Norbaitek behar du galdu, besteek irabazteko

  • EAEn legeak apenas uzten duenean apustu etxe gehiago irekitzeko tarterik, eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak erabaki dutenean epe laburrean joko aretoak irekitzeko baimen gehiagorik ez ematea, egundoko diru kopurua dantzarazten duen sektoreko koreografoez aritu gara erreportaje honetan, ardatz bezala hartuta EAEn kirol apustuak ustiatzeko Eusko Jaurlaritzaren 2007ko lehiaketa publikoa. Ahoztar Zelaieta eta Igor Meltxor ikerketa-kazetariek bildutako informazioa baliatu dugu batez ere.

    Kirolbet, Reta, Codere, Sportium, Luckia… Apustu etxeen atzean dauden enpresa eta enpresari batzuen inguruan luze hitz egin digu Zelaietak eta, jabetu gara, kasu askotan, kirol apustuen fenomenoa berri xamarra izanik ere, jokoaren sektorean edota politikan ibilbide bat egina zuen jendea dagoela enpresa horiekin lotua, baita Hego Euskal Herrian ere. Beharbada ez ginateke sobera harritu behar, aintzat hartuta egunetik egunera hazten dela apustu kopurua, urtean 450 milioi euro baino gehiago jokatzeraino Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan.

    “Kirol apustuak dira gaur egungo heroina”. Maiz entzun dugu esaldi hori. Igor Meltxorrek ere ikusten du berdintasunik kirol apustuetan jo eta fuego aritzearen eta droga kontsumoaren artean. Araudiak araudi, ludopatiaren aurrean erakunde publikoek izan duten jarrera epelaz kexu da kazetari bizkaitarra, eta arazoa gaixoen ehunekoek pentsarazi dezaketena baino larriagoa dela esan digu, zenbaki absolutuek erakusten duten moduan.

Ilustrazioa: Joseba Larratxe, 'Josevisky'
Ilustrazioa: Joseba Larratxe, 'Josevisky'

Bilboko kasinoak ateak ireki ditu berriro”. 2017ko urriaren 6ko albistea da, Deia egunkariak argitaratua. “Las Vegas txikiaren” inaugurazio ekitaldira zenbait ordezkari politiko gonbidatu zituzten. Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria eta Aitor Uriarte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun zuzendaria ikus daitezke, esaterako, InfoPlay webguneak plazaratutako argazkietan. Haien atzealdean ageri da 2014an Bilboko kasinoaren jabe egin zen enpresaren logoa: Luckia Gaming Group, negozioaren parte bat kirol apustuetara bideratua duen konpainia. Donostiako Kursaal kasinoa ere hark erosi zuen, eta 2017ko inauguraziora Uriarte bera eta Eneko Goia alkatea gonbidatu zituen, besteren artean. Joko zuzendariaren presentzia ohikoa da gisa horretako ekitaldietan, baita Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagarena ere, jokoaren gaineko eskumenak dauzkaten departamenduen ordezkari diren heinean.

2019ko maiatzean, bi hilabete lehenago TeleMadrid hedabide publikoak egin bezala, EITBk jakinarazi zuen joko eta apustuen iragarkiak debekatuko zituela, adikzioak eragiten duen kaltearen aurrean “bereziki zaurgarriak” diren pertsonen eskubideak babesteko, Maite Iturbe zuzendari nagusiak azaldu zuenez. Neurria, dena den, ez da aplikatuko Estatuko administrazioaren eta ONCEren zozketen kasuan, eta EITBren emanaldietan –pilota partidetan adibidez– ikus daitekeen publizitate estatikoaren gain ere ez du eraginik izango. Eskuzko Pilota Enpresen Ligak, Aspe eta Baiko –Asegarce ohia– biltzen dituenak, babesletza akordioa du sinatua Codere apustu etxearekin, eta zuzenekoetan maiz erakutsiko digute enpresa horren logoa, frontoiko paretetan itsatsita dagoelako eta tartean behin pantailan gain-inpresionaturik agertuko delako. Codere eta Baiko Fundazioko presidente Karlos Arguiñanoren arteko lotura ez da berria, Garaipen apustu etxearen proiektuan parte hartu baitzuten biek, Bainet ekoizpen etxea edota Asegarce biltzen zituen Gabascar sozietatearen bitartez Arguiñanok. Halaber, Bainetek akordioa du sinatua EiTBrekin, pilota partidak emititzeko eskubideengatik.

“Ortuzar eta Arguiñano, jokoaren sektorearekin lotutako zirkuluaren koadratura biren protagonistetako batzuk dira”, esan digu Ahoztar Zelaietak.

EITBk erabaki duen arren apustu etxeen iragarkirik ez ematea, kirol emanaldietan maiz ikusiko ditugu sektoreko enpresen logoak, txapelketa batzuen edota puntako taldeen babesleak diren heinean.

Kazetari bilbotarraren ikerketa-lerro nagusia ustelkeria kasuekin lotutakoa da, “Euskal oasia” deitutakoa, De Miguel auzia, prostituzio sareak, narkotrafikoa… Egin egunkariko ikerketa taldean eta Ardi Beltza eta Kale Gorria aldizkarietan egin zuen lan. Zazpi liburu ditu argitaratuak, pasa den abenduan azkena: El narco-oasis vasco (Txalaparta). “Narkotrafikoaren eta prostituzio sareen hedapena eskutik joan dira”, dio Zelaietak. “Are gehiago, baita apustu etxeen hedapena ere. Droga, prostituzio eta apustuen kontsumoari dagokionez, Txapeldunen Ligan dago Euskal Herria”.

Berarekin hitz egitea da sekula agortzen ez diren matrioxka panpinak irekitzea bezalakoa. Jokoaren sektorearekin lotutako izen edo datu bat hizpidera atera eta hari tiraka beste dozena bat izen eta hamarnaka dokumenturen erreferentziak emango dizkizu, eta ondoren hamaika gehiago eta beste hamaika ondoren, armiarma sare erraldoi bat osatzeko.

Hainbeste eta hainbeste izen aipatu dizkigu, EAJren ingurukoak asko, beharturik geundela zerrenda mugatzera. “Apuntatu izen hauek”, esan digu: Andoni Ortuzar, Jose Luis Larrea, Mikel Badiola eta Jose Maria Makua; eta bigarren koska batean gehitu itzazu Karlos Arguiñano eta Juan Porres”. Hitz egingo dugu horiez aurrerago. 2007ra egingo dugu atzera orain, Jaurlaritzak apustuak ustiatzeko lizentziak banatu zituen urtera.

Reta, Kirolbet eta Codere

2007ko urriaren 31n, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kirol-apustuak ustiatzeko hiru lizentzia esleitu zituen Eusko Jaurlaritzak, Barne Sailaren menpeko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren bitartez. Lehiaketara zortzi enpresa aurkeztu ziren, baina Betting ingelesa kanpoan geratu zen, ez baitzuen beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu. Zazpi beraz. Teleapostuak, Ekasa eta Garaipen Victoria sozietateek lortu zituzten lizentziak. Poltsa ezin berotu geratu ziren: Sportium, Basquesport, Apuestas del País Vasco eta Intralot.

Sportium osatzen zuten Cirsa eta Ladbrokers erraldoiek; Basquesport bestalde, Picmatic (jolas makinen fabrikatzaile bizkaitarra), Stan James, Seurman eta Pictelium enpresek. Apuestas del País Vasco izenaren atzean Comatel eta Admiral operadoreak zeuden. Intralot korporazio greziarrak, EAEn ez bezala, Madrilen apustu etxeak ireki ahal izateko lizentzia eskuratu zuen 2008an.

Teleapostuak SA

Aspe (hura da akzionista nagusia) eta Egursport (herri-kiroletako apustuekin lotua) enpresek sortu zuten. Eibarren (Gipuzkoa) du egoitza nagusia, eta Kirolbet markarekin da ezaguna merkatuan. Donostian, Zuatzuko parke teknologikoan, garatu dute haren sistema informatikoa. Nafarroan, Apuestas de Navarra SA sozietatearen estaldurapean operatzen du. Orotara 232 milioi euro fakturatzen ditu. Osasuna futbol kluba eta Kirolbet Baskonia saskibaloi taldea babesten ditu, besteak beste.

Ekasa (Euskal Kirol Apostuak SA)

EAEko jokoaren sektoreko 100 enpresa baino gehiagok sortua, EHU (kirol apustuen merkatu-ikerketa egin zuen), DInalan (makinen softwarea) eta Ibermática-ren (programa informatikoa) parte hartzearekin. Zamudioko (Bizkaia) parke teknologikoan du egoitza nagusia, eta Reta da haren marka komertziala. Nafarroan, Gestión de Apuestas Navarras SL sozietatearen bitartez operatzen du. 2011 eta 2016 artean, sozietate horretako kontseilarietako bat Francisco Javier Taberna Jiménez izan zen, Nafarroako merkataritza ganberako presidentea. 2018an 424 milioi euro fakturatu zituen. RETAbet Bilbao Basket klubaren babesle nagusia da. Jaurlaritzak lizentziak esleitu aurretik Ekasak joko-makinak garatzeko milioi bat euro inbertitu zituen jada, hainbat hedabidek zabaldu zutenez.

Garaipen Victoria Apostuak SL

Akzioen parterik handiena (%68) zuten Codere –kirol apustuen sektorean liderra Espainian– eta Erresuma Batuko William Hill –gerora atera egin zena– enpresek. Gainerako bazkideak ziren: batetik, Gabascar sozietatea, Karlos Arguiñanori lotutako Asegarce –gaur egun Baiko– pilota enpresa eta Bainet ekoizpen etxea biltzen zituena; eta bestetik, 27 euskal operadorek osatutako enpresa talde bat, ASE Euskadiko Joko Aretoen Elkartearen %70 ordezkatzen zuena. Codere multinazionala 1980ko hamarkadan sortu zuten Martinez Sampedro familiak eta Franco anaiek, Recreativos Franco enpresaren fundatzaileek. Gaur egun, urteetako galerek bultzatuta, akzioen %70 inguru hamar inbertsio-funtsen esku dago, Silver Point buru.

Sportium

Beste inbertsio-funts batek, 2008an porrot egin zuen Lehman Brothers konpainiako bi langilek sortutako Blackstone erraldoiak, 2018an Cirsa erosi zuen, Nafarroan ari den Sportium apustu etxearen jabea. Manuel Lao enpresari espainiarrak sortu zuen Cirsa 1970eko hamarkadan. 2018. urtean 1.740 milioi euro fakturatu zituen.

Sportium, Codere, Retabet, Luckia eta Kirolbet dira Espainiako Estatuko bost apustu etxe nagusiak.

2007an lizentzia lortu zuten hiru enpresetako bakoitzak 25 apustu-etxe ireki ditzake, eta 750 makina jarri taberna eta kafetegietan. Garai hartan ere, gaur egungo alimaleko zifrekin alderatuta txikia dirudien arren, diru mordoa mugitzen zuen sektoreak. Espainiako Estatuan, esaterako, 600 milioi euro inguru jokatu ziren kirol apustuetan Internetez, 2006an baino 180 milioi gehiago. Teleapostuak enpresak duela 13 urte egin kalkuluen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleek 250 milioi euro jokatuko zuten urtean. Motz geratu ziren, erreportajearen amaierako datuek erakusten dutenez.

Zazpi liburu ditu argitaratuak Ahoztar Zelaieta ikerketa-kazetari bizkaitarrak, pasa den abenduan azkena: 'El narco-oasis vasco' (Txalaparta). Lehenagokoak dira 'Jóvenes burukides bizkainos. Clientelismo y “fontanería” en el PNV' (2013), 'La casta vasca. Mafias y gobierno vasco en la última década' (2014), 'Kutxabank. El saqueo de El País Vasco' (2015), 'Evasores, morosos y millonarios vascos' (2016), 'Euskadi SA: el gen corrupto del PNV' (2017) eta 'La trama del 4%. Las comisiones del Caso De Miguel' (2018). Hainbat hedabiderekin kolaboratzen du, eta @ahoztar1972 Twitter kontuan maiz idazten ditu ustelkeria kasuekin lotutako txio-hariak, jokoaren sektorea zipriztintzen dituzten asko tartean / Kike Oñate

Orain bai, Ahoztar Zelaieta kazetariak zerrendatutako izenen inguruan mintzatuko gara.

Andoni Ortuzar
EITB eta Kidem apustu etxea

Andoni Ortuzarrek, EiTBko zuzendaria zen garaian (1999-2008), Kidem Kudeatze Zerbitzuak sozietatearen sorreran esku hartu zuen (akzioen %18 zuen EITBk), jokoaren eta kirol apustuen sektoreko enpresa bat, EAJko eta hedabide publikoko zenbait kargudunekin batera. Ahoztar Zelaietak aipatu dizkigu Gotzon Bilbao (BBBko kide izendatua 2008an, Ortuzarrek presidente kargua hartzean), Andoni Busquet (Basauriko alkate ohia), Itziar Epalza (Turismo sailburuorde ohi eta Euskadiko Parke Teknologikoetako zuzendari nagusia), eta Eduardo Barinaga (Baleuko produktoraren sortzailea eta gaur egun ETBko zuzendaria). Egoitza nagusia Zamudion zuen enpresa hark 2009an eten zuen jarduera.

“EAJ abila da horretan”, esan digu Zelaietak. “Esploratu gabeko lurraldeetan, kasu honetan kirol apustuen sektorean, banderatxoa jartzen du, alegia, enpresa bat erregistratzen du. Ondoren, zerua oskarbi dagoela ikusten badu banderaren bila joango da. Funtzionatuko du ala ez, baina lehen urratsa emana dute jada. Banderatxoa non jarri jakiteko, aurreikuspenak egiteko, merkatuen garapenaren eta bestelako identifikatzaile batzuen gaineko datu-base erraldoiak ditu eskura”.

Jose Luis Larrea
Opor fiskalak eta RETAren aplikazio informatikoa

Jose Luis Larrearen (Elgoibar, 1956) izena Ekasa-ri (Reta) dago lotua, EAEn kirol apustuak ustiatzeko hiru lizentzietako bat lortu zuen enpresari. Haren programa informatikoa Ibermáticak egin zuen, Jose Luis Larrea buru zuen konpainiak. 1991-1995 artean Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua izan zen Larrea; eta 1996-1999 artean, jada Ibermátican aginte makila zeukanean, Euskaltel konpainiako presidentea ere izan zen, non tandema osatu zuen Carlos Lambarri Gomez kontseilari delegatuarekin, Larrea buru zuen kabinetean Ogasun sailburu-ordea izan zenarekin. Larreak 1999an utzi zuen Euskalteleko kargua –ordura arte Jaurlaritzako lehendakaria izan zen Jose Antonio Ardanzak hartu zuen lekukoa–, eta 2013an Ibermáticakoa. Ogasun sailburua zen garaian “euskal opor fiskalak” bultzatu zituen, atzerriko inbertsioak erakartzeko helburuarekin EAJ-PSE gobernuak aplikatutako zerga politika. Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo zituen laguntza horiek, lehia librearen aurkakoak zirelako.

Carlos Lambarrik, 2003an Hub de las Americas Sozietatea sortu zuen Panaman. Zuzendaritzan Pedro Altamira Etxabe ere bazegoen, EAJren “iturgina” –Zelaietaren hitzetan–, Ertzaintzaren Laguntzarako Atal Teknikoko (UTAP) zuzendaria izana 1991n dimititu egin zuen arte. Barne Sailburu berriak, Joan Mari Atutxak, “sakrifikatutako” goi karguetako bat izan zen Altamira, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendaria zen Jose Joaquin Portuondorekin batera, Ertzantza. ¿Heroes o villanos? liburuan (Txalaparta, 1992) irakurri daitekeenez. “Tragaperras eskandaluaren ostean, ezin zen bestela gertatu”, dio liburuaren egile Txema Ramirez de la Piscinak. 1990ean ireki zen Jose Joaquin Portuondoren aurkako auzi hura, prebarikazio eta faltsutze delituengatik, lotuta EAJren ustezko legez kanpoko finantza iturriekin. Enpresari batzuek adierazi zuten EAJk komisioak eskatu zizkiela, taberna eta kafetegietan txanpon-makinak jarri ahal izateko lizentzien truke. 2001ean artxibatu zuen Bizkaiko Auzitegiak, preskribatu egin zela-eta. “Tragaperras auzia eta Jordi Pujolen CDC alderdiaren legez kanpoko finantzaketarekin lotutako Casinos dira Demokraziako lehenbiziko ustelkeria kasuak”, esan digu Zelaietak.

Javier Otaola Tragaperras auzian inputaturiko Josu Abrisketaren abokatua, Eusko Jaurlaritzaren aholkularia izan da De Miguel auzian, Hala Bedi irratiak Ahoztar Zelaietarekin elkarlanean plazaratutako Caso de Miguel: ¿Quiénes son los abogados de los 26 imputados? kronikari tiraka jakin daitekeenez. Tragaperras-en bezalaxe, De Miguel auzian ere enpresari batek (Ainhoa Alberdik) egindako salaketak abiarazi zuen ikerketa.

Mikel Badiola eta Juan Porres
Bi abokatu, 2007ko lehiaketa dela-eta aurrez aurre

Basquesport S.L. enpresak, 2007an Jaurlaritzaren lizentzia lortzea xede zuen zortzietako batek, helegitea jarri zuen lehiaketa publikoaren aurka, eta demanda bideratzeko Mikel Badiola Gonzalez abokatua kontratatu zuen, 1984-86 artean Eusko Jaurlaritzako justizia sailburu-ordea izan zena.

Batetik, Eusko Jaurlaritza demandatu zuen; eta bestetik, jokoaren sektoreko Euskal Kirol Apustuak, Cirsa Slot Corporation, Garaipen Victoria Apustuak eta Tele Apostuak (Kirolbet) enpresak, lehiaketara aurkeztu beharreko zenbait agiriren eta puntuazio-sistemaren gaineko balizko irregulartasunak medio. Tele Apostuak konpainiak Juan Porres Azkona abokatua kontratatu zuen, Eusko Alkartasunako (EA) legebiltzarkide izana 1987 eta 2009 arteko hiru legegintzalditan. 1984-85 artean Lehendakaritza eta Justizia sailburua izana, bera izan zen 1982an sortutako (Carlos Garaikoetxea lehendakari zela) Arkauti Ertzaintzaren akademiako lehen zuzendaria. 2009an Sunion abokatu-bulegoan zen lanean. Zubietako erraustegia geratzen saiatzeagatik EH Bilduko kargudunen aurka abiatutako prozesuan, beste zenbait dokumenturen artean bulego horrek Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarentzat (GHK) egindako txosten juridikoa baliatu zen oinarri bezala, eta 2018ko udaberrian hari esleitu zitzaion GHKren aholkularitza eta defentsa letratu zerbitzua emateko kontratua.

Jose Maria Makua
Kasinoak eta Cirsa enpresa

Jose Maria Makua Goienetxe abokatu bizkaitarrak, Jose Maria Makua Zarandona diputatu ohiaren seme eta Athletic-eko presidente Fernando Garcia Makuaren lehengusuak, hainbat entitaterentzat egin du lan aholkulari bezala, tartean Petronor, Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila eta Gran Casino Nervión sozietatearentzat, zeinak, gogora dezagun, diru-galerak bultzatuta 2014an Bilboko kasinoa Egasa galiziarrari saldu zion, gaur egun Luckia izenarekin operatzen duen enpresari. Egasa, PPren legez kanpoko finantzaketa azaleratu duen Bárcenas paperetan aipatzen da, 100.000 euroko diru-sarrera batekin lotuta.

2002ko apirilean, bere 10. zenbakian, Kalegorria ikerketa-aldizkariak erreportajea plazaratu zuen: Jokoaren jabeei narkotrafikoagatik egin ikerketa bat gelditu du Garzonek, zioen goiburuak. Eta beheraxeago: “Auzitegi nazionalak, eta bereziki Baltasar Garzon epaileak, geldirik ditu Espainiako Estatuko jokoaren enpresa nagusiari, Cirsari, narkotrafikoagatik eta diru garbiketagatik egiten ari zaizkion ikerketak. Ikerketa horiek CiUko goi karguak ere nahastu dituzte. Sektoreko beste enpresa garrantzitsuenak, Recreativos Francok, Italiako Fiskaltza du atzetik. Bi enpresa horiek Hego Amerikako droga klanetako kide garrantzitsuenekin zerikusia dute”. Cirsa da, gogora dezagun, Sportium apustu etxearen jabea; eta Recreativos Franco, Codere apustu etxearen sortzaileetako bat.

Ez gara narkotrafikoaren barrunbe lokaztuetan murgilduko. Bai aipatu, ordea, Kalegorria-ko pasarte batean irakurri duguna. “Gran Nervión kasinoaren gerentzia berrira iritsi ziren EAJko enpresaburuen artean Jose Maria Makua zegoen, zeina, geroago, kasinoaren ordezkari legala izan baita udal tasak ez ordaintzeagatik Bilboko Udalak jarritako isunei gorako-errekurtsoak jartzeko (…) Ustezko arau hausteak zirela-eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak eta Joko Zuzendaritzak 1998an ikertu zituen joko makinen esplotaziorako enpresa batzuk ere baditu Makuak”.

2007ko lehiaketan “apustu kopururik handiena Cirsak egin du” –irakurri daiteke El Confidencial agerkariak urte hartan plazaratutako artikulu batean–, “zuzenean hartu baitu parte batean [Sportium], eta zeharka bestean, Apuestas del País Vasco sozietatean, Jose Maria Makua bere agente komertzialaren bitartez”.

Codere eta Rafael Vera

Luzeak dira Codere-ren tentakuluak. Adibide moduan: Rafael Catalá, Espainiako Justizia ministroa izana Mariano Rajoy buru zuen gobernuan, enpresa horrentzat hasi zen lanean 2019ko ekainean, jokoaren sektoreari kalte egin ahal dioten lege berriak goxatzen saiatzeko, erabaki ahalmena duten politikariak horretara konbentzituz. Denboran atzerago joanez, 1994ko egunkariek azaleratu zuten Espainiako Gobernuko Barne Ministerioko hainbat goi karguk, tartean Estatu Segurtasunerako idazkaria zen Rafael Verak, Recreativos Franco taldeko zenbait konpainiari –Codere tartean zen– apartamentuak erosi zizkietela Miamin. Garai hartan Barne Ministerioaren esku zegoen, hain justu, jokoaren gaineko eskumen ugari.

---------------------------------------------------

Igor Meltxor. Ikerketa-kazetaria

“Hego Euskal Herrian 10-15 mila lagun zeuden heroinara engantxaturik. Gutxi al dira?”

Igor Meltxor ikerketa-kazetaria / Ibai Arrieta

Igor Meltxor kazetari ortuellarrak plazaratutako artikulu eta liburuetan ere “Euskal oasia” deitutakoan azaleratutako ustelkeria kasuak dira leitmotiv-a. Historia del abertzalismo virtual idatzi zuen 2011an, eta ostean heldu ziren Gestión a la vasca I (2015), Caso Bidegi (2015), Gestión a la vasca II. El oasis vasco (2016), Gabriel Rufián. La voz de la calle (2017) eta EUStelkeria. Corrupción en el Oasis Vasco. De Urralburu a De Miguel (2018), azken hori Javier Etayo Tasio marrazkilariarekin elkarlanean egindakoa. Kazetari Kanaia hedabide digitala (www.elperiodistacanalla.net) zuzentzen du, eta pasa den urteko Durangoko liburu eta disko azokan ¡Hagan juego! aurkeztu zuen, apustu etxeen gaineko dosierra, aurki argitaratuko duen liburuaren aurrerapen gisa. Gaiaz hamaika hitzaldi eman du, eta dozenaka artikulu idatzi.

Jokoaren sektoreaz hitz egitean, diru publikoaren erabileraz kexu da ororen gainetik: “Administrazioek egin erregulazioak ez ditut kritikatuko, ezta Nafarroako Gobernuak onartu duen apustu etxeentzako baimen-luzamendua bezalako neurriak ere, baina egon den inpunitatea salatu beharra dago. Birusa inokulatzen utzi dute eta orain ikusten ari dira ludopatia arazo bihur daitekeela; hobe zuten prebentzio lan txukuna egin”.

Nafarroan ez dago zehazki kirol apustuak arautzen dituen legerik. Reta, Kirolbet, Codere eta Sportium makinak daude herrialdeko joko areto eta tabernetan. Pasa den urriaren 30ean, sei hilabetean joko areto berriak irekitzeko baimenik ez ematea onartu zuen Nafarroako Gobernuak, “jokoaren sektoreak duen zabalkunde geroz eta handiagoari eta gizarteak gaiaz duen kezkari erantzuteko” araudi-aldaketa aztertzen duen bitartean. 2010etik gaur arte 22 areto ireki dituzte Iruñean, eta Arrotxapea, Txantrea, Sanduzelai, Mendebaldea eta Buztintxuriko auzokideek sektorearen kontrako ekimenak abiatu dituzte, Gasteizen, Bilbon, Azpeitian eta Euskal Herriko beste zenbait lekutan gertatu den moduan. ARGIAren 2.615. zenbakian plazaratutako Jokoa normalizatzea, apustu arriskutsua erreportajean jaso genituen joko aretoen aurka ari diren eragileetako batzuen hitzak.

Nafarroa ekarri dugunez hizpidera, datu bat: 2018an jokotik eratorritako 11,4 milioi euro jaso zituen Ogasunak, 2017an baino %14,3 gehiago. Apustuei aplikatutako zergen bitartez 3,87 milioi euro bildu zituen.

Eusko Jaurlaritzak ere bide beretik jo du. Jokoaren Araudi Orokorreko plangintza berraztertuko dutela eta arau berria iritsi bitartean joko aretoak zabaltzeko baimenik ez dutela emango jakinarazi zuen Josu Erkoreka bozeramaileak hilaren 14an, Gobernu Kontseiluaren ondotik egindako agerraldian. Behin-behineko neurri hau bederatzi hilabetera arte luzatu daiteke eta ez du eraginik izango jada baimena duten aretoen kasuan. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak adierazi du gazteen artean menpekotasun arazoak saihestu nahi dituztela, “ahal den neurrian”.

Gaur egungo droga

Kirol apustuen fenomenoa garai bateko heroinaren kontsumoarekin lotzen du Meltxorrek. 2018an, Percepción social sobre el juego de azar en España (Zorizko jokoari buruzko gizarte pertzepzioa Espainian) txostena plazaratu zuen Madrilgo Carlos III unibertsitateak, Codere enpresak babestuta. Alde batera utzita jokoaren sektoreko enpresa batek ludopatiaren inguruko ikerketa bat diruz laguntzeak eragin dezakeen mesfidantza, bada nabarmentzea merezi duen datu bat, kazetari bizkaitarraren iritziz. “Txostenaren egileek diote joko problematikoak jende gutxiri eragiten diola, biztanleen %0,3ari besterik ez. Hain justu, garai batean heroinak bezala! Hego Euskal Herrian 10.000-15.000 lagun zeuden engantxaturik. Eta, ez al zen ba hura arazoa? Noski baietz, handia gainera”. Jokoa ordea ez da gisa berean hautematen. “Buruko gaixotasuna dela onartzeak esan nahiko luke osasun publikoak bere gain hartu beharko lukeela, eta horrek, besteren artean, inbertsioak egitea eskatuko luke”.

2019ko maiatzaren 22an, Jesús Alberto Fuentes inspektorea elkarrizketatu zuen AZARplus aldizkariak. Jokoaren kontrolerako Espainiako Polizia Nazionalaren zerbitzu-buruak erretiroa hartu berri zuen. “Jokoa ez da arazoa, kasu bakan batzuk salbu”, zioen. Are gehiago, salatu zuen “sektorearen aurkako kanpaina bat” dagoela, eta jende batek hura “demonizatu” nahi duela. Galdetuta osasun sistema publikoak bere gain hartu beharko ote lukeen, ezetz dio irmoki: “[Joko problematikoaren gaineko] azterketa guztiek Europako atzealdean kokatzen gaituzte, %0,3ko intzidentziarekin”.

APUSTU ETXEEN AURKA. Iruñeko hainbat auzotan eratu dira apustu etxe eta joko aretoen aurkako plataformak, Sanduzelain adibidez. / Euskalerria Irratia

Produktu askorekin egiten den moduan, jendea sarean harrapatu aldera ongietorri bonoak edo bono liberatuak eskaintzen dituzte apustu etxeek, lehenbiziko apustuak egin ahal izateko doako bonoak. “Heroina txute batera gonbidatzea bezala da”, esan digu Meltxorrek. Espainiako Estatuan, 2018an jokoaren sektoreko enpresek 116 milioi euro gastatu zituzten bono horietan, online jardueraren gaineko Jokoaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiaren txostenak jaso duenez. Zentzu horretan, esan beharra dago Kirolbet etxeak ez duela gisa horretako amurik eskaintzen.

Auzo konkretuetara

Bestalde, kazetariak argi du apustu etxeek apropos jo dutela langile auzoetara bereziki, gazteen artean langabezia tasarik altuena dagoen zonaldeetara, hain juxtu 1980ko hamarkadan droga kontsumo handiena zegoen lekuetara. Bere hitzetan fenomeno hori argiago ikusten da Espainiako Estatuko beste hiri batzuetan, Hego Euskal Herrikoetan baino. “Iruñea da agian salbuespena; hein batean atzeman daiteke auzo konkretuetara joan direla han”.

Dena den, Gasteizen ere patroi bera errepikatzen dela irakurri dugu El Diario Vasco-k 2019ko azaroaren 1ean plazaratutako artikuluan: “Joko-areto gehienak daude joan-etorri handia dagoen lekuetan (Etorbidea, Zabalgunea…) eta ‘urrezko auzoak’ deitutakoetan (Koroatzea, Arana, Pilar, Zaramaga...), errenta baxuena dagoen auzoetan alegia. Aldiz, hiriko gunerik aberatsenetan, Armentian, Mendizorrotzan edota San Martinen, bakar bat ere ez dago”.

Meltxorrek onartzen du, halere, heroina eta apustuak gauza desberdinak direla. “Bereziki gaztedia kolpatzea xede zuen Euskal Herriaren aurkako kontra-insurgentzia estrategia zen hura, eta belaunaldi ia oso bat eraman zuen aurretik. Polizia zegoen kakazturik, Espainiako Estatuaren estoldak… Oraingoan ordea ez dugu kanpora begiratu behar. Negozioaren parte handi bat hemengoa da, hemengo jendeak egina hemengo jendearentzat”. Bada beste kontu bat, arazoa zenbateraino den agerikoa: “Gu gauden taberna honetan dozena bat ludopata daude beharbada, baina ez gara identifikatzeko gai. Aldiz, egongo balira dozena bat heroinomano, lehen begi-kolpean ikusiko genituzke. Drogak utzitako arrastoak bistakoak ziren, jendea hil egiten zen... Ludopatak jarrera aldatuko du, baina oso hurbilekoek soilik antzemango diote. Zaila baldin bazen heroinarekin arazoak zituen jendearen zentsu moduko bat egitea, are konplikatuagoa da jokoak harrapatu dituen pertsonena osatzea, baldin eta ez badute zentro espezializatu batera jotzen…”.

Igor Meltxor: “Arazorik handiena telefono mugikorrean dago”

Galdera: Ludopatiaren aurkako elkarteek maiz ohartarazi dute jokoa normalizatzeak duen arriskuaz.

Hala da. Garai batean eskandalua izango litzateke Diego Armando Maradonak kokaina iragartzea, ezta? Bada, orain, Gerard Piquék [Bartzelonako futbolariak] apustuak iragartzen ditu eta ez da deus gertatzen. Noski, ar alfa bat da, pokerrean aritzen dena eta jokoari esker zein ongi bizi daitekeen esango dizuna. Gurean ere baliatzen dira aurpegi ezagunez, lehen mailako Reala ez beste futbol klub guztiak edota puntako saskibaloi taldeak babesten dituztela ahaztu gabe. 2015ean jada, artean gaia pil-pilean ez zegoenean, Kirolbeten logoa zeukan kamiseta erakutsi zuen David Seco ziklistak, enpresa horretako komertziala zenak, ETB2ko El conquistador del fin del mundo programan.

Bestetik, gauetik goizera zenbait taberna bilakatu dira joko-areto [Gasteizko Zaramaga auzoko Batzokia da adibideetako bat]; elkarteetatik diotenez, jendea horietara doa ohiko tabernak balira bezala, gosaltzera edota ardo batzuk hartzera, eta irudi normalizatuago hori arrisku-faktorea da adikzioaz hitz egiten denean.

G: ETB aipatu duzu. Joko eta apustuen iragarkiak gehiago ez emititzea erabaki du.

Bai, iragarkiak kendu zituen, baina, esaterako, Arguiñanorekin kontratua sinatu zuen, pilota emanaldien eskubideetarako. Bainet, Asegarce… Codere da pilotaren babesle nagusia, eta zuzenekoetan haren logoa telebista pantailan ikus dezakegu tartean behin. Pilotarien sailkapenak ere Codere du izena… Zentzu horretan, diru publikoaren erabileraz hitz egin beharko litzateke. Medio pribatuetan ohikoak dira apustu etxeen iragarkiak. Batzuetan, gainera, hedabideotako aurkezleak eta euren gonbidatuak dira jokatzera gonbidatzen dutenak.

Mega telebista kateko El Chiringuito saioko aurkezlea, futbol partida baten inguruko apustuez hizketan.

G: Handia da sektoreko enpresek publizitatean inbertitzen duten diru kopurua.

Pentsa, Espainiako Estatuan, online jokoaren sektoreko enpresak ari dira publizitatean orotara gastatzen 168 milioi euro urtean [zerrendan lehenbizikoa El Corte Inglés da, 90 milioi eurorekin]. Publizitatean eta lehen aipatutako ongietorri bonoetan ia 300 milioi euro gastatzen dituzte. Joko-aretoez hitz egiten ari gara, eta egia da haien publizitate estatiko iraunkorrak berebiziko eragina duela, baina arazorik handiena mugikorrean dago, hainbeste motako apustuak egin daitezke unean bertan! Telebistaz pilota partida bat ikustean, konturatu zara zenbat jende dagoen telefonoari begira? Haietako asko apustuak egiten ari dira. Hitzaldi batean 16 urteko mutiko batek esan zidan bi urte daramatzala mugikorretik jokatzen. Pentsa, herritarren %93ak 14 urterekin mugikorra dauka jada.

G: Hain justu, adikzioaz hitz egitean, batez ere gazteengan jartzen da begirada.

Datuek erakusten dute jokalari geroz eta gazteagoak ari direla apustuetan, eta ludopatiaren inguruan lanean diharduten elkarteek ere hori berresten dute. Aitor Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun zuzendariak, ETB2ko 360 grados saioak kirol apustuei eskainitako atalean [2019-03-03] esan zuen baietz, ikusiak dituztela adin txikikoak makinetan jokatzen; ez diote, ordea, merezi duen garrantzia ematen. EAJ ez da kezkatu.

G: Jende askok dio nahi duenean laga dezakeela...

Badira bi topiko jokoaren inguruan: “Nik kontrolatzen dut” eta “bankuak ez du sekula galtzen”. Lehena gezurra da, bigarrena egia borobila.

---------------------------------------------------

KIROL APUSTUAK

80 areto eta 3.000 makina baino gehiago Hego Euskal Herrian

Espainiako Estatuko lehenbiziko apustu etxea (Reta enpresarena) Bilbon zabaldu zen, Somera kaleko 45. zenbakian, 2008an. Kirol apustuak dira, ausazko jokoen artean, azken urteotan gehien hazten ari direnak. Dena den, txanpon-makinak eta estatuaren menpe dauden loteriak eta kinielak dira oraindik nagusi.

Jokatutako diru kopuruari dagokionez, ezinezkoa da zifra zehatza ematea. EAEren kasuan, esaterako, kirol apustuak ustiatzeko lizentzia duten hiru enpresen datuak bildu daitezke, baina horiei gehitu behar zaizkie atzerritik –zerga-politika leunagoa daukaten Malta eta Gibraltar bezalako lekuetatik maiz– operatzen duten enpresei dagozkienak.

81 apustu etxe

Hego Euskal Herrian daude 81 apustu etxe.

EAEn 72 apustu etxe daude, legez baimendutako gehienekora (75) heltzear. Horiei gehitu behar zaizkie 210 joko areto (lizentzia guztiak beteak daude), 2 kasino (Bilbon eta Donostian) eta 14 bingo.

Nafarroan 9 apustu etxe daude, 50 joko areto eta 3 bingo, horiek guztietatik erdia baino zertxobait gehiago Iruñean. 2010ean 28 areto zeuden herrialde osoan.

3.200 makina

Hego Euskal Herrian daude 3.200 makina baino gehiago.

EAEn 2.100 apustu-makina daude, erdia baino apur bat gehiago ostalaritza-establezimenduetan (taberna edota jatetxeetan) eta gainerakoak apustu eta joko aretoetan. 2007an lizentzia lortu zuten hiru enpresetako bakoitzak 750 makina jarri ahal ditu gehienez, 2.250 orotara.

Nafarroan  1.138 makina zeuden 2018an (makina bat 580 biztanleko); 2017an 981 zeuden.

200-500 metro

EAEn, bi joko aretoren artean egon behar dira gutxienez 500 metro, eta apustu etxeen kasuan 200 metro. Salbuetsita geratzen dira 2016ko araudia indarrean sartu baino lehen irekitakoak. Aipatu distantzien barruan, izaera desberdineko aretoak tarteka daitezke.

Nafarroan, aretoen arteko tarteak behar du izan gutxienez 400 metrokoa.

1.000 milioi euro baino gehiago Ausazko jokoan

EAEn 465 milioi euro jokatu ziren 2016an, estatuaren menpeko jokoetan. Horri gehitu behar zaio apustuetan edota txanponjaleetan jokatutakoa.

Nafarroan 356 milioi euro jokatu ziren 2018an, ausazko joko, loteria eta apustuetan. 2017an 342 milioi, 2015ean 312 eta 2013an 294.

3 milioi iragarki

2017an online jokoaren sektoreak ia hiru milioi iragarki emititu zituen Espainiako Estatuko telebista, irrati, webgune eta egunkarietan; 2016an 880.000 eta 2013an 130.000. 2018an apustu etxeek eta joko aretoek 298 milioi euro gastatu zituzten publizitatea (168 milioi), bono liberatuak (116 milioi) eta babesletzak (13) batuta; 2015ean baino ia hiru bider gehiago.

50 milioi kirol apustu

EAEn, adinez nagusia den biztanle bakoitzak 27,1 euro gastatu zituen batez beste kirol apustuetan 2018an (2017an 21 euro), eta Nafarroan 26 euro (2017an 18 euro).

EAEn, apustuen esleipendunak diren enpresen makina eta webguneetan 37 milioi apustu egin ziren, horietatik 10 milioi inguru online. Herritarrek 354 milioi euro jokatu zituzten, eta enpresek 306 milioi eman zituzten saritan. Marjina, beraz, 48 milioi eurokoa izan zen.

Nafarroan 10 milioi apustu baino gehiago egin ziren 2018an. Orotara 86,5 milioi euro jokatu ziren, %25 inguru online. Enpresek 73,2 milioi euro eman zituzten saritan;  13,3 milioi euroko marjina beraz. 2017an 74 milioi euro jokatu ziren (16,1 online), 2015ean 54 milioi (2,3 online) eta 2013an 42 milioi.

Adikzioa: Geroz eta gazteagoak

Nafarroan, 2018an Aralar ludopaten elkartera lehenbizikoz jo zuen herritarren herena (29 lagun) kirol apustuetan aritzen zen.

Bizkaian, 256 lagunek jo zuten lehenbizikoz Ekintza Aluviz elkartera, duela sei urte baino %73 gehiagok. Hirutik batek 18 eta 25 urte artean zituen.

Gipuzkoan, 95 lagunek jo zuten lehenbizikoz Ekintza-Bizi Berria elkartera. %90 gizonezkoak ziren; elkarteko kideen hitzetan adikzioak “estigmatizatuagoak” daude emakumeen kasuan.

Araban, 47 lagunek jo zuten lehenbizikoz Asajer elkartera. Orotara, jokoarekin eta apustuekin arazoak zituzten 115 lagun artatu zituen elkarte horrek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude