Ez tematu txinako saguzarrekin globalizazioak ekarriko dizue 2019-nCoV eta izurri gehiago

  • Munduko Osasun Erakundeak 2019-nCoV deitzen du 2020. urte hasierako osasun alarmaren erruduna, Wuhango koronabirusa deitzen dio euskarazko Wikipediak, Txinako gripe berria entzun daiteke kalean... Hedabideek krisiaren jarraipenaz antolatu duten espektakuluarekin, esango litzateke pandemia katastrofikoa heldu dela. Oraingoz birus berri batek zabaldutako pneumonia epidemia da, globalizazioaren albo kalteetako bat. Kalte larria, hori bai.

Indonesian ere 2019-nCoV koronabirusari hesia jarri nahian: Txinatik iritsitako bidaiariak desinfektatzen.
Indonesian ere 2019-nCoV koronabirusari hesia jarri nahian: Txinatik iritsitako bidaiariak desinfektatzen.

Asko dira egunero begirada bat ematen diotenak AEBetako Johns Hopkins institutuak interneten daukan mapa interaktiboari: 2019-nCoV koronabirusaren [Erredakzioaren Oharra: artikulua inprimitu eta egun gutxitara ofizialki SARS-Cov-2 izendatu dute koronabirus berria] eraginak –kutsatuak, hilak eta sendatuak mundu osoan bezala herrialdeka– jarraian eguneratzen ditu, Munduko Osasun Erakundeak eta AEBetako eta Txinako agintariek eskainitako azken datuekin. XXI. mendeko bigarren hamarkadan, munduko zoko batean agertutako birus berri bat planeta osora nola –hegazkinez, prefosta–  zabalduz doan behatu dezakegu une oro.

Zortzi astetan dozenaka milaka jende kutsatu eta milako erdi bat hiltzeaz gain, inon ikusi gabeko berrogeialdi eta setio egoerak ikusi dira Txinako Wuhan eta beste hiri handietan eta beste herrialdeak hasi dira Txinarekiko mugak ixten ez bada bai gogortzen. Gaur munduko ekonomiaren motor nagusia den erraldoiaren hazkundea berehala kaltetu du, txinatarrekiko xenofobia indartzen ikusi da… Panikoa. Espektakulua ere bai.

Asko aipatu da koronabirusa Wuhango Huanan merkatutik hasi zela zabaltzen, azoka hartan erakusten eta saltzen diren animalia basatiren batetik gizakira jauzi eginda. Sugeez hitz egin zen aurrena, geroago saguzarra azaldu da munduaren aurrean izurri berriaren errudun.

Monthly Review aldizkarian Rob Wallace epidemiologoak dioenez, Mendebaldeko jendeon aurreiritziei ondo dagokien arren epidemiaren errua egoztea urruneko txinatar ustez atzeratuek klase guztietako animalia basatiak jateko omen daukaten ohiturari, lehenbiziko 2019-nCoV kasuak azoka horretatik aparte azaldu omen ziren eta azoka horretan bertan ere kutsatze kasu asko gertatu ziren txerrien salerosketan ari zirenen artean.

Sukar afrikar epidemia batek Txinako txerrien erdiak hil zituen justu iazko urtean eta honen birusaren inguruan osatu ahal izan da koktel hilgarri berria. Big Farms Make Big Flu (Granja handietatik, gripe handiak) liburuaren egilea den Wallacek dio Txinako merkatuetan elkarren ondoan saltzen direla inguruetako betiko ehizakiak, nekazari txikien ekoizpenak eta laborantza edo akuikultura industrialetako produktuak, garapen eredu kontrolgabe baten irudi.

Basoan, espezie jakin batean ohikoa den birus batek gizakiarengana jauzi egite horretan, Wuhandik oraingoan zabaldu den suteak badu hein batean antza aurretik Ebolarekin Kongon gertatuarekin. Globalizazio neoliberalak mundu osoan gogortu du natur baliabide guztiei etekin ekonomikoa ateratzeko presioa, urari edo mineralei bezala soro eta basoei. Eragiten dituen hondamendi ekologikoei gehitu behar zaie oihanetako abereen artean ohikoak diren patogenoek inguru zibilizatuetara jauzi egitea, gero gurutzatzeko nekazaritza industrialak granja erraldoietako abereen artean mutatu diren beste patogenoekin.
“Txina ez da salbuespena”, dio Wallacek, “AEBak eta Europa ere izan dira gripe mota berrien habia, H5N2 eta H5Nx duela gutxi; haien multinazional eta esku-makil neokolonialek eragin dute Ebola zabaltzea Afrika Mendebaldean eta Zika Brasilen. AEBetako osasun agintariek agro-industria babestu zuten H1N1 eta H5N2 izurrien garaietan”.

Sukar kontrola Pekingo metro geltoki batean

Lur osoa, hesirik gabeko Pangea

Le Partage ezkerreko aldizkariak 2019-nCoV izurria historiaren testuinguruan kokatu nahian idatzi duenez, epidemiak Neolito Arotik datoz; aski fenomeno berria dira beraz gizakion eboluzioaren kate luzean. Homo Domesticus liburua idatzia duen James C. Scott antropologoaren hitzak hartuz, “ia gaixotasun kutsakor guztiak azken hamar mila urteotan agertu dira, asko duela bost mila urte eta zibilizazioaren emaitza dira. Kolera, barizela, elgorria, gripea, baztanga, agian paludismoa ere bai, agertu dira hiritartzearekin eta nekazaritzarekin”.

Scotten arabera, gizakiok 26 gaixotasun partekatzen ditugu oiloekin, 32 arratoi eta saguekin, 35 behorrekin, 42 txerriekin, 46 ardi eta ahuntzekin, 40 behiekin eta 65 etxekotuen artean gure lagun zaharrena den txakurrarekin. Zehazki gripea lotuta omen dago duela 4.500 urte inguru etxekotu genituen uretako hegaztiekin. Txinako hego-ekialdea denez oso aspalditik munduan gizaki, txerri, oilo, ahate, antzara eta animalia basatien kontsumo gehien metatzen duen gunea, ez da harritzekoa bera izatea hegaztietatik eta txerrietatik abiatutako gripe berrien laborategia.

Europarroi dagokigunez, aspalditik ezagunak dira hainbat izurri nabarmen. Esaterako, Kristo Aurreko 430. urtetik 426ra bitartean, Atenasek bat izugarri handia jasan zuen, Persiatik gerran etorritako tropen harremanetik iritsia. XIV. mendean Europan sartu zen –Genoako portutik, diotenez– izurri beltza, bubonikoa ere deitua, kontinenteko biztanleen artean sekulako sarraskia eraginez; ondoko mendeetan ere behin eta berriro berragertuz. Izurriok mundializazioaren hasierarekin jauzi izugarri bat egin zuten. Duela 500 urte Europak bere itsasontziak bidaltzen zituen Ipar eta Hego Ameriketara, Asiara eta Afrikara. Eta ordura arte ekologiaren ikuspegitik ia isolatuta egondako kontinenteak berriro lotu zituzten, ez haien lurzoruak batuz baina bai batetik bestera landareak, animaliak, birusak eta baita kulturak ere zeramatzaten gizakien bidez. Oso berandu hasi gara jakiten zenbateraino sarraskitu zituzten Ameriketako biztanleak konkistatzaileek  eramandako gaixotasun kutsakorrek: ordurako guk, europarrok, mende luzeetako hautespen naturalez elgorri, barizela, errubeola eta beste hainbat gaixotasunen kontrako immunizazio maila bat lortua geneukan.

Ez da aspaldi ospatu zela gripe espainiarra deituaren mendeurrena, Lehen Mundu Gerraren ostean munduan dozenaka milioika biktima eragin zituen harena. Orduan jendeak ez zuen hegazkinez bidaiatzen. Aldiz, mugikortasun totala ezin eztabaidatuzko balio sakratu bihurtuta dago 2020an. Oso antzinako denboretan, duela 540 milioi urte, planetako lehor guztiek osatzen bazuten geroago kontinentetan zatitzen joan den Pangea izeneko kontinente bakarra, gaur mugikortasun totalak Lurra berriro bilakatu du Pangea bakar. Honek planetaren ekologia osoan –gizakiongan barne– eragin behar dituen astinduen erakusle berri bat da Wuhango pneumonia, baina etorriko dira gehiago.  

Azkenean, zein hilgarri suertatuko ote da 2019-nCoV izurritea? Zorrotzegi ala bigunegi ari ote dira agintariak? Rob Wallace biologo eta epidemiologoak urtarril amaieran laburbildu zuenez, “oraindik ez ditugu ezagutzen ez gaixotasunaren jatorri zehatza, ez kutsatze ahalmena, ez harentzako tratamenduak, horrek azaltzen du zergatik dauden 2019-nCoV-az hain alarmatuta epidemiologoak bezala osasungintzako agintariak”.

Txinako Armadaren ekipo medikuak Wuhango aireportuan

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude