32 urteko kartzela-zigorra eskatu dute joko-aretoen aurka aritu ziren lau sopeloztarrentzat

  • Duela lau urte, Sopelako joko-areto baten aurkako ekimen desberdinetan parte hartzeagatik 112.400 euroko isun ekonomikoa eta bakoitzari 8 urteko espetxe-zigorra ezarri gura diete. "Zigor-eskari izugarria" eta "muntai poliziala" bezala deskribatu duten horren aurrean antolatzeko, batzar informatiboa egingo dute zapatuan 13:00etan, Sopelako Udaletxe plazan.

2021ean Arrigorriko joko-aretoan egin zituzten pintadak. Joko aretoak Sopelatik at!

2025eko azaroaren 19an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gertakariak 2021ean jazo ziren, Espainiako Polizia Nazionalak Sopelako lau gazte atxilotu zituenean. Orduan atxilotuak babestu zituzten herritarren arabera, atxiloketak "mobilizazio txiki eta baketsu baten ondoren" egin zituzten, joko-areto batek gazteen osasunean eta herriko bizikidetzan izan zezakeen eraginaren aurkako ekintzen testuinguruan.

Sopelako 4ekin 1 talde ekintzaileak adierazi duenez, "muntaia polizial baten aurrean gaude". Salatu dute 2020-2021ean Sopelako herri-mugimendu antolatua modu aktiboan ari zen parte-hartzen ekintza desberdinetan, hala nola supermerkatu berri baten aurkako dinamikan, joko-aretoen aurkako protesta ere ari ziren egiten eta zenbait gaztek Udaltzaingoagaz gatazkak izan zituzten. Testuinguru horretan, herritarrak bultzatzen ari ziren dinamika horiekaz amaitu gura izan zuten, eta, horretarako, "frogak manipulatuz zein adierazpen faltsuak eginez, lau lagun horiek jo puntuan kokatu zituen operazioa martxan jarri zuten". 

Horregaz batera, protesta batzuetan parte hartzeagatik lau akusatuei 32 urteko kartzela-zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatzea "zentzugabea" eta "neurrigabea" dela ere erantsi dute: "Hau sekulako astakeria da".

Zigor-eskaeraren neurrigabea eta auziaren garapena direla-eta, herritarrei informazioa helarazteko eta babes soziala antolatzeko adierazi dute, eta hori antolatzeko batzar informatiboa egingo dute zapatuan, 13:00etan Sopelako Udaletxe plazan. "Denon ekarpena ezinbestekoa da", adierazi dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
Eguneraketa berriak daude