrazio esparruetan gutxienez 700.000 lagun eduki zituzten preso edo lan-batailoietan esklabo, eta haietatik milaka asko Irundik pasa ziren lehenik.

Atxikitako errepublikarrek ilara luzeak egiten zituzten sailkatuak izateko. Irungo esparrua momentu garrantzitsua izaten zen askorentzat, tramiteen arabera, beste esparru batean edo langile-batailoietan amaitzen baitzuten. Iturria: Nicolas Guerendiain elkartea
Irungo "kontzentrazio esparruan" zeuden giltzapetuan zerrenda bat. Iturria: Nicolas Guerendiain elkartea

Pequeña Velocidad Irungo Aduanaren etxearen atzealdean 1882az geroztik eraikitzen joan ziren pabiloietako bat zen. Garai hartako trenbide sisteman abiadura “handiko” eta “txikiko” trenak zeuden, eta hortik datorkio izena.

1936ko Gerran Irunen atxikitze-toki gehiagotan ere giltzapetu zituzten errepublikarrak, hala nola Real Unión taldearen Stadium Gal futbol zelaian, Irungo espetxean, Elgorriaga txokolate fabrikan, Behobian edo Hilaturas Ferroviarias fabrikan –emakume eta haurrak entzerratzen zituzten bertan–. Baina toki horiek guztiak ixten joan ziren bitartean, Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua erabiltzen jarraitu zuten 1942. urtera arte.

Ascension Badiola historialariak, kontzentrazio esparruen inguruko bere tesian dio Irungo Pequeña Velocidad izan zela Espainiako epe luzeko kontzentrazio esparruen sarearen barruan Gipuzkoan zegoen bakarra; Tolosako eta Donostiako zezen plazetan ere zabaldu zituzten antzekoak 1939an, baina behin behinean eta denbora laburrean.

Presoen begiradek sarritan ez dute beste hitzik behar. Iturria: Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkartea
Nazional-katolizismoa besarkatzera derrigortuta. Iturria: Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkartea

“Ez egoan nun etzin”

Nicolas Guerendiain elkartearen txosten batean, esparru hartatik igarotako hainbat lekukotza jasotzen dira. Esaterako, Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi idazle eta euskaltzaina pabiloi horretan izan zen, eta hala dio Neure lau urteko ibillerak liburuan: “Apaldu ostean geltoki bertako Pequeña Velocidad’eko almazenera eroan ginduezan iru lengusuok. Frantzia’tik igaroten ziran gizonezko guztiak toki aretara eroaten zituen. (…) Jende asko egoan almazenean. Jakiña, ez egoan nun etzin; eta batzutan zutiñik ta bestetan bultoren baten gaiñean jarrita”.

Bestelako dokumentuak ere biltzen ditu txostenak: “[Diruaren] zati handiena janarian gastatu dut, hamar hilabetez pilatutako gosea bainekarren”, dio Tomás Valetin Ramosek Irundik bere familiari bidalitako gutun batean. 20 urte besterik ez ditu eta aurretik Gurseko kontzentrazio esparruan izan dute preso sei hilabetez. Mexikora emigratzeko aukerarik gabe, 1939ko uztailean muga gurutzatu eta bere burua frankistei entregatzea erabaki zuen.

Tomas Valentin Ramos errepublikarraren sailkapen fitxa. Manu Valetin historialari eta bilobak sarean zabaldua. Iturria: Nicolas Guerendain elkartea

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Ipar Euskal Herria eta Frantzia osoa nazien eskuetan zela, asko izan ziren Espainia frankistara itzultzea beste erremediorik izan ez zuten erbesteratuak. Irunen Pequeña Velocidad pabiloian lehen “bahetze” bat egiten zitzaien, hortik trenean pilatuta beste kontzentrazio esparruetara bideratzeko, Espainiako Estatuko handienetakoa zen Miranda de Ebrokora kasu.

Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruko argazki ugari kontserbatzen dira, giltzapetutako pertsonen irudiekin. Nicolas Guerendiain elkartearen esanetan, haien memoria dago jokoan: “Ikusi zituzten horma berak, jasan zituzten umiliazioak, eman zituzten pausuak, dena galdu zutenen begiradak, eta besoa jasota agurtzera derrigortutakoak. Irudietan bizirik dagoen sakrifizioaren aldare hori gure ondare historikoa da, eta inork ez du eskubiderik eraisteko”.

Umiliazio eta jazarpenak eguneroko ogia ziren, errejimen frankistaren eskutik. Iturria: Nicolas Guerendain elkartea

Hemendik aurrera zer?

Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan taldeko Peli Lekuonak Antxeta Irratiari azaldu dionez, hurrengo urratsak eraikina atondu eta "lehenbailehen" Oroimen Demokratikoko Leku izendatzea izan behar lukete.

Aduana duela hamarkada batzuk itxi zenez geroztik erabili ez denez, pabiloia egoera oso txarrean dago eta sendotze lanak behar ditu; aurrera begira interpretazio zentro bat jartzea da euren helburua, Lekuonaren arabera: "Irungo lau kontzentrazio esparru frankisten artean garrantzitsuena izan zen eta zutik mantentzen den bakarra, ez da Irungo historia kontu bat, estatu mailako babesa behar du".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Bidaia bat 50 urte atzera, aurrera egiteko
MULTIMEDIA - dokumentala

50 urte bete dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. Urteurrenaren harira, BERRIAk lan hau ekoiztu.

«Txikiren anaia bat kalean ikusi nuen behin, Zarautzen [Gipuzkoa], eta pentsatu nuen: '50 urte igaro dira fusilamenduaz geroztik. Zer pentsatuko du berak? Nola... [+]


Kanakyko loialistekin eta Frantziako Estatuarekin sinatutako akordiotik atera dira independentistak

2025eko uztailaren 12an izenpetu zuten hiru aldeen arteko Bougivaleko Akordioa, irlaren etorkizun instituzionala adosteko asmoz. Frantziako Estatuaren "instrumentalizazioa" salatzean gain, FLNKS alderdi independentistak argitu nahi izan du beraiek izenpeturiko dokumentua... [+]


Santu izateko gida praktikoa

Hungaria, 1038. Eztebe I.a erregea, erresumaren fundatzailea hil zen. Handik mende erdi eskasera, 1083an abiatu zen haren kanonizazio prozesua, eta, hala, historiako familia santuenaren historia ere abiatu zen; guztira, Hungariako errege-familiako hamar kide izendatu zituzten... [+]


Momifikazioa berridazten

Luzaroan momifikzioa antzinako Egiptorekin lotu izan da eta zibilizazio hura jotzen zen momien jatorritzat. Azken urteetako aurkikuntza eta ikerketek aldiz, momifikazioaren historia astindu dute. 2022an duela 8.000 urteko momia bat aurkitu zuten Portugalen, eta, berriki, 12.000... [+]


2025-09-29 | Jon Torner Zabala
Txiki eta Otaegi kriminalizatzea egungo faxismoari “alfonbra gorria jartzea da”, Sorturen hitzetan

Frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urte bete direnean, ekitaldi jendetsua egin du Sortuk Iruñeko Anaitasuna pabiloian. “Bakarren batzuk haien memoria kriminalitzatzen eta jazartzen jarraitzen dute”, esan du alderdiko idazkari nagusi Arkaitz... [+]


2025-09-29 | Behe Banda
Barra warroak
Kaleko orban beltzak

Txikitatik pentsatu nuen nortzuk ote ziren paretetan, karteletan, oroitarritan, asteroko manifestazioetako aurpegi horiek. Baziren eskelak egunkarietan eta herriko plazan, baina gero, baziren besteak. Ez nituen inoiz kaletik ikusi, ez nekien izenik, baina edozein herritan... [+]


2025-09-26 | Gedar
Mañuetako oroigarri frankista seinalatu dute hainbat gaztek

"Frankismoaren adierazpen zehatzen" eta "faxismoaren berrindartzearen kontra mobilizatzera eta antolatzera" deitu dute.


Javier Buces
"Frankismoa zuritzen duen errebisionismo historikoaren aurrean, beharrezkoa da historia osoa kontatzea"

Frankismoaren azken exekuzioak hartu ditu hizpide Javier Buces historialariak, Askatasun Haizea (Txalaparta) liburuan. Estatuak eragindako biktimak, "bigarren mailako biktima" izaten jarraitzen dutela uste du Bucesek.


GALek Monbar hotelean hildakoek aitortza zabala jaso dute Baionan

1985eko irailaren 25ean Inaxio Asteasuinzarra hernaniarra, Sabin Etxaide zestoarra, Agustin Irazustabarrena astigarragarra eta Jose Mari Etxaniz urretxuarra hil zituen GALek Baionan. 40 urte geroago omenaldia egin diete Monbar Hotelaren aurrean, hil zituzten lekuan.


Erorien monumentuaren eraisketa eskatuko dute berriz ere elkarte memorialistek

Azaroaren 15ean kalera irtetera dei egin dute, PSN, EH Bildu eta Geroa Baik “ezarritako arrabolari erantzuteko”. Frankismoaren biktimak gutxietsiak sentitzen dira Iruñeko Udal Gobernuaren partetik.


2025-09-25 | ARGIA
Txiki eta Otaegiren fusilatzeen urteurrenean Guardia Zibilak Bilbon erakustaldi militarra egingo du

Guardia Zibilak "jardunaldi irekiak" antolatu ditu irailaren 27an Bilboko Ramon de la Sota moilan, Karola garabi ezagunaren ondoan, eta armak eta ibilgailuak erakutsiko dituzte, besteak beste. Naiz-ek argitaratu duenez, erakustaldia egiteko Bilboko Udalaren baimena dauka... [+]


Alexandrorik krudelena Gazan

Gaza hiria, K.a. 332. Alexandro III.a Mazedoniakoa (K.a. 356-323) eta bere armada hiriko harresietara iritsi ziren. Bi urte ziren Alexandro Handiak bere konkistak Asia aldera bideratu zituela, eta hilabete gutxi batzuk Tiron pertsiarren kontra garaipen handia lortu zuela... [+]


Ondare historikoen suntsiketa planifikatua, Israelen izana justifikatzeko

Monumentu historikoak, aztarnategi arkeologikoak, artxiboak, liburuak, artefaktuak... Gazako ondarea bonben pean galtzen ari da. 5.000 urtetako iraganaren aztarnak betirako galduak. Hori ez da "gerra-istripu" bat edo genozidioaren "albo-kaltea". Aspaldian... [+]


Filipe Bidart, Iparretarrak-eko militante ohia
"Frantziak ez du jokamoldez aldatu: segitzen du gu ito nahian"

Izpegiko besten karietarat Baztango eta Baigorriko gazteek mahai-ingurua antolatua dute arrats honetan Iparretarrak talde armatuaren memoria kolektiboa eraikitzeko  beharrez. IKko sortzaileetan izan den Pilipe Bidartekin mintzatu gira, jakiteko nola bizi izan dituen 40 urte... [+]


Eguneraketa berriak daude