Joko-aretoen kontrako herri-mugimendua sortu dute Sopelan

  • Arrigorriko joko-aretoak egin duen hedakuntza dela eta, fenomeno horregaz arduratuta dagoen sopeloztar herritar talde batek erabaki du horien aurkako ekimena antolatzea. Beraien asmoa da herritarrei erakustea areto horien kalteak eta, erabiltzaileak kriminalizatu beharrean, negozioen hedapena bultzatzen dituztenak "jo puntuan jartzea".


2021eko martxoaren 12an - 10:09
Pintadak Arrigorriko joko-aretoan (Argazkia: Joko aretoak Sopelatik at!)

Sopeloztar herritar talde batek "Joko aretoak Sopelatik at!" leloagaz herriko apustu-etxeen aurkako mugimendua sortu dute. Arrigorriko joko-aretoaren hedapena dela eta, mota horretako establezimenduen gaitzespena azaltzeko ekimena da. Herrian horien inguruko "eztabaida piztu eta kontzientzia kolektiboa" astintzeko asmoa dutela azaldu dute. Euren ustez, "nonahi ikusten ditugu mota honetako enpresen iragarki esplizituak eta badirudi ez zaiola inolako garrantzirik jartzen horrelako enpresek herri langilearengan ekartzen dituen kalteei".

Salatu dute herrian "drogaren presentzia" ikaragarri hazi den bezala, "herri-langilearengan dependentzia egoera sustatzen duen jarduera ere da apustu-etxeena; gutxi batzuei etekin handiak ematen dizkiena, hain zuzen ere". Gaineratu dute baita ere bizi dugun krisi-egoeran eta Sopela erdian horrelako areto batek fenomeno hori "biderkatu" egingo duela.

Sopelako herri mugimendu horren helburua da joko-aretoek herriari eragiten dion kaltea ikustaraztea eta arazo hori sozializatzea, herriak horrelako establezimenduak arrotz ikusi ditzan. Horretaz gain, joko-aretoen erabiltzaileak kriminalizatzeari uzteko exijitu dute, eta eskatu dute "jarri daitezen jo puntuan etekin ekonomikoak eta euren kontrol soziala mantentzeko horrelako negozio ereduen hedapenean interesatuak daudenak".

Ludopatia EAEn

Egitasmoa arrazoitzeko azaldu dute EAEn 43.000 pertsonak dutela ludopatia arazoak; espainiar Estatuan apustu-etxeen dentsitate handien duen lurraldea ere garela baieztatu dute. "Zentzu horretan, Sopela ez da salbuespena, eta horren erakusle garbia dugu herriaren erdialdean kokatzen den Arrigorri joko-aretoaren zabalkuntza Recreativos Uribe Kosta enpresaren eskutik".

Jokoaren Euskal Behatokiak 2019ko txostenean jakinarazi zuen euskal biztanleriaren % 0,2k mendekotasunagatik jolasten duela; portzentaje hori % 1,3koa da 35 urtetik beherakoen kasuan. Beste ikerketa batzuek diote Euskal Herrian hiru gaztetik batek noizbehinka apustuak egiten dituela, eta praktika horien kontsumitzaileen % 66a 35 urtetik beherakoa dela. 2017an EAEn 340 milioi euro jokatu ziren ausazko jokoetan, 2012an baino %113 gehiago.

Arrigorriko lokala bikoiztu

Sopelako Udalak Arrigorriko joko-aretoa handitzeko baimena eman zuen 2020ko urrian. Hala, Recreativos Uribe Kostako establezimendua 108,49 metro koadro izatetik 229,16 metrora pasatuko da, lehen Mec Mec jatetxea hartzen zuen lokala bereganatuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Apustu etxeen gorakada
2023-02-08 | Jon Torner Zabala
Osasuna futbol taldeak akordioa egin du beste apustu etxe batekin

Letoniako Olybet apustu etxearen izena ez da Osasunako jokalarien kamisetetan agertuko, ezta, besteren artean, estadioko euskarri fisikoetan edo telebista-iragarkietan ere, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela-eta.


2022-09-05 | ARGIA
Joko patologikoari aurre egiteko gida plazaratu du Jaurlaritzak

Joko arriskutsua goiz antzemateko eta prebenitzeko gidaliburua gazteei eta haien ingurukoei zuzendurik dago. "Jokoarekin lotutako arazoak edozein pertsonak izan ditzake, baina, bereziki, eurak dira kolektibo kaltebera", Eusko Jaurlaritzaren hitzetan.


2022-02-16 | Leire Artola Arin
Joko areto kopurua murriztuko dute eta horietara sarbidea kontrolatuta egon beharko da aurrerantzean

Indarrean sartu da Eusko Jaurlaritzak eginiko jokoaren lege berria EAEn. Aurrerantzean, apustu etxeek ikastetxeetatik gutxienez 150 metrora egon beharko dute, eta bi joko aretoren artean 500 metroko distantzia errespetatu beharko dute.


2021-10-28 | ARGIA
Jaurlaritzak jokoaren erregulazioa "gogortuko" du, "joko patologikoari aurrea hartzeko"

Lau ataletan sailka daitezkeen aldaketak egingo ditu datorren hiruhilekoan Eusko Jaurlaritzak jokoaren erregulazioan: aretoen arteko eta ikastetxeekiko distantziak mugatuko dira, baita areto kopurua ere, horietara sarbidea kontrolatuko da, eta publizitarearekin lotutako... [+]


Apusturako deia, langileen auzoetatik

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.


Eguneraketa berriak daude