"Guretzat total kanbiatu da mundua!"

  • Gerraurrea zen bat, gerra garaia beste bat, gerraostea hurrena… Garaia bizi izan zuen Maria Teresak, baserrian bizi ere, eta mendiko talaiatik bere begi zoli biez ikusiak kontatu dizkigu soil bezain sotil, memoriaren zaindari argiak berezko duen lege ederrean.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Maria Teresa Larruzea Uriguen. Zornotza, 1928

Mende joanaren lekuko. Berba egiteko modu natural kutsadurarik gabekoaren gordailu. Gogoan ditu haurtzaroko ibilerak, zerutik zetozkien bonbardatzeak, Gernika, gerraosteko miseria eta gosearen gosea, osaba gerran hila eta urte askoan galdua, Larreako fraideen sermoiak eta bekatu mortalak, Idahora migrazioa… Bio-elkarrizketa da berea, “eko” eta “bio” etiketak banatzeko ohitura hartua dugun sasoian.

Amerikarra zarela esanez etorri zaizkit hotsak...
Baina ez naiz ni amerikanoa. Zornotzan jaio nintzen, Boroako Beaskoa baserrian. Gure aita, bai, ibili zen Ameriketan. Sasoi batean Boise-Idahora artzain joan zen, soldadu joan beharrik ez izateko alde eginda. Orain inguru hartan da nire neba, Antonio. Gazterik joan zen neba, 19 urterekin, 1951n. Hemen miseria handia egon zen orduan. Aitak esaten zion nebari: “Ameriketara joaten bazara, dirutxoa egingo duzu”. Eta hau eta hori eta bestea, eta joan zen, artzain. Baina, gero, artzain izateari utzi, arrantxoa erosi eta han jarri zen bizitzen. Andregaia ere egin zuen han, baina hari ez omen zitzaion arrantxoko bizimodua gustatzen, eta ez zuten aurrera egin. Orduan, hona etorri zen gure neba hori, berton ezkondu auzokoarekin, eta Ameriketara joan ziren! Eta han bizi dira, Boise bueltan. Nebak nik baino lau urte gutxiago ditu: 87.

91 urte zuk.
Bai, 1928an jaio nintzen, Beaskoan. Baserri bat zen, baina ezkaratz bi. Hala ere, nahastu antzean bizi ginen, lehengo moduan, aitaita-amamak eta geu. Zortzi neba-arreba izan ginen, baina bi, txikitxo zirela, hil egin zitzaizkigun; neskatxo bi. Gero, sei izan ginen. Denetan nagusia, ni.

Seme-alaba nagusiak ardura handia izan du baserrian.
Bai, asko tokatu zaio. Olgatu gutxi, eta behar asko! Kar, kar… Beti umeak zaintzen. Eta baserriko beharra! Baserrian denontzako beharra dago beti, baita txiki-txikitxoentzat ere. Sasoian, baba batu, su egiteko egurra txikitu, errekatik ura eroan hau eta hori eta bestea garbitzeko eta denetarako! Kantin txikitxoak hartu eta ura eroaten! Denok beharrean. Baserrian beti dago beharra!

Eskolarik bazen zuentzat? Joaten zineten?
Gerra baino arinago, apur bat. Lau kilometrora zegoen eskola! Eta oraingo umeak kexatu egiten dira! Lau kilometro egiten genituen, ume txikitxoak izanda! Boroan bizi ginen, azkeneko etxean. Eta eskolara etortzen ginen Kaittanera, Zornotzara, orain anbulatorioa dagoen lekura.

Akordatzen zara gerraz?
Apur bat bai… Ebakuatuta egon ginen, Santutxun [Bilbo], baina aitaita-amamak ez zuten inora joan gura, eta etxean gelditu ziren, baserrian, auzoko andre batekin. Hiru zahartxo gelditu ziren Beaskoan. Hartaz akordatzen naiz. Eta zelan ebakuatu baino arinago aireplanoak etorri ziren, eta Gernika zelan erre zuten; hango sua ez, baina kea ikusten zen. Gernika erre zuten egunean, gure baserrian izeko bat egon zen, ume txikitxoarekin etorrita. Ama eta izeko-eta etxean, eta gu, errefugiotxo batean umeekin ezkutatuta. Gero, kantsatu ginen han, eta landara irten genuen. Eta, orduan, aireplanoak hantxe, bonbak botatzen! Gernikan bakarrik ez, gure aldean ere bota zituzten, suzko bonbak, eta baso batean zelako kea! Eta gu umeok beldurtu, eta gu baino txikitxoagoak lepoan hartu eta errefugiora! Eta amak eta izekok etxetik ikusi guk zer egin genuen, eta han etorri ziren, arineketan, umeen bila! Ume txikitxoak, eta gu haiek lepoan hartuta!

Horixe zure gerra...
Beste bat, akordatzen naiz. Gu ia beti etxe ondoan olgetan ginen; landa handia zen, eta hantxe. Egun batean etorri zen aireplanoa, baxu-baxu-baxu, propaganda botatzen, eta gu ikaratuta, auzoko lagunak-eta, lurrean etzanda. Eta aireplanoak eskapatu zuenean, gu etxera arineketan, aitari esatera: “Begitu, begitu, aitta, zelako paperak bota dituzten!”. Eta aitak: “Bai, hori propaganda da, baina euskaldunen aireplanoa zen hori, eta horrek ez du ezer egiten. El abuelo esaten diogu guk horri!”. Kar, kar…

Gernika erre zuten eguna akorduan daukazu.
Bai… Boroan San Pedro dago, eta gu hara joaten ginen mezatara. Astean behin, dotrina izaten zen, eta abadea etortzen zen dotrina ematera. Nire ahizpa, nire hurrena, ni baino hamalau hilabete gazteagoa, hara joaten zen dotrina ikastera, komunioa egiteko. Horretan, osaba bat eduki genuen fraide Larrean [komentu ezaguna Zornotzan], eta sentitu zuenean Gernika erretzen zegoela, gure baserrirantz etorri zen arin. Bidean nire ahizpa topatu zuen. Eta esan zion: “Juanatxu, nora zoaz?”. “Bada, dotrinara!”. “Goazen etxera, goazen etxera, Gernika erretzen dago eta!”, osaba fraideak. Eta osabak hartu nire ahizpa eta etxera eroan zuen, dotrinara barik. Jose Ignazio Uriguen Perea zen osaba hura, amaren neba. Gero, alde egin beharra tokatu zitzaion berari…

Alde egin beharra, zergatik?
Komentuan esan ziotelako: “Hi, hire bila zatozak!”. “Nire bila?”. “Bai!”. Eta ebakuazioan zihoan jendearekin nahastu, abituak erantzi, praka zahar batzuk jantzi ezagutu ez zezaten, eta Santanderrera joan zen. Eta abituak eranztea orduan ez zen edozer gauza. Luzaroan egon zen Santanderren, Nueva Montañan edo.

Etxean izan zenuten baten bat gerran hila.
Bai, Jose Ignazioren anaia, Pedro. Lau anaia izan ziren, hiru fraide, eta, laugarrena, gerran egon zena. Soldadu tokatu zitzaion, eta soldadu zegoela, gerra! Eta Gernika bonbardatu zuten egunean hil zen, Mendatan. Baina arinago Elgetan ibili zen. Handik erretiradan hil zen Mendatan. Baina orduko denboran ez genuen jakin non zegoen. Ez zen oraingo notizia eta berririk izaten, eta aitaita eta amama ere euren seme hura noiz etorriko ote zen etxera pentsatzen… Baina… kontua argitzen ez! Hala ere, jakin genuen zelan hil zen Mendatan. Zelan erituta jausi zen, eta altxatu ezinda, atzetik nazionalak etorri eta bertan azkena eman ziotela.

Nork jakin zuen?
Itxura, Mendatan, baserri baten ondoan hil zuten, eta bertako baserritarrak eman zuen notizia Larreako komentura. Haiek esan ziguten guri non zegoen enterratuta. Eta orain denbora gutxi dela ekarri ditugu haren hezurrak… Gu urtero joaten ginen enterratuta zegoen lekura, eta hogeita bost urte izan zirenean ere familia dena joan ginen, baina ez genuen ekartzeko ahaleginik egin, Aranzadik [Elkartea] bultzatu gintuen arte, eta azkenean Zornotzara eroan genuen. Eta orain dela bost urte ekarri genuen osaba gerran hildako hura. Hainbat urte eta gero! Bitartean, urte askoan, hura beti falta! Eta notizia barik! Eta batari eta besteari preguntatu… eta ezer ez.

Zer giro egon zen Boroan gerraostean?
Miseria! Hura miseria hemen gerra ostean! Aita Larraskitura joan zen ganaduarekin, Ameriketan dagoen nebarekin. Nik 8 urte, eta nebak edukiko zituen... 4 urte! Mutikotxoa! Baina behiak zaintzeko laguna behar aitak! Alboko etxeko gizonak umerik ez zeukan, baina ganadua bai, eta hura ere ganaduarekin Larraskituko baserri batera. Eta mutikoak apur bat biei laguntzen zien, eusten! Zelakoak suertatzen diren!

Miseria zegoela esan duzu.
Bai, hura miseria! Guk etxean patata, garia… hainbat gauza eduki genuen, baina soldaduek ere hantxe eduki zuten kuartela, eta zapaldu egin zuten garia. Patata ere, ahal zena atera zuten! Baserrira etorri ginenean, ezer ez genuen eduki baserrian. Ezer ez. Hala ere, zelan arbola asko eduki genuen, abuzturantz, sagarrak! Kar, kar… Amamari eta aitaitari soldaduek baserrian behi bat utzi zieten, eroan barik, esnea eduki zezaten. Etorri ginenean, haren esnea hartzen genuen. Gurean milizianoak egon ziren, asturianoak, eta gure baserri alboko etxean eduki zuten kuartela. Eta han inguruan topatu zituzten behi eta animalia denak hil egin zituzten, eta amamarena eta aitaitarena ere hil egin gura zuten. Baina andre bat asturianoa eduki zuten eurekin, eta hark esan ziela kontatzen zuten: “Behia hiltzen baduzue, esnerik ez daukagu!”. Eta soldaduek, aitaitak batuta, esnea eroaten zuten. Eta ez zieten behia hil, bizirik utzi zieten. Eta geuk ere, Santutxutik etorri ginenean, Bilbo okupatu zutenean, behi harexen esnea edaten genuen.

Beaskora itzuli zineten denok, beraz.
Aita ez. Aitak ezin izan zuen etorri, Bilbon, Peñan-eta, zubiak botata egon ziren eta. Aitak egun batzuk gehiago iraun zuen etorri gabe. Eta aita etorri arte, behi haren esnearekin bizi izan ginen, zelan edo halan. Ama Zornotzara jaisten zen, herrira, ogia-edo topatzen ote zuen, oraindino ogia zegoen eta, ze lehenengo, Francok, jendea engainatzeko, ogia eman zuen. Baina gero ogia ere kendu! Baserrian hartzen genuena eduki genuen orduan, baina maiatzean ez zen artorik ere erein. Sanpedro pasatu eta gero! Eta, artoaren irinarekin, eta gazta egin arte, ez genuen jatekorik ezer ere eduki. Eta gosea! Negargarria gosea hil batzuetan! Gero uzta hasi zenean ematen, hurrengo urtean artoa-eta, baba-eta, patata-eta… arnasa hartzeko moduan egon ginen! Baina arinago? Gose-gose-gosea! Esnea, eta sagarrak arboletan! Kar, kar… Eta bizi!

“Eta bizi!”, diozu.
Eta behar egin behar soroan, gogor! Orduan ez zegoen umerik, denak ziren lanerako! Orain tratu txarra esaten dute! Orduan ez zen horrelakorik!… Eta, horrela, apurka-apurka, baserrian gosea kendu zen. Kaleko jendea baserrikoa baino txartoago bizi zen! Baserrian, esnea eta taloa ez genuen falta! Etxeko jeneroa genuen.

Noiz hasi zineten berriz burua jasotzen, bizimodua egiten?
Eskolara-eta joaten, denboratxora, ze Zornotza dena apurtuta egon zen eta! Zati bat bonbardatu egin zuten, goitik behera, eta bestea, behetik gora, dinamitatu! Etxe bat edo bi baino ez zen gelditu. Dena hustuta zegoen. Miseria handia zegoen, eta 1945ean edo, apurka-apurka, hasi zen kanbiatzen. Akordatzen naiz zelan gu, 15-16 urterekin, herrira jaisten ginen, eta han aparatua [bozgorailua] ipinita zegoen, musikarekin, dantzarako. Baina gu gaztetxo oraindino, eta dantzarik ere ez genuen egiten! Gure baserritik kaminoraino ere distantzia geneukan guk, kilometro bi-edo, eta kaminora irteeran, taberna bat. Oinetakoak ere hantxe kanbiatzen genituen! Kar, kar… Boroan sanpedrotan izaten ziren jaiak, Boroan eta inguru guztian, bai orduan, eta baita orain ere.

1945 esan duzu, eta handik laster ezkondu zinen.
Bai, 1950ean. 22 urte bete gabe. Orduan jendea gazterik ezkontzen zen. Orain ez dira ezkontzen, baina elkarrekin bizi dira, segiduan! Gauzak datozen moduan hartu behar dira, ez dago besterik. Orain neskak elkarrekin ezkontzen dira, mutilak ere elkarrekin, eta zer esango duzu, bada? Isilik egon behar!

Kanbiatu da mundua, gero!
Guretzat total kanbiatu da mundua, batere ez da ezagutu genuena. Dena zen bekatu. Musu bat ezin eman nobioek elkarri… Dantza-eta! Zelako sermoiak elizetatik! Dantza ebatuta egiten zuena kondenatuta zegoela-eta! Soinua ere, “infernuko hauspoa” zen. Hala esaten zioten! Kar, kar… Eta gu, berriz, pozik dantzan! Eta orain ere, zer egingo duzu, bada! Gazteak pozik ibiliko dira, eta ondo bizi daitezela!

Orain ez dago orduko sermoirik.
Ez, baina orduko denboran abadea zen herriko agintaria. Alkatea ere bai. Akordatzen naiz frankistak Zornotzan sartu zirenean lehenengo alkate [Jose Maria] Iza ipini zutela. Gogorra zen, benenoa, faxista hutsa. Larreako fraideak ere sermoilari gogorrak izan ziren. Aita Jose Luis-eta! Aita Luzio-eta! Itzelak! Baltseoan egiten zuena, bekatu mortalean zegoela. Eta gu beldurtuta, bekatu ote den! Kar, kar… Fraideak gogorrak izan dira.

Larreako fraideek izen handia izan dute Zornotzan...
Zornotzan abade gutxi egon da, eta meza ematetik kanpora, enterru eta sermoietarako-eta, ez zuten preparaziorik. Fraideak, berriz, asko izan dira! Eta beti misioak egiten ibiltzen ziren herririk herri. Itzelak, hala ere, gogorrak! Sermoilari gogorrak, eta euskaldun gogorrak ere bai! Euskaldun handiena, aita Santi [Onaindia]. Eta aita Libino [Duñabeitia] ere bai, baina hura gehienbat Ameriketan egoten zen.

Ezkondu eta gero zer bizimodu ezagutu zenuen?
Lehenengo Zornotza aldean bizi ginen urte batzuk. Etxe bat utzi ziguten hamar urterako, eta hantxe. Hamar urteak pasa eta handik bota gintuzten. Eta San Migeletik gora ipini ginen bizitzen, Deandingo baserri batean. Gero, gizonaren arrebaren baserrira etorri ginen, oraingo Erkoles baserrira. Gizonaren arreba hura osasunez baxu ibili zen, eta medikuak esan zion etxean umedade handia zegoela eta irteteko hemendik. Eta Eubara joan ziren, kalera, eta guri esan ziguten gura bagenuen hona etorri. Eta Deandindik hona etorri ginen, pozik ere pozik. Hemen autobusa, trena eta hainbat gauza eskura eduki genuen. Gizonak aluminio fabrikan egiten zuen behar, eta horrelaxe egin dugu bizimodua: hemengo labrantzatxoak eta hangoxe jornalak!

Deskantsua ezagutu duzu bizian?
Bakazioak zer diren ere ez! Tira, behin, ahizpa eta biok Boisera joan ginen, orain hogeita bi urte edo, hiru asterako! Orduantxe deskantsatu nuen nik. Ostantzean, sekula ez. Bakazioak, pentsatu ere ez. Boise partera [Wilder, Idaho] joan eta neba Antoniorekin egon ginen… Hango bizimodua hemengoa baino gogorragoa da. Bata eta bestea esango dute, baina nire neba baserritik bizi da han, arrantxoan, eta baserrian egin egin behar da. Han beste era batera behar egiten da, makineria, beharrak, uzta batzeko kamioiak-eta! Bizimodu diferentea da hango baserrikoa baina egin egin behar da.

Han eta hemen, behar!
Gure lobatxoak, han, goizean eguna argitu orduko, traktore handiarekin joaten ziren artoa jorratzera. Eguna ikusi orduko, sorora, kafe-termotxoa hartuta. Zortzietan, almortzua, amak ipinita. Hamabiak arte, soroan, beharrean, eguzkia berotzen hasi arte. Orduan, bero larregi eta ezin zen beharrik egin. Nebak ez zuen soroan hainbeste behar egiten, baina erregadioan, gogor, goizean goizetik!

Bakardadea ere bai, Boise inguruko herritxoetan.
Orain asko poblatu dela esan zigun nebak. Gu egon ginenetik hona, ezagutu ere ezin litekeela. Jubilatu asko joan direla, euren etxetxoak egin dituztela, euren mahastiak eta euren sagardiak-eta. Jendeari bakardadea gustatzen zaio... Baina lehen zenbat bizi ziren, bada, han? Hemendik ageri den guztian ere, hiru etxetxo egon ziren han! Bata, gure izekorena, lehenago gure aitarekin joandakoa, eta bere alaba bat. Ondoan, mexikano bat, matrimonio gaztea, 10 urteko neskatxo batekin. Eta neskatxo hark, hogeita hamar oiloren obligazioa zeukan: oiloak gobernatu eta arrautzak saldu behar, auzokoei, euren etxeetara eroanda! Beharrean, 10 urterekin! Gure moduan!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


2024-04-26 | Xuban Zubiria
Memoria berreskuratzeko usurbildarrak lehen lerrora

Andatza mendia memoria leku bihurtu zuen Usurbil 1936 elkarteak apirilaren 13ko birsortze historikoan. Herritarren lan boluntarioarekin berreskuraturiko lubakiak antzezleku bihurtu ziren egun batez. Gerraren eraginez Usurbilen jazotakoak elkarbanatzeko enegarren ekimena izan da.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Eguneraketa berriak daude